Udalak

Belzunce

Herria bi hiriguneetan banatua dago, errepidea erditik doalarik. Beltzuntzeko "cabo de armería" jauregiko jabeak 1277. urterako aipatu ziren arren, gaur egun ez dago eraikin zahar hori kokatzeko edota identifikatzeko modu objektiborik. Aipatutako bi hirigune horietatik bat elizaren inguruan kokatua dago, muino txiki baten gainean, eta bigarrena, etxe berriagoez osatua gehien bat, toki baxu eta lauan dago, zertxobait urrunago. Gune garaian, hasteko, arestian eraldatutako etxe handi bat dago. Leiho zaharren tamaina handitu egin dute, eta murruen luzitua kendu dute, harlankaitzaz eginiko hormak agerian utziz, ohiko tokietan harlanduzko kateak daudelarik. Jatorrizko oinplanoari, gainera, beste atal bat gehitu diote albo batetik. Eraikinak hiru solairu ditu, hegal luzeko bi isurialdeko teilatuaren azpian. Sarrera erdi puntukoa da, leihoak zuzenak diren bitartean, eta hauetako baten ateburuan honako inskripzio bat irakur daiteke: SE CONTRUYO EL AÑO 1900/ SIENDO DUEÑOS DE ESTA CA/ SA DON YNOCENCIO CIA Y BE/ RRIO Y DOÑA FILOMENA ES/ PELOSIN Y BERUETE/ LAUS DEO.

Toki altuago batean kale motz bat dago, hiru etxeekin, zeinetatik bi eraikin laguntzaileak diren, eta hirugarrena XVIII. mendeko etxetzar dotore bat, inguruko lurrari egokitutako oinplano lauangeluarrarekin. Hiru solairu ditu, gehi ganbara eta hegal luzeko bi isurialdeko teilatua. Murruek ohiko trataera daramate, luzituak eta harlanduzko kateekin hormoinean, baoetan eta hormataletako izkinetan, baita sarreraren inguruan dagoen harlanduzko hormatal triangeluar handi batean. Atea erdi puntuko arku bat da, leihoak zuzenak diren bitartean. Goialdean balkoi jarrai batek aurrealde osoa zeharkatzen du. Zurezko egitura zuen, porlana erabiliz eraldatu den arren, eta burdinazko balaustrada bat.

Elizari itsatsita garai bateko parrokia-etxea dago, eraikin xume eta sinplea, zurezko egitura duen balkoi dotore bat kontserbatu duen arren, bere teilatu propioarekin babestua.

Herriaren beheko gunean etxe modernoagoak, edo oso eraldatuak behintzat, ikus daitezke, inguruko arkitektura tradizionalaren ezaugarriak jarraitzen dituzten arren. Aipatu dezakegu XVIII, mendeko etxetzar bat, hiru solairuekin eta lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak harlandu irregularrez eta harlankaitzaz egina daude, eta bere jatorrizko luzitua mantendu dute, harlanduzko kateekin ohiko tokietan. Beheko solairuan hari molduratuko erdi puntuko bi arku daude, erdian dagoenak zaharragoa dela ematen duelarik. Leihoak zuzenak dira, eta solairu noblean karel molduratuak daramatzate. Inskripzio bat, erdiko leihoaren ateburuan landua, honela dio: HIZO ESTA CA/ SA MATYAS DE LA/ QUIDAIN AÑO DE/ 1755.

  • Santa Eulaliaren Parrokia

Erdi-aroko tenplua da jatorriz, XVI. eta XVIII. mendeetan eraldaketa nabarmenak jasan zituen arren. Oinplanoa oso sinplea da, luzera berdineko hiru tarteune dituen habearte bakarrarekin, gehi burualde zuzena. Sarrera Epistolaren aldeko murruan irekia dago, bigarren tarteunean, eta harrizko aterpe batekin babestua doa. Sakristiari dagokionez, Epistolaren aldeko murruari atxikitako oinplano karratuko gela da.

Murruak harlandu irregularrez egina daude, eta barnealdean margotuak doaz landare-motiboekin eta harlanduen itxura imitatzen duen dekorazioarekin. Barnealde honen argiztapena bermatzeko bi leiho daude. Lehenengoa burualdean dago, hegoaldeko murruan irekia kanpoko argia hobeto jasotzeko, eta beste bat oinetako murruan. Azken honek erdi puntuko arku bat du, baketonekin apaindua eta euri-babes moduko moldura batekin. Elizaren oinetako murruan, azkenik, koru jaso moderno bat ikus daiteke.

Elizak estalki-sistema anitza du. Lehen tarteuneak erdi-aroko jatorria duen kanoi-ganga bat jaso zuen, hurrengo bi tarteuneek tradizio barrokoko lunetazko gangak, eta burualdeak XVI. mendeko tertzeletezko gurutze-ganga bat du. Tarteuneak hormetan txertatuak dauden mentsula gingildunetan amaitzen diren arku fajoiekin bereizten dira, burualdeko nerbioek pisua hormetan sartuta dauden mentsula zilindrikoen bitartez perimetro-hormetara transmititzen duten bitartean.

Kanpoaldean, dorrea habeartearen lehengo tarteunearen gainean altxatzen da, Nafarroako landako erdi-aroko tenplu gehienetan gertatzen den bezala. Fustea motz eta trinkoa da, garai barrokoko inposta batekin apaindua, eta goialdean kanpaiak kokatzeko erdi puntuko bi bao ikus daitezke, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Harlanduz eginiko aterpe bat dago, harrizko pilare komun bat duten tamaina handiko erdi puntuko bi arkuekin, sarrera babesteko. Atea gotikoa da, 1200. urte ingurukoa, eta arku zorrotz abozinatu batekin doa. Ertz biziko hiru arkibolta ditu, apaingarririk gabekoak, eta xakeztatu batekin dekoratua doan euri-babes moduko moldura darama. Zutoinek dekorazio sareztatu bat duen moldura jarrai bat daramate, kapitel moduan. Sarreraren gainean mentsula batzuk daude, apaingarri figuratiboekin, non gizakien eta animalien buruak eta pinaburu bat ikus daitezkeen.

Barnealdean, presbiterioan ikus daiteke elizako garai bateko alboko erretaula, erdira ekarrita arestian izandako errestaurazio batean, neogotikoa zen beste erretaula baten ordez. Manierista berantiarra da, XVII. mendekoa, eta bere trazak bankua, nitxo bakarreko atala eta frontoi kurbo kiribildua du. Fuste ildaskatua duten zutabeekin antolatua dago eta, irudigintzari dagokionez, XVII. mendeko bi eskultura ditu, Maria Sortzez Garbiarena eta Gurutziltzatu bat. Presbiterioan oraindik eta erretaulatik gertu, horma-barneko sagrario bat dago, zerrenda boladuna daraman arku konopial batekin irekia, baita San Blas eta San Ferminen XVIII. mendeko bi eskultura barrokoak.

Ebanjelioaren aldeko murruan XV. mendeko Gurutziltzatu gotiko bat ikus daiteke, marko barroko batekin, eta pareko murruan erdi-aroko bataio-ponte bat, XIII. mendekoa antza denez, harroin zirkularrarekin, fuste motz zilindrikoa eta katilu semiesferikoarekin. Ohi den bezala, sakristian zilargintza-lan batzuk daude.

JAS 2009

  • CARO BAROJA, J. La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 417 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea. Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 134-137 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 26 eta 274. zk

JAS 2009