Militarrak

Mendizabal Iraeta, Gabriel

Militarra. Bergaran jaio zen 1764ko azaroaren 7an, eta Madrilen hil 1838ko urriaren 1ean.

Manuel de Mendizabalen eta Juana Javiera de Iraetaren semea zen Gabriel Maria de Mendizabal e Iraeta. Gurasoen ezkontzak ez zuen ezaugarri berezirik izan; landako jabeen leinuetako ondorengoen arteko ohiko ezkontza izan zen. Horiek esparru politikoa zein ekonomikoa kontrolatzen zuten haien jatorriko udalerrietan.

Aita Bergara hiribildukoa zen -kultura-gune garrantzitsua 1769an herriaren erdian Errege Apaiztegia jarri zenez geroztik-, eta ama Antzuolakoa.

Edonola ere, oinarri bikaina zen haien ondorengoek igoera sozial bizkorra izan zezaten. Eta horrela gertatu zen nabarmen Gabriel de Mendizabali zegokionez. Militar-karrerari ekin zion 16 urte zituela. Puerto de Santa Mariako Eskola Militarrean sartu zuten, eta, beranduago, 1784ko uztailaren 30ean, Espainiako erregimentuan sartu zuten kadete mailarekin.

Ordutik aurrera, mailaz igotzen joan zen, eta, pentsatzekoa denez, are azkarrago Independentzia Gerra hasi zenetik. Garai horretan, Frantziatik inportatutako iraultza-eredua ezarri zen armada espainiarretan; horren arabera, mailaz igotzeko orduan, garrantzi handiagoa ematen zitzaion soldadu bakoitzaren meritu pertsonalari haren jatorri sozialari baino.

Gabriel de Mendizabalen zerbitzu-orriari jarraiki, ikus daiteke nolabaiteko erraztasunez igo zituela kadetetik gorako hurrengo gradu militarrak. Horrela, 1785eko ekainaren 14an, Espainiako erregimentuan sartu zenetik urtebete eskas igaro zela, tenienteorde izendatu zuten.

Maila horrekin gauzatu zituen lehenengo arma-gertakariak, Orango goarnizio iparrafrikarra defendatzeko borrokan, garai hartan hara bidali baitzuten Espainiako erregimentua.

1785 eta 1788 artean ez zuten mailaz igo. Azken urte horretako uztailaren 12an eman zioten teniente maila Espainiako erregimentuko elite-konpainia batean, granadarienean. Eraso-tropak ziren; ohiko gizonak baino handiagoak soilik biltzen ziren horietarako, eta erasoetan abangoardian joaten ziren, bereziki arerioen gotorlekuetako arrailen kontra. Hortik, teniente maila berarekin pasatu zen bere erregimentuko beste konpainia batera, hain zuzen ere, fusilarienera.

1790ean, oraindik Espainiako erregimentuko fusilarien konpainian zegoela, laguntzaile nagusi maila eman zioten, eta 1791ko uztailaren 12an kapitain maila eman zioten fusilarien konpainia horretan bertan. Haren espediente militarraren arabera, Oranen zerbitzu eman zuen hiri iparrafrikar horren setioa amaitu zen arte. Handik Rousillonera igorri zuten 1793an, eratu berri zen eta "Konbentzio" esaten zitzaion Frantziako Errepublika eratu berriaren kontra borroka egingo zuten tropetan sartzera.

Haren zerbitzu-orriari jarraiki, zenbait alditan nabarmendu zen kanpaina horretan zehar, hala nola, Beneteko erasoan, Perpinyan -armada iraultzaile frantziarraren bateriak hartu zituen-, Perestortesko eta Trullarsko kanpamentuetako guduetan, Argelersko hiriari laguntzeko guduan eta El Bolo eta Villalongaren kontrako erasoetan.

Fronte horretatik Gipuzkoako Boluntarioen erregimentura eraman zuten, eta unitate horretako sarjentu nagusi maila eman zioten, ohore handikoa, 1793ko urtarrilaren 8an. Postu horretan ere izan zuen aukera gudu-zelaian nabarmentzeko. Garai hartako zerbitzu-orriaren arabera, paper garrantzitsua jokatu zuen frantziar errepublika berriaren lurraldea inbaditu ostean, Biriatu herri lapurtarraren inguruan egindako guduan, 1794ko otsailaren 5ean.

