Olerkariak

Nicolas Moreno, Vidal de

Portugalete, 1922.

Vidal de Nicolás Moreno, Bizkaiko Ezkerraldean jaio zen, Portugaleten, 1922. urtean. Familia langile eta umil baten baitan hasi zen. Txikitan, lehenengo ikasketak Santurtziko eta Sestaoko eskoletan egin zituen. Gurasoak langile eta ezkertiarrak zituen pentsaeraz, -bere aita anarkista izan zen-.

Haurtzaroa bere jaioterrian eman zuen. 1936an, hamalau urte zituelarik, Gerra Zibila hasi zen eta, hurrengo urtean, Frantziara erbesteratu zen. Bere aita, CNTko zuzendaritzan ari zela, bonbardaketa batean zauritu zuten eta Bartzelonara joan zen. Handik gutxira, Vidal eta bere ama bertara joango ziren, aitarekin batzera. Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, Vidalek armagintzan egin zuen lan, tornulari bezala, errepublikarren ejertzitoarentzako jaurtigaiak egiten. Gerra amaitzear zegoenean, Frantziara ihes egin zuten berriz ere, 1939an.

Frantzian, Bigarren Mundu Gerrak bete-betean harrapatu zuen. Atxilotu egin zuten eta, 1940 eta 1941 urte bitartean, Argelès-sur-Mer herriko kontzentrazio-eremuan izan zuten preso.

Urte batzuk beranduago, familia etxera itzultzen saiatu zenean, ikusi zuten euren etxean beste batzuk sartu zirela bizitzera. Vidalen familia errepublikarren alde borrokatu baitzen, frankistek etxea kendu zieten. Sestaora joatea erabaki zuten orduan, ontzigintzan lan egiteko aukera lortzeko asmoz. Laster, soldaduska egitera behartu zuten Bilbon. Hala ere, ez zuen bertan denbora gehiegi iraun, biriketako tuberkulosiak jota, zerbitzua bertan behera utzi behar izan baitzuen.

Sestaora itzuli zen, eta La Naval ontziolan lanpostua lortu zuen. Bertan peoi bezala aritu zen lehenik, tornulari lanetan ondoren. Frantzian egindako egonaldietan frantsesa ikasteko aukera izan zuenez, itzultzaile postua lortu zuen ontziolako bulego teknikoan.

1955. urtean, Bilbon plazaratzen zuten Gran Vía aldizkarian kolaborazioak egiten hasi zen. Hamarkada bukaerako urteetan atxiloketa andana izan zen erregimenaren aurkako jarrera disidentea agertzen zuten hainbat mugimendu kulturalen artean.

1958an, Consuelo Caeragarekin ezkondu zen, eta bi seme izango zituzten aurrerago. Gerraondoko diktadura garaietan, Vidal de Nicolás Espainiako Alderdi Komunistan militatu zuen berrogeita hamarreko hamarkadan hasi eta hurrengo bi hamarkadetan zehar. Militantzia horregatik, talde zabala osatzen zuten hainbat intelektual eta artistekin batera atxilotu zuten eta gerra-kontseilua egin zioten. Madrilera bidali zutelarik, bertan hamar egun igaro zituen inkomunikatuta, Poliziaren Egoitza Nagusian. Galdeketak egin ostean, masoneriaren eta komunismoaren aurkako errepresio tribunalak aske utzi zuen.

Lau urte beranduago, bigarren aldiz atxilotu zuten, beste bederatzi lagunekin batera, Espainiako Alderdi Komunistako kide izatea leporatuta. Berekin batera, urte batzuk beranduago Justizia Ministroa izango zen Enrique Múgica ere harrapatu zuten. Hasiera batean, sei urteko kartzela zigorra ezarri bazioten ere, jaitsi egin zioten eta bi urte eta erdi egin zituen Burgosko espetxe zentralean. Bi negu eta udara bat igaro ziren giltzaperatua zegoen bitartean eta ez omen zuen bere bizitzan halako hotzik sekula izan, bere emazteak, kanpoan, bigarren semea espero zuen bitartean. Espetxealdia ez zen batere samurra izan, osasun arazo latzak izan baitzituen: heste mehean zulaketa izan zuen eta, hori gutxi balitz, giltzurrunean agertutako tuberkulosi mota bat pairatu zuen.

Vidal de Nicolásek 1960. urtean eman zituen bere lanak ezagutzera aurreneko aldiz. Urte horretan, Asociación Artística Vizcaína elkarteak gazteleraz idazten zuten lau idazle euskaldunen inguruko antologia argitaratu zuen: 4 poetas de hoy. Liburu honetan, Vidal de Nicolasen idazlanekin batera, Gregorio San Juan, José María de Basaldua eta Julio F. Marurirenak ere bilbatzen ziren. Garai hartako lau mutil gazte hauen ahots berriak ezagutarazi zituzten era honetan, ordurako Bilbon egiten zen literaturan erreferente argiak ziren beste izen batzuei batzera zetozenak, hala nola Blas de Otero, Gabriel Aresti, Gabriel Zelaia, Eusebio Abasolo, Javier Bengoetxea edota Bilbao Aristegitarrak, besteak beste. Liburuak bi kolaborazio berezi izan zituen, bi lagun handiren eskutik: Gabriel Celaiak aitzin solasa egin zuen eta Blas de Otero arduratu zen gibel solasa idazteaz.

