Bestelakoak

Idittu

Gaueko jeinu honek hamaika izen ditu: iditxu, irel-suzko, ireltsu, ieltxu eta iratxo. Bizkaiko alde askotan ezaguna da. Gizaki formarekin agertu izan da zenbaitetan, eta asto edo ahari beltz gisa, beste noizbait. Hala ere, gehienetan, txerri itxura hartzen du, edo txoriarena, mokotik sua dariola. Gaueko iluntasunean sugarra ikusten badugu, idittu gertu dabilen seinale. Ustekabean agertzen da, izua eraginez. Ez da jeinu gaiztoa; baina, jakinaren minez norbait segika joaten bazaio, sakanetan, amildegietan eta bestelako toki arriskutsuetan barrena eramaten du. Jeinu hau haitzuloetan eta putzuetan bizi ohi da.

Erref. Jose Miguel de Barandiaran: Eusko-Folklore, 1921, XI; 2. seriea, 5. zk.; Resurrección Mª. Azkue: Euskalerriaren Yakintza, I, 361 or.