Ikertzaileak

Lapuente Martinez, Luciano

San Martin de Amescoan (Nafarroa) jaioa, 1910ko maiatzaren 25ean. 1990 hamarkadan zendua.

Bere haurtzaroa jaioterrian igaro zuen. 1922 urtean, irakaslea zen bere aita Arbizura bidali zuten eta hara joan zen familia osoa bizitzera. 1924 urtean, Iruñako apaiztegian bere apaiz-ikasketak hastea erabaki zuen, humanitateak (1924-28), filosofia (1928-31) eta teologia (1931-36) ikasi zituelarik. Apaiztegian emandako hamabi ikasturteak nota bikainekin amaitu zituen, "Ansoleaga" saria irabazteko merezimenduak egin zituelarik.

1936ko ekainean apaiz ordenatu zen. Lehen apaiz-helmuga Iza eta Loza izan zituen, biak ere Nafarroan. 1941ean, Beraskoainera aldatu zuten, Nafarroan hori ere, eta bertako parroko izan zen 1947 arte. Orduan, San Martin jaioterriko parrokiara aldatzeko eskatu zuen, bertan bizi baitzen berriro ere familia.

Nafarroako Unibertsitatean egindako sartu-irtenetan, On Jose Miguel de Barandiaran ezagutu zuen. Hark, On Jose Maria Satrusteguirekin batera, 1968ko maiatzean hainbat pertsona bildu zituen Nafarroako kultura tradizionala ikertzeko, "Etniker-Nafarroa" taldea osatuz. On Jose Miguel de Barandiaranek On Luciano konbentzitu zuen talde harekin bat egin zezan eta 1970ean, 60 urte bete zituenean, dagoeneko amaitua zuen Estudio Etnográfico de Améscoa azterketaren lehen zatia, Barandiaranek berak proposatu eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN) lanean argitaratutako galdeketa etnografikorako gidari jarraiki. 1971tik 1982ra, Nafarroako aipatutako haraneko azterketa etnografikoa argitaratzen joan zen CEENetan, beste 10 emanalditan. Aldizkari horretan bertan, Amescoako alderdi zehatzak ere argitaratu zituen historiari, erakunde politiko administratiboei, folkloreari eta hileta-errituei (estelak) buruz. 1972. urtean, "Temas de Cultura Popular" bildumako 131. alea, Las Améscoas delako liburuxka, argitaratu zuen. Urte batzuk geroago, bilduma berean berriro ere Sierra de Urbasa 211. alea eta Sierra de Loquiz 306. alea argitaratu zituen.

Artxibo dokumentaletan arakatuta eta ahozko memoriaren transkripzioaren bidez herritar ameskoarretatik gehiena eta onena aterata, CEEN, Príncipe de Viana eta Fontes Linguae Vasconum Studia et Documenta aldizkari zientifikoetako ohiko kolaboratzaile izan zen. 80 urterekin oraindik ere San Martingo apaiz-zerbitzua betetzen jarraitu zuen eta, aldi berean, ikerketekin jarraitu zuen. Ikerketa horien emaitza izan zen Las Améscoas. Estudio Histórico-Etnográfico lana. 1990ean argitaratu zen "Ariztubeltza" Amezkoa Ibarretako mendi-mugetako batzordearen laguntzarekin. Orduz geroztik ez da Lapuenteren beste argitalpenik ezagutu.

  • ERKOREKA, Anton. Euskal Antropologoak, Etnologoak eta Etnografoak gaur. Donostia: Barandiaran Joxemiel; Kriselu. 1988. (Antropologiaren Euskal Bilduma).
  • BEGUIRISTAIN, Mª Amor; BARANDIARAN, Asier (ed.). Cátedra de Lengua y Cultura Vasca. 40 años. Pamplona: Facultad de Filosofía y Letras. Universidad de Navarra, 2006.