Udalak

Garciriáin

Hirigunea txikia da, eta nahiko sakabanatua agertzen da. Itxura tradizionala duten etxeak oso eraldatuak dauden beste batzuekin eta txalet modernoren batekin tartekatzen dira. "Maistorena" izeneko etxea oinplano garatuko blokea da, bi solairu gehi ganbararekin. Bi etxebizitzatan banatua dagoela ematen du, horietako bat arku beheratu batekin irekita eta bestea erdi puntukoa, leiho guztiak zuzenak diren bitartean. Jarraian "Ligorena-Martikorena" etxea dago, oinplano errektangeluar eta hiru solairu gehi ganbara duen blokea, hegal luzeko bi isurialdeko teilatu handi batekin estalita. Nafarroako iparraldeko ereduak imitatzen ditu. Aurrealdea oinplanoaren alde motz batean dago, eta murruak luzituak doaz, harlanduzko kateekin hormoinean, hormataletako izkinetan eta baoetan. Leihoak zuzenak dira, eta solairu noblean harrizko karel molduratuak daramatzate, bere garrantzia nabarmentzeko, beste leihoren bat balkoi bat egiteko handitua izan den bitartean. Gaur egun bi etxebizitzatan ere banatua dago, eta kasu honetan sarrerak dira erdi puntuko bi arku berdinak, tailer bereak egina. Hari molduratuko dobela motzekin osatuak daude, eta giltzarrietan IHS Jesusen anagrama landua dago, bakoitzaren datarekin batera, kasu batean 1738 eta 1739 bestean.

  • San Pedroren Parrokia

Hirigunearen goialdean dago, gainontzeko eraikinetatik bereizirik. Beste askotan gertatzen den bezalaxe, erdi-aroko eraikina da jatorriz, estilo gotiko goiztiarrean egina, nahiz eta XVIII. mendean izandako eraldaketek, baita 1982. urtean burututako errestaurazio batek ere, hasierako itxura hura nahiko aldatu duten arren.

Oinplanoa oso sinplea da, hiru tarteune gehi burualde zuzena duen habearte bakarrarekin. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta sakristia Ebanjelioaren aldeko murruan atxikia dagoen oinplano karratuko gela da.

Murruak ongi landutako harlanduxkaz egina doaz, eta bi leihoekin irekitzen dira, argiztapena behar bezala bermatzeko. Lehengo leihoa burualdean dago, elizaren ardatzean, eta bi arkibolta gehi euri-babes moduko moldura daraman erdi puntuko arku bat da. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, landare-dekorazioa daramaten kapitelekin. Beste leihoa, modernoa eta lauangeluarra, tenpluaren hegoaldeko murruan dago. Habeartearen oinetan, gainera, koru jaso modernoa dago, zurezko habe baten gainean.

Habeartea XVIII. mendeko tradizio barrokoko lunetazko lau gangekin estalita doa. Profil zorrotza duten arku fajoiekin antolatua doa, erdi-aroko jatorrizko tenpluaren arrastoa. Sakristiak, berriz, sabai lau sinplea jaso zuen.

Kanpoaldean dorrea aipatu behar dugu hasteko. Habeartearen lehen tarteunearen gainean altxatua dago, Nafarroako erdi-aroko landako tenpluetan normala den bezala. Fuste motz eta trinkoa du, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi baorekin irekita dago, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Inskripzio batetan 1773. urteko data irakur daiteke, lehen aipatutako XVIII. mendeko interbentzioari dagokiona zalantzarik gabe. Habeartearen gainean zuzenean altxatzen den hormatala arinagoa den zurezko bilbaduraz egina dago, puntu honetan dauden bultzadak murrizteko. Atea arku zorrotz abozinatu bat da, dekoraziorik gabeko ertz biziko hiru arkiboltekin. Kapitel bezala moldura jarraitua daramaten zutoinen gainean daude, eta kanpotik euri-babes moduko moldura bat ere ikus daiteke.

Barnealdean, presbiterioan, estilo trakets eta herrikoi batez eginiko Gurutziltzatu barroko bat dago, baita XVI. mendeko eserita doan San Pedroren mukulu biribileko eskultura bat. Kalitate onekoa da, eta santua pontifize bezala irudikatua dago, keinu kementsuekin, era natural batez irudikatutako arroparen tolesturekin, eta aurpegi eskematikoarekin. Belaunen gainean liburu bat darama eta giltza ezkerreko eskuan, bestearekin bedeinkatzen duen bitartean, konposizioa irekiz. Gertu, horma-barneko XVI. mende hasierako sagrarioa dago, arku beheratu batekin irekia eta burdinsare batez babestua. Bataio-pontea ere hurbil dago, erdi-arokoa, harroin zirkularrarekin, fuste motz zilindrikoa eta katilu semiesferikoarekin, erdi puntuko arkuteria batekin apaindua.

Ebanjelioaren aldeko murruan Ama Birjina eta Haurraren erretaula ikus daiteke. Arkitektura XVIII. mendekoa da, kerubin baten burua daraman bankuarekin, nitxo bakarreko atala eta bukaera kiribildua. Landare-dekorazioa aberatsa du, eta Ama Birjinaren eskultura XIV. mendekoa eta gotikoa da. Clara Fernández-Ladredaren ustez kanon dotorea du, hieratiko xamarra den arren, eta ezaugarri arkaikoak ditu, hala nola eredu erromanikoak burura ekartzen dizkigun gehiegizko bekozkotasuna. Sakristian, bestalde, hornidura liturgikoko pieza batzuk daude, baita Gurutziltzatu erromanista bat eta San Antonio Abadearen eskultura barrokoa.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 415 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 357 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 139-141 orr.

JAS 2009