Kontzeptua

Ximena Leinua

905. urtetik 1234. urtera Iruñeko erresuma gobernatu zuen errege-dinastia da. Ximena leinuak errege hauek izan zituen:

  1. Antso Gartzia I.a (905-925)
  2. Gartzia Santxez I.a (925-970)
  3. Antso Gartzia II.a (970-994)
  4. Gartzia Santxez II.a (994-1004)
  5. Antso Gartzia III.a (1004-1035)
  6. Gartzia Santxez III.a (1035-1054)
  7. Antso Gartzia IV.a (1054-1076)
  8. Gartzia Ramirez V.a (1134-1150)
  9. Antso VI.a (1150-1194)
  10. Antso VII.a (1194-1234)

905. urtetik aurrera, Iruñeko erresumaren egoera politikoa errotik aldatu zen, oraindik argitu gabe dirauen dinastia-krisi misteriotsu baten ondorioz. Antso Gartzia I.a Iruñeko errege berria zen (905-925), eta harekin, Ximenak Eneko edo Aritza dinastia ordezkatu zuen. 1234. urtera arte mantendu zen, eta Antso VII. Azkarra leinuaren azkeneko ordezkaria hiltzerakoan amaitu zen.

Hasierako urteetan izandako arrakasta militarrek argi erakusten dute aukera ona izan zela. Aurrekoek islamarekiko izandako aliantza amaitu zuen, eta ekintzetara pasa zen. Deioko eskualdea (Deierri) eta Ega, Arga eta Aragoi ibaien erriberak eta Errioxa Garaia (Naiara, Viguera, Arnedo, Kalagorri) hartu zituen. Hogei urtez iraun zuen Antsoren erresumak, eta Sobrarbetik Naiararaino hedatu zituen lurrak. Hark ezarritako eta sendotutako mugak mende bat baino gehiago iraun zuen, apenas aldatu gabe: Kalagorri eta Arnedo galdu eta berreskuratu baino ez zuten egin.

Jimenoarrak landa-komunitateetan eta tokiko aristokrazian babestu ziren erresumaren hegemonia egonkortzeko. Hala, erresuma trinko bat eratu zuten, eta, bertan, kide guztiek elkarren beharra zuten. Izan ere, erresuma botere- eta autoritate-piramide batean egituratu zen, eta oinarrian herrixkak zeuden. Askok ez zuten erregeaz beste autoritaterik, eta har defendatzen zituen euren antolamendua aldatu zezaketen gizon arrotzen esku-hartzetik. Bestalde, herrixka horiek bermatzen zuten lehenago publikoak ziren, musulmanei konkistatu berri zieten edo errege-ondarearen barruan zeuden eremu berriak arrakastaz kolonizatzen zirela. Erregeek monasterio handiei -Leire, Albelda edo Iratxe, besteak beste- egindako dohaintzak erresuma osoan sakabanatutako ondare haindiaren erakusgarri dira.

Konkistatutako lur berriek aristokraziaren handinahia asetzen zuten. Fideltasunaren eta laguntzaren (auxilium et consilium) truke onurak eta zenbait barrutiren gobernua jaso zituzten, ondasunak areagotuz. Hala eta guztiz ere, erregeak eskuduntza zabalak zituen: alde batetik, berezko ondare handia zuen (herribilduak, onibarrak, elizak, eta abar), eta, beste alde batetik, gudarosteen burua zen eta hari zegokion justizia administratzea.

Halaber, koroaren funtzioak ziren erresuma gobernatzea eta antolatzea. Horretarako, erregeek lurraldea barruti txikietan banatu zuten. Barruti gehienak sortu berriak ziren, baina zenbait lekutan mugape zaharrak errespetatu zituzten. Erregeak bere senideak edo beste familia batzuetako kideak jarri zituen barrutietako agintari, familia horiek haren mendeko bihurtu zituelarik.

