Udalak

Markalain

Markalaingo hirigunea, nahiko bakana izan arren, inguruko gainontzeko herriak baino zertxobait handiagoa da, eta horrexegatik komuneko zerbitzu gehienen egoitza hemen kokatu dituzte. Herria sigi-sagan doan errepidearen ibilbidera egokitua dago, aldapa suabe batean. Kalearen hasieran Nafarroako iparraldeko ereduak jarraitzen dituen tamaina handiko etxe bat dago. Oinplano errektangeluar garatua duen blokea da, hiru solairuekin eta hegal luzeko bi isurialdeko teilatuarekin. Aurrealdea alde luze batean dago, teilatuaren astoaren norabidearen paraleloa. Murruek, zonalde honetan klasikoa den trataera daramate, luzituak baina harlanduzko kateekin hormoinean, baoetan eta hormataletako izkinetan. Zoritxarrez, trataera mota hau desagertzen ari da etxe askotan, Nafarroako zonalde honetan arrotzak diren modak, ohiturak eta eraginak jarraituz. Bao guztiak zuzenak dira, sarrera barne.

Geroago, antzeko ezaugarriak dituzten taxu sinpleagoko beste bi etxe daude, arestian aipatutako luzituaren desagerpena nabarmentzen den arren, harlanduzko kateak dituen harlankaitza agerian utziz. Etxe horietako bat erdi puntuko atea du, gehi karel molduratuko leiho bat gainean, eta beste etxean arku beheratu batez irekitzen den atea ikus daiteke, bigarren solairuan leiho zuzenak, eta goialdean aurrealdea alde batetik bestera zeharkatzen duen balkoia, gertu diren Basaburuako eta Imotzeko herrietan maiz ikusi dugun moduan.

Aurrerago, "L" formako oinplanoa du. Atal batek arku beheratua du, bestea erdi puntuko ate batekin irekitzen den bitartean, eta leiho guztiak zuzenak eta tamaina txikikoak dira. Murruak luzituak doaz, ohiko salbuespenekin. Gertu, eraikin exentu batek oinplano errektangeluarra du, eta bi solairu gehi ganbara, hegal luzeko bi isurialdeko teilatu baten azpian. Aurrealdeak luzitua galdu du, baina beste aldeko hormetan mantentzen da oraindik. Harlankaitzaz egina dago, ohiko tokietan kalitate oneko eta ongi eskuairatutako harlanduak ikus daitezkeelarik. Beheko solairuan erdi puntuko arkua dago, eta giltzarrian inskripzio bat, 1765. urteko datarekin. Solairu noblean hiru leiho zuzen ikus daitezke, eta ganbaran argizulo sinple bat.

Elizaren parean oinplano karratuko etxe bat dago, hiru solairuekin eta bi isurialdeko teilatu baten azpian. Gaur egun murruek harlankaitza xehe bat erakusten dute, harlanduzko kateekin baoetan, izkinetan eta sarreraren inguruan dagoen hormatal triangeluar batean. Leihoak zuzenak dira, eta atea erdi puntuko arku bat da, haria molduratu gabe daramaten dobela motzekin. Aurrealdearen goialdean balkoi bat dago, zurezko egiturarekin eta teilatu-hegalaren azpian babestua. Sarreraren gainean, 1810. urteko data ikus daiteke inskripzio batean.

Herriaren zonalde garaian dagoeneko, alboko kale batean orain arte aipatutako ezaugarri berdinak errepikatzen dituen etxe bat dago. Balkoi luze batek aurrealdea zeharkatzen du alde batetik bestera, eta burdinazko balaustrada duen arren, zurezko egitura kontserbatu du neurri batean. Murruak luzituak doaz, harlanduekin hormoinean, izkinetan, baoetan eta atearen inguruko hormatal triangeluarrean. Beste etxe batzuk antzeko ezaugarriak erakusten dituzten, oso ezberdintasun gutxirekin, zonalde honetan XVIII. mendeko etxetzar barroko mota honek duen zabalketa erakutsiz. Horietako batek, luziturik gabeko hormak dituena, 1782. urteko data du inskripzio batean.

