Enpresariak

Larrañaga Lizarralde, Jesús

Jesús Larrañaga Lizarralde 1926ko azaroaren 18an jaio zen Arrasaten (Gipuzkoa).

Bere gurasoak Alejo Larrañaga eta Prisca Lizarralde ziren.

Hamalau urterekin Unión Cerrajera de Mondragónen (UCEM) sartu zen Ikastun Eskolaren bitartez, eta bost urtetara, 1945ean, Industriako Ofizial Mekaniko ikasketak amaitu zituen. Arrasateko Eskola Profesionalean ikasi ondoren, Zaragozako Peritu Industrialen Eskolan ingeniari tekniko industrial mekaniko titulua lortu zuen.

Garai hartan, Jesus Larrañagak pairatzen zuen ahulezia zela eta, etxean igaro behar izan zuen hainbat denbora indarberritzeko. Arrazoi horrexegatik, ezin izan zen hainbatetan gainerako ikaskideekin Zaragozara joan azterketak egitera. Azkenean, bere kabuz ikasi ondoren, 1952. urtean lortu zuen agiria.

UCEMn proiektugile gisa lehenik eta ondoren Ikastun Eskolako irakasle bezala aritu zen 1940-1955 bitartean (1954-1955 urteetan ezik, Oviedoko Vetusta lantegian aritu baizen lanean).

Urtebete beranduago, Carmen Galdosekin ezkondu zen, eta lau alaba izan zituzten.

Ulgor, S.Coop. (gaurko Fagor etxeko elektrotresnak) sortzeko proiektuan parte hartu ondoren, bertan hasi zen lanean. Ezaguna den moduan, enpresako izenaren hizki bakoitza fundatzaile bati zegokion, eta Larrañagarena "l"a zen.

Jesusek kooperatibismoari eskaini zizkion bere lan urterik oparoenak. 1955tik 1963ra bitartean, Ulgorreko Merkataritza zuzendari karguan egon zen lanean. 1963-1964 urteetan, enpresa berdineko gerentea izan zen. Ondorengo bost urteetan Euskadiko Kutxako enpresa-barrutian (gaurko LKS) egin zuen lan. Urtebete beranduago, 1970. urtean, berriz ere Ulgor, S.Coop enpresako gerente izendatu zuten, eta hamaika urtez aritu zen kargu horretan. 1981etik 1991ra Fagor Taldeko Nazioarteko lanen zuzendaritzan egon ondoren, MCCko aholkulari lanetan hasi zen.

Espainiako normalizazio eta ziurtatze elkartearen (AENOR) sortzaileetariko bat izan zen Jesus, eta baita bertako presidente ere. Industria elektronikoen elkarte nazionalen (ANIEL) kide eta horrez gain, ANFELeko (Etxeko tresnen fabrikatzaileen elkarte nazionala) lehendakari izan zen.

Jesus Larrañaga izan zen kooperatibismoaren hastapenetan merkaturatze klabeak diseinatu zituen lehenengoa. Bere sen apartak eta harremanetarako zuen berezko gaitasunak garrantzia izan zuten lan hori egiterako unean. Ezaugarri horiek zirela eta, bere lagun Jose Maria Ormaechearen esanetan, ez zegoen Jesus baino pertsona egokiagorik lan hori egiteko.

Arrasatearrak 1964 eta 1965 urteetan ekonomiari buruzko oinarrizko ezagutza egin zuen. Bi urte haietan ekonomia ikastaroak antolatu zituen. Irakasleak Bilboko Sarrikoko Ekonomia Zientzia Fakultatekoak ziren, eta eskolak Gorlizko Amaya Hotelean eman zituzten. Sei hilabeteko iraupena izan zuten ikastaro haietan lortu zuen ondoren bere lanerako baliagarri izango zitzaizkion ekonomia ezagutzak.

Bere lankideen esanetan, bizi izan zuten kooperatibismoari Jesus Larrañagak ekar liezaiokeen ondare preziatuenetarikoa, berrikuntzetara irekitzeko erraztasuna eta etorkizunean zuen konfiantza lirateke. Lehenengoz Ulgorreko gerente izan zenean, Balioztapen Eskuliburua idatzi zuen. Bertan, kooperatiba munduan ezagutza teknikoez gain, giza bertuteak beharrezkoak direla aipatu izan du arrasatearrak. Berarentzat gauzak egitearekin ez zen nahikoa; beharrezkotzat ikusten zuen ekintzen hedapena, horrela jokatzen duena izango baita zerbait lortzen duena.

Kooperatibista petoa zen Larrañaga. Ordainsarien arteko aldeak mantentzearen joko solidarioaren arauak onartu zituen. Baina aldi berean, bere laguntza behar izan zutenengana gerturatu zen ahal izan zuen neurrian, laguna edo ezagutu berria, aberatsa nahiz txiroa izan. Ezagutzen zutenek bere lanarekiko grina azpimarratzen dute: neurrigabea, etengabea, hitz batean esanda, eskuzabala.

Jesusek etengabe gaurkotu zuen bere ezaguera, eta horren arrazoia, zuen jakin-min intelektuala litzateke. Bizitza sozialeko tentsio edo larrialdi egoerak erlatibizatzen zituen pertsona zen. Ezagutzen zutenek diotenaren arabera, berarekin hitz egiten zutenak arrazoiketa iturri eta egia baten mezulari gisa ikusteko joera izan zuen Larrañagak.

Bere zaletasunen artean irakurtzea, idaztea eta mendira joatea egon ziren beti. Horrekin batera, hainbat hitzalditan parte hartu zuen. Inguruko gertaerei buruzko bere irizpideak zehaztasunez adierazten zituen. Eta beharrezkoa izanez gero, ekonomia, enpresa eta bizitza sozialean izaniko eskarmentuei buruz hitz egiten zuen.

1981.urtean Don José María Arizmendi-Arrieta y la experiencia cooperativa de Mondragón idatzi zuen. Biografia-saiakera gisa defini liteke liburua. Bertan, ez zuen poeta bezala pentsatu, baina kooperatibismoaren sortzaile nagusiaren bizitzaren narratzaile fidel gisa idatzi zuen. Irakurleak bere sen eta ezagutza zuzenarekin bete beharko du irakurketa.

1998.urtean bigarren liburu bat kaleratu zuen: El cooperativismo de Mondragón. Interioridades de una Utopía. Bertan, protagonista nagusien esperientzietatik, Arrasateko kooperatiben sortze eta finkatzeari buruz hitz egiten da. Esperientzia posible egin zuen gizartearen inguruko gogoetan, gerraosteko gizarte triste eta etsitua islatu zuen Larrañagak liburuan. Giro horretan 60.hamarkadako "aireratzea" eman zen. Ilusio handien garaia, bai eta lehenengo izualdiena ere. Jesusek bizi izandakoa argitzen dio irakurleari liburu honetan. Kooperatibaren jazoera handiekin batera, ibilbidearen alde ilun eta desatseginenak azaltzen saiatu zen, inflexio eta hazkunde krisiak gaurko egitura korporatibora moldatzeko ahalegina azpimarratuz.

Goi mailako gestio bizitza profesionalak ez zion eragotzi herri mugimenduetan ere murgil egitea. Politikagintzan bere urratsak eman zituen, ESB eta EAn. Lagunen lagun, Arrasateko Udalpe elkarteko kidea izan zen eta elkarte horren 50.urtemuga zela eta, argitaratutako liburua koordinatu zuen.

Jesus Larrañaga 2004. maiatzaren zazpian hil zen.