Kontzeptua

Matxinadak

XVIII. mendean jende xehea osatzen zuen Estamentu kopurutsuena Europa osoan eta bere barruan nekazalgoa zen kopurutsuena eta egoera okerrena zuena, gainera okerrera egingo zuena gizaldi horretan: jaun-presioaren areagotzea momentu kritikoetan, jabetzen oreka eza, zorpetzea, proletarizazioa. Gainera, tokian tokiko oligarkien eskuetan zeuden komunalen erabilpenen murrizketak errekurtso osagarrien bidea itxi zieten nekazariei geroz eta gehiago, horrek beren txirotzea ekarri zuen, eta honekin biziraute krisialdiak sortu ziren Europako herrialde guztietan: 1709-1710 bitartean eta 1720an Europa osoan; 1740-1741 bitartean Frantzian eta Alemanian; 1764-1766 bitartean Espainian eta Italian; 1771-1775 bitartean Frantzian (Irinetako Gerra) eta Erdialdeko Europan; 1789an Europa osoan. Hala eta guztiz ere, egoera okerrena ekialdeko Europako nekazariek zuten, morrontzapean baitzeuden.

Gatazka giroak liskarbide asko izan zituen pizgarri XVII. eta XVIII. mendeen artean. Lehena, Austriar eta Borbon etxeen uniformizazio eta zentralizazio politika erreformatzaileak. Bigarrena, euskal gizartearen barne kontraesanak. Hirugarrena, Gizarte antolamenduaren hierarkizazioa eta mailakatzea. Laugarrena, lurraldeetako zein tokian tokiko erakundeen oligarkizazioa. Baina faktore nagusirik baldin badago gertakari guztietan hori espekulazioa da, jende xehearen bizi baldintzak okertuko dituenak. Askotan esan ohi denaren aurka nekazarien, arrantzaleen edota artisauen ekonomiak merkataratuak zeuden aspalditik. Halere, mendez mende, denbora pasa eta munduko merkatuak konplikatu eta globalizatu ahala, beren egiturak apurka apurka bitartekarien hatzaparretan eroriko dira eta ekoizleek geroz eta eskumen gutxiago izango dute eskaria eta eskaintza legeak menperatzeko eta beren interesetara moldatzeko. Hori izango da, azken batean, beren baldintzak eta egoera zailduko dituena.

Matxinada hitzak matxin hitzan du jatorria, hau da, olagizonen patroia den Done Martinen. Izen horrekin izendatzen zituzten olagizonak eta burdinolekin zerikusia zuten nekazariak. Dena dela, denborarekin hitz horrek edozein gatazka edo liskarra adierazteko erabili ohi da euskaraz. XVI.-XVIII. mende bitartean Euskal Herrian matxinada eta gatazka asko gertatu baziren ere, euskal historiografian bost matxinada nagusiez hitz egiten da oro har: 1631ko gatzarena, 1718ko aduanen ingurukoa, 1755ko haragiarena, 1766ko aleen salerosketa askatasunarena eta 1804ko Zamakolada. Motin eta matxinada gehienetan ezaugarriak errepikatu egin ziren:

  1. Parte-hartzaileak ez ziren bakarrik behe mailetatik ateratzen.
  2. Ezinegona areagotu zezakeen esamesa edota berrikuntza batengatik sortu zitezkeen.
  3. Boteretsuen geldotasunak mugimenduaren sendotasuna bultzatzen zuen.
  4. Indarkeria hautakorra izaten zen, arau sinbolikoak zein erritualak jarraituz.
  5. Denbora zen mugimendu hauen etsairik nagusiena, erantzuna eta berrantolaketa bideratzen baitzituen.
  6. Ordenaren berrezartzea odoltsua izaten zen.
  7. Hiri-gatazken kasuan arrazoiak gosea, zergak eta oligarkiaren botere-gehiegikeriak izan ziren. Landa-gatazketan, ordea, jaun-erregimenaren sendotzea, nekazarien ohiko eskubideen murrizketa eta Estatuaren zerga-eskaerak.
  8. Azken batean, nekazari-komunitatearen apurketa eta suntsiketa suposatu zuten.

Bizkaiko Gatzaren Matxinada 1631ko irailatik 1634ko maiatza arte iraun zuen. Mende hasieratik zalaparta handia egon zen Bizkaian, 1601ean Milioien zerga ezartzeko saiakerak zenbait higikunde eragin zituenean. Sei urte beranduago 1607ko abenduan Bilboko Erregimentu eta ordezkaritza sistemaren aurkako kexak egon ziren, bertan gertatzen ari zen oligarkizazioaren ondorioz herriak geroz eta zailago baitzuen bere interesak defendatzea. Bestalde, Gaztelako koroak nazioartean zuen izena mantentzearren Olivares Konde-dukearen eskutik zenbait neurri bateratzaile eta berdintzaile jarri zituen abian. "Armetako Batasuna"k Espainiar Inperioaren zama banatzen ahalegindu zen. Ordura arte Inperioaren mantenuan pisu handiena Gaztelak berak izan zuen, beste lurraldeek, euskal probintziek adibidez, salbueztuak geratzen ziren bitartean. Olivares konde-dukearen proiektuak, 1625ean martxan jarri zenak, Koroaren lurralde eta partaide guztiek berdin lagundu zezatela nahi zuen, baina hori zenbait lurraldeen legeen eta foruen aurka zihoan. Bizkaiko Jaurerriak berak, foru sistemari esker, zerga salbuespena zeukan ia XVI. mendetik, beraz Ohiko Zerbitzua, Zerbitzu Berezia eta Milioien Zerbitzua ez zituen ordaintzen, eta bakarrik ustez borondatezkoa zen Foru Oparia ordaintzen zion errege ogasunari. Ezarritako zerga berriek salgaien eta elikagaien salneurriak igoarazi zituzten, espekulazioari atea irekiz: gai asko Gipuzkoara edo Lapurdira ateratzen ziren, hornidura bera arriskuan jarriz. Horri guztiari gehituta, 1630ean erregeak artileen gaineko zergak ordaintzera behartu zuen Jaurerria, ordura arte aske egon arren.

