Kontalariak

Iturralde, Joxemari

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Jimu. Tolosa, 1951.

Joxemari Iturralde, "Jimu", idazle tolosarrak Filologia Erromanietako ikasketak egin zituen Iruñean. Ingeles irakaslea izan zen eta Ondarroan eman zituen irakasle-urteak. Ondoren, Euskara eta Euskal literatura Katedra lortu zuen 1985ean. Harrezkero Tolosako "Orixe" institutuan jardun du. Pintura abangoardistan ere ibilia da. Irakaskuntza-lanarekin batera, literaturari dagokionez, ipuina, itzulpena, musikarako testuak eta moldapenak, eleberria eta haur eta gazteentzako liburuak landu ditu. Joxemari Iturralde lan zabal baten egilea dugu gaur egun. Hala ere, lan literario nagusia eleberri arloan egin duela esan genezake. Euskal PEN klubaren presidenteordea da eta Baita argitaletxearen Emak Bakia proiektuan ere parte hartu zuen. Iturralderen artikulu ugari ditugu Zehar, Argia, Xaguxarra, Akademia sekretua, Gartziarena eta Euskaldunon Egunkaria... aldizkari eta argitalpenetan. Ruper Ordorika, Jabier Muguruza eta Alaitz eta Maider musikarientzako testuak prestatu izan ditu. Halaber, Xun-xume eta Hodei truk abesbatzentzako testu moldapenak egin ditu. Hegal-Arintxu moduko ikuskizunetan ere parte hartu izan du. 80ko hamarkadan literatura eta musika uztartzen zituen Henry Bengoa Inventarium ikuskizunean parte hartu zuen Atxaga eta Ruper Ordorikarekin batera.

Joxemari Iturraldek Bilboko Pott Bandaren eskutik eman zituen lehenengo urratsak literaturan, 1977az geroztik, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandiarekin batera. Horrela, Iturralderen lehenengo lanak Pott Bandak iraun zuen sasoikoak dira, baina banda desegin osteko urteetan ere badira haren lanak. Lehenengo sasoi horri dagozkio ipuingintzan egindako lanak, Pott Bandako kideen artean ohikoa izan zenez. Beharbada, Pott Bandarekin izan zuen lotura horrek eragin du Iturralderen lana behar bezala kontuan hartu ez izana; nolabait, Pott-eko kide izan ziren Atxaga eta Sarrionandiaren itzalean ikusi nahi izan baitute askok. Baina Iturraldek bere bidea egin du, baita bere garapena ere, Pott Bandaren prezeptu literarioetatik urrunduz. Iturraldek, hasieran genionez, lan zabala osatu du azken urteetan, diskretuki osatu ere.

Ipuingintzari bagagozkio, Dudular (1983, Erein) eta Pic-nic zuen arbasoekin (1985, Erein) izan ziren egilearen lehenbiziko argitalpenak. Bilduma horietan agertzen dira hainbat lehiaketatan saria jasotako ipuinak "Ene Ixabel maiteari gutuna martxoak 10ean natzan ohetik", Bilboko Ipuin erregaitzak lehiaketan 1. saria; "Dudular", Bilbo Hiria ipuin lehiaketan 1. saria; eta "Pic-nic zuen arbasoekin", Eusko Jaurlaritzaren Kirikiño ipuin lehiaketan 1. saria. Ipuingintzan Iturralderen lanak ikuspuntu asko landu ditu. Mundu ikuskera zabala erakusten du egilearen lanak. Horrela, Iturralderen begirada zorrotzak ipuinen sugestioaren bidez aurkitu zuen mundua azaltzeko modua. Beharbada Pott Bandako beste idazleen ipuingintza bezain kanonikoa izan gabe, Iturraldek aniztasunera jotzen du ipuinetan; besteak beste, honako gaiak dakarzkigute Iturralderen ipuinek: deserriratzea, giza-harremanetako gatazkak, sexuaren paradisua eta infernua, amodioak eta desamodioak, basamortua gaurko mundu zitalaren irudi gisa, munduaren kaosa eta noraeza, zibilizazioaren bidegabekeria, denbora aurrera joateak dakarren etsipena, balioen galtzea eta manipulazioaren eragina. "Hamasei urte bete nituenean hiriko argiak iraungi ziren" (1986, Eusko Jaurlaritzaren argitalpenak) eta "Erromesaren aztarna galdua" (1988, Bilboko Udala) narrazio saridunak eman ostean, 90eko hamarkada helduentzako ipuinak argitaratu gabe igarota, Nora noa? (2001, Erein) ipuin-bilduma etorri zen. Bertan, egileak bere ipuin onenen antologia eskaini zuen.

