Filologoak

Lacombe, Georges

1879ko urtarrilaren 31n Orthez herrian jaiotako hizkuntzalaria. Parisen hil zen 1947an.

Digme eta Angulemako Lizeoetan egin zituen ikasketak eta Parisen eskuratu zuen letretako lizentziatura. Hain zuzen, soldaduska egin ostean (1900) Frantziako hiriburuan finkatu zen. Urte horietan Sorbonan filosofian matrikulatu zen eta eusko ikaskuntzak abiatu zituen Salaberryren kantutegiaren eraginez. Société Française de Philosophie elkartean sartu zen eta, bitartean, liburutegi mardula osatu zuen, euskal gaietan espezializatua. Horrela, hainbat kolaborazio egin zituen, besteak beste, Euskalerriaren Alde eta Eskualduna aldizkarietan. 1907an Julio de Urquijok Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkari berrian idazkari kargua eskaini zion.

Posta-trukean aritu zen euskal hizkuntza eta kulturako aditu nagusienekin. Horren erakusgarri dira Azkue, Broussain, Urquijo, Landerretxe edota Guillaumeri idatzitako gutunak. Aldi berean, Pariseko Hizkuntzalaritza Elkarteko kide izan zen eta baita Antropologiako Frantziako Institutukoa ere.

1910ean Uhlenbecken zenbait lan ekarri zituen euskarara alemanetik eta, urtebete geroago, Eskualzaleen Biltzarreko presidente izendatu zuten. Gerra Handiaren atarian, Etchepare doktorearen laguntzarekin, Aldudeko euskalkiari buruzko letretako doktoretza prestatu zuen. Baina gerraren eraginez planak aldatu zituen: 1916an Lorenan zauritu egin zuten eta eskuineko besoa galdu zuen. Amienseko ospitalera eraman zuten. Garai hartan Landerretxeri igorri zizkion gutunak oso interesgarriak dira eta bere izaera garratz eta ezohikoa erakusten dute. Gatazka amaitu zenean, atzean utzitako bizimoduari heldu zion berriro eta Euskaltzaindiko euskaltzain oso izendatu zuten. Broussainen lekua hartu zuen, hura 1920an hil ostean. Bere esanetan Aldudeko lexikologia, fonetika eta morfologia gordetzen zuen 600 orrialde inguruko lana egin zuen, baina dirudienez lan hori galdua da (Gavelek 1947an Eusko Jakintza aldizkarian kaleratu zuena salbu). 1922an Eusko Ikaskuntzen II. kongresuan parte hartu zuen eta hitzaldia eman zuen. 1930ean Zuberoako euskalkia ikertu zuen, baina lan horiei buruzko arrastorik ere ez da gorde. 1937an Gavelekin lankidetzan egin zuen Grammaire Basque (I. liburukia) obra agertu zen, amaitzeke geratu zena. Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkarian eta beste zenbaitetan berak idatzitako 150 lan baino gehiago kaleratu ziren. Horrez gain, 1924an Les Langues du Monde obraren barnean "Langue basque" ikerketa kaleratu zen, 1947an zuzendu eta osatua.

Bere izaera berezia izan zen euskal gaien barnean; agnostikoa, liberala eta apolitikoa zen eta Bergsonen mireslea. Gainera, euskaltzale eta nazionalisten adiskidea ere izan zen. Bere posta-trukea Bulletin du Musée Basque izenekoan kaleratu zen nagusiki (1968, 1982 eta 1985). Bertan, giza aberastasun handia ikus daiteke.