Bertsolariak

Lopategi Lauzirika, Jon

Bertsolaria. 1934 -

Gerraosteko lehenengo bertsolari eskolatua da Jon Lopategi Lauzirika; bertsolari osoa, arlo guztietara egokitzen dakiena, txapelketako zein plazako bertsolari ezaguna; Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen 1989an, txapeldunorde izan zen 1982an eta 1986an, eta finalista 1962an, 1965ean eta 1967an; Bizkaiko txapelduna izan zen lau aldiz (1962, 1964, 1966 eta 1988ko txapelketetan). Bestalde, plazaz plazako ibilbidean ere nabarmendu izan da, batez ere Jon Azpillagarekin batera. Horrez gainera, Bizkaiko ikastoletan bertso-irakasle ibili izanagatik ere bada ezaguna, bertsolari gazteen azken belaunaldiak bere eskutik hasiak baitira bertsotan.

Gerraurrean, 1934ko martxoaren 17an, jaio zen Jon Lopategi Muxikan, Aldauri baserrian. Aita Mungiako semea zen, Joan Lopategi, eta ama Muxikakoa, Santa Lauzirika. Aitak Ameriketan egin zuen amaren familiarekin harremana, eta Euskal Herrirakoan, itsasoz bestaldean 8 urte egin ostean, Muxikara itzuli zen baserria erosteko eta familia osatzeko asmotan. Aldauri baserria erosi zuen eta bertara ezkondu zen. Gerra aurretik zazpi seme-alaba izan zituzten, bost neska, Jon eta beste neska bat. Gerra ostean zabaldu zen familia, hiru seme-alaba gehiago etorri ziren-eta: mutiko bat eta neska bat. Osotara zortzi neska eta mutil bi izan ziren Lopategi-Lauzirika bikotearen umeak.

Jon Lopategi seme-alaben arteko seigarrena izan zen, eta gerratea etorri zenean hiru urte eta erdi zituen. Mungian egon ziren gerratea eurenera iristen ari zela. Handik Barakaldora joan ziren, eta bertan egon ziren osaba batenean. Hiru neska zaharrenak Don Manuel Intxaustik antolatutako Eusko Haur Etxea izeneko kolonia batean egon ziren Jatsu herrian, bi urtez. Artean preso hartu zuten aita. Baserria deseginda aurkitu zuten euren babeslekutik bueltan, eta, gainera, ama gaixotu egin zen; aldi bat Gernikako ospitalean egin zuen. Aita jarrera onaren testigantzak lortuta itzuli zen etxera, eta betiko bizimoduari ekin zion berriro.

Sei urterekin hasi zen Jon Lopategi eskolara, eta sei urte egin zituen (1940-1946); sasoiari zegokion legez, erdarazko eskolak jaso zituen Jon Lopategik. Hala ere, eskolaz kanpoko lagun eta familia-giroa euskalduna zen. Auzoan baziren bertsolariak: Kepa Enbeita 4 Urretxindorraren miresmenez hasi ziren Enbeitatarren etxekoak eta auzokoak bertsotan, eta auzokoetako bat izan zen Jon Lopategi Lauzirika; umea zen hura hil zenean, baina hark utzitako arrastoak eragin egin zion dudarik gabe. Lopategik "Zabalebeko Lion" Leon Petralanda auzokoarengandik ikasi zituen umea zela, adibidez, marijesien koplak eta bertso zaharrak; horrez gainera, kontalari onak ere baziren auzoan, esaterako, "Dios Zabalegoiko" soinularia; ahozkotasunarekin lotura handia izan zuen, hortaz, gure bertsolariak, eta bertsoa gertuko izan zuen.

Hamabi urte zituela, Tolosako Sakramentinoetara joan zen ikastera. Hamar urte egin zituen Sakramentinoenean, Tolosan eta Billaron (1946-1956). Eskolan euskaldun-abertzaleen artean topatu zuen giro goxoena. Eskola ofizialak ez omen zituen Lopategik oso gogoko, baina azterketarako prestatzen omen zekien eta emaitza onak lortzen zituen. Latina ondo ikasi zuen, baita musika orokorra eta gregorianoa ere. Eskoletatik kanpo eleberriak eta euskarazko liburuak irakurtzen ematen zuen denbora. Literatura oral euskerica eta Bertsolari aldizkaria astindu zituen mutikotan. Orixeren Euskaldunak ere izan zuen eskuartean, eta hango kanta asko buruz ikasi zituen. Bertsoak ikasteaz eta kopiatzeaz gainera, ordurako bertso batzuk ere idazten omen zituen Jon Lopategik, eta etxerako gutunetan ere txertatzen zuen ahapaldirik. Estudiante sacramentino aldizkarian ere argitaratu zioten lantxoren bat.