Zerga zama areagotzeagatik herriaren egoneza erradikalizatzen joan zen eta Bizkaiko jaurerriko gobernua bera zalantzan jarri zen. Azkenean 1631ko uztailaren 18an Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusiek soldaduen zerbitzu berri bat, gatza saltzeko debekua eta erregeari egin beharreko oparia agindu zituztenean matxinada piztu zen. Gatzaren inguruko neurriak honen prezioa % 40a igo zuen, arrantzaleak, nekazariak, artisauak eta merkatari txikiak nabarmenki kaltetuz, kontsumitzaile zein ekoizleak bezala. Ez da ahantzi behar gatza ezinbesteko lehengaia zela eta aplikazio anitzak zituela: arraina zein haragia gazitu eta kontserbatzeko, aziendak bazkatzeko, larruak ondu eta egiteko. Halere, mugimendua aprobetxatuta merkatariek beste interes batzuk aldarrikatu zituzten ere: burdinaren eta artilearen salerosketa librea, ohiko aduana tasak kentzea eta azienda librea sartu ahal izatea. Egoneza 1631eko irailaren 24ean larritu egin zen, Gernika inguruko nekazari talde bat bertan ospatzen ari ziren Batzar Nagusietan indarrez sartu zenean. 1632ko urrian Batzar Nagusiak erregearentzat beste Foru Opari bat onartu zuenean eta erregearen ordezkaria, Alonso Enriquez Bizkaiko epaile nagusia, zergak kobratzen saiatu zenean, indarrez ari zela leporatu zitzaion. Gainera 424.314 marai Bizkaia osoan banatuko zirela erabaki zuten eta Korrejidorearen behin-behineko ordezkoak 25 errealeko prezioa jarri zion gatzari, horietako 11 erreal zerga gisa. Hori izan zen Bilboko herri xehea sutan jarri zuena urritik abenduraino. Matxinatuek Domingo de Castañeda, korrejidorearen auzitegiko prokuradorea hil zuten. 1632ko abenduaren 10ean bueltatu zen Bilbora korrejidore titularra, Lope de Morales jauna, eta berehala baretu zen egoera. Halere 1633ko otsailean berriz matxinatu zen Bilbo, Batzar Nagusiak bertan zeudela aprobetxatuz. Oraingo honetan matxinatuen aldarrikapenak haratago joan ziren: foruen defentsa, gatza saltzeko debekua ezabatzea, ordezkarien eta arduradunen izendapenak baliogabetzea, zerga berriak kentzea, Gasteizen eta Elgoibarren tasa berriak ez ordainaraztea, Gaztelara esportatzen zen burdinari zerga berriak ez ezartzea, Ribadaviako ardoaren inportazioa debekatzea eta Fernandez del Campo eta beste batzuk zigortzea, foruen aurka egiteagatik.

Mugimenduaren erradikalizazioak hausturak sortu zituen matxinatuen artean. Merkatariak matxinadatik aldendu eta erakundeen aldera gerturatu ziren. Azkenean 1634ko apirilean erregeak amore eman zuen eta foruak beteko eta gatza saltzeko debekua kenduko zituztela zin egin zuen. Dena den, indarkeria ere erabili zuen eta hartaka apirilaren 20an errege gudarosteak sartu ziren Bilbon, Juan Alonso de Idiakez gipuzkoarra buru zutela, matxinadaren buruzagiak hiltzeko aginduarekin. Azkenean agindu hori bakarrik sei bilbotarretan aplikatu zen, beste guztiak indultua jaso zutela.

Borbon etxea Espainiara iritsi zenean Frantzian ezarritako sistema berdintzaile eta bateratzaile berbera ezartzen saiatu zen eta horrek zenbait aldaketa ekarri zituen Austriatarrek ordurarte eramandako politikan. Utrechteko bakeak ondorio kaltegarriak izan zituen Espainiarentzat, Italiako zein Herbereetako ondasunak galdu baitzituen. XVIII. mendearen lehen erdialdean Espainia eta Borboitarrak horietako batzuek berreskuratzen saiatu ziren, eta horretarako derrigorrezkoa zen erresumaren ogasun sistema aldatzea dirua lortzearren. Bide horretan aduana sistema aldatzea ezinbestekoa zitzaion koroari. Horrela 1717ko abuztuaren 31n barrualdeko aduanak kostara eta Portugal zein Frantziako mugetara mugiarazi zituen erregeak. Baina euskal probintzietan eragin berezia izan zuen neurri horrek. Ordura arte euskal lurraldeei zegozkien aduanak barrualdean zeuden, Urduñan, Balmasedan, Gasteizen eta Nafarroan. Hori horrela, atzerritik inportatutako gaiek eta kanpora esportatzen ziren Euskal Herriko produktuek ez zuten zergarik ordaintzen -horregatik deitu ohi zitzaien probintzia salbuestuak- edo kopuru oso txikiak. Produktu horiek Gaztelan sartzen zirenean ordainduko zituzten zergak. Beraz, euskal lurraldeek eremu zergagabekoa osatzeak baliatzen zuen bertan produktuak prezio tasatu eta duinetan saltzeko aukera izatea, horrela kontsumitzaileen bizirautea babestuz eta bake soziala bermatuz. Baina 1717ko Errege Aginduak sistema kolokan jartzen zuen.

