Udalak

Nuin

Muino lau baten gainean dago, eta Osakar edota Beorburu bezalako haraneko beste herri batzuk baino maila baxuagoan aurkitzen da. Etxeak tamaina handikoak dira eta exentu doaz ia beti, eta XVIII. mendekoak omen dira, garai hartako inskripzioek adierazten dutenaren arabera.

Elizaren oinetako hormari atxikia parrokia-etxea dago, oinplano errektangeluarreko eta bi solairuko eraikina, bi isurialdeko teilatuarekin. Murruak luzituak daude, kalitate oneko harlanduekin baoetan eta hormataletako izkinetan. Atea moldurarik gabeko dobelez osatutako erdi puntuko arkua da, leihoak zuzenak diren bitartean. Gertu dagoen enparantzan "L" formako disposizioarekin atxikiak doazen bi etxe daude. Bietako batek Nafarroako iparraldeko ereduak jarraitzen ditu, oinplano errektangeluarrarekin, hiru solairu gehi ganbararekin, hegal luzeko bi isurialdeko teilatu baten azpian. Murruak luzituak doaz, ohiko salbuespenekin, eta leihoak zuzenak dira, harrizko karel molduratuekin solairu noblean. Atea, berriz, haria oso molduratua duten hamabost dobela luzeez eginiko erdi puntuko arkua da, dobelak murruan estereotomia trebe eta eder batekin txertatzen direlarik. Ondoan dagoen etxea oso antzekoa da, baina sarrera arku beheratu bat da. Jarraian, antzeko ezaugarriak dituen beste etxe bat dago, nahiz eta arestiko erreforma batean murru baten luzitua kendu duten. Atea erdi puntuko arkua da, leihoak zuzenak diren bitartean, eta horma batean desagertutako labe tradizional batek utzitako arrastoa nabarmena da.

Antzeko formatua duen beste etxe batek, "Garaikoetxea" izenekoak, aurrealdea mutur batetik bestera gurutzatzen duen zurezko balkoi luze bat du goialdean, Imotz edota Basaburua izeneko ondoko bailaratan askotan ikusi dugun modura. Sarrera erdi puntuko arkua da, eta giltzarrian honako inskripzio hau darama: IHS/ ESTA CAS/ SA HIZO IUAN DE/ OSSACAR/ AÑO/ 1708. Gertu XVIII. mendeko etxetzar barroko bat ikus daiteke, oinplano karratuarekin, hiru solairu eta lau isurialdeko teilatuarekin. Baoek adreiluzko markoak daramatzate, beranduago handituak zalantzarik gabe, atea erdi puntuko arku orijinala den arren. Giltzarrian 1759. urteko data du landua.

Hirigunearen muturrean, gainontzeko etxeetan aipatutako ezaugarriak errepikatzen dituzten eraikinak ikus daitezke. Etxetzar exentu bat nabarmendu dezakegu, oso garatua dagoen oinplanoarekin, hiru solairu eta ganbararekin. Murruak harlankaitzaz egina doaz, luzituak hormatal batzuetan, eta harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Hegal luzeko teilatuarekin estalita doa. Sarrera erdi puntuko arku molduratu bat da, baina gainontzeko baoak zuzenak dira, eta goialdean burdinazko balkoi batek aurrealdea zeharkatzen du alde batetik bestera. Ondoan garbitegi tradizional publikoa dago, nahiko eraldatua, harrizko harraskarekin. Atxikia darama iturri bat eta abereentzako aska.

  • San Martinen Parrokia

Eliza 1200. urte inguruan eraiki zen, estilo gotiko goiztiarrean, nahiz eta 1808. urtean berreraiki zen, tamainaz handitzeko. Juan Antonio Pagola Madrilgo San Fernandoren Erret-Akademiako arkitektoak proiektua egin zuen, eta Juan Antonio Arístregui Lantzeko harginak gauzatzeko arduraduna izan zen. Oinplanoa tamaina berdineko bost tarteuneez osatutako habearte bakarrekoa da, azken tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, bigarren tarteunean, eta pilareen gaineko arkuez osatutako elizaurre bat ere ikus daiteke. Sakristiari dagokionez, burualdearen Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano karratuko gela da.

Murruak estereotomia oneko harlanduxkaz egina daude, eta barneko argiztapena bermatzeko bi leiho zuzen dituzte, burualdearen iparraldeko horman eta oinetako murruan, hain zuzen ere. Habeartearen hasieran zurezko egitura duen koru jaso moderno bat dago.

Habeartea lunetazko ganga batekin estalita doa, erdi puntuko arku fajoiekin antolatua. Bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, inposta lau batek bateratzen dituen mentsula batzuen bitartez. Lehen tarteuneari dagokion fajoia ezberdina da, eta profil zorrotza du, jatorrizko tenplu gotikoaren aztarna delako. Bere tokian kontserbatu zuten gainean dagoen dorreari eusten diolako. Sakristiak, azkenik, sabai lau sinplea jaso zuen.

Kanpoaldean dorrea aipatu beharra dago, hasteko. Habeartearen gainean dago, erdi-aroko irizpideak jarraituz, oraingo itxura XIX. mendean eginiko berreraiketari dagokion arren. Fustearen goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao ikus daitezke, harrizko hegal molduratua duen lau isurialdeko teilatuaren azpian. Elizaren hegoaldean elizaurre bat dago, pilareen gaineko erdi puntuko lau arkuekin irekia. Moldura batzuek kapitelaren papera betetzen dute. Tenpluaren atea erdi puntuko arku abozinatua da, bi arkibolta eta baketonekin. Giltzarrietan sei puntako izarra eta gurutze bat daude, zirkuluetan inskribatuak. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, landare-dekorazio eta giza aurpegi eskematikoekin landuak dauden kapitelekin. Kanpotik euri-babes moduko moldura bat doa.

Elizaren barnealdean, erretaula moderno bat ikus daiteke presbiterioan, XIX. mende hasierako errestaurazioan jarrita, zalantzarik gabe. Arkitektura estilo eklektikoarekin bat dator baina, irudigintzari dagokionez, titularra den San Martinen mukulu biribileko eskultura, eta atikoan dagoen kalbarioa, XVI. mendeko irudi errenazentistak dira, Arrosarioko Ama Birjina eta San Joseren eskultura barrokoak diren bitartean.

Korupean erdi-aroko jatorrizko fabrikari dagokion bataio-pontea ikus daiteke. Harroin karratua du, dekoraziorik gabeko fuste motz zilindrikoa eta katilu semiesferiko molduratua. Sakristian, azkenik, zilargintza-lan batzuez gain, gaizki kontserbatutako XVI. mendeko Gurutziltzatu bat dago, Juan de Beauvesek egina, antza denez.

  • CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 418 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996,165-167 orr. / 152-155 orr.

JAS 2009