Kontzeptua

Errepublikak Euskal Herrian

II. Errepublikan euskal politikagintza banatu zuen gertaera nagusia errepublikar laikoen eta eskuin katolikoaren arteko lehia izan zen. Azken hauek ez zuten begi onez ikusi Errepublikaren ezarpena, erreforma antiklerikalak eta iraultza soziala ekarriko zituela pentsatzen baitzuten, euskal nekazal inguru tradizionaleko katolizismoa eta jarrera kontserbadorea asaldatuz. Arazo hau, partidu politiko bakoitzak zuen Autonomia Estatutuaren ezarpenaren inguruko iritziari gehitu zitzaion. Ondorioz, garai honetan, panorama politiko konplexua eratu zen.

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeek espainiar Estatuko erregimenaren aldaketa ekartzeaz gain, kontraste handiko panorama politikoa utzi zuten Euskal Herrian. Hauteskundeotan, eskuinak irabazi bazuen ere, non EAJ eta karlistak eskuin horren gidaritzan egon ziren, ezkerrak, sozialista eta errepublikarrek osatua, hiri eta herri handienetan garaitu zuen: Bilbo eta Bilbo inguruko industria eta meatze guneetan, Donostian, Eibarren, Irunen eta Nafarroako Erriberan. Hauteskundeak urte hartako maiatzaren 31an errepikatu ziren eta ezkerrak Gasteiz eta Iruñean ere garaipena lortu zuen. Ondorioz, lau euskal hiriburuek alkate errepublikarrak izan zituzten.

Estatutuen arazoa izan zen euskal politikagintza gehien kezkatu zuen gaia. Eskuinak Estatu osoan Euskal Herrian bakarrik irabazi zituen hauteskundeak, eta indar errepublikarrek mesfidantzaz ikusi zuten Estatutuaren gaiaren gidaritza EAJren eskuetan lagatzea, oso jarrera klerikala erakusten zuelako batetik, eta bestetik errepublika ezartzeko saiakeran elementu anti-dinastikoen laguntzari uko egin ziolako. Ezkerraren helburua beraz, kontrolpean zituzten instituzioetatik prozesu autonomikoa gidatzea izan zen, arrakasta osoa EAJk bereganatu eta etorkizuneko Euskal Gobernuaren kontrolaz jabetu ez zedin. Bide batez, Estatutuaren ezarpenaren aurretik Euskal Herria errepublikar bihurtu nahi izan zuen.

1931ko ekainaren 28ko Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetara bi bloke elkarren lehian aurkeztu ziren Euskal Herrian. Alde batetik eskuin katolikoa, EAJk, Elkarte Tradizionalistak eta katoliko independenteek osatua, erlijioaren defentsan eta "Lizarrako Estatutua" ikurtzat zutela. Beste aldetik, ezker laikoa, PSOE eta partidu errepublikarrek osatua, herria errepublikartu eta Kudeaketa Batzordeek egindako zenbait zuzenketekin "Eusko Ikaskuntzaren Estatutua" onartu zutenak. Hauteskundeotan, eskuinak garaipena lortu zuen 15 diputaturekin. Ezkerrak 9 ordezkari lortu zituen eta botoen %44a, Bizkaiko industria guneetan, Gipuzkoan, Arabar Errioxan eta Nafarroako Erriberan garaipena eskuratuz.

1933ko azaroaren 19ko hauteskunde orokorrak, 1931koekin alderatuta, testuinguru ezberdin batean ospatu ziren. Ez ziren ezkerreko eta eskuineko blokeak mantendu eta lehia irekiago bat aurkeztu zen. Bilboko barrutian izan ezik, ezkerreko errepublikar eta sozialistak banatuta aurkeztu ziren, eta Bilbon gutxiengoentzat utzitako bi ordezkari bakarrik lortu zituzten. Hau porrot handia izan zen errepublikarrentzat. Egoera honek EAJri egin zion mesede eta 12 ordezkarirekin bere historiako emaitzarik onenak lortu zituen (6 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta 1 Araban). Azkenik, eskuineko koalizioak, monarkikoek eta tradizionalistek osatua, 10 ordezkari lortu zituen (7 euren feudoa zen Nafarroan eta bat gainontzeko probintzia banatan).