Erresuma berriak lurralde-euskarri nahikoa zuen, eta Frantziaren eta Kordobaren irismenetik aske zegoen. Hala, programa politikoa eratu behar izan zuen, haren gobernua egonkortzeko, hegoaldeko lurretan zabaltzeko justifikazioa edukitzeko eta beste familia garrantzitsuen artean nagusitasuna bermatzeko. Oviedoko gortearen ideal neogotikoa hartu zuten. Horrela, subiranoaren figura azpimarratu zuten, herriaren defendatzaile eta kristautasunaren buru militar eta paladin gisa. Halaber, oviedoar gorteetako idazkera, denbora zenbateko sistema eta liturgia-erabilerak ere bere egin zituen. Hau da, Gartzia Iñigezen eta Ordoño I.aren arteko lankidetzarekin hasitako eredu politiko eta erlijiosoen elkartrukeak bere fruituak eman zituen. Banu Qasitarren botere musulmanarekin itunak egiteko politika bukatu zen, eta lurraldea eta erlijioa hedatzeko proiektu politiko handi bati ekin zioten, aurreko defentsa-politika itxiari amaiera emanez. Errioxar lurretan aurrera egitean, ez zituzten lurrak areagotu soilik, hedapenak erresumako oinarri ekonomikoak, sozialak eta kulturalak zabaltzen lagundu baitzuen. Lur berriek Iruñeko eta Arabako gehiegizko demografia arindu zuten. Horrez gain, Naiarak ordura arte ezezagunak hiri-bizimodu berriak ekarri zituen, eta Errioxan hazten zihoan monakotzak bizitza erlijiosoa eta kulturala bultzatu zuen.

Erresuma berriaren egitura soziopolitiko berriak norabidea aldatu zuen: bizkarrezur berria iparraldetik hegoaldera zihoan, Iruñea-Naiara ardatz gainean. Iruñeko monarkia jaioberriak egonkortasun, dinamismo eta ospea harrigarriak lortu zituen laster. Hasteko, leinuaren kemena azpimarratu behar da. Izan ere, sei belaunaldiz aita-semeen oinordekotzan erregetzaren ahalmenak eta ezaugarriak transmititu zituzten, eta, haiekin batera, Antso eta Gartzia izenak, dinastia sortu zuen erregearen gloriaren eta karismen sinbolo gisa.

Antso Gartzia I.a hil zenean (925), Gartzia Santxez I.a (925-970), haren seme bakarra, adingabekoa zen, eta, antza denez, Ximeno Gartzia osabaren eta Toda erregina alargunaren ardurapean geratu zen. Dirudienez, Ximenok ez zuen usurpazio-saialdirik egin; Eneko Gartzia Antsoren anaia nagusiak, aldiz, zailtasunak jarri zituen. Badakigu haren semeetako bat Ledean hil zela, eta beste hiruk Kordobara ihes egin zutela. Familiarteko harremanak alegatuz -Abd al-Rahman III.a Onekaren biloba zen, Toda erreginaren ama-, Kordobako subiranoak Gartzia Santxez I.a Iruñeko jauntzat aitortu zezala lortu zuen. Horretarako sinatutako itunean (934), hitzarmen zaharraren fideltasun- eta mendekotasun-klausulak berritu zituzten, hein batean. Haatik, ez zuten mendekotasun iraunkorraren seinale zen urteko ordainketa ezarri. Edonola ere, andalustar kalifarenganako mendekotasuna iragankorra izan zen. Izan ere, Gartzia Santxez I.ak eta Ramiro II.a Leongoak Simancasen garaitu zuten, 939an.

Gartzia Santxez I.aren garaipenen ostean, Abd al-Rahman III.ak al-Andalusen ezarritako kalifatoak hegemonia eta botere militar handiago lortu zituen, eta, ondorioz, iruindar erregeek erasoak geratu behar izan zituzten, erresuma hasiberria eta muga berriak babeste aldera, bai armekin bai maniobra diplomatikoekin. Garai horretan, bi etapa bereiz daitezke: lehenengo fasean, liskarrak eta horien ondoriozko erasoak izan ziren nagusi, eta, bigarren fasean, kalifaren presio estua, men egiteak eta hondamenak nabarmendu ziren. Iruñeko erresumak ezin zion aurre egin kordobarrek erakutsitako indar militarrari, eta, horregatik, erregeak trebetasunez negoziatu zuten, hala behar zenean, euren jabetzak babesteko, etsaiak eragindako kalteetatik indarberritzeko eta hainbatetan abantaila politiko jakinak lortzeko. Bereziki nabarmena da Toda erregina alargunak penintsulako eta Akitaniako kristauekin eta Abd al-Rahman III.arekin egindako lana.

Toda erregeordeak lotura politikoak eta familiartekoak indartu zituen Leongo erresumarekin, errege-leinuen arteko ezkontzen bitartez, eta geroago Gaztelako, Arabako, Bizkaiko, Aragoiko eta Gaskoniako kondeetara hedatu zuen dinamika bera. Erreginak haren alaba Oneka Alfontso IV.a (925-931) Aragoiko errege berriarekin ezkondu zuen, eta, gero, beste alaba Urraka Ramiro II.a -Alfontso IV.aren anaia eta oinordekoa- ezkondu zuen (931-951). Era berean, Gartzia Santxez I.ak Ramiro II.aren alaba Teresa hartu zuen bigarren emaztetzat, 941 inguruan, haren lehenengo emaztea Andregoto Aznar Galindo II.a kondearen alabari uko egin ondoren.

