Kontzeptua

Foruak

"Foru" esapidea izendapen generikoa izan eta, beraz, esanahi asko dituena -polisemikoa- bada ere, hitz horrek gorde du, jatorri erromatarrean duen etimologiari erreparatuz, adiera bakar bat: forum delakoa edo justizia-lekua, gero latin arruntean forus bihurtuko dena. Forus hitzetik etorriko dira gaztelaniako "fuero" eta frantseseko "for" bertsioak. Biak asmo juridiko berdinerako erabili dira, hau da, euskal lurraldeetan indarrean zen zuzenbidearen konpilazioak izendatzeko, hala espainiar subiranotasunaren menpekoetan, nola frantziarraren menpekoetan -"fors de Bearn" eta "fors de Navarre"-, azken horietan esapidearen asmo juridikoa jadanik desagertu bada ere. Frantzian, barne-forua aplikatzeko xedea adierazteko erabiliko da, jarduera beraren justizia-gune gisa ulertuz bakarrik.

Justizia egiteko toki publiko gisa duen adiera bakarrera jo behar da "fuero" edo "for" terminoaren esanahia osorik ulertu ahal izateko. Gaztelako zuzenbidearen arabera eta Partidek diotenez (1, 2, 7), "foruak", beste ezer baino lehen, herritar orok ezagutzen duen orden komuna adierazten du:

E por ende a este nombre Fuero: porque no se deue dezir, ni mostrar escondidamente más por las plaças, e por los otros lugares, a quienquier que lo quisiere oyr. E los antiguos pusieron en latín forum, por el mercado do se ayuntan los omes a comprar y a vender sus cosas: e deste lugar tomó este nome Fuero quanto en España, que assí como el mercado se faze publicamente: assí ha de ser el fuero paladino e manifiesto.

Forua existitzen da, beraz, giza komunitate batek beretzat erabaki duen ordenamendu juridiko gisa batetik, eta bestetik, behar-beharrez, ohituraren sakonera ilunetik argitara atera den arau moduan batetik eta, bigarrenik, indarra duen zuzenbidetzat errekonozitu dutelako berau aplikatzeko edo aplikarazteko ahala dutenek, ahal edo botere horrek duen jatorria, herritarra edo absolutua, ezein izanik ere. Foru hitzak duen oinarrizko kontzepzio horrek argitzen du zergatik isuri diren hainbat adiera abiapuntu horretatik, esate baterako historian "pribilegioarena", komunitate baten berezko ordenamendua den aldetik, besteenetatik desberdintzen baitu, besteena izan partikularra ere edo gizarte jakin oso bati aplikatzen zaion orokorra. Ezaugarri bereiztaile berbera agertzen da gaur egun ere "foru" hitza norbaiti aplikatu beharreko zuzenbide berezia adierazteko eta jurisdikzio-egoitza jakin bat zehazteko erabiltzen denean.

Alor juridikoan eraginkorra den "foruaren" esanahi horretatik beste hainbat sortzen dira, zuzenbidearekin lotuak baina modu ez hain zorrotzean, karga ideologiko eta politikoak gain hartzen baitio. Horrela, irudi anitz edo arau berezien multzoaren ikur bailiran agertzen dira "foruak", Espainiako eremu politikoan autonomotzat jo den kolektibitate bateko kideak, tradizioz eta gutxi edo gehiago, beraien artean erlazionatzeko izan duten modu iraunkorra adierazteko. Arau-berezitasun horiek jasotzen dute "foru" izena, arau komunetatik bereizteko, azken horiek, hain zuzen ere, beren indarra eta egungo egituraketa ez baitute herritik hartu eta ez baitira denbora ez jakin batean sortu; aitzitik, foruak ez bezala, erabaki administratibo zehatz eta epe jakin batean hartutakotik etorritakoak dira.

Horrela ulertuta, bereizitako erlazio juridikoen ordenamendu gisa eraikitzen da foraltasuna eta, ondoren, ordenamendu hura, aplikatzen den tokiko kolektibitateak berea duen kulturaren irudi gisa mamitzen da; bestalde, zuzenbidearen errealitatera sendo atxikiz beti, konstituzio politikoan txertatuko da.