1936ko legegintzarako hauteskundeetan ordura arteko blokeak aldatu ziren. Alde batetik, ezkerreko alderdiak, errepublikarrak, PSOE, Partidu Komunista eta ANV, batuta aurkeztu ziren Frente Popularraren bitartez. Eurekin lehiatzeko, eskuineko koalizioa aurkeztu zen, Elkarte Tradizionalista, Renovacion Española eta CEDAk osatua. Beste behin, EAJ bakarrik aurkeztu zen plano politikoaren erdialdean. Hauteskundeen emaitzek hiru zatitan banatutako Euskal Herria irudikatu zuten. Frente Popularrak 7 ordezkari lortu zituen (4 Bilboko barrutian, bi Gipuzkoan eta bat Araban), eskuineko koalizioak 8 (7 Nafarroan eta bat Araban), eta EAJk 9 (5 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan).

Errepublika aldarrikatu eta berehala, "Alkateen mugimendua" bezala ezagutzen dena abian jarri zen. Mugimenduaren helburua, estatutuaren inguruan Euskal Herriko herri guztien arteko indar bateratu bat sortzea zen. Eusko Ikaskuntzari eman zioten Estatutua osatzeko enkargua, eta honek hiru astetan prest izan zuen. Estatutuaren aurre proiektu hura Ramon Madariaga bilbotar errepublikarrak aldez aurretik idatzia zeukan testu batean oinarritu zen. Ondoren partidu politikoei eskatu zitzaien epaitu eta zuzenketak egiteko. Hasierako testua Errepublikaren zein Euskal Herriaren kontzepzio federal batetik abiatzen zen, non Euskal Herriak konpetentzia zabalak izango zituen. Ikuspuntu demokratikotik aztertuta, zenbait hutsune zituen Estatutu hark. Proiektua euskal estatutuaren inguruan indar politiko guztien arteko adostasuna lortzeko abiapuntua izan zitekeela uste bazen ere, saiakera porrotean amaitu zen, ezker laikoak eta eskuin katolikoak testuari jarri zizkioten era guztietako eta elkarren kontrako zuzenketen ondorioz.

1931ko euskal Estatutua sortzeko saiakera hau bi adarretan banatu zen. Alde batetik, ezkerrak eta Kudeaketa Batzordeek "Ezkerreko Estatutua" proposatu zuten. Bestalde, eskuineko indarrek "Lizarrako Estatutua" aurkeztu zuten, aurre proiektua baino bertsio katolikoagoa eta baztertzaileagoa zena.

1931ko ekainaren 14an, Lizarran bertan bildu ziren euskal udaletxeen hiru laurdenek onartu zuten "Lizarrako Estatutua", nahiz eta udal hauek euskal herritarren erdia baino zerbait gehiago bakarrik ordezkatzen zuten; izan ere, Lizarrara ez ziren Euskal Herriko hiri nagusietako alkateak joan, gehienak joera ezkertiarrekoak. Proiektu hau tresna politikoa eta erabat alderdikoia zen, eta ezkerreko indarrek onartu ezin zezaketen zenbait klausula zituen, elizarekin lotutakoak eta diskriminatzaileak zirenak: Vatikanoarekin Konkordatua eta atzerritarrei boto eskubidea kentzea esaterako. Klausula hauek, Gobernu errepublikarrak elizaren aurka antolatu zezakeen legegintza posible baten aurrean ezarritako babesa izan ziren. Historikoki, EAJk egindako akats larritzat hartu izan dira baldintza hauek, nahiz eta karlisten gogokoak izan, parlamentuan gehiengoa zuen ezkerrarekin adostasun batetara iristea ezinezko egiten baitzuten.