Kordobako kalifekin izandako maniobra diplomatikoen helburua iruindar lurraldeak babestea izan zen, nahiz eta horietako batzuk kalifa-boterera itzuli, hala nola Kalagorri.

940ra arte, Abd al-Rahman III.ak nagusitasun nabarmena zuen, eta zigor-eraso ugari egin zituen erresumaren bihotzaren aurka (920, 924 eta 937). Horietan, kristauek arrakastaren bat ere lortu zuten, hala nola Simancasen, 939. urtean. Hurrengo hiru bosturtekoetan, testuetan ez da berririk ageri, eta horrek pentsarazten digu nolabaiteko bake-aldi bat eman zela, mugen inguruan bederen, Iruñeko gizartearen lasaitasunerako.

Al-Hakam II.a hil zenean (976), berehala nagusitu zen Abu Amir Muhammad, historiografiak Almanzor izendatu zuena. Mende-laurden batez, penintsulako kristau eremuei eraso egin zien etengabean. Gauzatutako 52 kanpainetatik bederatzi Iruñeko erresumaren aurka bideratu zituen. Antso Gartzia II.a erregeak ("Abarka" ezizenez ezaguna, 970-994) bide diplomatikoa hautatu zuen hainbatetan, erresuma babesterakoan. Horrela, etsaiarekin hitzarmenak sinatu zituen, eta alaba bera -Baskoia izenez ezaguna- Almanzorrekin ezkondu zuen. Abd al-Rahman semea izan zuen, berak aitonaren oroimenez "Antso txiki" deitzen zuena. Kordobar iturrien arabera, Iruñea ez zen "baskoien herrialdea hondatu" zuten erasoez libratu. Antso Gartzia Kordobara joan zen 992an, Almanzor lasaitzeko edo bakea eskatzeko. Urtebete beranduago, Gonzalo, erregearen semea ere, Kordobara joan zen aitak hitzartutakoa berresteko, eta Iruñeak adiskidantzazko politikarekin jarraituko zuela bermatzeko.

Gartzia Santxez II.ak "Dardaratia52089", haren oinordekoak (994-1004), bestelako politika bat hasi zuen, eta, tronua hartu eta berehala, Almanzorri aurka egin zion. 998an, Almanzor erresumako hiriburuan sartu zen, eta erregea menderatu zuen. Esan liteke Antso Gartzia II.aren eta Gartzia Santxez II.aren agintaldietan Iruñea Kordobaren mende bizi izan zela.

Monarkia berri honen ezaugarrien artean, aipagarria da erresuma ez desegitearen irizpidea hartu zutela, hau da, oinordekoari eskuratutako lurralde guztiak transmititzen zitzaizkion, Asturiasko eta Leongo erresumetan ez bezala, bertan ideia sezesionistak agertu baitziren eta jabetzak semeen artean banatzen baitzituzten. Horrela, ez zen istilurik gertatu tronua oinordetzean, eta Gartzia Santxez II.ak Antso Nagusia haren semeari lurralde-ondarea osorik transmititu zion.

Mende amaieran, egoera modu erabakigarrian aldatu zen, kaliferria hondoratu zen eta iparraldeko erresumak aurrea hartzen hasi ziren. Egoera berri horretan bihurtu zen Iruñeko errege Antso Gartzia III.a "Nagusia" (1004-1035), eta monarkia iruindarraren garai loriatsuenetako bati hasiera eman zitzaion, haren hegemonia penintsulako gainontzeko kristau eremu politikoetara hedatu baitzen. Hain zuzen ere, aitaren jaraunspenari -Iruñeko erresuma eta Aragoiko konderria- Gaztela, Sobrarbe eta Ribagorza konderriak erantsi zizkion, baita Leongo erresumaren gaineko protektoratua ere. Hasiera batean, Gaskoniako dukerria ere hartzeko asmoa izan zuen, horren titularra Antso Gilen -erregearen osaba- hil zenean, 1032. urtean. Horren lurralde zabala kontrolatu arren, ez zuen erresuma bateratu baterako proiekturik izan. Aitzitik, konderri eta erresuma bakoitzaren estatus juridikoa eta politikoa mantendu zituen, eta, hiltzerakoan, semeen artean banatu.