Nolanahi ere neurri horrek ez zuen eragin berdina izan euskal lurralde guztietan, kontutan hartuta Gasteizen zegoela aduanetako bat eta Araba bertan ekoiztutako gaiekin bere burua hornitzeko gai zela, eta Bizkaia zein Gipuzkoa inportazioen menpe zeudela. Aduanen aldaketak bi ondorio nagusi izango zituen: kontsumitzaileak kaltetuko zituen eta baita euskaldunentzat hil ala biziko eta inoiz behar den moduan neurtuko ez den kontrabandoaren jarduera zaildu ere. Aldi berean, Errege Agindua foruen aurkakoa zen eta beraz euskal lurraldeen, mendez mende babestutako, sistema politikoak kolokan jartzen zituen. Aginduaren ondorioz, 1718ko martxoan aduanak kostara eraman eta berehala sortu zen matxinada Bizkaian. Asaldadura euskal lurralde barne barreiatu zen, nahiz eta iskanbila larrienak Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean gertatu: Bilboko inguruak, Gernika, Bergara, Arrasate, Mutriku, Deba, Elgoibar, Eibar, Soraluze, Elgea, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga eta Oñati. Aldiz, barrualdean matxinadak ez zuen indar handirik izan. 1718ko abuztuan zerga biltzaile bat hil zuten Bilbon, eta Bermeon eta Algortan aduana zaintzaileen itsasontziak erre zituzten. Denborarekin gauzak lausotu beharrean, okerrera egin zuten: Bilbo inguruko nekazariak bertan sartu eta korrejidorearen bila hasi ziren, hartutako neurriak baliogabetzeko asmotan. Baina korrejidoreak uko egin zion horrelako konpromezua hartzeari. Jaurerriko, hiribilduetako eta Bilboko kontsulatuko arduradunen eta jauntxoen etxeak eraso eta suntsitu zituzten matxinoek, eta baita horietako batzuk hil ere: Enrique de Arana, Martin Antonio de Escoiquiz eta Juan Gregorio Esterripa, Bilboko alkatea eta zinegotzi nagusia edota Rocaverdeko Marquesa. Bilboko biztanleek armak hartzea erabaki zuten azkenean nekazariengandik babesteko. Laster hedatu zen mugimendua Jaurerritik, Somorrostro, Portugalete eta Bermeotik, non hiru jauntxo hil zituzten matxinoek. Epe laburrean higikundea Gipuzkoara iritsi zen Deba arrotik hasita, non zaldun eta jauntxo asko eta beren ondasunak erasotuak izan ziren. Hori horrela eta Bizkaian gertatutakoa ikusita, handikiek 400 gizon armatuen indarra sortu zuten, beren buruak babestearren. Gauzak nola zihoazten ikusita, irailean Gipuzkoako Batzar Bereziak elkartu ziren Tolosan Erregeak aduana sistema zaharra berrezarri zezan. Erregeak bere dekretua indargetuz eta Bizkaira 3.000 soldaduz osatutako taldea bidaliz erantzun zuen. 1719ko urtarrilerako matxinada bukatua zegoen.

Orduan sortu ziren euskal herritarren arteko urruntzea eta foruen inguruko interpretazio ezberdinak. Aduanen aldaketak nekazariak eta kontsumitzaileak kaltetzen bazituen ere, jauntxoek eta merkatariek begi onez ikusten zuten, atzerriko produktuak eta nekazaritza gaien soberakinekin -hamarrenen, errenten eta eskubideen bidez eskuratzen zituztenekin- espekulatu ahal izateko eta etekin eta irabazi handiagoak lortzearren.

Matxinadaren zapalketaren ondorioz 32 pertsona izan ziren kondetatuak hiltzera, 31 Bizkaian eta bat bakarra Gipuzkoan, eta kartzela zigorrak, isunak eta ondasunen bahiketak agindu ziren. Dena dela, matxinoek bere helburu nagusia lortu zuten: 1722ko abenduaren 16an aduanak berriro barrualdera bueltatu ziren. Gainera 1726ko abenduaren 22an erregeak matxinoak indultatu zituen. Matxinada honetan galtzailerik zein irabazlerik ez egon arren, zauriak irekiak geratu ziren hurrengo matxinadetan argi geratuko zen bezala.

Ohiko matxinaden artean ez egon arren, Gazteizen gertatutako pasadizo honek ondo baino hobeto adierazten du euskal gizartean eta maila ezberdinen artean ematen ari zen haustura. 1738 eta 1748 bitartean Gasteizko herritarren eta bertako oligarkiaren arteko gatazka gertatu zen. 1738ko martxoaren bukaeran Gasteizko 21 auzoko herritarrek kexa zerrenda igorri zieten hiriaren gobernuko agintariei. Jesusen konpainiak ikastetxe bat eraiki nahi zuen, baina gasteiztar eta bertako apaiz talde gehienak kontra zeuden. Ez zen gauza berria, jesuitak XVI. mendetik aritu baitziren proiektu horretan. Baina oraingo honetan, jesuitek nobleen laguntza izan zuten eta azpikojoen bidez lortu zuten hirian sartzea.

Dena dela, altxamenduak bazituen beste arrazoi batzuk. Alde batetik, altxamenduaren atzetik merkatariak zeuden, nobleak aginpidetik baztertu baino, beraiekin batera menderatu nahian. Burgesiak, bere negozioak eta interesak babestearren, udal boterea menperatu nahi zuen, are gehiago Borbon etxeak ezarri nahi zituen neurriak betiko merkataritza sistema -burdinari eta artileari lotuta- nola kaltetu zezakeen ikusita. 1738 eta 1742 bitarteko Bilbo eta Santanderren arteko liskarrak Gasteizen posizioa kolokan jarri zuen. Patiñok Burgos-Santander eta Bilbo-Balmaseda edo Urduña bide zuzenak bultzatu nahi zituen, Gasteiz baztertuz. Azkenean 1742 eta 1748 bitartean Gasteizko burgesiak lortu zuen udal boterea menperatzea, nahiz eta bertan denbora gutxi iraun. Bestetik, herritarrek agintariei gauza asko leporatzen zizkieten: ordaindu beharreko zergak igoaraztea, udal diruekin bidegabekerietan aritzea eta hauteskundeetan iruzur egitea. Dena dela, etorkizunean garrantzitsuak izan ziren neurriak bultzatu ziren: ordenantza berri batzuk onartu ziren eta arantzel berri bat ezarri zen Gasteiztik pasako ziren salgaien gainean.