Abenduan onartu zen Konstituzioak bertan behera bota zituen 1931an zehar egin ziren euskal estatutuaren inguruko saiakera guztiak, Errepublikaren funtzionamenduarekin ez-bateragarritzat jotzen baitziren, bai edukiei zegokienean eta baita prozeduretan ere. Handik aurrera Estatutuaren inguruko ekinbidea Gobernuak proiektua eratzeko antolatu zuen Kudeaketa Batzordearen eskuetara pasa zen. Abenduaren 8an, Azañaren Gobernuak euskal Estatutuaren eraketa zein eratara bideratu behar zen zehazten zuen dekretua plazaratu zuen. Lau ziren burutu beharreko pausoak: probintziaren Kudeaketa Batzordeek proiektua idatzi behar zuten, gero Udalek oniritzia eman behar zioten, ondoren herritarrek erreferendum bidez eta azkenik Gorteek.

Estatutua idazteko batzorde arduradunak Eusko Ikaskuntzaren Estatututik abiatuta errepublikarren iritzietatik hurbilago zegoen Estatutu bat eraiki zuen. Proiektu hau, lau errepublikarrek, hiru sozialistek, nazionalista batek, katoliko-foruzale batek eta independente batek osatutako batzordeak idatzi zuen. Nahiz eta proiektu berriak Eusko Ikaskuntzaren Estatutuak Euskal Herriari eman zion autonomia mailarik ez onartu, hura baino demokratikoagoa izan zen. 1932ko ekainaren 19an Iruñeako Asanbladan euskal herrietako Udalen oniritzira baldintzatu zen, baina nafar udalen gehiengoaren ezetzak, karlistek zuzendutako udalak izaki, ekinbide autonomista guztiak bertan behera bota zituen berriro.

Beste behin autonomiaren inguruko lanak Estatutuaren proiektu berri bat idatziz abiatu ziren 1933an, baina oraingo honetan Nafarroa kontutan hartu gabe. 1933ko abuztuaren 6an Gasteizen hiru probintzietako Udalek baietza eman zioten proiektu berriari. Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek euren batasuna eskaini zioten Estatutuari, eta arabarrek ere Estatutua onartu zuten arren, Udaletxeen heren bat, karlisten eskuetan zeudenak, aurka agertu zen.

Hurrengo pausua testua baieztatzeko erreferenduma ospatzea izan zen. 1933ko azaroaren 5erako egin zen deialdia. Bizkaitarren eta gipuzkoarren ia gehiengoak baietza eman bazion ere (%98a alde agertu zen), Araban, nahiz eta Estatutua onartu, karlismoak abstentzioaren alde egindako kanpainaren eraginez, arabar sentimenduaren eta Arabar Errioxako euskal nortasun ahularen ondorioz, baietzaren alde egin zutenak (%46'5a) gutxiago izan ziren aurka bozkatu (%12a) eta abstentzioa aukeratu zutenak baino (%41'5a). "Arabar auzia" bezala ezagutzen den gertaera hau Kongresuan espainiar eskuinak erabili zuen 1934ko Estatutua parlamentuak onartu ez zezan. Baina benetan 1933ko saiakera autonomikoa baliogabetu zuena CEDAren oposizioa izan zen, Lerrouxen erradikalekin Gobernuan zegoena. EAJk egiaztatu zuen orduan, eskuin espainiarra boterean zegoen bitartean ezingo zela inolako estatuturik onartu eta ezkerreko indarrengana hurbiltzen hasi zen.

1936an Frente Popularrak hauteskundeetan garaipena lortu behar izan zuen euskal estatutuaren arazoari konponbidea emateko. Nazionalistek eta Indalecio Prieto buru zuten populistek euskal Estatutu berri baten osaketaren inguruan adostasuna lortu zuten baina Gerra Zibilak haren onarpena atzeratu zuen, 1936ko urrira arte indarrean jarri ez zelarik. Idatzi hura aurrekoak baino laburragoa izan zen eta kataluniar estatutuaren itxura handiagoa zuen. Parlamentuan eskuinak jarri zitzakeen oztopoak gainditzeko errepublikarren arauetara gehiago hurbildu ziren orduko hartan.