Antsok utzitako lau semeetatik, Ramiro jaiotako lehenengoa eta seme aitortua zen arren, ez zituen oinordeko izateko baldintza legalak betetzen. Legez, soilik Gartzia Santxez III.ak (1035-1054) zuen oinordeko izaera, eta horregatik hari zegokion aitaren herentzia jasotzea: Iruñeko erresumaren lurraldeak, penintsulako Euskal Herria eta Gaztela Zaharra. Bigarren semeak, Gonzalok, Sobrarbe eta Ribagorza konderriak jaso zituen. Fernandok Gaztelako konderriaren bigarren erdia jaso zuen, hau da, Burgosko eskualdea, eta, horregatik, basailutza zor zion Gartzia anaia zaharrari. Bien bitartean, Ramiro Aragoiko konderriarekin geratu zen, baita aurreko Sobrarbe eta Ribagorza konderriekin ere, Gonzalo hil zenean. Antso III.ak semeen artean egindako banaketa horrek liskarrak eragin zituen anaien eta haien oinordekoen artean, eta Iruñeko erresumaren hegemonia suntsitu zuen, bi jazoeraren bitartez: batetik, Atapuercako batailan (1052), Gartzia Santxez III.a garaitu zuten eta bertan hil egin zen, Gaztela Zaharra Leongo errege zen Fernandoren eskuetan geratu zelarik, eta, bestetik, haren oinordekoa Antso Gartzia IV.a (1054-1076) Peñalen harkaitzean hil zuten, erregearen senitartekoen eta nobleziaren arteko konspirazio batean. Gaztelako Alfontso VI.a orduko nahasmenaz eta botere-hutsuneaz baliatu zen Errioxa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa hartzeko, eta Aragoiko Antso Ramirezek, bere aldetik, Iruñeko erresumaren gainontzekoa bereganatzeko aprobetxatu zuen.

Antso V.a (1076-1094), Pedro I.a (1094-1104) eta Alfontso I.a Borrokalaria (1104-1134) erregeen garaian, Iruñeko eta Aragoiko erresumen arteko dinastiek bat egin zuten. Tamarako itunak (1127) amaiera eman zien Gaztelako eta Aragoiko erresumen arteko borrokei, eta Antso III.a Nagusiaren garaiko mugak ezarri zituzten berriro ere: Penintsulako Euskal Herria, Errioxa eta Gaztela Zaharra Iruñeko erresumaren barruan geratu ziren.

Alfontso I.ak ez zuen oinordeko zuzenik, eta hil zenean, haren testamentuak krisi sakona eragin zuen, ordena militarren artean banatu baitzuen erresuma. Zuzeneko oinordeko baten faltan, Iruñeak eta Aragoik Vadoluengoko ituna sinatu zen (1135eko urtarrila), banaketa berresteko eta mugak ezartzeko. Iruñean, Gartzia Ramirez (1134-1150) errege izendatu zuten. Haren oinordekoak Antso VI.a Jakitunak "Iruñeko erresuma" izen tradizionala aldatu zuen, eta "Nafarroako erresuma" izatera pasa zen. Erregealdi horretan, urbanizazio-prozesuari ekin zioten: Gipuzkoan, Donostia eraiki zuten, eta, gero, Arabara hedatu zen, Gasteiz, Laguardia eta Bernedo eraikiz. Gainera, agintaldian zehar, aurre egin behar izan zion Alfontso VII.a gaztelau erregeak nafar lurrak hartzeko egin zituen saiakerei. Westminster-eko (1177) eta geroko Cazolako (1179) itunak sinatu ostean, Antso VI.ak Errioxa eta Bizkaia galdu zituen, Durangaldea izan ezik, Nafarroaren mende jarraitu zuen eta.

Orduz geroztik, Nafarroa defentsiban egon zen, Gaztela eta Aragoiren erasoen eta hedapen-saiakeren aurrean. Lehenbiziko lurralde horiek galdu ostean, Alfonso VIII.ak Gaztelari Arabako, Gipuzkoako eta Durangaldeko lurraldeak gehitu zizkion, 1200. urtean, eta, ondorioz, Nafarroa gaur egungo lurralde-mugetara murriztu zen, Ultrapuertos eta Arabar Errioxaren hego-mendebaldea gehituta. Antso VI.ak Nafarroa Beherera zabaldu zuen erresuma, haren alaba Berengaria Ingalaterrako Rikardo I.a Lehoibihotza erregearekin ezkondu zenean.

Haren oinordekoak, Antso VII. Azkarrak (1194-1234), ezer gutxi zuen egin ahal izan zuen gaztelauen kontra galdutako lurraldeak berreskuratzeko. Ez zuen oinordeko zuzenik, eta, horregatik, hil zenean, Xanpainako Tibalt I.aren -haren arreba Blankaren semea-eskuetan geratu zen erresuma. Horrela amaitu zen Ximena leinua, eta Iruñeko tronutik Frantziako leinu ezberdinak igarotzen hasi ziren, lehenengoa Xanpainako etxea izan zelarik.