Espekulazioa arazo iraunkorra izan zen euskal lurraldeetan, baita haragiaren kasuan ere. Horixe bera izan zen 1755ko matxinadaren arrazoia. XVIII. mendeko berrogeigarren hamarkadatik aurrera abelgorri haragiaren esportazioa areagotu egin zen Gipuzkoa eta Bizkaiatik Araba eta Gaztelarantz. Esportazio hori bakarrik inflazio garaian debekatzen zen (1695ean, 1702an, 1709an, 1712an, 1714an, 1740an, 1741ean, 1742an, 1752an eta 1754an adibidez). Gipuzkoa birsaltzaileen praktikekin bukatzen saiatu zen 1755an nekazariei probintziako merkatuetan saltzera eta bertako hornitzaileen eroslehentasuna errespetatzera behartuz. Gainera probintziako erakundeek merkatuen aldizkakotasuna ezarri zuten, leku bateko abereak inguruko herrietara eramatea debekatu zuten eta tasazio moduko salneurri sistema sortu zuten tokian tokiko erakundeen papera indartuz, neurri hauen guztien aplikazioa zaindu behar zutenak. Baina nekazariek eta jabe txikiek, abereen jabeak zirenak eta espekulatzaileei egindako salmentei esker ezinbesteko irabazi osagarriak zituztenak, ez zituzten neurri hauek onartu. Espekulatzaileek zuzenean baserrietara joaten ziren erosketak egitera eta horrela saltzaileek ez zizkieten garraio gastuak gehitzen. Gainera birzaltzaileari egindako salmenta seguruagoa zen, nahiz eta prezioak baxuagoak izan, ez baitzituzten beste saltzaileen konpetentzia eta zilegizko hornitzaileen esijentziak pairatzen. Nekazariek likidezia behar zuten eta ez zuten pentsatzen edo ezin zuten itxoin prezioak duinak izan arte, abereen mantenua garestia baitzen eta uztarekin edozein arazoa izanez gero bere esperantza guztiak bertan behera gera baitzitezkeen.

1754ko udaberrian Gipuzkoak, bere kabuz eta Gaztelako Kontseiluaren baimenik gabe, abelgorrien esportazioa debekatu eta merkatuetan saltzera behartu zuen. Horren ondorioz zenbait tratalari atxilotuak eta nekazariak legez kanpoko salmenta egiteaz akusatuak izan ziren. 1754 eta 1755 bitarteko negu latzen ondorioz -hormak eta elurte gogorrak gertatu ziren- arbi eta belar uztak oso txarrak izan ziren nekazariak beren abereen mantenurik gabe utziz eta abererak saltzera behartuz. Esportazioaren ateak itxita zeudela, nekazariek probintziako merkatuetan saldu behar izan zituzten beren abereak, baina konpetentzia oso altua zenez askok saldu gabe geratu ziren eta baita amiltzeko zorian, batik bat Deba arroan. Egia esan hornitzaileek nahiago zuten abereak Frantzian erosi, horrela kanpora ateratzeko, espekulatzeko eta irabazi hobeak ateratzeko aukera izaten zuten. Horregatik askok, naiz eta legez kanpo, bertako merkatuetan ezin zituztela saldu eta nekez mantendu zitezkeela ikusita, probintziatik kanpo saltzera ausartu ziren.

Praktika hauek ekiditearren erakundeek zenbait neurri hartu zituzten. 1754ko abuztuaren 20an arautegi baten ondorioz, Segura eta Ordizian astero astelehen eta ostegunetan ospatzen ziren merkatuak hamabost egunean behin, astelehenero, ospatzera pasatu ziren. Probintziako hornitzaileei bietara joatea behartzen zitzaien, birsalmenta debekatuz. Herri bakoitzeko saltzaileek bertako hornitzaileei saldu nahi izanez gero hauek erosi behar zizkieten; hornitzaile asko egonez gero, behartuenek lehentasuna zuten. Herria hornitzeko sobratuz gero saltzaileek gehienez sei kilometrotara eraman zezaketen, betiere Gipuzkoako mugetan. Baimenik gabe probintziatik ateratako edozein abere atxilotua eta saldua izango zen edo jabeak salaketaren gastuak eta isuna ordaindu beharko zituen. Baina arautegia ez zen errespetatua izan eta iruzurrak iraun zuen. Egia esan dekretu horiek espekulazioa eta kontrabandoa indartu egin zituzten. 1755ko martxoaren 21ean Gipuzkoako Aldundiak Arabatik, Errioxatik edo beste edozein lurraldetik Frantziara abereak erostera zetoztenei, bueltan zeramaten ganaduaren erreferentzi zehatza eska ziezaien ohartarazi zitzaion Ateratze Alkateari. Gauza bera egin behar zuen Gipuzkoako hornitzaileekin eta nekazaritzan erabiltzeko abereak erosten zituztenekin. Ateratzeak Probintziak emandako baimenarekin egin zitezkeen bakarrik. Baina azkenean Urola eta Deba arroetako nekazariek Gasteizera eraman zituzten bere abereak. Bergarako azokan ezin izan zituzten saldu eta. 1755ko udaberrian, salaketen aurrean, Gipuzkoako Aldundiaren dekretuen eraginkortasun ezaz eta arazoaren benetazko garrantziaz jabetu zen, batik bat Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta era Bergaran. Salaketek, Deba eta Urola arroetako auzoek Oñatitik eta Leintz-Gatzagako alkatearen baimenarekin abereak Gasteiz aldera ateratzen zituztela goraipatzen zuten. Nekazariak eurek izan ziren erakundeei eskatu zietenak, Gipuzkoako hornitzaileei Frantziatik edo beste edozein lekutik abelgorriak ekartzen debekatzea, merkatu eta azoketara joaten behartuz. Hain zuzen ere, probintziako abelgorrien gunerik nagusiena izanda, nekazariek beste azoka aske bat Arrasaten jartzea eskatzen zuten, astean behin. Horrela, Gipuzkoan azoka askeak lau izango ziren: 1742tik aritzen ziren Bergara eta Segura -gero desagertuko zen Tolosarekin batera-, 1752tik abian jarritako Ordizia, eta Arrasate.