Gerora, frantziar Konbentzioaren tropek kontraerasoari ekin eta Gipuzkako lurraldearen gehiengoa hartu zutenean, Gabriel de Mendizabal berriz nabarmendu zen. Hain zuzen ere, errege-armadaren atzeguardiako aginte gorena eman zioten hura Gipuzkoarantz atzera egiten ari zela frantses iraultzaileen kontraerasoaren aurrean. Postu horretatik, eraginkortasun handiz babestu zuen 1794ko abuztuaren 1eko erretreta, eta gainerako unitateei nolabaiteko segurtasunez Tolosara heltzeko aukera eman zien.

Bertan, tropa horien buru zen jeneral Colomera kondearen aginduak betez, armadaren ezkerreko hegoaz arduratu zen, eta, beste behin ere, frantsesen erasoei aurre egin zien erretreta hasi zenetik egin zuen moduan. Armada iraultzailearen eskuineko hegoaren aurrerapen horri eusteko borrokan jaso zuen haren lehenengo zauria: gorputza zeharkatu zion ondo-ondotik emandako bala-tiro batek.

Gertakari hori zela eta, gudu-zelaietatik kanpo egon zen 1794ko azarora arte. Agintea hartu zuen berriz, eta iraultzaileen aurrerapenei eutsi zien berriro Deba ibaiaren lerroan. Hain zuzen ere, 1802an idatzitako zerbitzu-orriaren arabera, Zamorako erregimentuan zegoela, Moncey jeneralaren Gasteiz hartzeko ahalegina zapuztu zuen Elgetako mendietan hiru euskal aldundiek altxatutako tropetako 6.000 beteranoen buru zela.

Mendizabalek trebetasun handiz gauzatu zuen operazioa, eta Konbentzioaren tropek, 8.000 eta 10.000 soldatu artekoek, Bergarara atzera jo behar izan zuten hura berehala ebakuatzeko, haien fardelak ateratzeko aukerarik izan gabe. Carlos IV.a berak gutun bat idatzi zion Gabriel de Mendizabali ekintza bikain horrengatik eskerrak emateko, horri esker 1794ko erretretan galdutako lurraldea berreskuratu baitzuen. 1795eko ekainaren 27an Gipuzkoako Boluntarioen bigarren batailoiko komandante izentzeko agindua eman zuen, infanteriako teniente koronel mailarekin. Hori guztia Konbentzioaren tropen kontrako kanpaina horretan erakutsitako "zerbitzuen eta merituen" (itzulpen moldatua gaztelaniatik) ordainetan.

Basileako Bakea izenpetu ostean, Gabrieli mailaz igotzeko erraztasunak ematen jarraitu zuen erregeak Badajozen 1796ko otsailaren 4an emandako agindu baten bidez, komandante maila eman zioten Granadako erregimentuan. 1796ko urriaren 30ean Zamorako erregimentura lekualdatu zuten maila berarekin, eta hura mantendu zuen 1802ko urriaren 5ean infanteriako koronel izendatu zuten arte. Era berean, Carlos IV.ak erruz lagundu zion 1797an Calatravako Ordenako zaldun-abitua eman ziezaioten. Izendapen hori edukita ere, Britainia Handiaren kontrako zenbait ekintzatan parte hartu zuen garai hartan Frantziako Errepublikaren aliatu zen armada espainiar bateko kide gisa. Adibidez, Rocheforteko lehorreratzean parte hartu zuen 1798an, jaurtitzaile-gorputz baten burura; horiei esker, konbentzionalen, garai artan Espainiaren aliatu zirenen, mende mantendu zen Deixeko ainguralekua, haren zerbitzu-orriak aipatzen zuen eran, eskuadra ingelesak portu hori bonbardatu eta puntu hori hartzeko ahaleginak egin bazituen ere. Eskuadra espainiarrarekin irten zen handik, eta armada ingelesak jarraituta itzuli zen Ferrolera, haren jatorriko portura.