Urte berean, beste proiektu batean hartuko zuen parte, Estampa Popular de Vizcaya izenekoa, orduan ere idazle gehiagorekin batera, hala nola Gabriel Aresti, María Dapena, Dionisio Blanco edota Sabina de la Cruzekin.

1963an, kartzelan zegoen bitartean, From Burgos Jail (Burgoseko kartzelatik) poesia lana idatzi zuen Agustín Ibarrola margolariaren ilustrazioek lagundurik. Ibarrola Nicolasek pairatu zuen gerra-kontseilu berberak kondenatu zuen. Askatasuna berreskuratu zuenean, etxera itzuli eta lana bilatzeari ekin zion. Durban editorialean lanpostua lortu zuen. Bertan, aurrez ontziolan bereganatutako esperientziak lagunduta, itzultzaile, erredaktore eta zuzentzaile lanetan jardun zuen, erretiroa hartu zuen arte.

Vidal de Nicolasen lana, poesia batez ere, hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, euskaraz, ingelesez, frantsesez edota italieraz irakur dezakegularik, besteak beste. 4 poetas de hoy liburuaren euskarazko itzulpena Gabriel Aresti idazle bilbotarraren eskutik izan zen. Ordutik aurrera, bere lan poetikoak argitaratzen jarraitu baziren ere, hainbat antologia eta testu hautaketaren bidez izango zen, hauetako asko atzerriko editorialen eskutik izango zelarik: Londreseko Appeal for Amnesty in Spain elkarteak elebitan egindako poema liburua argitaratu zuen 1964an. Poema hauek Marcos Ana idazlearekin batera egin zituen eta Agustín Ibarrola margolariak bere ilustrazioez jantzi zuen liburua.

Florentzian, 1964an, Quartiere izenburudun antologia bat argitararatu zuen italieraz.

1968an, Frantzia osoan eta, bereziki, Parisen ikasle eta kultur mugimenduak pil-pilean zeuden garaian, Nicolasen poemak frantsesera itzuli zituzten, hiru argitalpenetan plazaratzeko. Bere poesiaren laginak Il contemporaneo, Les lettres françaises eta Opus International lanetan bilduta aurki daitezke, hirurak Parisen argitaratuak. Azken liburu honetan, idazle bizkaitarraren poesia Amáiz margolariak sortutako Les desastres de la paix grabatuei testua jartzeko hautatu zuten.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Alan Bold idazle ingelesak garai hartan sozialismoari lotuta zeuden hainbat egile sortzen ari ziren lan poetikoa erakutsi nahi izan zuen. Era honetan, Vidalen testuak sartu zituen The Penguin Book of Socialist Verse (Londres, 1970) antologian. Diktadura urteetan, bere poesia lanak klandestinoki banatzen hasi ziren. Lantegietako langileek eskuz esku igarotzen zituzten, eta zentsurak mehatxatutako kultur aldizkarietan argitaratzen ziren.

Hurrengo urteetan, jatorrizko bertsioa izango da, hots, gaztelaniaz idatzitakoa, ondorengo antologietan argitaratutako dutena: 40 poemas (Colección Saco Roto, 1970); José María Balcells idazle katalanak editatutako Poesía castellana de cárcel (Bartzelona, 1976); Poesía en Bilbao (Gerión de Poesía, 1986); La memoria y la sangre (Vanguardia Obrera, 1986) eta Antología poética vasca (Vanguardia Obrera, 1987).

Vidal de Nicolasen literatur ekoizpena egoera sozio-politikoek baldintzatutako militante batek sortutako ekimena izan zen hasierako garaietan; aurrerago, aldiz, bere subjektibitateak eragindakoa. Idazlearen idazketaren lehenengo etapan konpromiso zibila antzematen da bere poemetan, Gabriel Celaya idazle bilbotarrak "mensaje urgente" zeritzona. Bigarren etapan, bere ekoizpenaren azkeneko urteetan kokatzen den honetan, egunerokotasunean ezkutatuta dagoen edertasunaren bilaketa egiten du, aldi berean hitzetan ere aurki daitekeena. Bere burua melomano inpenitentetzat hartu izan du, eta hori bere poesiaren musikalitatean antzematen da.

Azken hamarkadetan, poesia ia albo batera utzia duelarik, bere lanak antologia gutxi batzuetan baino ez dira ageri, Poética vasca (1987) edota Poesía en Bilbao (1991) bildumetan, esate baterako.

Literaturaz gaindi, Vidal de Nicolás politikari lotua egon da gaztetatik, eta euskal abertzaletasunaren aurkako jarrera irmoa publikoki defendatu izan du beti. Horrela, 1998. urtean, 76 urte zituela, Foro de Ermua elkarteko presidente izendatu zuten eta, gaur egun, oraindik ere, elkarte horretan dihardu lanean.