1755ean asaldatutako herriak 1718an asaldatutako berdinak izan ziren. Gauzak nola zihoazten ikusita Elgoibarren ospatutako Batzar Nagusiek atzera egitea erabaki zuten, eta epe batez ateratzearen debekua bertan behera uztea. Aipatu dekretuek kontsumitzaileak babestu nahi zituzten espekulatzaileen praktiken aurrean, baina ahaztu zitzaien Araba zein Nafarroako mugetan bizi ziren nekazariak haragia esportatzeko askatasunetik bizi zirela. Dekretuen aurkako higikundea Bergaran eta inguruko herrietan hasi zen lehenik, han azaldu baitziren lehenengo iragarkiak, eta Deba eta Urola bailaretako beste hamabi herrietara zabaldu zen gero: Zegama, Ormaiztegi, Segura, Idizabal, Ataun, Ordizia eta Berastegi, hegoaldetik muga Araban eta Nafarroan zuten herriak hain zuzen ere, eta geroago Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate gehitu zitzaizkien, Arabarekin muga zutenak.

Matxinadaren eragile eta bultzatzaileak landako jabe txikiak eta maizterrak izan ziren, gero herri xehea bildu zitzaiela, Batzar Nagusien dekretuen gaitzespena adierazteko eta, hein batean, aginpidea monopolioan hartua zuten agintari eta landako jauntxoen aurka egiteko. Autore batzuen aburutan, tokian tokiko eta eskualdeko ekonomien eskema zurrun ahusteko ekonomia aske edo liberal baten aldeko aldarrikapen inkontzientea izan zen. Agintariek berehala erantzun zuten gudaroste bat osatuz eta herri matxinatuak ia erresistentziarik gabe hartuz. Beraz, ia hasi baino lehen matxinada errotik zapaldua izan zen. Dekretuak ezereztatzea lortu zuten, baina asaldatuetariko asko isunak eta ondasunen bahiketarekin izan ziren zigortuak. Egia esan bakea segituan berrezarri zen, baina benetazko arazoari ez zitzaion momentuz irtenbiderik aurkitu, hurrengo matxinadaren haziak ereinez.

Nahiz eta Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu, Matxinada hau kontestu orokorrago batean kokatu behar da ondo ulertzeko, Esquilacheren aurkako eta probintzietako motinekin batera gertatu baitzen. Adituen arabera, Esquilache ministroa gidari zuen erreformismoaren aurkako taldeek Madrilgo herri xehea manipulatu eta asaldarazi zuten 1766ko martxoaren 23tik 25era. Dena dela, arrazoiak ugariak izan ziren, bai epe luzekoak bai epe motzekoak, egiturazkoak zein koiunturazkoak. Lehenen artean, Borbon etxearen neurri erreformatzaileak, nekazaritza estentsibo eta teknologikoki atzeratu baten mugak, ale merkatuaren mugak, jabegoaren besterentzea, nekazalgoaren proletarizazioa eta pobretzea, burgesiaren indartzea eta librekanbismoaren hedatzea aurki ditzakegu. Bigarrenen artean, 1763tik aurrera gertaturiko uzta txarrak, eskasia, salneurrien inflazioa, espekulazioa eta ondorioz horniketa zailtasunak bideratu zituztenak, 1765ko uztailaren 11ean alearen tasa kendu eta salerosketa librearen aldeko erret dekretua, eta Karlos III.aren atzerriko ministroen aurkako etsaitasuna, batez ere Esquilacheren pertsonaren inguruan, aipatu behar ditugu. Adituen esanetan, nahiz eta matxinatuak zenbait eskakizun lortu, Karlos III.ak bere erreformak azkartzeko erabili zuen gertakaria. Baina gertakariaren biktima nagusiena -Esquilache eta ministro italiarrak aparte- Jesusen konpainia izan zen, mugimenduaren instigatzailea izatea leporatu baizitzaion, eta horren ondorioz 1767an kanporatua izan zen Espainiako erregearen ondasunetik: Espainiatik, Napolitik, Parmatik eta Amerikatik.

Madrilgo matxinada bukatu eta probintzietakoak piztu ziren. Probintzietan gertaturiko liskarretan, berriz, beste arrazoiak zeuden atzetik. Madrilen helburu politikoa nagusia izan bazen ere, probintzietan biziraute matxinadak izan ziren. Haietan XVIII. mendean zehar gizarte mailen arteko ezberdintasunak eta gizartearen polarizazioa areagotzen joan ziren. Lurrak gero eta esku gutxiagoetan zeuden, mendeen zehar jabegoaren besterentze nabarmena gertatu baitzen; nekazalgoaren gehiengoa maizterra zen eta gutxi ziren abereak zituztenak beren lurrak lantzeko. Bizirauteko nekazari askok etxetik kanpo lan egitera behartuak ikusi zituzten euren buruak, nekazalgoaren proletarizazioa eta lan baldintzen okertze bat gertatuz. Kontuan izan behar dugu garai honetan nekazari batek ekoiztutakoaren ia % 80a edo gehiago errentak eta zergak ordaintzeko erabiltzen zuela; horien artean zamatsuena elizari ordaindu beharreko hamarrena zen: % 80aren % 90a zen. Garai honetan gainera presio fiskala areagotu egin zen: estatuek beren kanpoko politika militarra mantentzearren, elizak eta jauntxoek beren maila ekonomikoa bermatzearren. Azkenik, ordura arte eremu osagarria izan zena, udal mendiak eta komunalak astiro astiro pribatizazio prozesuan sartu ziren eta tokian tokiko bizitza eta udal boterea kontrolatzen zuten jauntxoen eskuetan eroitzen joango ziren. Beraz, jende xehearen egoera okerrera egin zuen XVIII. mendearen zehar, bere egoneza areagotuz. Dena dela, probintzietako motinetan bi talde kontrajarriak sortu ziren. Alde batetik, nekazari ekoizleak, jauntxoak, bitartekariak, espekulatzaileak, errotariak eta okinak ditugu eta bestetik kontsumitzaileak. Kasu honetan asaldatuak herrietako zein hirietako artisauak eta kontsumitzaileak izan ziren, eurek pairatu baitzuten zuzen zuzenean ale salneurrien inflazioa eta praktika espekulatiboak. Beren haserre guztia beste taldearen aurka zuzendu zuten, bera baitzen inflazioaren erruduna. Aipatutako lehen taldearen partehartzaileak ahal zuten etekin eta irabazi handiena lortzen saiatu ziren kontsumitzaileak kaltetuz. Arazo horiek aspalditik bazetozten ere, 1765ko dekretuarekin zeharo okertu ziren. Erregearen eta bere ministroen ustez, neurriak kontsumitzaileak babestuko zituen, eskaria eta eskaintza legeei esker eta konpetentziari esker, aleen prezioak jaitsiaraziko zituztelakoan. Baina justu kontrakoa gertatu zen eta espekultzaileen mesedetan izan zen. Horrelako neurria eraginkorra izan zitekeen penintsulako bide sistema aurreratuagoa egon bazen. Leku batean aleak faltatuz gero, ingurutik zein urrutitik -itsasotik- ekarri zitezkeen prezio duinetan, baina arazoa errepideak ziren. Espainiak XVIII. mendearen erdia arte erromatarren garaiko bide-sistema berbera zeukan: bideak oso txarrak ziren -hemeretzigarren mendea arte Espainiak ez du sistema erradial bat izango, Madril 0 kilometroa izanda, gaur egun bezala-, garraio sistemak oso motelak -Donostiatik Madrilera hamabost egun ematen zituzten garrailariek-, bide-sare pilo bat zeuden, prozesua garestituz. Beraz, gauzak horrela, benetazko konpetentzia ezinezkoa zen eta, aldiz, sistemak askatasuna ematen zien espekulazioa eta kontrabandoari.

