Artxibozainak et liburuzainak

Mugica Zufiria, Serapio

Gipuzkoako historialaria eta artxibozaina. Ormaiztegin jaio zen 1854ko azaroaren 14an, eta Donostian hil, 1941eko martxoaren 16an.

Zuzenbidea ikasi zuen Zaragozan, eta notario titulua jaso zuen -horretan lan egin ez bazuen ere-. Boluntario liberala izan zen II. Karlistadan.

Berari zor diogu Foru Aldundiak 1892an hasitako Gipuzkoako artxiboen antolamendu eredugarria. Gizon arduratsua eta trebatua zen, guztiz, eta probintzia osoa zeharkatu zuen, hainbat herritako artxiboak antolatzeko: Zestoako, Aizarnazabal, Ezkioga, Zumaia, Zumarraga, Donostia, Irun, Hondarribi, Errenteria, Oiartzun, Ordizi, Eibar eta Astigarraga. Bide batez, parrokietako gordailu ugari konpondu zituen. Laurencin markesak haren lana Espainiako udalek jarraitu beharreko eredutzat hartu zuen. Hala ere, Mugika ez zen antolamendu-lanetan bakarrik aritu, haren irakurketen, interpretazioen eta aurkikuntzen harira balio historiografiko handiko liburu eta artikulu serie bat idatzi baitzuen. Horri esker, Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten, baita Frantziako Akademiako ofiziala, kronista eta Gipuzkoako seme kuttuna ere. 1932an erretiratu zen, eta Eusko Ikaskuntzako Batzar Iraunkorreko Historiaren bokal izendatu zuten, 1933-1937 aldirako. 1934ko abenduan, erakunde bereko lehendakariorde izendatu zuten.

Hona hemen haren izenbururik garrantzitsuenak:

  1. Índice de los documentos del Archivo Municipal de la ciudad de San Sebastián, 1898.
  2. Índice de los documentos del archivo municipal de Irún, 1898.
  3. Euskaros ilustres. Don Policarpo de Balzola. Retrato y apuntes biográficos, 1899.
  4. Curiosidades históricas de San Sebastián, 1900.
  5. Las fiestas de septiembre en Fuenterrabía. Origen y detalles del Alarde, 1900.
  6. Alarde de San Marcial en Irun. Origen y detalles, 1901.
  7. Monografía de la Alcaldia Mayor de Aiztondo...Horren aurretik Memoria sobre el Archivo Municipal de la villa de Asteasu idatzi zuen, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kronistak Probintziako Aldundiari aurkeztu zion, 1902an. Monografía histórica de la villa de Irún, 1903.
  8. Río Bidasoa, 1905.
  9. Villafranca de Guipúzcoa, 1908. .
  10. El blasón de Guipúzcoa, 1915.
  11. Las calles de San Sebastián. Explicación de sus nombres, 1916.
  12. "Guipúzcoa", Geografía General del País Vasco Navarro, 1918.
  13. Elcano y no Cano, 1920.
  14. Los Gascones en Guipúzcoa, 1923.
  15. Guía de Guipúzcoa, 1930. Fausto Arocena historialariarekin lankidetzan.
  16. Juan Ignacio Gamón. Noticias Historicas de Rentería, 1930. Fausto Arocena historialariarekin lankidetzan.
  17. Donación a Leire, 1935.
  18. Relación de Diputados Generales de Guipúzcoa desde 1550 hasta 1887, 1943.

Gainera, hainbat artikulu argitaratu zituen aldizkari hauetan: Euskal-Erria, Revista Internacional de los Estudios Vascos, Yakintza, Euskalerriaren Alde, Euskal Esnalea eta Aránzazu.

Donostiako udalak kale bati haren izena eman zion, La Paz auzoan (Bidebieta, gaur egun), 1973ko abuztuaren 31n.

Carmelo de Echegaray eta berak maiz idazten zioten elkarri, eta gutun horiek Tellechea Idigoras historialariak argitaratu zituen 1987an (Doctor Camino de Historia Donostiarra Taldea: Donostia).

  • AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, Joseba; GÓMEZ GÓMEZ, Agustín; MORALES ARCE, Juan Antonio. Diccionario biográfico de Eusko Ikaskuntza (1918-1998). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998.