Udalak

Beorburu

Hirigunea toki altu batean dago, eta honek haraneko beste herri batzuk bistan izatea ahalbidetzen du. Sigi-sagan doan kale bakarra du, hamabi bat etxerekin, eta kalearen bukaeran eliza eta parrokia-etxea daude, azken hau oso eraldatua.

Herriaren hasieran eta hirigunetik bereizirik "Agarrea" izeneko etxea dago. Oso oinplano garatua du, errektangeluarra, eta murruek luzituaren aztarnak dituzte, azken errestaurazioan jatorrizko baoak handitu dituztelarik. Balkoiren bat ere ikus daiteke, baita teilatuan irekitako mantsarda bat ere. Kalea "Juanserena" izeneko etxearekin hasten da. Oinplano lauangeluarra du, bi solairu gehi ganbara, eta hegal luzeko bi isurialdeko teilatua. Murruak harlankaitzaz doaz, eta arestiko lanetan luzitua kendu dute, azken modaren irizpideak jarraituz, harria agerian utziz. Aurrealdean, alboko murru baten luzapenaz sortutako kontrahorma bat ikus daiteke, atea haizea eta euriarengandik babesteko, eta goialdean balkoi luze batek aurrealdea zeharkatzen du. Parean "Arginarena" izeneko etxea dago, XVIII. mendeko etxetzar barrokoa. Aurrealde luzitua du, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoetan, nahiz eta ezkerreko zatia ezkutaturik dago gehitutako beste atal batekin, zurezko begiratoki akristalatu bat duena. Sarrera hamabost dobela luze dituen erdi puntuko arkua da, eta leihoak zuzenak dira, baten batek harrizko karel molduratuarekin. Kale beretik jarraituz, "Perutxenea" etxea dago, oinplano errektangeluarrarekin eta murruen ohiko tratamenduarekin. Ogia egiteko labe tradizionala du atzealdean, atexka kalean bertan dagoelarik. Aurrerago, arestian aipatutako ezaugarri berdinak dituzten beste etxe batzuk daude, batzuk hormetako luzituaren arrastoekin. Bi etxeren ateak erdi puntuko arkuekin doaz, hari molduratuarekin kasu batean, eta "Burundarena" izeneko etxea arku beheratu batekin irekitzen da, XIX. mendearen lehen hamarkadatan modan jarri zen bezala. Elizatik gertu dagoeneko, eraldaketa sakona jasan duen "Elizaldea" etxea dago, eta parrokia-etxea bera, oso aldatua ere. Elizaren atzean, zonalde ireki batean, "Plazaburu" etxeak ixten du hirigunea alde honetatik.

  • Baselizak

Pérez Ollo jaunak San Bartolomeren baseliza aipatu egiten du, Masko izeneko mendi-lepoan. Auzotarrek sortutako kofradia zuen 1615erako, eta oso oinplano luzeko eraikina da, burualde zuzenarekin. Murruak, gaur egun luzitu gabe, ongi landutako harlanduxka txikiaz doaz, eta zurezko egitura eta hegalari eusteko harrizko mentsulak dituen bi isurialdeko teilatua du. Atea arku zorrotz batekin doa, eraikinaren erdi-aroko jatorria nabarmenduz. Bestalde, murruak irekitzen dira bi gezi-leiho eta leiho txiki batzuekin. Barnealdean, XVII. mendeko zurezko koru jasoa dago, balaustradak moldura horzdun ikusgarria duelarik. Presbiterioan erretaula txiki bat dago, barrokoa. Bere trazak banku, zutabeen arteko nitxo bakarreko atala eta bukaera makurra du, landare-dekorazio aberatsarekin. Irudigintzari dagokionez, San Bartolomeren mukulu biribileko eskultura titularra errenazentista da, XVI. mendekoa. Baselizak badu atxikia beste atal bat, erromerian joaten ziren kofradiako kideek jantoki bezala erabiltzen zutena.

  • San Martinen Parrokia

XIII. mendeko erdi-aroko tenplua hondatu zen mendeen poderioz, eta 1980. urtean bota egin zuten, eraikin zaharretik dorrea eta murru batzuk bakarrik gelditu ziren, egun frontoi bezala erabiltzen direlarik. Gaur egun, beraz, eremu sakratua garai bateko habeartearen lehen tarteunera murrizten da, dorrearen azpian, eta gelditutako irekidura estaltzeko, elizaren jatorrizko sarrera kokatu dute. Atea arku zorrotz bat da, baketonak dituzten sei arkiboltekin eta euri-babes moduko moldura batekin. Giltzarriak krismoi batekin eta erroseta batekin apainduak doaz. Arkibolten azpian zutabetxoak daude, harroin erdizirkularrekin, fuste meheak eta moldura jarrai batekin, kapitelen moduan, loreekin apainduak. Euri-babesa, berriz, oso eskematikoki egina dauden giza buruekin dekoratuak dauden mentsuletan amaitzen da. Lehen aipatu bezala, dorrea itxi dute alde honetatik berreraikitako harlanduxkaz eginiko horma batekin, eta sarreraren gainean dorrearen fusteari eusten dion garai bateko habeartearen arku fajoia dago. Goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi baoak daude, baita leiho modernoren bat, eta lau isurialdeko teilatua. Desagertutako elizaren oinplanoa oso ongi mugatua dago oraindik, burualde zuzena frontoirako ere erabiltzen delarik. Beste horma batetan, gaurko frontoiaren sarreran, ur bedeinkatuko ponte bat ikus daiteke, eta elizaren ardatzean kalitate handiko leiho erromaniko bat. Oso estua da, ia-ia gezi-leiho baten modukoa, eta nahiko desitxuratua dagoen erdi puntuko arkutxo batekin amaitzen da. Haria arkibolta batekin eta euri-babes batekin apaindua doa, baita kapitel kiribilduak dituzten zutabetxoekin ere. Tinpano moduko bat dago non, oso era trakets eta azalekoan, zirkulu batean dagoen ilgora bat, giza aurpegi bat eta krismoi hirukoiztar bat landu dituzten.

Gaurko tenpluaren barnealdean, estua benetan, garai bateko erretaularen arrastoa den San Martinen eskultura dago, parrokiaren titularra. Santua zaldi gainean irudikatu zuten, eta bere azpian eskalea dago, ohi den bezala. Pedro de Landa eta Miguel de Marsalen obra da, eta XVI. mendearen bukaeran egin zuten. Gertu, Ama Birjina eta Haurraren mukulu biribileko irudia dago, 1981. urtean Orella eskultoreak errestauratua. Clara Fernández-Ladredak irudi hau errealitatean modernoa dela uste du eta, berak dioenez, obraren egileek erdi-aroko ereduak imitatu omen zituzten. Horma batetan XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat dago, eta ondoan erdi-aroko bataio-ponte bat, fuste prismatikoarekin eta katilu lauarekin.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 418 orr.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 348 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 41-50-115-118 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 137-139 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 59 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 134 orr.

JAS 2009