Euskal lurraldeetako matxinadak ezaugarri bereziak izan zituen. Dena dela, arazo nagusia hemen ere espekulazioa izan zen. Egia da 1763, 1764 eta 1765eko uztak ez zirela aurreko urteak bezain onak izan, baina ezta hain txarrak ere. Garai hartan nekazaritza ekoizpen nagusienak garia eta artoa ziren. Artoak gainera, XVII. Mendean zabaldu zenetik, sistema osagarria eta intentsiboa baliatu zuen, lugorria baztertuz. Nekazariek urtean zehar hiru edo lau uzta lortzen zituzten (gari, artoa, lekaleak eta arbia), horrela gizakien eta abereen beharrak asetuz. Gipuzkoan zein Bizkaian ekoiztutako gariak eta artoak jauntxoen eskuetara ailegatzen ziren errenten bidez, nekazalgoaren gehiengoa maiterra zelako. Baina jauntxo horiek arazo bat zuten: bi eskualdeko foruek elikagaien esportazioa debekatzen zuten, horregatik soberakinen legez kanpoko esportazioa aukeratu zuten. 1765eko dekretua aprobetxatuta Donostiako merkatariek, elikagaiak atzerritik ekarri ohi zituztenek, Kantauriko beste lekuetarako ordu arte debekatuta zegoen elikagaien biresportazioa areagotu zuten. Hori aprobetxatuta Koroak berrindartu egin zituen bere erasoak eta ahaleginak aduanak itsasora eramateko. 1766. urteko hasieran Koroak elikagaien biresportazioa Gipuzkoatik debekatu zuen, itsasoan aduanak ez zeudela aitzakia erabiliz. Donostiako Kontsulatua erregearen baimena eskuratzen saiatu zen, garien esportazioa lortzearren, 1770an lortu arte. Zentzu horretan matxinoen aldarrikapenak oso argigarriak dira: herri bakoitzeko pisuak eta neurriak berdintzea, kleroak hasikinaren bidez eskuratutako nekazaritza soberakinen kudeaketa udalaren eskuetan egotea eta ez errentari partikularren eskuetan, edota bertako soberakinak herriz kanpo ateratzeko debekua.

1765eko dekretuak ordura arte indarrean egon zen udalek aleen hornidura publikoaren alorrean zuten eskuhartze sistema aldatu egin zuen: bertako produkzioaren bultzatzea, pisuak eta neurriak kontrolatzea, alea udalerritik kanpo ateratzeko debekua harik eta bertako hornidura bete arte, eta oinarrizko gaien prezioen tasazioa; historiografiak "ekonomia morala" bezala ezagutzen duena. Burgesiak eta oligarkia lurjabeak, berriz, gustora hartu zuten dekretua. Hori aprobetxatuta oligarkia lurjabeak eta Donostiako burgesiak espekulazioari ekin zioten: lurjabeek errentaren edo hamarrenen zati handi bat salgaiz kobratzen zuten, merkatariek aleak merke erosi, biltegietan gorde eta eskaria eta salneurriak noiz igoko zain gelditzen ziren. Hori gertatzen zenean, gutxinaka-gutxinaka saldu eta irabazi pottoloak eskuratzen zituzten, kontsumitzaileen poltsikoen kalterako, kontutan izanda horrexegatik eurek ez zituztela merkatuaren gorabeherak nozitzen. Espekulazio jarduera horiek gosea eragiten zuten kontsumiltzaileen artean, hornidura gabetzagatik, eta sabelak hutsik buruak segituan berotzen ziren. 1766. urtean espekulatzaileek Nafarroa, Asturias eta Galizia aldera atera zituzten euskal lurraldeetan ekoizten ziren aleak, diru gehiago irabazteko helburuarekin. Hain zuzen ere, horixe bera gertatu zen Azkoitian matxinada sortu zenean: Loiolako Santutegian zegoen langile talde batek jauntxo baten gurdia bertako aleekin herritik ateratzen ikusi zuen Donostiako biderantz, bertatik esportatzeko. Azkoititik abiatuta mugimendua hedatzen joan zen, bai ekialderantz bai meendebalderantz. Asaldatuen artean tasak kentzea eta merkatuen liberalizazioaren ondorioz kaltetuak gertatu ziren nekazariak, eskulangileak eta arrantzaleak, hau da, herri xehea eta kontsumitzaileak aurki ditzakegu. Oro har, iparsartaldean izan zuen matxinadak indar handiena, Bizkaiko ekialdera arte. Azkoitian eta Azpeitian hasi eta segituan zabaldu zen Deba arroko herrietatik: Elgoibar, Eibar, Arrasate eta Soraluze. Gero bi adarretan banandu zen: bata kostalderantz, Deba, Mutriku, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zarautz, eta bestea barrualderantz, Goiherri eta Tolosalde aldera, non Asteasu, Alkiza, Zizurkil, Aia, Errezil, Goiatz eta Beizama, 1766ko apirilaren 15 eta 19 bitartean, zenbait iskanbila egon ziren. Bizkaian matxinadak Ondarrun, Markinan eta Berriatuan izan zuen indar gehiena, eta Araban, Aramaion, nahiz eta Agurainen eta Gasteizen zantzu batzuk eman.

