Artikulugileak

Lezaun Patrina, Jesus

Xabier Goñi.

Aritzalan jaio zen 1925eko irailaren 4an. Iruñean hil zen 2010eko urtarrilaren 15ean, 84 urte zituela.

Apaiz nafarra, teologian doktorea eta zuzenbide kanonikoan lizentziatua. 1936an Iruñako seminarioan sartu zen eta Erroman egin zen apaiz 1948an. 1947tik 1952ra Erroman egin zituen ikasketak. Nafarroara itzuli zenean, Mueseko parroko izan zen hiru urtez eta Iruñako seminarioko irakasle 1955etik aurrera. Kalonjea 1957tik 1967ra eta seminarioko errektorea 1965etik 1967ra; urte horretan kargutik kendu zuen Delgado Gomez apezpikuak, hierarkia erlijiosoarekiko desadostasunak zirela eta.

Jakin-min intelektualak diziplina eta korronte ideologiko anitzetan interesatzera eraman zuen; Iruñako Opuseko Unibertsitatean ikasitako zuzenbide kanonikotik hasi eta existentzialismo eta marxismoraino. Vatikanoko II. kontzilioa Iruñeko elizbarrutian eta eliza unibertsalean aplikatzearen gorabeherek eta Nafarroako asaldura politikoek frankismo berantiarrean eta trantsizio politiko gorabeheratsuan, gatazken eta tentsioen erdian kokatu zuten askotan. Hori guztia dela eta, baztertua izan zen eta bere ahotsa mututua zenbaitetan. Lezaunek mugimendu euskaltzaleekin bat egin zuen.

Herria-2.000-Eliza eta Punto y Hora aldizkarietako, Egin edo Gara egunkarietako eta beste hainbat argitalpenetako ohiko kolaboratzailea izan zen.

40 urtez Iruñeko Oblaten egoitzan bizi izan zen, bertako kapilautza-lanetan eta El Salvador parrokian lagunduz; azken horretan Patxi Larraintzarrekin egin zuen topo.