Teologiako lehenengo urtea amaituta, 22 urterekin, bizimodu hura utzi zuen. Etxera itzuli zen. Muxikan bertso-giroa aurkitu zuen. Orduan kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean, hain zuzen ere Santa Kurtze jaietan, etxean, gonbidatuen aurrean, auzoko Nikolas Ibarguengoitiarekin. Soldadutza egin behar izan zuen, eta han ere gipuzkoarren batzuekin egin omen zuen bertsotan Lopategik. Aldi bi horietan egin zuen bertsotarako lehenengo saiakera. Soldadutzatik bueltan, 1958an, herriko Santa Kurtze jaietan berriro ere, Deunoro Sarduiri erantzun zion bertsotan. Esan daiteke orduan hasi zela jendea Jon Lopategi bertsolari legez ezagutzen.

Sasoi hartan bildu ziren Balendin Enbeita, Deunoro Sardui, Pedro Ortuzar "Iturri" eta Lopategi Bizkaiko txapelketa prestatzeko. Geroxeago batu zitzaizkien Jon Enbeita eta Irineo Ajuria. Zapatuoro biltzen ziren, Pedro Maria Aldana gidari zutela, Muxikako Fuenterrabia tabernan. Pedro Ajuria ere biltzen zen aurrekoekin. Halaxe sortu zen Garriko bertso-eskola. Han hasi zen bertsotan Jon Lopategi. Kantatzeaz gainera, asteroko beharra izaten zen bertsoak idaztea. Eskolaren babesean atera zen lehen aldietan Lopategi kantuan Gernikan, Zornotzan, Euban, Derion, Bilbon eta Arrigorriagan. 1958an eta 1959an egin ziren lehenengo Bizkaiko txapelketak. 1960koan parte hartu zuen lehenengoz Jon Lopategik, Mungiako saioan. 1961eko txapelketan, Mungiako saioan, Iturri eta Lopategi izan ziren txapela jokatzeko, eta Jonek irabazi zuen. Ez zen ordukoan finalera iritsi, baina mailan gora egiten ari zen Lopategi, gerora bertsolaritzari ekarpen handia egingo zion bertsolari gaztea. Sasoi hartan inguruko herrietan ibiltzen zen bertsotan Pedro Ortuzar "Iturri" bertsolariarekin batera. 1962ko txapelketan aurrera egin zuen Mungiako saioan, eta Gernikan jokatu zen hurrengo saioan denei aurre hartu zien. Bilboko finalean txapelduna izan zen, eta Azpillaga txapeldunorde.

Bertsolari ikasia zela eta ez zela bat-bateko bertsolaria, hainbat esamesei aurre hartu behar izan zien, halaber, Lopategik; izan ere, gerraosteko lehen bertsolari eskolatua dugu. 60ko hamarkadan erakutsi zuen, batez ere, bertsotan nor bazela:Euskal Herriko 1962ko txapelketan finalean izan zen Lopategi.

1963an ez zen Bizkaiko txapelketarik antolatu, baina hainbat saio eta sariketa antolatu ziren han-hemen.

1964an, Bizkaiko seigarren txapelketa izan zen, Jon Lopategi Ondarroan jokatu zen txapelketarako sailkatu zen, bai eta txapeldun egin ere.

1965eko Bizkaiko txapelketako finala Durangon izan zen. Urte hartan Euskal Herriko txapelketa izan zen, Mattinek irabazi zuena; bada, Jon Lopategi Donostiako finalean izan zen kantuan.

Garai zaharreko azken txapelketa Durangon izan zen 1966an, eta Jon Lopategi izan zen txapeldun.

1967ko Euskal Herriko finalean (Xalbadorri txistu jo ziotenekoan), hirugarren egin zuen Lopategik.

Bertsotan, oso ezaguna izan da Azpillaga-Lopategi bikotea, izan ere, han-hemen ibilia baita gai sozialen eta politikoen mezulari, Francoren diktadura garaian eta demokraziaren lehenengo urteetan. Esan daiteke, euskal gizartearen berritzea eta abertzaletasuna bor-bor zeuden garaian tradiziozko moldeak garai berrietara egokitzen ondo asmatu zutela Lopategik eta Azpillagak. 1992an, esaterako, omenaldia egin zioten bikoteari Zerainen, 1963tik ordura arte urte guztietan, hutsik egin gabe, kantatuak baitziren bertan. Salaketak, izunak eta kartzelatzeak ere izan zituzten sasoi hartan bai Lopategik eta bai Azpillagak ere. Bikotea behin Parisen ere izan zen Xalbador-Mattin bikotearen kontra, sariketa berezi batean (sariketa hura, bikotekakoa, Parisen, Hazparnen eta Gernikan egin zen). Bikotea egunean 5 saio egitera ere iritsi omen zen garairik onentsuenean.