Errebindikazioek tokian-tokiko kasuistika izan bazuten ere, gai nagusi bat egon zen: aleen, edarien eta haragien salneurria eta merkataritza askearen kontrako aurkako sutsua. Horiekin batera herri lurrak askatasunez ustiatzeko baimena zabaltzea, hamarrenak eta elizaren errentak arautzea, moral publikoa berriz ezartzea eta herriak gobernu erakundeetan parte hartzea eskatzen zen. Liskarretan ez zen hildakorik gertatu, baina jauntxoen ondasunetan txikizio handiak egin zituzten. Udaletxeak okupatu eta udal ofizialak beren baldintzak eta kapitulazioak sinatzea eta betetzea behartu, kasu batzuetan zenbait jauntxo mehatxatu, makurrarazi eta publikoki iraindu, eta beren jauregiak eta ondasunak erre edo deuseztu egin zituzten.

Ordenaren defendatzaileak merkataritza gune nagusietan zeuden. Alde batetik, Donostian eta bere inguruan (Hernani, Urnieta, Andoain, Amasa-Villabona, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia), eta bestetik barrualdeko merkatu eta azoketan, alegia, Tolosa eta Bergaran, hauek baitziren merkataritza eta bitartekaritza jardueretan aritzen zirenak, hau da, espekulazioaren irabaziak jasotzen zituztenak. 1718an eta 1755ean gertatutakoarekin eskarmentua hartuta zuten eta berehala erreakzionatu zuten. Apirilean eta maiatzean, matxinada hasi orduko, garia eta artoa merke banatu zituzten asaldatutako herrietan, 1718an bezala Hiribilduen Batasuna berrezarri zuten, bat Deba Garaian eta bestea Donostialdean, eta errepresio militarra burutzeko indar armatu bat osatu zuten. Manuel Antonio Arriola, Donostiako alkatearen, eta Urgulleko gazteluaren irlandar goarnizioaren Kindelan koronelaren gidaritzapean, Donostian eta bere inguruko herrietan 300 soldaduz hornitutako gudaroste bat osatu zuten, herriz herri joateko. Beraiekin batera Gipuzkoako leinuen ordezkari nagusienak zeuden: Peñafloridako Kondea, San Millan eta Narroseko Markesak, e.a. Beste matxinadetan ez bezala, matxinoek ez zituzten beren errebindikazioak lortu eta zigor gogorrak jasan zituzten: heriotza sententzia batzuk eman arren, azkenean ez ziren bete, eta bakarrik atxiloketak, ondasun bahiketak, isunak, gartzelaratzeak, erbesteratzeak, galeretako zigorrak, e.a. Herri matxino bakoitzeko partehartzaileek auzi kriminala pairatu zuten eta kasu gehienetan kondenatuak izan ziren. Akusatuen artean askok ihes egin zuten Bizkaia, Frantzia edo Ameriketara. Gainera Aldundiak zenbait neurri hartu zituen, gauzak bere onera buelta zedin: aleen gaineko tasa kendu, indarrez sinatutako hitzarmen guztiak ukatuak izan ziren, udal nagusiak debekatu eta errejimenduak eta udal itxiak berrezarri ziren. Asaldadura erreprimitu ondoren, Donostiak zenbait ale kopuru banatu zituen prezio duinetan eta herri bakoitzak behar zuen kopurua jaso zuen. Matxinatuei eman zitzaien gauza bakarra jende xehearen ordezkaria izan zen "komunaren diputatua" karguaren ezartzea izan zen, batik bat kontsumoa eta hornidura zaintzeko ardura zuenak. Noski aginpidea inoiz baino gehiago oligarkiaren eskuetan jarraitu zuen. Hau izan zen jende xehearen eta ahaldunen arteko haustura ekarri zuen lehen gertakaria, gero gerra karlistetan gorpuztuko zena.

Bilboko Hiriaren eta Bizkaiko Jaurreriko herri xehearen arteko tirabirak aspaldikoak ziren, baina 1792an berotu egin ziren. Urte horretan Jose Ramon Aldama diputatuak, Bilboko merkataritzan zuen nagusigoa indartzeko, Mundakan beste kai bat eraikitzeko proposamena egin zuen. Baina proiektua ez zen azkenean gauzatu, Konbentzioko gerra hastear zegoelako. Gerra hura bukatu eta gutxira, 1801ean Dimako eskribaua zen Simon Bernardo de Zamakolak berriro planteatu zuen ideia hura, baina oraingoan Abanto elizatean. Proiektuaren aldeko eta kontrakoen arteko tirabirak areagotu egin ziren. Aldekoen artean Bilbotik kanpo interesak zituzten maiorazko eta jauntxoak aurkitzen ditugu. Kontrakoen artean, berriz, Bilboko indar ekonomikoak: kontsulatua, jabeak, merkatariak, erliztarrak. Gauzek okerrera egin zuten Godoyk Zamakolaren alde egin eta Abanton Bakearen portua eraikitzeko baimena eman zuenean Errege Dekretu baten bidez.

