Literatoak

Oihenart, Arnault

1592ko abuztuaren 7an Maulen (Zuberoa) jaio zen maisu, literato eta historialaria. Bere heriotza data ere ez da zehaztasun osoz ezagutzen

Arnaud (Arnald) d'Oihenart izan zuen aita, abokatua eta erregearen prokuradore Zuberoan. Ama, berriz, Juana de Echart izan zuen, Mauleko zinpeko, abokatu eta Licharreko Gorteko eskribau baten alaba.

Zuzenbide ikasketak burutu zituen Bordeleko Unibertsitatean. Hogei urte zituela Belsunce gobernadoreak higanotei ematen zien babesagatik hari protesta egiteko aukeratu zuten Mauleko bizilagunek. 1623an Zuberoako Silvieteko (tokiko ordezkarien asanblada) sindiko izendatu zuten, eta apaiz eta nobleziari aurre egin behar izan zien. Bi urte beranduago, apaizeriaren eta nobleziaren diputatuarekin batera (Pierre de Behety) Parisera bidali zuten, herrialdean protestateek zuten eragina murrizteko helburuarekin.

Bere ekoizpen historiografikoari so, 1512an tronutik kendu zituzten Nafarroako errege antzinakoen eskubidearen legezkotasuna erakusteko kaleratu zituen bi opuskulu aurkituko ditugu lehenik eta behin: Déclaration historique de l'injuste usurpation et rétention de la Navarre par les Espagnols (Paris, 1625) y Navarra iniuste rea... sive de Navarrae regno, contra ius fasque occupato.

1627an alargun batekin ezkondu zen, Nafarroako nobleziako kide zen Juana de Erdoyrekin, hain zuzen; egoera berri horretan, Ardoy, Gainzuri eta Zibits etxeetako jaun adbentizio modura, Nafarroako Parlamentuko abokatu kargua eskuratu ahal izan zuen. Donapaleura (Behe Nafarroa) joan zen bizitzera eta urte batzuk geroago bertako zinpeko izan zen, horrez gain, Mixe eta Ostabarreteko Gorteko kide ere izan zen. Hainbat kargu eta ardura izan zituen. Egoera horretan, Pauen egoitza zuen Nafarroako Parlamentuaren barnean, Zuberoaren interesen aurkako hainbat ebazpenen kontra azaldu zen Oihenart, eta, espetxeratu egin bazuten ere, haiek atzera botatzea lortu zuen (1627).

Aurrerago Zuberoako komunalen (herri-lurrak) salerosketaren aurka azaldu zen (Trois Villes kondeak erosten zituen, horretarako ustezko eskubide batzuk erabiliz). Hain zuzen ere, auzi horrek leherrarazi zuen 1661eko Matalazeko altxamendua. Zuberoako estatuek Parisera bidali zuten Oihenart, 1639ko salmenta ediktua baliogabetu zezan.

Gerora Gramontarren etxeko intendente izendatu zuten eta bertan zizelkatu zuen bere ekoizpen baliotsua, bai historialari modura eta bai poeta modura ere. Bere babespekoari esker, Bidaxuneko kartularioa eta bestelako dokumentu anitz arakatu ahal izan zituen, modu horretan, artxibo ugari begiratu zituen. Garibay, Poza, Marca eta Moreten lanak arakatu eta baitaratu zituen.

Bere lan historiografiko gorena, ekinaren ekinez latinez idatzitako Notitia utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitanicae izan zen. 1638an Parisen argitaratu zuen lehen aldiz. Ia 20 urte beranduago (Paris, 1656) bigarren edizioa argitaratu zuen, aldaera ugari txertatuta.

Pariseko Liburutegi Nazionalean Oihenartek, bere lana atontzeko, jasotako materialez osatutako 60 liburuxkak aztertu zituenean, txundituta geratu zen (Daranatz horien atzean gordetzen zen lan guztiarekin:

"Froga kopuru harrigarria da... Miresgarria da egin zuen ikerketa-lana eta lan paregabe hori taxutzeko erakutsi zuen jarraikortasuna."

Daranatz, RIEV, 1908, 463. or.