Iturralderen literaturan bigarren aro bat zabaldu zen ipuinak alde batera utzita eleberriari ekin zionean. Nafarroako artizarra (1984, Elkar) eleberria izan zen lehenengoa. Erdi Aroko Lizarra hirian gertatzen zen familia-istorioa dakar, eta nolabaiteko zubia edo trantsizioa dugu geroko trilogia sendoari ekiteko. Iturralderen trilogiako aleen izenburuak dira hain zuzen ere, Izua hemen (1989, Erein), Kilkirra eta Roulottea (1997, Erein) eta Euliak ez dira argazkietan azaltzen (2000, Erein). Eleberriokin plan luze bat bete zuen Iturraldek, gure azken urteotako historiaren gorabeherak oinarri dauzkan liburu sorta bat egitea, alegia. Liburu horiek Euskal Herriaren historia garaikidearen zati handia betetzen dute, gerra osteko garaitik gaur artekoa. Horietan guztietan sasoi historikoa garrantzitsua bada ere, liburuak ez dira eleberri historiko hutsak. Izan ere, errealismo ironikotik asko duten liburu horietan pertsonaien barne-izaera eta haien arteko harremana bihurtzen da ardatz. Ipuinetan ez bezala, Iturraldek eleberriotan mundu nahiko paraleloak eta hertsiak eraiki dituela esan genezake. Gogora ekarri behar da Izua hemen eleberriak Bizkaiko Aldundiaren saria eskuratu zuela, eta Kilkerra eta roulottea eleberri luzearen eskutik 1998ko Kritikaren Saria jaso zuela Iturraldek. Bestalde, Hyde Park-eko hizlaria (2006, Pamiela) eleberrian, oraingoz egilearen azken eleberria den horretan, oroimenaz eta oroimenaren arteko amildegiaz, Euskal Herriaz, bakardadeaz, bilaketa ororen alferrekotasunaz edo gure bizitzari zentzua ematen dioten istorio nahiz kontsignen hutsaltasunez hitz egiten digu.

Joxemari Iturraldek izenburu ugari eman ditu haur eta gazte literaturaren alorrean. Bere liburuetako zenbait pertsonaia, Risky esaterako, ezagun bihurtu da. Ezaugarri nagusi bi dituzte Iturralderen kontaketa horiek: asko eta asko Euskal Herritik kanpo gertatzen dira (London, Filipinak, Suedia), eta modernotasunari lotuak agertzen dira, gaurko gazteek dituzten arazoak gai gisa jorratzen dituzte eta. Alor horretako izenburuen artean honako hauek aipa ditzakegu: Zikoinen kabian sartuko naiz (1986, Pamiela), Londresen nago aitonarekin (1987, Erein), Ijitoak dauzkat nire etxean (1988, Pamiela), Bederatzi gutun t'erdi (1992, Erein), Filipinetan bizi den idazlearen kontuak (1993, Pamiela), Lau bizikleta urrutira joateko (1994, Erein), Sute handi bat ene bihotzean (1994, Pamiela), Lau zaldun (1995, Erein), Lehen amodio suedian (1998, Ibaizabal), Espaloiak biltzen (1998, Aizkorri), Marmoñike (2000, Elkar), Zak zikoina (2000, Elkar), Risky eta bere lagunak (2000, Elkar) Kaliforniako neskak (2000, Ibaizabal), Ke gorria botatzen zuen tximinia (2000, Gara), Riskyren Bihurrikeriak (2001, Elkar), Ni ez naiz umea! (2001, Erein), Risky zaude geldirik! (2001, Erein), Pikondoaren ondoan (2001, Gara), Poloniako lautada izoztuak (2001, Igela), Riskyren barrabaskeriak (2002, Elkar), Azken urtea lizeoan (2002, Ibaizabal), Lagun mexikarra (2002, Gara), Ni ez noa berriz Lourdesera (2003, Elkar), Amets baten barruko pilotua (2003, Gara), Santiago bidean (2007, Ibaizabal) eta Jack destripatzailea (2009, Ibaizabal)

Era berean, Iturraldek ahalegin handia egin du literatura unibertsaleko liburuak euskarara ekartzeko. Bere itzulpenak dira Hemingway-ren Agurea eta itsasoa (Elkar), Susan H. Hintonen Errebeldeak (Desclée/Alfaguara) eta Kaleko legea (Desclée/Alfaguara), Gianni Rodariren Makinaz idatzitako ipuinak (Desclée/Alfaguara), Roald Dahl-en Bakarka hegal egiten (Desclée/Alfaguara) eta Matilda (Desclée/Alfaguara), A. Martin/J. Riberaren Ez ezazu sardinarik eskatu garaiz kanpo (Desclée/Alfaguara), Christine Nöstlingerren Konrad (Desclée/Alfaguara), Ballingerren Kez egindako erretratua (Igela), Omar Khayamen Rubaiyatas (Ibaizabal) eta Martinez de Pisonen Bravo anaien altxorra (Elkar). Oraindik olerki libururik argitaratu ez duen arren, Iturraldek atzerriko aldizkarietan izengoitiz sinaturik idazten ditu olerkiak.