Albaitariak

Dasanza, Mongongo

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

¿?-¿?.

Nafarroa Beherekoa dela badakigu ere, ez daukagu Mongongo Dasanzaren jaiotza, heriotza zein bizitzaren gaineko berri luzerik. Kimikari eta albaitaria lanbidez, 1692. urtean Laborarien abissua izeneko obra kaleratu zuen Monsieur Gaztanbideren onesperarekin. Euskal literaturaren historietan agertu izan bada ere, asmo literarioekin baino, helburu didaktiko-praktikoz idatzitako eskuliburua dela nahiko argi dago. Abereen ohiko gaixotasunez -ardienez luzeen, zehazki- eta horien sendabideez dihardu Dasanzak pasarte ezberdinetan zehar gehien bat, tartean gizakientzako osabideak ere hizpide dituen arren -sugeen haginkaden kontrakoak edo atzazkalak jateari uztekoa, estareako-.

Ez dirudi liburukoak autoreak berak asmaturiko sendabideak direnik, ez bada garai hartan han-hemen erabiltzen zirenen bilketa-lana. Hori dela-eta, liburuaren balioa, literarioa baino, etnografikoa da. Dasanzak azaltze dituen sendabideen balioari dagokionez, ekar dezagun Santiago Onaindiak liburuko gaiaz idatzitako ondoko esaldia: "Gaiak, berriz, ezpain-ertzean irriparra ernerazteko mudura edo, azaltzen dizkigu geien bat."

J.B. Daranatzek obraren argitalpen berri bat atondu eta 1908ko Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkari ezagunean kaleratu zuen.

  • BIDADOR, J.M. "Laborarien Abissua: Mongongo Azantza tximistak izkiriaturik utzi albaitari gutuna". Euskaldunon Egunkaria. 1995-02-17.
  • ONAINDIA, S. Euskal literatura I. Donostia: Etor, 1972.
  • VILLASANTE, L. Historia de la literatura vasca. Bilbo: Sendo, 1961.