Monarkia eta noblezia

Joanes Labritekoa

Nafarroako errege ezkontidea (1484-1516) eta Tartaseko bizkondea.

Guraso izan zituen Bretainiako Frantziska Bloisekoa eta Alain Labritekoa. Azken hori noble frantsesa zen eta Labriteko jauna izateaz gain, Daxeko eta Tartaseko bizkondea eta Castreseko kondea ere bazen. Joanes 1477. urte inguruan jaio zen. 1481ean, oraindik adin txikikoa zela, amarengandik Limoges eta Perigord lurraldeak hartu zituen oinordetzan.

1484an, Katalina I.a Nafarroako erregina titularrarekin ezkondu zen Leskarreko katedralean, eta Joanes III.a Nafarroakoa errege ezkontide bihurtu zen. Nafarroako oinordekoarekin ezkondu izanak, hika-mikak sortu zituen Fernando "Katolikoaren" eta Frantziako Luis XI.aren artean: Frantziako erregeak nafar oinordekoa bere lehengusuarekin (Gaston Foixekoa) ezkondu nahi zuen. Fernandok, ordea, nafar monarkia eta Frantzia hurbiltzeko helburuz, Katalina Juanekin (Errege Katolikoen printze-oinordekoarekin) ezkontzen saiatu zen. Nafar gehienek gaztelar printzearekin ezkontzea nahi zuten. Beraz, erregeordetzak Frantziako monarkiaren presiopean Labrit leinuarekin ezkontza hitzartu zuenean. Errege ezkontide berriak ezinikusia sortu zien beaumondarrei. Errege-erreginei tronua hartzea galarazi zieten, eta koroatzea ezin izan zen 1494ra arte gauzatu.

Erreginak 13 eta 16 urte bitartean zituen ezkondu zenean, eta Labriteko Joanes are gazteagoa zen. Biak adinez txikikoak ziren bitartean, Jaime infantea erregeorde izan zen. 1486ko irailaren 24an, Joanesen aitak (Labriteko Alain) erresumako gaiak bere gain hartu zituen, Nafarroako gobernadore eta erregeorde gisa. Kanpoan emandako denboraldietan, bere anaia Avesneseko jaunak ordezkatu zuen, ordezkari militar karguarekin.

1491n, errege-erreginak Bearnon, Foixen, Bigorran eta Nebouzanen aitortuak izan ziren, baina oraindik ez zuten Nafarroan koroatzea lortu, hainbat saiakera egin bazituzten ere. Nafarroako erresuman, Leringo kondea beaumondarren buruak aurka egiten zien. Talde horrek gehiengoa osatzen zuen Gorteetan, eta Fernando "Katolikoaren" politikari lotutako interesak zituen. Horrez gain, erresuman garai hartan zehar emandako gatazken eragile nagusiak izan ziren. Gorteek errege-erreginak 1493ko abuztuaren 10ean Olitera bertara zitezela eskatu zuten; baina errege-erreginek ez zuten nahi izan, beaumondarrek jarreraz aldatzeko zain baitzeuden. Azkenik, errege-erreginen eta Leringo kondearen artean bake akordioa sinatu zuten, Fernandorekin onezkoak egitearen parekoa zena. Hala ere, hitzarmena sinatu arren, errege-erreginak urte bereko abenduaren 21ean Iruñeara iritsi zirenean, Leringo kondeak ateak itxita mantentzeko agindua eman zuen, eta errege-erreginek Eguesen erresumako hiriburutik gertu hartu behar izan zuten ostatu.

Aste batzuk igaro ostean, Katalina eta Joanes koroatu zituzten, 1494ko urtarrilaren 12an, Iruñeako katedralean. Labriteko Joanesek egindako juramentuan, baldintza hauek ezarri ziren: erregina hilko balitz, erege ezkontideak erresumaren gozamena mantenduko luke, alargun jarraitu bitartean. Gainera adinez txikiko oinordekoa Gorteek aukeratutako tutore batzuen ardurapean egongo litzateke, 21 urte bete arte.

Koroatzea Fernando "Katolikoaren" esku-hartzeari esker gauzatu zen. Ordainetan, Nafarroako errege-erreginak konpromisoa hartu zuten ez ziotela Gaztelakoa eta Aragoikoa ez zen inori erresumako lurretatik ez Bearnotik pasatzen utziko, eta, horrez gain, Ana beren alaba oinordekoa eta Errege Katolikoen semeren edo ilobaren batekin ezkonduko zutela. Semea izatekotan, halaber, Gaztelako erregearen oinordekoren batekin ezkondu beharko lukete.

Fernando "Katolikoarekin" hitzarmenak izenpetu egin arren, Leringo kondea eta beaumondarrak Nafarroako errege-erreginaren aurka matxinatu ziren berriro, gerretan monarkiari besterendu zitzaizkion ondasunak zirela eta. Erregeek gogor egin zieten aurre beaumondarrei, eta Errege-erregin Katolikoek gatazkan bitartekari izan ziren berriz ere. Nafar errege-erreginen eta Errege-erregin Katolikoen arteko negoziazioek Gaztelaren protektoratu bihurtu zuten Nafarroa, Leringo kondea Nafarroatik urrun mantentzearen truke. Katalina eta Joanes Gaztelako eraginetik libratu eta Frantziako monarkiara hurbiltzen saiatu baziren ere, ekimen guztiek Gaztelari fideltasuna zin egitera eramaten zituzten.

Erregealdiaren pasarterik garrantzitsuena Fernando "Katolikoak" Nafarroa armaz hartu zuenean gertatu zen. Fernandok 1512ko uztailaren 19an hasi zuen kanpaina, eta beraren soldaduak Iruñeara joan ziren lehenbizi, Albako dukea buru zutela eta Leringo kondeak lagunduta. Nafarroako errege-erreginek hiriburutik ihes egin behar izan zuten. Erregina eta haren seme-alabak Bearnon babestu ziren. Joanes, berriz, Irunberrin gorde zen, eta, bertan, erresistentziarako indarrak biltzen saiatu zen. Albako dukeak Iruñea hartu zuen uztailaren 25ean. Hurrengo egunetan, nafar errege-erreginak negoziaketak egiten saiatu ziren, Fernandok erresuma Gaztelako Koroan sartu nahi bazuen ere. Abuztuan, konkistaren jarduera militarrekin jarraitu zuten. Urtebete beranduago, Gomaresko markesak Nafarroako erregeorde gisa zin egin zuen Iruñeako Gorteetan, eta horrela berretsi zuen beranduago Fernando "Katolikoak".

Labriteko Joanes erresuma berreskuratzen saiatu zen behin baino gehiagotan, baita borroka armatua erabilita ere, 1512ko urrian. Azkeneko saiakera Nafarroako Pedro mariskalak zuzendu zuen, 1516an. Joanes Moneingo gazteluan hil zen, 1516ko ekainaren 17an, eta urtebete beranduago, bere emaztea, Katalina, Mont de Marsan-en.