Pintoreak

Landi Sorondo, Carlos

Paisaia-egile bikaina eta kartel-egile, grabatzaile eta ilustratzaile dotorea, gipuzkoarra. Tolosan jaio zen 1896an eta 1974an hil zen.

Cecilio Pla maisuaren eskutik hasi zen pintura arloan. Gerora Pariseko "Grande Chaumière" akademia librean sakondu zituen ikasketak. Halaber, grabatua eta akuafortea ikasi zituen Ganteko Pintura eta Arte Ederren Erret Akademian (Belgika). Parisera egindako lehen bidaian euskal pinturaren mundua ezagutu zuen, izan ere, orduan Frantziako hiriburura begira zegoen. Erakusketa anitz egin ditu, bereziki euskal lurretan. 1920., 1921. eta 1922. urteetako Artista Hasiberrien Lehiaketan hirugarren, bigarren eta bigarren sariak jaso zituen, hurrenez hurren, eta garrantzia gutxiagoko beste zenbait hurrengo urteetan. Marrazkilari kementsua zen, trazu oso pertsonala zuena. Euskal paisaiak lehenetsi zituen, originaltasun zoli eta zirraragarria erakusten dutenak (Moyaren arabera), kolore grisak nagusi agertzen direlarik forma zorrotz eta indartsu baten barruan. Gerra zibilaren ostean arte arranditsuetan sartu zen eta egintza bikainak lortu zituen Donostia eta probintziako etxebizitzetan eta baita Bilbo eta Madrilen ere. Halaber, kartelak egin zituen, batez ere tokiko festetakoak. Festetako programazioak ere ilustratu zituen.

Pintore eta marrazkilari gisa ez du ekoizpen handiegia, baina bai kalitate bikainekoa. "Bere akuaforteek kutsu erromantikoa dute, bere kartelen modernotasunarekin kontrajarrita ageri direlarik". Hauek aipa daitezke: Viejo Bayona, De merienda en la sidrería, Casa de pescadores de Pasajes, 1929ko Donostiako Aste Nagusietako kartela, etab.