Arkitektura

Gorlizeko ospitalea

Gorlizeko ospitalea esaten diogun hori Bizkaiko Gorliz herrian dagoen Itsas eta Helioterapiako Sendategia bezala eraiki zen 1912an. Egilea Mario Camiña (Bilbo, 1868-1925) arkitekto bizkaitarra izan zen. Beste hainbat arkitekto bezala garaiko eklektizismoa landu zuen, baina zenbait eraikinetan modernismoaren eragina islatzen jakin zuen eta horien artean dugu Gorlizeko sendategia. Gainera, eraikina Euskal Herriko arkitekturaren historian leku berezia du, dakigunez gure lurraldean guztiz hormigoiez eraiki zen bigarren eraikina izan baitzen, Ceres eraikinaren ondoren. Azken hori Bilbon zegoen irin-lantegia zen.

XX. mendearen hasieran, lan eta bizi baldintzen gogorren ondorioz, tuberkulosia gaitzak eragina handia izan zuen Bizkaiko langileriaren artean. Bereziki haurren artean arazo larria bihurtu zen. Horregatik, gaitz honi aurre egiteko asmotan, Bizkaiko Foru Aldundiak 1910an Gorlizeko ospitalea eraikitzea erabaki zuen, Itsas eta Helioterapiako Sendategia izenaz. Horretarako lan taldea osatu zuen eta bertan, besteak beste, honako hauek parte hartu zuten: Mario Camiña arkitektoa -garai horretan Bizkaiko Foru Aldundiko arkitektoetako bat-, Felipe Llano diputatua, eta Luis Larrinaga eta Enrique Areilza sendagileak. Europako hainbat sendategi bisitatu ondoren -Frantzian, Alemanian, Belgikan, Holandan, Britainia Handian, Suitzan eta Italian-, taldeak gustukoena 1907. urtean Frantzian eraikitako Berck-eko ospitalea zela adostu zuen, bertako gelek balkoiak zituztelako itsasoko haizeari begira. Horren ondorioz, Berck-eko sendategia oinarritzat hartuz, Gorlizeko eraikinaren orubea, orientazioa eta egitura aukeratu zituzten.

Estiloaren aldetik, garai hartan garatzen zen arkitektura gehiena eklektikoa bazen ere, hau da, garai historiko diferenteen nahasketa, Mario Camiñak Gorlizeko sendategian Vienako modernismoa, sezesionismoa izenekoa, jorratzea erabaki zuen. Bertan nahiko argi ikusten da bereziki Otto Wagner arkitekto austriarraren eragina. Orokorrean sezesionismoak eragin gutxi izan bazuen ere Euskal Herrian -modernismoak bera bezala-, Bizkaian zenbait eredu aurki ditzakegu, esaterako: Teodoro Anasagastiren Erezuma Panteoia Mundakan (1908-1930), Emiliano Calixto Amannen Sociedad Bilbaina Bilbon (1909-1913), Ismael Gorostizaren Miranda Babes-etxea Barakaldon (1911) eta Ricardo Bastidaren Gernikako Tailerrak Gernikan (1916). Mario Camiñaren aldetik sezesionismoaren eraginpean beste obra modernista aipagarriak ere burutu zituen, besteak beste, Galdakaoko Udal Hilerria (1904), Ormaechea etxebizitza eraikina Bilbon (1909), Zabalgoitia etxea Artzeniegan (1909) eta Markina-Xemeingo kartzela (1912).

Eraikina bost pabiloi independenteen arteko artikulazioaz eratzen da: ospitalea -itsasoari begira dagoen bakarra da, handiena eta horizontalki etzanda-, eta beste lau pabiloi osagarriak. Azken horiek honela antolatzen ziren: gaitz kutsakorren pabiloia -egun desagertua-, jangela eta kapera biltzen zituen gunea, arropak gordetzeko pabiloia eta azkenean langile eta zerbitzarien etxebizitza blokea.

Gorlizeko sendategia garairako oso eraikin modernoa izan zen, sendategiaren programaren diseinua arrazionaltasunaren menpe ipini zelako. Arrazionalismoa ez da aukeratzen diren forma sinple, soila eta xumetan bakarrik antzematen beste hainbat erabakietan ere nabaria da, esaterako, hormigoi armatuzko egituraren erabilera aukeratzerakoan, sabaia laua solarium gisa erabiltzerakoan, paramentuak biluztuak uzterakoan, tamaina handiko leihoak diseinatzerakoan eta argitasunez betetako espazio malguak sortzerakoan.

Azkenik, Mario Camiñak eraikin multzoetako bolumen garbiak sezesio mugimendutik hartutako apaindurarekin edertu zituen, baina eraikinaren arrazionaltasunarekin bat eginez. Horrela, apainketak elementu bakar batzuetan antzematen dira soilik, besteak bete, lerro horizontalen eta marra geometrikoen enfasian, azulejo ilarak erabiltzeko orduan, eta zuriaren eta urdinaren arteko konbinazioaren ondorioz sortzen den bizitasunean, lasaitasunean.

Mario Camiñaren lanak Gorlizeko sendategian garai hartan oihartzuna izan zuen, tuberkulosia sendatzeko itsasoko haizea erabiltzea eta gaixoak eguzkitan egotea Europan proposatu zuen lehenengotako sendategia izan zelako. Hori dela eta, Italian saria eman zioten 1912. urteko Erromako Higienearen Nazioarteko Erakusketan.

Geroztik sendategiak hainbat eraldaketa jasan ditu eta egun Osakidetza sareko ospitalea da. Eraldaketa horien ondorioz eraikinaren irudia asko aldatu da balkoiak estali egin baitira, solariuma ere itxi egin da, eraikinaren sabaian beste solairua eraikiz eta egun barruko espazioen antolamendua asko aldatu da, gutxi baitira jatorrizko guneak. Hala ere, oraindik bere edertasuna mantentzen du eta ez du galdu bere garrantzia Euskal Herriko arkitekturaren historia garaikidean.