Argazkilariak

Marin Ruiz, Pascual

1893an Tuteran jaiotako argazkilari nafarra. 1959ko martxoaren 16an zendu zen Donostian.

Jarraitutasun eta grina handiz lan egin zuen 50 urtetan zehar; argazkigintzan, erreportariak gertaera guztietan egon behar duela ulertzen zuen, eta kamera erabiltzen zuen begi gisa. 1913an hasi zen idazlari grafiko gisa lanean Zaragozako La Crónica egunkarian. 1914an Donostiara joan zen, eta Novedades aldizkari grafikoan eta El Pueblo Vasco egunkarian lanean jarri; hiriko bizitzaren argazkiak ateratzen zituen kultura-, kirol- eta gizarte-gertaera guztietan. Lanbide horrez gainera, estudioko argazkigintzan ere jardun zen. Garai haietan, gaur egungo egoeratik urrun, ez zegoen argazki-makina askorik. Horrela, erretratuetan eta ezkontza-erreportajeetan, emaztegaiei eta jaioberriei egindakoetan batez ere, ikus daiteke zorroztasunez, diziplinaz, adorez eta jakintza teknikoz gauzatzen zuela lana.

1920an, Pascual Marinek Casa Marin sortu zuen Garibai kaleko 24. zenbakian. Maria Cristina erregina maiz joaten zen erretratu-zentro horretara herriko ele-meleak konta ziezazkion -diotenez-, eta Pascual Marin Miramar jauregira joan ohi zen errege-familiari argazkiak egitera. Ezagunak dira garai hartako pertsonaien erretratuak: idazleenak, kirolarienak, intelektualenak, artistenak, politikarienak, aristokratenak eta errege-erreginen familiakoenak.

Donostiako lehenengo erreportari eta notario grafikotzat jotzen da Marin, eta, haren lana aztertzeko, zenbait esparru hartu behar dira kontuan: dokumentazioaren esparrua, etnografiarena eta landa- eta hiri-paisaiaren esparrua. Marinek berak, Mayor Lizarbek 1957an egindako elkarrizketa batean, azpimarratu zuen jakin-nahia funtsezko tresna zela bere lana gauzatzeko: "kazetaritzaren zale amorratua naiz; aukera daukadan bakoitzean, mundu horitara irteten naiz gauza harrigarrienak eta bitxienak nire Leicarekin harrapatzeko" (itzulpen moldatua gazteleratik). Ezin dugu ahaztu unea harrapatzeko aukera ekarri zuela Leica kameren zabalkuntzak. Benetako iraultza izan zen, erreportajeen munduarentzat batez ere; kamera eramangarri txiki bat zen, 1925ean sortutakoa, eta gertaera berean argazki-segida bat ateratzeko aukera ematen zuen posatu beharrik gabe.

Pascual Marin hil ostean (1959), Donostia hiriak bere historiaren zati bat ikusteko aukera izan zuen arrakasta handiko bi erakusketetan: bata, hiriaren patroiaren bezperan egin zen, Diez años de vida donostiarra (1920-1930) izenburupean; bigarrena, San Sebastián años 20, Udal Aurrezki Kutxak egin zuen, 1974ko irailean Casa Marinen artxiboa erosi baitzuen. Bertako bizitzako pertsonaia eta gertaera garrantzitsuak bildu ziren 150 argazkitan, milaka donostiarren gozamenerako. Honako hauek aurki ditzakegu argazkietan: Pasealeku Berriko bateriak ohorezko salbak joz Elkanoren lehenengo itzuleraren IV. urteurrenean (1922); Ingelesen Hilerriko lanen inaugurazioa Urgull mendian; Novedades antzokiko sutea 1928an; Paulino Uzcuduni ongi-etorria Ameriketako kanpainaren ostean; Lasarte-Oriako lasterkariak haien bolidoetarantz korrika; Paulino-Journee borrokaren aurretiazkoak 1924ko maiatzaren 11n Atotxan; Kasino Handia odol-ospitale bihurtuta; Kroneko elefanteak Kontxan bainua hartzen 1928ko ekainean; infanteriako gorputz espedizionarioa kanpaina marokoarretik bueltan; eztabaida politikoa Romanones hondartzan; Perez Caballero eta Patxi Lafarga; Kursaaleko zubia eraikitzen. Bestalde, honako ikuskizun hauek ere agertzen ziren argazkietan: pilota, futbola, hockeya, tenisa, inauteri-festak, Aste Nagusiko zezenketak, zezenketa goieskoak, ongintzazko teak eta te aristokratikoak, aurreskuak, kalejirak, kaleen inaugurazioak, Aste Santuko prozesioak eta hegazkin-probak.