Udalak

Larraiotz

Hirigunea lurraldearen ordoki batean dago, eta hasieran ematen duen baino zertxobait handiagoa da. Elizaren atzean, bere jatorrizko itxura gutxi gora behera mantendu duen eraikina dago, gaur egun abandonaturik dagoen arren. Inguruko lurrari egokitutako oinplano errektangeluar luzea du, eta hiru solairu. Murruek nahiko galdurik dute luzitua eta harlankaitzaz doaz, harlanduxkaz eginiko beste hormatal batzuekin, eta harlanduzko kateekin izkinetan eta baoetan. Aurrealdean erdi puntuko arku bat ikus daiteke beheko solairuan, gehi leiho bat albo batean. Solairu nagusian bi leiho zuzenak daude, eta aurrealdearen goialdean zurezko balkoi luze bat doa, mutur batetik bestera, hegal luzea duen bi isurialdeko teilatuaren azpian. Enparantza batean "Elkarterena" izeneko etxea ikus daiteke, XVIII. mendeko oinplano errektangeluarreko etxetzar bat, bi solairu eta ganbararekin, hegal luzeko lau isurialdeko teilatuarekin. Atea hari molduratuko erdi puntuko arkua da, leihoak zuzenak diren bitartean, karel molduratuekin solairu noblean. Erdiko leihoa, bukaera konopial txiki batekin, inskripzio bat darama leihoburuan: AÑO DE 1769.

Aldapan dagoen alboko kale batean "Domingorena" izeneko etxea dago, lur malkartsuari egokitua, eta orain arte aipatutako ezaugarriak mimetikoki errepikatzen dituena, azken errestaurazioan bere hormetako luzitua kendu duten arren. Aurrealde nagusian bi solairu eta ganbara bereizten dira, eta baoak zuzenak dira, sarrera izan ezik, erdi puntuko arku batekin irekitzen da eta. Hegal luzeko bi isurialdeko teilatuarekin estalita doa. Antzeko beste etxe batzuk ikus daitezke hirigunetik sakabanatuak, orokorrean eraldatuak izan direnek bere luzitua galdu dutela nabarmendu daitekeelarik. Horietako batek aurrealdea alde motzean du, eta harlanduzko hormatal batean paratutako erdi puntuko arkuarekin irekitzen da. Beste bat landa-etxea da gaur egun. "Tabernia" izenekoan, erdi puntuko arkua dago, eta giltzarrian giza irudi trakets bat landu dute, gehi data bat, 1754.

  • San Estebanen Parrokia

Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XVIII. mendean izandako eraldaketa sakon batek bere hasierako itxura nahiko aldatu zuen arren. Oinplanoa oso sinplea da, eta lau tarteune dituen habearte bakarra du, gehi tradizio erromanikoko burualde absidiala. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta harrizko aterpe batekin babestua doa. Ebanjelioaren aldeko murruan, bestalde, oinplano karratuko kapera dago, eta hemendik koru jasora eta dorrera igotzeko eskailera kiribilera pasa daiteke. Sakristiari dagokionez, Epistolaren aldeko murruari atxikia dagoen oinplano karratuko gela da.

Tenpluaren murruak ongi eskuairatutako harlanduez egina daude, baita sakristia modernoarenak ere. Barnealdeko argiztapena bermatzeko hiru leiho zuzen landu ziren, horietako bi hegoaldeko murruan eta beste bat elizaren oinetakoan. Bestalde, burualdearen ardatzean jatorrizko leiho erromaniko bat dago. Baketonatua dagoen arkibolta batekin doa, euri-babes moduko moldura batekin. Arkibolta bi zutabetxoen gainean dago, kiribildurak eta bolak dituzten kapitelekin. Alboko kaperan sartzeko XVI. mendeko arku beheratu bat dago, eta elizaren oinetan zurezko koru jaso moderno bat, zurezko habe baten gainean eta material bereko balaustrada barroko batekin.

Habeartea lunetazko lau ganga barrokoekin estalita doa, burualdeak hiru hormataleko ganga jaso zuen bitartean, XVI. mendekoa ziur aski. Tarteuneak erdi puntuko arku fajoiekin bereizten dira, bultzadak perimetro-hormetara mentsula batzuen bitartez transmititzen direlarik. Alboko kaperak kanoi-erdiko ganga du, eta sakristian labe-ganga moderno bat dago.

Kanpoaldean dorrea aipatuko dugu lehenbizi. Oinplano errektangeluarra du, azpian dagoen habeartearen lehengo tarteunearen formari egokitzeko. Harlanduz doa, habeartearen gainean zuzenean dagoen aldea izan ezik, azken hau, eta bultzadak arintzeko, zurezko bilbaduran egina dagoelako. Goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko baoak daude, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Sarrera, lehen aipatu bezala, aterpe batekin babestua doa, eta duen bao bakarra erdi puntuko arku bat da, oso sinplea, giltzarrian zirkulu batean landutako sei petaloko lore bat daramalarik. Elizaren atea, berriz, zorrotza eta abozinatua da, eta profil bereko sei arkibolta ditu, harroin molduratuko eta errosetekin apaindua dagoen kapitel jarraituko zutabetxoekin. Kanpoko hariak euri-babes moduko moldura bat du.

Barnealdean, presbiterioan San Estebanen erretaula ikus daiteke. Honek XVIII. mendeko arkitektura du, hizkuntza barrokoan egina. Banku sinplea du, hiru kaleko atal bakarra, eta aletoien arteko frontoi triangeluarreko atikoa. Apaingarri aberatsa daramaten zutabeekin antolatua doa, eta sagrarioa trazaren garaikoa da, orijinala beraz. Irudigintzari dagokionez, arkitekturaren garaikoak dira San Frantzisko Xabierkoaren, San Antonioren, San Joseren eta San Migelen eskulturak, baina titularra den San Esteban eta Kalbarioa XV. mendeko beste erretaula zaharrago baten arrastoak dira, zalantzarik gabe.

Ebanjelioaren aldeko murruan Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula errokoko dago, XVIII. mende bukaerakoa. Atal bakarra du, gehi atiko makurra, taulamendu ganbilari eusten dioten zutabeekin. Ama Birjinaren eskultura erromanista da, eta atikoan dagoen Santa Barbara ere, antza denez. Habeartearen beste murruan San Blasen alboko erretaula dago, arestian aipatutakoaren traza berdinarekin eta San Blasen eta San Antonio Abadearen bi irudirekin, arkitekturaren garaikoak eta nahiko estilo traketsean egina.

Korupean erdi-aroko oso bataio-ponte sinplea dago, apaingarririk gabeko fuste motz eta prismatikoarekin eta katilu semiesferikoarekin. Sakristian, azkenik, zilargintza-lan batzuk daude, baita tiradera-altzari manierista bat, XVII. mendekoa, eta mende bereko Gurutziltzatu bat.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996,141-147 orr.

JAS 2009