Arkitektura

Euskalduna jauregia. Bilbo

XX. mende amaieran Bilboko itsasadar ertzeko lur industrializatuak hiriarentzako berreskuratzeko burutu zen planaren barnean jasotzen da Euskalduna Jauregia Guggenheim Museoarekin batera. Doña Casilda de Iturrizar parkearen ipar-mendebaldean eta itsasadarraren artean kokatzen da, "Compañia Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques" izeneko ontziola historikoa zegoen lurretan, hain zuzen ere. 1992. urtean Kongresu eta Musika Jauregi bat egiteko lehiaketa europar bat eman zen aurrera eta Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek irabazi zuten. Proiektuaren ideia nagusia eraikinak eraikitze-lanetan dagoen itsasontzi baten antza izatea da, izango denaren hazi bezala ulertuko dena, formari zehaztasunik eman gabe, bertako ontzioletan ikusi ohi zen paisaia irudikatu nahian. Horrela, Euskalduna ontziola zegoen gune beretik azaleratzen den eraikina hamarkada luzez bertan kokatu izan ziren metalgintza eta ontzigintza arloei egindako erreferentzia gisa ulertzen da. 1993. urtean ontziola leherrarazi zuten, 1995. urtean hasi ziren 53 000 metro karratu dituen eraikin honen eraikitze lanak eta 1999ko otsailaren 19an ireki ziren lehen aldiz ateak.