Monastegiak

Irantzuko monasterioa

Irantzuko Andre Maria monasterioa, Abartzuza udalerrian kokatua, Lizarrako barruti judizialaren barnean (Nafarroa). 1. 39' 04" eta 42° 45' 06" koordenatuetan kokatzen da, udalerriaren ekialdera eta hiriburuaren iparraldera, Urbasako mendilerroaren ingurumarian eta haren izena daraman ibaiaren ezkerreko aldean.

Bere jatorria ezin da zehaztasunez kokatu. Dena den, Antso Handiaren dokumentu apokrifo batean jadanik aipatu egiten da, 1027an. San Adrianen izenpean egon zen, baina Andre Maria izendapena gailendu zen. Antso Jakitunaren garaian, Nafarroan zistertar erreforma garapen betean zela, Jimeno Jurioren arabera, Irantzuko komunitate beneditarra ahuldu egin zen, desagertzeraino ahuldu ere. San Adrian eliza zaharra zutik geratzen zen artean. Pedro de Paris Iruñeko gotzainak monasterio berri bat sortu nahi zuen. Hala, Irantzuko eliza Nicolas anaiari eman zion dohaintzan. Sorrerari buruzko zehaztapena jasotzen duen dokumentua 1176koa da.

Iritsi ziren lehen monjeen arteko buru Frai Nicolas de Artajona zen. Erregearen eta gotzainen eskutik Irantzuren aldeko dohaintzak, lagapenak eta emakidak elkarren segidan iritsi ziren. 1180an Adriano III Aita Santuak monasterioaren alde apostoluen babesa bermatzen zuen bulda onartu zuen eta, zazpi urte beranduago, Gregorio VIII.ak eman zuen onarpena.

Monasterioaren ondarea areagotuz joan zen dohaintza eta erosketei esker. Hala, gotzainak Arteaga eta Anderatzeko elizak eman zituen dohaintzan. Eraul izeneko eremua zuzenean erosi zen urrezko 2.000 maraiko ordainduta. Errege berriak, Antso Indartsuak (1150-1234) Irantzu babesteko politikari eutsi zion. Orduan Garcia Fernandez zen apezpikua.

1246an Herceko mojak (Errioxa) monasterioaren jurisdikziopean ziren eta 1266an Lizarrako Salaseko Andre Mariakoak ere monasterioaren baitan ziren.

Aro Modernoan monasterioak gainbehera egin zuen, izurritearen eta Nafarroa astindu zuten gerra zibilen ondorioz.

Karlistak monasterioa babestearen alde azaldu ziren. Horri esker, monjeek monasterioan bizitzen jarraitu ahal izan zuten Mendizabalen desamortizazioaren ondotik ere. Hala ere, 1839an behin betikoz kanporatu zituzten eta monasterioa abandonaturik geratu zen. Horrela, eraistear zegoen, 1942an Vianako Printzea Instituzioa hura berriztatzeko lanetan hasi zen arte. 1943az geroztik monje Teatinoak dira monasterioko egoileak.

Irantzuko Andre Mariaren monasterioa Espainiako zistertar arkitekturako multzo adierazgarrienetako bat da. Monjeen egoitza 1176an berregituratu zen, berriro funtzionamenduan sar zedin. Iruñeko Pedro de Paris gotzainari zor zaio ahalegin hori. San Adriani eskainitako XI. mendeko beneditarren eraikin baten gainean ekin zitzaion berregituraketari. Ibilbide historiko konplexu baten ondotik, XX. mendearen hastapenean Irantzu erortzeko zorian zegoen, hein handi batean. 1942an Vianako Printzea Instituzioak monasterioa berritzeari ekin zion.

Irantzuko monasterioan egitura zabala dago, elizaren inguruan garatzen dena. Hainbat atari, harresi eta errefektorio daude. Horrek multzoak Erdi Aroan izan zuen dirdira erakusten du. Bere oinari eta altxaerei so, borgoinar jatorriko zistertar ereduak datoz oroimenera.