Eskuizkribu, gutun, dokumentu eta genealogia zatiek osatzen dituzte 60 liburuxka horiek. Horietako zenbaiten originalak dagoeneko galdu egin dira. Notitia delakoan, Vasconia historikoaren lurralde osaera ugariei buruzko azterketa historikoa eman zuen hiru liburutan. Lehen liburuak hamalau kapitulu ditu, bigarrenak hamazazpi eta hirugarrenak hamahiru. Lehen liburua lan guztiaren aitzinsolas modura irakur daiteke. Carlo Magno iritsi arteko, Baskonia eta Kantabriako biztanleei buruzko liburua da; herrialdeak orduan erakusten zuen geografia, garai hartako ohiturak, erabiltzen zuten hizkuntza eta euskaldunen hizkuntza ditu aztergai. Nafarroako historia zaharra eta bertako erregeen genealogia (sobrarbismoaren aurka agertzen da) dira bigarren liburuko gai nagusiak. Liburu horren amaieran, Aragoiko eta Bizkaiko antzinako kondeen katalogo bat barneratu zuen Oihenartek. Egileak berak esan zuenez, hirugarren liburua Akitaniako Baskoiei buruzkoa da bereziki. Dena den, Baskoniako historiarekin eta hura gobernatu zuten familiekin lotzen da hirugarren liburu hori. Maisutasun eta doitasun kritiko paregabez idatzi zuen Oihenartek hirugarren liburu hori, eta bere garaiko historialari adimentsu eta zentzudunetako baten lan gisa hartu ohi da.

J. Gorosterratzuk egin zuen gaztelaniazko itzulpena. Noticia de las dos Vasconias, la Ibérica y la Aquitana: RIEV 17 (1926), 141-174, 329-355, 475-515. or.; 18 (1927), 79-110, 241-291, 470-512, 579-619. or.; 19 (1928), 26-47, 234-279, 346-380 eta 493-547. or. Aparteko edizioa: Donostia, 1929 [bi edizioen arteko ezberdintasunei dagokienez, ikus, J. Vinson. Essai d'une bibliographie de la langue basque (Paris, 1891), 20. zenbakia (81-85. or.)]

Baskonia erromatarren garaiko Kantabriaren barnean zegoela gezurtatu egiten du, haren mugak berregiten ditu eta Kantabriako gerrak han zerraditzen ditu, nahiz eta, Zaldibiari jarraiki, Gipuzkoan ere gerra haren aztarnak ikusten dituen. Ez du uste euskara Iberiako hizkuntza zaharrena denik, baina bai, ordea, Iberiako zati handi bateko zaharrena; iparralde guztia hartzen duena, Baskoien ekialdeko mugatik Portugalerainoko tartean, hain justu. Wamba garaian, godoen mende zeuden kantabriarrak gailendu zituzten baskoiek sartu izango zuten euskara, eta barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak federatu izango zituzten. Hortik dator "Provincias vascongadas o vasconizadas" delako izendapena. Gauza bera gertatu izango zen Pirinioen iparraldeko lurrekin. Lur horiek nafarrek hartu izango zituzten, Gregorio de Toursek VI. mendean deskribatzen duen erasoaren bidez. Oihenartek euskara ongi ezagutzen zuen eta, horri esker, toponimoak zehaztu zituen. Euskal Herriari buruz zuen ikuspegia berezia zen garai hartan (XVII. mendean). Vasconum populi delakoek hartutako lurrek osatzen zuten Oihenarten Baskonia: citra Pyrenaeum sunt navarri, iaccenses, alavenses, ipvscvates y biscaini; ultra Pyrenaeum gascones y vasci. Hots, euskaldunen herriari buruzko ikuspegi antropologikoa zuen, horri esker, muga politiko eta administratiboak ez zituen kontuan hartzen, hala, Oihenarten deskribapenetan koherentzia eta ulergarritasun gehiago hauteman daiteke aurreko historialariek egindako deskribapenetan baino. Horrez gain, Campionek esan zuen moduan:

"aurrez idatzitako guztiaren gainetik dago Oihenarten testua, informazio eskergari, testuen pilaketa arretatsuari, xehetasun txikienen gaineko interesari eta bere zentzu kritikoaren bizitasunari esker, hala, Oihenartek bere aurrekoek islatu ez zituzten xehetasunak agertzeko, alderatzeko eta iradokitzeko gaitasuna izan zuen".