1967 eta 1980 artean beste txapelketa batzuk jokatu ziren, hortaz. Aurrekoak Euskaltzaindiak antolatu izan zituen, baina 1967tik aurrera ez zuen halako langintzarik berriro hartu.

Garai berriko txapelketetan, 1982an txapeldunorde izan zen Jon Lopategi Euskal Herriko txapelketan, 1986an txapeldunorde Euskal Herrikoan, 1988an txapeldun Bizkaian, eta 1989an txapeldun Euskal Herrikoan.

Bertsotan aritzeaz gainera, ez zion Jon Lopategik ikasteari utzi: frantses kurtso bi ikasi zituen 1972-74an, eta maisu-titulua ere lortu zuen 1989an.

Euskaltzale eta abertzale sutsua izan da beti; Gernikako Seber Altube ikastolako gurasoen elkarteko kide izan zen.

Bertsotan ibiltzeaz ez eze lan ere egin izan du Lopategik familia mantentzeko. Lehenengo lana Gernikan izan zuen, Dalia lantegian. 1963an, 30 urte zituela eta alaba jaioberri zuela, pentsu-saltzaile hasi zen. Lanarekin lotutako ikastaroren batzuk egin zituen Madrilen eta Valentzian. 18 urtez jardun zuen orotara langintza horretan: egunean hogei bisita egiten zituen, baina bertsolariaren ordutegiarekin bat etortzeko modukoa zen, hala ere, lan hura. Hartu-eman asko egin zituen Jon Lopategik bere egitekoan.

1984az geroztik, gazteak bertsotan hezten ibili zen bertso-irakasle Bizkaiko Ikastolen Elkartean, euskal eskoletan bertsolaritza sustatzeko proiektuaren baitan. Bere eskutik jaio dira bertsolari belaunaldi gazteak.

Eskola ofizialak egiteaz gainera, gazteak herri batetik bestera kantuan eramaten zituen. Lopategiren hitzak dira honakoak gaiaren inguruan:

"Eusko Jaurlaritza diru laguntzak eskaintzen hasi zen, ikastetxeei urtean hiru saio egitearren. Bata eskolan bertan, eta beste bi beste ikastetxe batzuetan. Orduan furgoneta neukan, eta atzean alderdi bakoitzean banku bat ipini eta han hartzen nituen eskualdeko bertsolariak. Gaur eskola honetara edo bestera goaz, eta saioa egiten genuen. Pozik etortzen ziren! Abentura polita izaten zuten".

Berria, 2005-07-24

Bertsolari gazteek elkar ezagut zezaten, giro euskaldunean bil zitezen eta bertsotan egin zezaten, barnetegiak antolatzen zituen Jon Lopategik:

"Hasieran ikastoletako arduradunekin egin genituen barnetegiak Kanpantxuko eskola zaharrean. Gero, 15 urtetik gorako bertsolari gazteak taldea osatzeko beste izan zirenean, haiekin joaten ginen urtero bost edo sei bider. Hainbat eskualdetako bertsolariek elkar ezagutu zuten, eta txapelketara haren eta honen kontra joan beharrean lagun arteko giroa sortzen zen".

Berria, 2005-07-24.

Haren ikasle izanak dira, esaterako, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelurrutia, Iratxe Ibarra, Aritz Lopategi (Jonen semea), Payatar anaiak eta Bizkaiko bertso eskoletan han-hemen ibili diren eta dabiltzan beste ehunka bertsolari. Lopategik beti sustatu du gazteen plazaratzea, eta haren hitzak dira "gazteek ez dute egundo erridikulurik egiten".

Erretiroa hartu eta gero ere biltzen izan da oraintsura arte bertso-ikasleekin asteroko bertso eskoletan zein txapelketa-garaian, txapelketa prestatzeko.

Gorazarre egin zion Bizkaiko Ikastolen Elkarteak 1999ko abenduaren 6an, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Bada, orduan kantatu zuten gazteen bertsoek argi uzten dute Lopategik haiekin izandako hartu-eman estua.

Gaur egun erretiroa hartuta bizi da "Baltza" (ezizen horrekin ezagutzen izan dute ingurukoek zein bertsozale askok) Muxikan.