Monasterio-elizaren oinak hiru nabe luzatu hartzen ditu. Horietan erdikoa da zabalena eta handiena. Nabe horietako bakoitza gurutzadurara arte luzatzen diren bost tramuz banatzen da. Gurutzaduraren gainetik goiburu zuzena dago. Hori ere hiru zatitan egituratua. Egitura konplexu horren altxaerak formaren aldetiko handitasuna eta zistertar erako dekorazioa ditu ezaugarritzat. Barnealdeko nabeetako hormak zutabe irtenen gainean sostengatzen diren arku zorrotzen bidez altxatzen dira. Zutabe horien pisuari eutsiz sekzio prismatikoko pilare handiak daude. Goiburuan hiru arku zorrotz zabaltzen dira eta gurutzadura sekzio erdiko zutabetatik abiatzen da. Hala goiburuan nola erdiko nabean punta zorrotzeko leihoak eta erdi-puntukoak tartekatzen dira. Erdiko nabeko estalkia eta alboetako kaperetakoa zistertar estiloko eredukoa da. Hala, parpain-arku sendotik abiatzen diren gurutze-gangaz egituratzen da aipatu estalkia. Goiburuak hiru zati ditu. Zati guztiak antzeko gurutze-gangaz estaltzen dira, hiru bozeleko nerbioz hornituak.

Multzo guztian zistertar dekorazioaren handitasuna gailentzen da. Soilik, egiturazkoak diren motiboen gainean, apaindurazko motiboak ikus daitezke pilareetatik ateratzen diren zutabe-erdien kapiteletan. Zistertar estiloaren tipologiari jarraiki, kapitelak landaretza-motiboz apaintzen dira.

Klaustroa arkitekturako arrandia dela esan daiteke, bere originaltasunari eta altxaerari so. XII. mendearen amaiera aldekoa da eta abadeen elizak duen eraikuntza-estiloari jarraitzen dio, nahiz eta hartako obrak ez ziren XIV. mendera arte amaitu. XII. mendeko eraikuntza zaharretik mendebaldeko eta ekialdeko zatiak mantentzen dira. Baita iparraldekoaren zati bat ere. Klaustroaren oina karratua da, originala, izan ere, aldeetako bakarrak ere ez du egitura simetrikoa. Ekialdeko hegalean zortzi arku-multzo zabaltzen dira, mendebaldean zazpi eta sei ipar eta hegoaldeko alboetan. Arku-multzoen sistema konplexu hori kontrahorma prismatiko sendoen bidez egituratzen da. Iparraldeko zatia da antzinakoena eta ez du besteen egitura bera; erdi-puntuko bi arkuetan dago aldea, ojiba-arku handi batean barneratzen direnak. Gainerako aldeetan, barnealdeko arkuak ez dira erdi-puntukoak, baizik eta ojiba-arkuak. Barnealdeko arkupe horien eskema hormarte guztietan errepikatzen da, hiru gingileko formekin, zeintzuen gainean lauzpabost gingileko arrosa-leiho txiki bat altxatzen den. Arkupearen goialdean, horien gainetik altxatzen den ojiba-arkuaren azpian, arrosa-leiho handiago bat dago.

Klaustroaren galeriak hartzen duen perimetroa gurutze-ganga batekin estaltzen da. Zati zaharrenei dagozkienak bozel hirukoitzez errematatzen dira eta XIV. mendearen amaierakoak, aldiz, lerronahasiko forma duten bozelez. Gangetako giltzarriak motibo historiatu, geometriko eta zoomorfo ugariz apainduta daude. Gehienetan giza esku eta buruak ageri dira. Horrez gain, arkume mistikoaren irudikapena, izarrak eta puntak. Klaustroko pilaretan kokatzen diren kapiteletako apaindura ere oso aberatsa da. Horiei beha klaustroak hastapenetik (XII. mende) amaitu zen arte (XIV. mendea) izan zuen bilakaera estilistikoa ikus daiteke.