1648an artxiboak arakatzen pasa zuen urte osoa, Gramonteko kondeen etxeari buruzko historia idazteko. Yanguasek kontatzen duenez, Oihenartek Comptoseko Artxibategia arakatzeko baimena eskatu zion Nafarroako erregeordeari, honek bere auzitegiari txostena eskatu zion, baina auzitegiak ukatu egin zuen, Oihenarten benetako helburua Gaztelako erregeek egindako Nafarroaren okupazioaren aurka eta Nafarroako armarriko kateak Navas de Tolosako borrokatik eskuratu izanaren aurka idaztea zela argudiatu ostean.

1657an bestelako argitalpen bat kaleratu zuen: Atsotizac edo refrauac y O-ten gaztaroa neurtitzetan Lan horren zati handiena 706 atsotitzek osatzen dute, eta bakoitza bere frantsesezko itzulpenarekin eman zituen. Oso litekeena da esaera horiek herritarrengandik jaso ez izana, aitzitik, kolaboratzaileak izango zituen Pirinioen bi aldeetan. Kolaborazio horien artean Bertrand de Sauguis poeta zuberotarra nabarmendu behar da, izan ere, 205 esaera herrikoiez osatutako bilduma bat igorri zion, bertan agertzen ziren hitzez osatutako hiztegi batekin batera. Bilduma bikaina da. O.ten Gastaroa neurthizetan izan zen argitalpen horren bigarren izenburua. Michelek aipatzen duenez, "poesia horiek idazleak osatutako euskal esaera zaharren bildumari egindako eranskina lirateke. Bere nerabezaroko lanak zein helbururekin argitaratu zituen erakustea helburu duen aitzinsolas batekin abiatzen dira:

"Euskaldunek poesiarekiko hainbesteko joera izanik, oso gutxi erreparatu diete poesiaren arauei, haiek ezagutzeko ere ahalegin gutxi egin dute, horregatik, lan poetikoari buruz (inprimaki edo eskuizkribu hau) jaso dugun guztiaren barnean oso urriak dira topatuko ditugun bertso erregularrak... Hori dela eta, beste lan batean arau horiei buruz hitz egin ostean, gaztaroan idatzi nituen bertso gutxi hauek argitaratzea erabaki dut, zenbaitek uste duenaren aurka, arau horiek eta gure hizkuntza bateraezinak ez direla frogatzeko xedez, eta ez dut bestelako asmorik izan; hala, haiek taxutzerakoan entretenimendu pixka bat izatea beste helbururik izan ez nuenez, argitalpen honekin ez dut poeta trebeen lanek merezi duten ohorerik ukan nahi".

Historiagrafia, literatura eta jauregi lanetan egindako jardunak ez zuen bere ibilbide juridikoa eten. Hala, 1660an, Baigorri, Erro, Baztan eta Luzaideko haranetako mugak ezarri zituen, eta 1665ean bere burua eskaini zuen Baionako gotzaintzaren eta Orreagako apaizaren jabetzak nola banatu behar ziren erabakitzeko.

1653az geroztik alargun geratu zen, eta bere heriotza data ere ez da zehaztasun osoz ezagutzen. Aita Moreten (bere garaikidea) arabera 1675ean hil zen, nahiz eta litekeena den urte batzuk lehenago hil izana, 1667an Lafitteren arabera. Hiru seme izan zituen: Gabriel, Nafarroako Parlamentuko abokatua; Pierre, Behauzeko apaiza, eta Jacques, jesuita.

Oihenartek bere lanen zati bat baino ez zuen argitaratu. 1666ko maiatzean Lapurdiko apaiz bati bidalitako gutun batean aipatzen zuen L'Art Poetíque delakoa Gure Herria aldizkarian argitaratu zen 1967an. Poetikari buruzko arau orokorrak, haiek euskal poesiara aplikatzeko era eta euskal poesiaren egoerari buruzko azterketa bat jasotzen dira bertan, guztia arras interesgarria. Jaurgainek dioenez Oihenartek Euskal Hiztegi bat taxutu zuen, baina gaur egun desagertuta legoke.

