Politikariak eta Kargu publikoak

Madoz e Ibáñez, Pascual

Legelari eta politikari nafarra. Iruñea, 1805-05-17 - Genova (Italia), 1870-12-11.

Pascual Madoz XIX. mendeko progresismo liberalaren buru argia izateaz gainera, politikari ospetsua -1855eko amortizaziogabetze-egitasmoaren egilea, Ogasun-Ministroa, diputatua, kazetaria, idazlea,...-, izan zen. Hala ere, ez dugu hemen arlo guzti horiei buruzko aipamenik egingo, bere zientzia-enpresarekiko tamaina historikoaz baizik.

Izatez, bere izena, oraindik ere, bere ospea zeri dion ez dakitenentzako ere, zientziari egindako bi ekarpenei lotuta dago: bere Diccionario geográfico eta esparru politikoan estatistika sartu izana. Jaiotzaz iruñarra eta dendari batzuen seme, Barbastron, lanbide-zioengatik, bere sendia kokatu izanari jarraituz 1813an Nafarroatik alde egin zuen. Berehala, bere humanitate ikasketak hasi zituen, lehendabizi AA. Eskolapioen San Lorenzo Ikastetxean eta 1821etik aurrera Zaragozako Unibertsitatean, bertan 1828an zuzenbidean titulua lortuz. Legeetan batxilerra zen arren, ez zuen abokatutzan aritzerik lortu (Calomarderen agindu ministerialak 25 urte baino arinago abokatutzan aritzea debekatu egin zuen), eta horrezaz gainera, jansenista izanagatik kanporatua izan zen.

1831ko otsailean, bere ideologia liberal progresistagatik Frantzian erbesteratu zen bi urte geroago Mª Cristina erreginak argitaratu eta beti eskertuko zion amnistia bati esker itzuliz. Alexandre Moreau de Jonnés (1778-1870), bere atzerriratzea ezagutu zuen lagunetariko bat izan zenak eredu aipagarri bezala balio izan zion. Hainbat gairi buruzko datu ugari bilduz (biztanleria, industria, nekazaritza, gudarostea, etab.), Moreauk Statistique de l'Espagne (1834), bere garaiko geografia hiztegi espainiarrak baino haratago zihoan lana idatzi zuen. "Geografia politikoa"ri buruzko lan honek Estatuarenak ziren ekimen ugarietan ebaluatzaile bezala balio handia izan zuen; gainera, Erregimen Zaharraren azkeneko Espainiako ekonomia eta gizartearen ezagutza ona aurkezten zuen. Madoz balio horren jabe egin zenaz ez dago inolako zalantzarik; izatez, ez zen itzulpen soila egitetik urrun, hainbat ohar eta oharkizun ere erantsi zizkion, jatorrizkoaren tamaina %45ean gehituz. Madozek metodologia estatistiko hori nola erabili zuenaren adibidea, zientziari egin zion bere ekarpena izatera iristeak adierazten digu, horretarako herri guztian zehar, erakunde ofizialez gain (1843tik 1844ra Estatistika Batzordeko lehendakaria izan zen) 1.484 lankideren laguntza eskergea izan zuela.

Berak 16 aletan egindako Diccionario geográfico, estadístico e histórico de España y sus posesiones de Ultramar lanaz ari gara. Madozek gainera artxibategi eta liburutegi pribatuetarako sarbidea izan zuen, ehunetik gorako ale kopuru argitaratzeko materiala bilduz. Hainbat daturen aurrean izan zuen erreakzioa, baikorra izan zen, estatistikagatik geografia fisikoagatik baino ardura gehiago erakutsiz. Honek, zioan, zientzia politikoei, natura-historiari eta literaturari datu ederrak ekartzen zizkien. Hala ere, berak benetan egiatasuna, zehaztasuna eta zorroztasuna nahi zituen, eta ez zuen Sebastián de Miñano edo Antonio Bergnesek bezala (euren Diccionarios geográficos lan urrietan) geografia-datu soilen biltzaile bezala bakarrik jardun nahi, Moreauk bezala baino, kopuruak emanik, estatistikak bildutako gertakarien zio eta ondorioak argitzen saiatuz baizik. Lanaren atarian, Madozek zientzia-estatistikagatiko bere estimazioa agertzen zuen. Zientzia estatistika, "la balanza del poder de la nación" bezala -alajaina - aintzat hartuz hasten zen. Ez dago Estatu bat egokitasunez zuzentzerik -zioan- bere baitan dituen aberastasun-elementuak ezagutu gabe, hau da, estatistika, arrazoibidezko jaurtza baten beharrizanei erantzuten dion zientzia, landu gabe. Aurreko espainiar-iturburuetatik (erroldak, adibidez) edota ezer adierazten ez zuten kopurudun tauletatik hornitzera mugatzetik urrun, Madoz, lege-inferentzia, metodo erkatzailearen ikerketa eta matematika-estatistikaren sormenaren aitak izan ziren John Sinclair (1754-1835), A. Friedrich Büsching (1724-1793) eta A. Ludwig von Schlözer (1735-1809) izenetan oinarritu zen.

Hala ere, bere gogoeten eragingunerik garrantzitsuena 1835ean Adolphe Quételet (1796-1874) soziologoak argitaratutako idazlana izan zen: Sur l'homme; estatistika soziologiarekin uztartzen hasi berria zen, eta Madoz mugimendu horren jakitun zen. Madozek nekazale-arloko estatistiketan sakonean jardun zuen, agian hori zelako Espainian nagusia zen arloa. Adibidez, Arthur Youngen zenbakidun eskala proportzionalak baserri-eremuko finken nekazaritza-balioa ebaluatzeko tresna egokia zirela atera zuen. Napoleonen Frantziako estatistika orokorra -matematiko-zientifikoa gauzatzeko interesa, -bete izaterik izan ez zuen arren-, goraipatu egin zuen. Laburbilduz, biologia, historia, demografia, estatistika, eta geografiari buruzko argibide eta ohar-sorta ikaragarri zabala, eurak guztiak zientzia-metodologiaren bateango ildoak elkarlotuta, izan zen Madozen Diccionario idazlanari bere indarra ematen zietenak. Izatez, bere arrakasta -bere argitalpena amaitu baino arinago ere- bai progresisten eremutik eta baita moderatuenetik ere aintzatetsia izan zen. Funtsezko lana, oraindik gaur egun ere XIX. mende-erdiko Espainiaren ezagutzarako indarreangotasuna eta gaurkotasuna duena.