Iparraldeko hegalean eta ekialde nahiz mendebaldeko hegaletako lehen zatietan zistertar tradizioko kapitelak daude. Horietan landare apaingarriak ikus daitezke, animalia eta pertsonaien eszena paregabeekin tartekatuta. Kapitel historiatuetan lehian diren animalien eszena fantastikoak eta gorputz-jarrera ezinezkoetan ageri diren irudiak ikus daitezke, kutsu erromanikokoak. XIII. mendean zehar eraikitako arku-multzoetan kapitelak motibo zoomorfo eta landarez apaintzen dira, naturalismo gehiagoko formetarantz jotzen dutenak. XIV. mendeko arkuteriari so, landarez apaindutako kapitelen bilakaera gotikoa antzematen da, erliebean ageri diren animalien eszenekin tartekatzen direnak.

Abadetza-multzoak beste hainbat dependentzia barneratzen ditu. Kapitulu-gela klaustroaren ekialdeko aldean kokatzen da. Elizaren eta klaustroko zati baten garaikidea da, hots, XII. mendearen amaierakoa. Arkitektura-tipologia zistertarrean kokatu behar da. Bertara sartzeko erdi-puntuko portada bat igaro behar da. Gelak oin angeluzuzena dauka eta haren gainean sei zatiko gurutze-ganga bat altxatzen da. Ganga horretako arkuak sekzio zirkularreko zutabe bertikal bikoitzetan sostengatzen dira. Zutabetako kapitelak ez daude gehiegi apainduta. Bolak, zerbak eta forma geometriko soil batzuk baino ez dira ageri. Gelaren aurrealdeko horman erdi-puntuko sarrera-ate bat dago, dobela nabarmenak dituena. Atearen alde banatan erdi-puntuko txaranbeldu bi leiho daude; leiho horien egitura lau arkiboltaz osatzen da, landaretza irudiz hornitutako kapiteldun zutabetxo zilindrikoetan sostengatzen direnak.

Abadetzako sukaldea barrutiaren hegoaldeko zonaldean dago eta XIII. mendearen hastapenekoa da. Tamaina handiko oin karratua du. Bertan tximinia dago, lau arku zorrotz sendoren gainean. Hain zuzen, tximinia hori da monasterioaren berezitasun arkitektonikoetako bat. Handia da eta, arestian esan bezala, sukaldearen erdian dago, lau arku zorrotz sendo eta alakaturen gainean, zutabe txiki batzuetatik abiatzen direnak. Tximiniaren inguruan, sukaldeko estalkia zortzi zatitan banatutako gurutze-gangaz osatzen da. Ganga horien parpain-arku sendoak sekzio erdizirkularreko mentsuletan sostengatzen dira. Gangetako giltzarriak nahiz tximiniari batuta dauden mentsulak eta ertzetako kapitelak zistertar errepertorio anitz batez apainduta daude, landaretza-motiboz eta motibo geometrikoz osatua. Kanpoaldera beha, sukaldea harlanduzko egitura arranditsu modura agertzen da. Bertako murruak kontrahorma sendoen segida batez egituratzen dira. Sukaldea gorputz bikoitzean egituratzen da, dinteldun erdi-puntuko leihoz hornituta. Sukaldearen sabaian tximinia kanporantz irteten dela antzeman daiteke. Kanporako irtengune hori kapitel luze bat da, zeinaren gainean erdi-puntuko arkuz osaturiko gorputz bat altxatzen den, piramide forman amaitzen dena. Sukaldeak eta baratzak lotura estua zuten, hori dela eta, sukaldetik monasterioko baratzerako sarbidea zegoen, kainoi erdiko gangaz estalitako tramu bat, alegia.

