Literatoak

Madariaga Garate, Bartolome

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Idazle bizkaitarra eta kalmeldarra. 1768an jaio zen eta 1835. urtean zendu zen. Bartolome Madariaga, Bartolome de Santa Teresa izenarekin ere ezaguna, bizkaiera literatur mailako euskalkira igo zuten idazleetako bat izan zen, Añibarrorekin eta Mogelekin batera besteak beste.

Markinako Karmeldarren etxean sartu zen eta Lazkaon ere egiten zituen ikasketak. Predikatzaile ospetsua izan zen Euskal Herriko hainbat lekutan.

Euskaraz idatzita utzi zituen lanen artean bi motatakoak aurkitzen dira. Alde batetik, euskal literatura zaharrean ohikoa denez, erlijio liburuak idatzi zituen Bartolome Madariagak; baina horrez gainera dantzei buruzko liburu ospetsu bat ere utzi zuen.

Hauxe da euskaraz idatzitako liburuen zerrenda, Villasantek azaltzen duenaren arabera (Villasante 1979):

  1. Euskal errijetako olgeeta ta dantzeen neurrizko gatz-ozpinduba (1816): Hauxe da idazle honek euskaraz idatzitako liburuen artean zuzenki erlijioarekin erlazionatuta ez dagoena. Bertan azaltzen du zer-nolako kalteak ekartzen dizkioten dantzek eta bestelako jolasek jendeari. Dantzak zirela-eta, moralaren aldetik arbuiagarriak iruditzen zitzaizkiolarik hika-mika izan zuen Iztuetarekin, azken hau dantzen zalea baitzen. Edonola ere, liburu interesgarria da, dantzen kalteak azaltzerakoan horiekin erlazionatutako ohiturak (bere ustez moralaren aldetik kaltegarriak) deskribatzen baitzituen.

Hurrengo hiru liburuak erlijio-gaien ingurukoak dira, tituluetan ikusi daitekeen moduan.

  1. Jaungoikuaren Amar Agindubeetako lelengo bosten Ikasikizunak (1816).
  2. Jaungoikuaren Amar Agindubeetako azkeneko bosten Ikasikizunak (1817).
  3. Eleisako zazpi Sakramentuben Ikasikizunak (1819).

Bartolome Madariagak Markinako bizkaieraz idatzi zituen liburu hauek eta bere idazkera, Villasantek azaltzen duen moduan, aberats eta joria zen (Villasante 1979: 235).

  • MITXELENA, Koldo. Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia, 2001. 109 orr.
  • URQUIZU, Patricio (dir.). Historia de la literatura vasca. UNED. Madril, 2000.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. Oñati, 1979. 233-235 orr.