  • San Migelen Parrokia

Tenplu gotiko goiztiarra da, 1200. urte ingurukoa, gaur egun arte oso ongi kontserbatua iritsi dena. Lau tarteuneko habearte bakarra du, azken tarteuneak burualde zuzena bezala funtzionatzen duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko murruan oinplano errektangeluarreko kapera txiki bat dago, eta honetatik koru jasora eta dorrera igotzeko eskailerara pasa daiteke. Sakristia, bestalde, burualdeari itsatsitako oinplano errektangeluarra duen gela da.

Murruak formatu irregularreko harlanduz egina daude, kanpoaldean hormatal batzuk luzituak daudelarik. Bi leiho moderno daude, alboko kaperan eta burualdearen hegoaldeko murruan. Badira bi leiho orijinalak ere, abozinatuak eta erdi puntukoak biak, elizaren bi alde motzetan, hau da eraikinaren ardatzean. Habeartearen oinetan, bestalde, koru jaso moderno bat dago, zurezko egiturarekin eta dekorazio barrokoarekin.

Habeartea kanoi ganga zorrotz batekin estalita dago, eta profil bereko arku fajoiekin indartua doa, honela bultzadak perimetro-hormetara transmititzen direlarik, elizaren perimetro osotik doan inposta batek bateratzen dituen mentsulen bitartez. Sakristiak kanoi ganga bat jaso zuen.

Kanpoaldean dorrea nabarmendu behar dugu, habeartearen lehengo tarteunearen gainean eraikia. Goiko zatia eraldatua izan dela ematen du. Aterpeak tamaina handiko erdi puntuko bi arkuekin irekita doa, harrizko pilare komun batekin. Bigarren solairu bat du, leiho zuzenekin, parrokiko beste gela batzuei argiztapena emateko. Elizaren atea orijinala da, arku zorrotz abozinatu batekin. Ertz biziko hiru arkibolta ditu, apaigarri geometrikoko kapitel jarraituak dituzten zutabetxoekin. Giltzarrietan, krismoi hirukoiztar bat eta ilgora gainean daraman izar bat ikus daiteke. Euri-babes moduko moldura ere badu, nahiko galdurik dagoen xakeztatu batekin apaindua. Gertu, hormetan sartutako Ama Birjina eta Haurraren erliebe bat dago, XIII. mende hasierakoa.

Presbiterioan erretaula nagusia dago, XVII. mende hasieran Juan de Gastelúzar eskultoreak egina, estilo erromanistan. Trazari dagokionez, bankua du, hiru kaleko bi atal gehi atiko hirukoitza. Orden joniarreko eta konposatuko zutabeekin antolatua dago. Irudigintzari dagokionez, erliebez eginiko eszenak ditu, Baratzeko Otoitza, Atxiloketa, Ama Birjinaren Ikustaldia eta Deikundea, San Migelen erdiko eskulturarekin, mukulu biribilekoa eta era erromatarrera jantzita. Atikoan, azkenik, bi gotzainen eta bi emakumeen erliebeak daude, Hirutasun Santuarekin erdian.

Ebanjelioaren aldeko murruan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat ikus daiteke, eta alde bereko kaperan XVI. mendeko San Blasen irudia. Biak dira eredu nobleen interpretazio herrikoiak, bertako artisauek egina. Bataio-pontea erromanikoa da, eta bolekin apaindutako harroin karratua du, fuste zilindriko motza eta katilu semiesferikoa, dekoraziorik gabekoa. Pareko horman ur bedeinkatuko ponte bat dago, XVII. mendekoa, apaingarri geometrikoekin eta moldura horzdun barroko batekin. Sakristian tiradera-altzari manierista bat ikus daiteke, XVII. mendekoa, eta Gurutziltzatu barroko trakets bat. Bukatzeko, bertan dauden zilargintza-lan batzuk ere aipatu daitezke.

JAS 2009

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 100 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 144-148 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 134 orr.

JAS 2009