1807an Ferrolen parean kantonatu ziren txalupa ingelesen aurreko defentsa-ekintzetan parte hartu bazuen ere, eta Carlos IV.aren Espainiaren eta Napoleonen Frantziaren artean liskarrak hautsi baino lehen Oporto hartu behar zuen inbasio-armadara igorri bazuten ere, ez zuen beste maila-igoerarik jaso 1808an Independentzia Gerra hasi zen arte. Une horretatik aurrera, 1808an agintean zegoen dinastia borboitarrari leial mantendu ziren tropetan sartu zen, Jose Bonaparte iritsi aurretik.

Horrela, Gabriel de Mendizabal Ezkerreko Armada zeritzonaren abangoardiako lerroetan sartu zen. 1808ko kanpainaren hasieratik lerro horietan sartuta, gero eta adore militar handiagoa erakutsi zuen urte horrek aurrera egin ahala. Espinosa de los Monteroseko 1808ko neguko porrotaren ondoren, eta armada espainiarreko eta britainiarreko tropa bananduek Galiziarantz alde egiterakoan sarraskia gertatu ostean, eta Bailenen eta Zaragozan guduak irabazi baziren ere, Europan ia guztiz galduta zegoen Napoleonen inbasioari aurre egiteko itxaropena.

Hori horrela, haren zerbitzu-orrian jasotakoaren arabera, Gabriel de Mendizabalek (ordurako brigadier gradua zeukan), Villafranca del Bierzon kantonatutako goarnizio frantsesa errenditzea lortu zuen 1809ko martxoaren 18an. Napoleonen tropa berezietako 1.000 gizonek baino gehiagok osatzen zuten soldadu-taldea, baina erabat errenditu ziren Mendizabalek haien gotorlekuen kontra egindako erasoa jasan ezinda.

Hilabete batzuk beranduago, 1809ko Alba de Tormeseko guduan zehar, Gabriel de Mendizabalek (landa-mariskal zen urte horretako martxoaz geroztik) infanteriako koadro batzuk sortu zituen haren agindupean zeuden tropekin. Koadro horiek Kellermannen agindupeko zalditeriaren hiru karga jasan bazituzten ere, tropak guztiz sakabanatzea eragotzi zuen Gabrielek -hori ohikoa baitzen soldadu espainiarren artean Napoleonek Bailengo porrotaren ostean penintsulako kanpainari berriz ekin zionetik-, eta berrantolatutako tropa espainiarrak modu ordenatuan erretiratzea lortu zuen. Lan txalogarria izan zen hura Napoleonen garaipena Europa osoan ziurtzat jotzen zen garai haietan, haren kontrako erresistentzia-ekintza guztiak alferrikakoak zirela baitzirudien. Horren ordainetan, Koadroko Konde Gaztelako titulua eman zioten, eta, zalantzarik gabe, lagungarri izan zitzaion 1810eko urtarrilean teniente jeneral izendatua izateko.

Urte horretan bertan Badajoz hiriari lagundu zion Extremadurako eskualdeko bitarteko kapitain jeneral gisa. Halaber, La Albuerako guduan ere egon zen 1811n. Bereziki nabarmendu zen bertan, eta Gorte Konstituziogileak eratzen ziren artean Espainia gobernatzen zuen Erregeordetzak ohorezko sablea eman zion ordainetan.

Gorteek, haien aldetik, "benemérito de la Patria" izendatu zuten, asko arriskatu baitzen Alba de Tormeseko egoera nolabait errepikatuz; ahalegin handiak egin zituen aliatuen lerroak ez zitezen hautsi eta ihes orokor batek ez zezan beste porrot bat eragin.

1811n Zazpigarren Armada zeritzonaren buru izendatu zuten. Berarekin bateratu eta arautu ziren penintsularen iparraldean jardun izandako gerrillen eta lurreko kortsarioen taldeak. Ordura arte, eraginkortasun gutxiz jarduten zuten normalean; Mina leinukoak izan ziren salbuespen bakarra, diziplina oneko eta ongi zuzendutako taldea baitziren. Armada aliatuaren buru zela, 1812ko Konstituzioa aldarrikatu zuen Euskadin, haren tropek inperialak kanporatu zituzten ahala.