Poesia bizia eta sentimentala idazten zuen, eta nahikoa askea legegizon baten eskutik espero daitekeenaren aldean. Hizkuntzaren ikuspuntutik bere kultismo ukaezina salatu izan da. Lafon, Irigaray eta Mitxelenak hala deskribatzen dute Oihenarten poesia:

"Oihenarten poesiak interpretatzea lan nekeza da, ez erabiltzen duen hiztegia eta morfologiagatik soilik, eta ortografiari buruz zer esanik ez, baina, batez ere darabilen sintaxiagatik; egitura ezohikoak, behin ere ikusi gabeko hitzen hurrenkera. D'Echepareren poesiak baino askoz sakontasun gutxiago dauka Oihenarten poesiak, zenbaitetan artifiziala da, edergarria batzutan; hala eta guztiz ere, hainbat pasartek badute halako xarma."

Lafon, 1955

"Bertso laburra erabiltzen zuen orokorrean: euskara garbia da, erderakada gutxiz zipriztindua; horretan, egileak arreta handia ipini zuen zalantzarik gabe: gaur egun herri hizkeran desagertuta dagoen aditzaren erabilera trinkoa hautematen da Oihenarten poesian, berritasun garai hauetan hizkuntzari arkaismo kutsu indargarria ematen dio horrek."

Irigaray, A.: Oihenart, poeta, RIEV, 19. liburukia, 1928, 71-72. or.

"Oihenarten euskal ekoizpenak ez zuen ia atzekaririk izan: egokiagoa litzateke bere pentsaera anitzak herrialdean ez zuela harrera onik izan adieraztea. Oihenart ongi jantzitako intelektuala zen, hotza eta kritikoa, eta gure artean ez du estimu handirik izatean halako gizakiak."

Michelena, Luis: Historia e la Literatura Vasca, 75. or.

Azken iritzi hori Oihenarten lan historiografikoarekin lotu daitekeela uste dugu, bere lan poetikoarekin baino gehiago. Halaxe da, Ezkontidearen hil-kexua Museen kontra lanaren egile sentibera, gaur egun, aro modernoko euskal historialari oso, kritiko eta iraunkorrenatzat hartzen da.

  • ALTUNA, P. "Oihenarten metrika", in Fontes Linguae Vasconum, 1979, 32. zenbakia, 269-284. or.
  • DARANATZ. "Les fonds Doat, Duchesne et Oihenart à la Bibliotheque Nationale., RIEV, 1908, II. liburukia, 462-464. or.
  • ETCHART, A. "Les proverbes d'Oihenart". Eusko Jakintza, 1950, 353-366. or. eta Gure Herria aldizkarian, 1951, 40. or.
  • GARATE, J.: "Recensión de la trad. de Gorosterratzu", in RIEV 20, 1929, 539-540. or., Id. "Indice de los nombres geográficos contenidos en la Notitia de las dos Vasconias de Ohienart", in Anuario de Eusko-Folklore 10 , 1930, II, 11-31. or.
  • GOENAGA, A. "Gogo en Oihenart", in Fontes Linguae Vasconum, 1973, 14. zenbakia, 245-259. or.
  • GOROSTERRAZU, P. Javier. Prólogo a la traducción de la Notitia Utriusque Vasconiae (Donostia, 1929) V-XV. or.
  • GOYHENEXHE, E. Le Pays Basque, 1979, 273-286. or.
  • IRIGARAY, A. "Oihenart, poeta", RIEV, XIX, 1928, 71-76. or.
  • JAURGAIN, J. "Arnault d'Oihenart et sa famille", in Revue du Béarn Navarre et Lannes 3, 1885, 169-220. or.
  • LAFITTE, P. L'art poetique Basque d'Arnaud d'Oyhenart, "Gure Herria", 1967.
  • LAFON, R. "Traduction française des poesies d'Oyhenart", Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletina, 1955, 3-39. or.
  • Notes sur la langue des Proverbes d'Oihenart, "Julio de Urquijori egindako omenaldia", I, 433. or.
  • MICHEL, F. Le Pays Basque, Paris, 1857.
  • MICHELENA, L. "Arnaut Oihenart". Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko buletina, 1953, 445-463. or.
  • Historia de la literatura vasca .Madril: 1960, 74-77 eta 173-174. or.
  • SAROIHANDY, J. "Oihenart contra Garibay y Morales". RIEV, 13, 1922, 448-455. or.
  • Doctrina gramatical de Oihenart. "Eusko Ikaskuntzen Hirugarren Kongresua", Donostia, 1923, o. 41.
  • VILLASANTE, L. Historia de la Literatura vasca . Bilbo: 1961, 86-89. or.