Errefektorioa ere multzoaren hegoaldean kokatzen da. XIII. mendearen hastapenean eraikitzen hasi baziren ere, XVII. mendean hainbat berrikuntza jasan zituen, Miguel Marin de Iturmendiren eskutik. Kanpoaldetik errefektorioa oin angeluzuzeneko eraikin sinple gisa bistaratzen da. Erdi-puntuko arkuz egituratutako harlanduzko zokalo baten gainetik adreiluzko bi gorputz eta dinteldun leihoak altxatzen dira. Errefektorioan portada mantentzen da, klaustrotik sarbidea duena; XIII. mendearen amaierako portada gotikoa da, bozelez hornitutako lau arkiboltekin turuta forma hartzen duen arku zorrotz bat duena; portada horretako kapitelak orbel-motibo sinplez apaindurik daude.

Abade-etxea da monasterioko beste gela bat. Jatorriz XIII. mendekoa bada ere, garai barrokoan hainbat berrikuntza jasan zituen. Monasterioko fatxada nagusiaren atzealdean kokatzen da. Aipatu etxearen fatxada harlanduzko bi gorputzetan banatzen da. Lehena erdi-puntuko baoen inguruan egituratzen da. Goiko solairuan dinteldun leihoak agertzen dira simetrikoki paratuta. Sarrera-ataria XIII. mendekoa da, arkiboltaz hornitutako arku zorrotza mantentzen da oraindik, eta baita orbel-motiboz apaindutako kapitelak ere, zutabetxoetan sostengatzen direnak.

Abade-kantina multzoaren mendebaldean kokatzen da. Lau zatitan banatutako oin angeluzuzena dauka eta XIII. mendean eraiki zen, beste dependentzia batzuk bezalaxe. Estalkia sekzio zorrotzeko parpain-arku sendoen gainean altxatzen da. Kanpoaldetik kontrahorma sendoz indarturik dago. Kontrahorma horien artean hiru arku zorrotz kokatzen dira, hosto-motiboz apaindutako mentsuletan eutsirik. Arku horietako baten gainetik XIII. mendeko portada dago, klaustrotik sartzekoa. Forma zorrotzekoa da, elkarren segidako bozeldun lau arkibolta ditu eta horien bidez forma txaranbeldua hartzen du. Arkibolta horiek animalia- eta orbel-motiboz apaindutako kapiteletan sostengatzen dira.

Monasterioko azken dependentzia multzoaren ekialdeko zonaldean kokatutako ermita da. Monasterioaren antzera egituratzen da eta XIII. mendearen hastapenekoa da. Zistertar erara modelatua dago eta badu antzekotasunik Olivako monasterioko dependentziaren batekin. Oin angeluzuzeneko nabe bat du, goiburu erdizirkularrera arte luzatzen dena. Ermita gurutze-ganga bidez estaltzen da, pentagonalki paratutako nerbio sendoz hornitua. Ganga horien pisua mentsula erdizirkularren bidez sostengatzen da. Mentsula horiek zistertar estiloko landaretza-motiboz apainduta daude. Monasterioa berriztatu zenean, bertako dependentzia zabalak arkitektura-jatorri ezberdineko pieza ugari gordetzeko baliatu ziren. Hilarriak ikus daitezke, baita zutabe zatiak ere, esate baterako, harroin eta kapitel dekoratuak. Horrez gain, ganga-giltzarriak eta baita arkuak ere, klaustroko hormartean zehar ageri direnak. Dena den, aztarna horiek Nafarroako Museora eraman ziren. Barrutiaren sarbidean dagoen bidegurutzean guruztoki bat dago, platereskoa, 1550 ingurukoa.

p>FGN 2002

Libro de las peytas et coylaços del monasterio de Yrançu edo Libro Rubro de Iranzu delakoa 54 pergamino-orritako eskuizkribu txiki bat da, Madrileko Artxibategi Historiko Nazionalean dagoena. Irantzun izandako sutetik eta Lizarrako San Francisco komentutik jasotako dokumentazio urriarekin batera, aipatu liburua da monasterioaren historiari dagokion iturri nagusia. Jose Maria Jimeno Juriok transkribatu eta argitaratu zuen Vianako Printzea aldizkarian (1970, 120-121. zenb, 224-269. or.) Ikertzaile horrek 1257an datatu zuen obra horretako ale nagusia.