1813ko abuztuaren 31n, San Martzialeko guduan ere nabarmendu zen, atzera bota baitzuen Soult mariskalaren agindupeko kontraeraso napoleondarra Bidasoaren iparraldean, eta, horrela, lurralde frantsesa hartzeko bidea ireki baitzien armada aliatuei. Horren ondoren, meritu ekintzekin amaitu zen Mendizabalentzat kanpaina napoleondarra, 1814ko Tolosako guduan.

Gerra amaitu ostean, Gabriel de Mendizabal Josefa Gabriela Zabala y Mendizabalekin ezkondu zen 1816an.

1814an absolutismoa berrezarri zenean, ostrazismoan geratu zen nolabait, eta ez zuen gradu-igoerarik izan. Neurri handiagoan edo txikiagoan dekoraziozkoak ziren postuetan jarri zuten. Adibidez, Lurreko Armadaren ordezkari izendatu zuten Fernando VII.aren aginduz 1814an eratutako batzordean; batzorde horren eginkizuna zen Buenos Airesera laguntza-espedizio bat antolatzea. Gerra Kontseiluarentzat zerbitzu-orriak idazteko arduradun ere izan zen 1815ean. Horrez gain, San Hermenegildo Ordenaren Gurutze Handia eman zioten 1819an.

1823an berrezarritako erregimen absolutistaren kontrako protestek agerian utzi zuten une bakoitzean legez eratutako erregimenaren zerbitzupeko soldadua zela, eta ez zuela politikan parte hartu nahi -une horretan arraroa zen hori Espainian-.

Jarrera hori mantendu bazuen ere, aztarna ugari daude dokumentuetan adierazten dutenak alderdi konstituzionala gustukoago zuela absolutismoa baino. 1812ko Konstituzioaren alde jardun zuen, eta horren alde agertu Hirurtekoan zehar, 1822an bereziki, mehatxu absolutista agertu zenean. Horrek guztiak agerian utzi zuen haren joera, itxuraz behintzat bizitza politikoarekiko neutral agertu nahi izan bazuen ere. Ia ezinezkoa zen neutraltasun hori mantentzea garai hartako Espainian; izan ere, iraultza-ondoko Europa guztian gertatzen zen moduan, lehiatzen ziren alderdiek -erreakzionarioak edo iraultzaileak- une bakoitzean zuten indarrean oinarritzen baitzen erregimenen eta gobernuen legitimitatea zuzenbidean baino gehiago. .

Ez da harritzekoa, beraz, 1820ko konstituzio-aginteek Valentziako kapitain jeneral, lehenengo, eta, ondoren, Gipuzkoako kapitain jeneral, izendatu izana jarraian. Halaber, 1833az geroztik, Isabel II.aren monarkia konstituzionalak postu garrantzitsuak eman zizkion joera politiko hori saritzeko; esaterako, Gerrako Auzitegi Goreneko dekano izendatu zuten 1835ean, auzitegi horretako presidente 1835ean eta, azkenik, eta hil zen arte, Itsas Armadako eta Gerrako Auzitegi Bereziko presidente 1838an.

  • Artxibo Historiko Nazionala O.M. CABALLEROS-Exp. 1603, Calatrava.
  • Segoviako Artxiko Militar Nagusia M 2766-3.
  • GARCIA FUERTES Arsenio. Los granaderos de Castilla y el Séptimo Ejército Español 1811-1813. Génesis y Victoria de una Nación en Armas. Madril: Espainiako Historia Militarra Ikertzeko Foroa, 2009.
  • LOPEZ-ALEN, Francisco. "El general Mendizabal". Euskal-Erria 41. alea, (2. seihilekoa, 1899), 457-460 or.
  • RILOVA JERICO, Carlos. "Bilbao y la revolución de 1808 en el País Vasco a partir de la correspondencia de dos oficiales del ejército aliado (1812)". Bidebarrieta, 2009 alea, 149-158 or.).