Pintoreak

Alfaro Fournier, Tomas

Pintore gasteiztarra, Valladoliden jaio zen 1892an. Gasteizen hil zen, 1965eko abuztuaren 31an.

Heraclio Fournier karta egile ospetsuaren biloba izan zen. Jakin-min ugari zituen gizona izan zen, eta idazketak eta musikak ere biziki erakarri zuten bizitza osoan. Enpresaburua eta abokatua zen, eta Errepublika garaian Gasteizko alkate-udalburua izan zen; 1936an Gerra Zibila piztu zen arte lanpostu horri eutsi zion. Errepublikanoa zen, eta Langraiz Oka, Murgia eta Burgosko espetxeetan egon zen.

Azken urteak Madril eta Gasteizko etxeen artean eman zituen; udako oporrak, berriz, Hondarribian pasatzen zituen. Historia zale amorratua zen eta horregatik, genero horretako zenbait liburu idatzi zituen, horietako batzuk argitaragabeak. Besteak beste Vida de la Ciudad de Vitoria (1951) idatzi zuen, hiriburuaren historia jasotzen duena, hastapenetatik XX. mendera arte. Proiektu handi horren bigarren atala Una ciudad desencantada izan zen; lan horretan XX. mendeko Gasteiz eta testuinguru historikoa jaso zuen, eta 1952 eta 1960 urteen artean idatzi zuen. Zendu zenean oraindik argitaratu gabe egon zen, eta jatorrizko dokumentua 1987an plazaratu zuten.

Tomas Alfaroren eginkizun artistikoa (hurrengo lerroetan laburbilduko dena) mende erdi baino gehiagoz garatu zen, atseden hartzeko bolada luzeak tarteko. Mendearen bigarren erdialdean hasi zuen pintore ibilbidea, Arca kalean Ignacio Diaz Olano maisuaren estudioa bisitatu ondoren. Gaztetan marrazketa eta grabatua landu zituen. Diziplina piktorikoari ekin zion, bereziki bizitza bukaeran, zahartzaroan, Venancio del Val kazetariak egindako elkarrizketan azaldu zuen moduan (Pensamiento Alavés, 1958-VIII-25). Zahartzaroan fisikoki ahuldu zen arren, izpiritu ilusioek ez zuten behera egin. Garai horretan Ezquerra anaien Gasteizko Arte Aretoan bakarkako erakusketa egin zuen: 1964ko eta 1956ko abuztuan.

Halaber, zenbait talde erakusketetan ere egon zen: Arabako Pintura Erakusketan (1916ko abuztua), Ignacio Diaz Olano eta dizipuluen Erakusketan (1934ko abuztua), Artista Arabarren Pintura Erakusketan (1936ko abuztua), eta Arabako Pinturaren Aire Zabaleko I. eta II. Erakusketan (1956ko eta 1957ko abuztua, hurrenez hurren), eta Gasteizko Urteko I. Erakusketa Plastikoan (1964ko abuztua).

Hil ondoren, lanak erakusketa hauetan ere izan ziren ikusgai: Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolako Berrehun Urtekoan. 1774-1974. 1774-1974. Irakasle eta Ikasleen Pintura eta Eskultura Erakusketa Antologikoan (1974ko azaroa), Arabako Pinturak eta Eskulturak 100 urte, Erakusketan (1981eko uztaila) eta Arabako Pintura Garaikidea. I. (1960 arte). Erakusketa Antologikoan (1984ko iraila).

Erretratuaren generoa landu zuen, baita bodegoia ere, baina neurri txikiagoan; hala ere, Tomas Alfarorentzat paisaia pinturak lehentasuna zuen. Plenairismo estilo argitsua finkatu zuen, kolore tonu argiekin: paleta argiko paisaiak, inpresionismo kutsuarekin. Formatu txiki eta ertaineko margolanen autore izan zen, eta gertuen zituen geografia tokietan arreta naturalista jarri zuen: Arabako, Gipuzkoako eta Madrilgo lurretan, hain zuzen.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990, 253-255 orr.
  • HAINBAT EGILE. "Tomás Alfaro Fournier (1892-1965)". Pintores y Escultores Vascos de ayer, hoy y mañana. XV lbk., 141 fasz. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1976.