1804ko Batzar Nagusietan gauzak aldatu egin ziren, Bakearen portuaren proiektua egiteko baimenaren ordainetan, Aldundiak Godoyri soldadutza plan bat agindu ziola zurrumurrua zabaldu zenean; hori foruen aurkakoa zen eta, Bilboko interesek bultzatuta, izugarrizko kaltea egin zion Bakearen portuaren proiektuari. Lehenbizi Begoña eta Abantoko bizilagunak eta gero Jaurerri osoko biztanleak asaldatu ziren, jaurerriko armategiak eraso, korrejidorea, diputatu nagusia, sindikuak eta aurkitu zituzten guztiak atxilotu eta Batzar Nagusi berri bat ospatzera behartu zituzten. Batzar horretan soldadutza plana indargetu eta dohantza batez ordezkatu zen. Zamakolak Arratia inguruko herrien babesarekin jarraitu bazuen ere, Jaurerriko beste lekuetan bilau izatera pasatu zen. Dena den, Abantoko portuaren proiektua ez zen erabat gelditu Napoleonen okupazioa arte. Matxinadaren ondorioak latzak izan ziren bai Bilborentzat bai Bizkaia osoarentzat. Hasteko 380 zigor epaiak eman ziren, erbesteratzeak, kartzelaratzeak, isunak, ondasun bahiketak, e.a. Errege gudarosteak Jaurerrian sartu ziren, foru errejimena aldi baterako etenda utzirik. Gudaroste horiek sortutako gastuak -bost milioi eta erdi errealekoak- Bizkaiak berak ordaindu zituen. Indultua 1807an iritsi zen azkenik.

Esan bezala, matxinada hauek guztiek euskal gizartearen apurketa eragin zuten, bi talde eta kontzepzio ezberdinak osatuz: foru aldatzearen aldekoak eta foruak bere horretan mantentzearen aldekoak; zetozten urteetan karlisten eta liberalen, edo beltza eta zurien taldeak osatuko zituztenak eta euskal lurraldeak gerra zibilean murgilduko zituztenak.

  • ALBERDI LONBIDE, Xabier; RILOVA JERICÓ, Carlos. "Matxinada barrualdean? Donostiari eta 1766ko matxinadari buruzko ikuspegi berriak / ¿Una rebelión de tierra adentro? Nuevas perspectivas sobre San Sebastián y la matxinada de 1766". Boletín de estudios Históricos de San Sebastián, 43 (2010), 471-527 orr.
  • CORONA BARATECH, Carlos E. Los motines de 1766 en las provincias vascas. La machinada. Zaragoza: Universidad de Zaragoza, 1985.
  • FERNÁNDEZ ALBALADEJO, Pablo. La crisis del Antiguo Régimen en Guipúzcoa, 1766-1833: cambio económico e historia. Madril: Akal, 1975.
  • FERNÁNDEZ DE PINEDO, Emiliano. Crecimiento económico y transformaciones sociales en el País Vasco: 1100-1850. Madril: Siglo XXI, 1974.
  • IÑURRATEGUI RODRÍGUEZ, José María. "Economía moral del fuero y cultura del conflicto en Guipúzcoa: la crisis de 1755". Espacio, tiempo y forma. Serie IV, Historia moderna, 8 (1995), 269-284 orr.
  • IÑURRATEGUI RODRÍGUEZ, José María. "Matxinada: el fuero y sus lecturas en la Guipúzcoa del Setecientos". El mundo hispánico en el Siglo de las Luces. 2. alea. Madril. Universidad Complutense, 1996, 805-816 orr.
  • IÑURRATEGUI RODRÍGUEZ, José María. Monstruo indómito: rusticidad y fiereza de costumbres: foralidad y conflicto social al final del antiguo régimen en Guipúzcoa. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 1996.
  • MADARIAGA ORBEA, Juan. "Conflictos sociales de los siglos XVI-XVIII". Nosotros los vascos. Gran Atlas Histórico de Euskal Herria. Bilbo: Lur, 1995, 161-176 orr.
  • MIEZA MIEG, Rafael María. "La machinada del estanco de la sal: una hipótesis de interpretación". Ernaroa, 6 (1991).
  • OLAECHEA, Rafael. "El centralismo borbónico y las crisis sociales del siglo XVIII en el País Vasco". ZZ.AA. Historia del Pueblo Vasco. 2. alea. Donostia, 1979, 165-226 orr.
  • OTAZU, Alfonso. El igualitarismo vasco: mito y realidad. Donostia: Txertoa, 1973.
  • OTAZU, Alfonso. La burguesía revolucionaria vasca a finales del siglo XVIII. Donostia: Txertoa, 1982.
  • PORRES MARIJUAN, Rosario. Gobierno y administración de Vitoria en la primera mitad del S. XVIII:aspectos institucionales, económicos y sociales. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1989.
  • URRUTIKOETXEA, Josetxo. "Revueltas Sociales en el País Vasco Húmedo. Siglos XVII-XVIII". URRUTIKOETXEA, Josetxo (ed.). Peñaflorida y la Ilustración. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1986, 115-151 orr.
  • URRUTIKOETXEA, Josetxo. "En una mesa y compañía". Caserío y familia campesina en la crisis de la "sociedad tradicional". Irún, 1766-1845. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1992.
  • ZABALA MONTOYA, Mikel. Bestenganaketa Gatzaren Estankoaren Matxinadaren testuinguruan: lotura eta oposizioen adierazgarri Vasconia: Cuadernos de historia - geografía, 28. zbk (1999), 295-315 orr.
  • ZABALA MONTOYA, Mikel. "Gatz Estankoaren matxinadaren berrikuspena horren berririk ez diren hainbat agiriren esanetara". Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 61. alea, 2. zbk (2005), 363-419 orr.
  • ZABALA MONTOYA, Mikel. "La rebelión del Estanco de la Sal (Bizkaia, 1631/34): una revisión". Boletín de la Real Academia de la Historia, 204. alea, 1. zbk (2007), 45-128 orr.
  • ZABALA URIARTE, Aingeru. "La "matxinada" de 1766 en Bizkaia". Letras de Deusto, 18. alea, 41. zbk (1988), 143-158 orr.
  • ZAPIRAIN KARRIKA, David; MORA AFÁN, Carlos. ""Docena bat guizonec artu naute": 1766ko urteko matxinadari buruzko zenbait xehetasun eta euskaraz idatzitako txosten baten berri", Notitia vasconiae: revista de derecho histórico de Vasconia, 2. zbk (2003), 433-452 orr.