Aipatu diren bi elementuetatik, hau da, berezitasunetik eta giza muin bati obeditzetik abiatuz, ezein foruren bizitza erraz azaltzen da: bere sorrera, arau-edukia eta gorabeherak.

Bere filiazioa (udala, estamentua, probintzia edo herrialdea dela) eta baliozkotzen duen agintaria (erregea, jauna edo nazioa dela) ezein izanik ere, gune geografiko jakin batean gertatzen diren erlazio juridiko oro egituratzeko araudi-eskeleto gisa aritzeko sortzen da forua. Horren helburua ez da erlazio juridiko guztiak arautzea, foruan bertan gorpuzten diren beste iturriekin batera bizi baita (ahoz aho jasotako ohiturak, lege orokorrak eta epaileen epaiak); foruaren helburua da multzo osoa modu zehatz batean antolatzeko behar diren arauak ematea, gizartean nagusi den edo diren taldeen borondatearen arabera. Horregatik, koiunturazko egoera politiko eta sozial berezietan pizten da borondate hura sendotzeko interesa, bereziki haren aurkako erasoa gertatzean edo aldekoak zaizkion inguruabarrak biltzen direnean. Euskal Herriari dagokionez, eta kasua ez da batere berezia, foruak sortzearen aldeko inguruabarren koiuntura tipikoak eman ziren udal-foruak sortzeko eta, aitzitik, estamentuen eta lurraldeen foruak testuetan zehazteko foruen aurkako mehatxuek zerikusirik izan zuten.

Euskal berezitasuna, beraz, ez da foruak egiteko moduan topatzen, Gaztelako erreinuan eta beste lurralde-entitateetan egiten zen parekoa baita, baizik eta, lehenik, eduki berezian dago eta, bigarrenik, garrantzizkoagoa oraindik, lortu duen iraupenean dago, moldaketa batzuk jasan arren, mendez mende iraun baitu gaurdaino. Eduki hori azaltzeko, eta euskal foruen ezaugarria mendez mende iraunarazi izana denez, tokiaren araberako bertsioan hartuko ditugu, hau da, probintzien esparruan, hor denboraz mugatu baitaitezke eta, azken batean, esparru horrekin bat egin izan baitu "foru" terminoak.

Euskal lurralde desberdinek beren eremua antolatzeko egituretan izan dituzten desberdintasunak saihestuz, eta zein erakunde politikoaren itzalpean zeuden ere kontuan hartu gabe, erlazio juridiko publikoei eta pribatuei buruzko ordenamenduak, lurralde guztietan, badu funts komun bat, zeina hartuko den irudi kultural bihurtzeko erreferentzi oinarri. Mami komun hori hainbat berezitasunek osatzen dute, funtsean bi kontzeptu hauen gainean eraiki direlarik: pertsonaren estatutu juridikoa errespetatzearen eta izaeraz ordain bidezkoa den pribilegioaren gainean; azken horren bidez sendotu zen kolektibitatearen eta monarkiaren arteko lotura.

Kaparetasuna

Jatorrian, 1527. urtean, gipuzkoarrei eta bizkaitarrei bakarrik errekonozitu zitzaien izatez kapare zirela; alabaina, kapare-estatutuak ematen zituen aldeko ondorioak, XIX. mendean ondo sartu bitartean iraun zutenak, euskal lurralde guztietako biztanle ororengana zabaldu ziren, bide batetik edo bestetik. Erakundearen goren puntua aztertu behar da, ordurako, XVII. mendearen erdialdera, doktrina juridikoak jaurtiak baitzituen pentsamendu politikora haren defentsa eraginkorra burutzeko argudioak, gerora hura iraunarazteko balio izan dutenak.

Data horietan, jadanik, pertsonen aldeko ondorioek -hala nola, tregoan sartzea, elkarren arteko irainak desafioz konpontzea, zorren ondorioz kartzelaratuak ez izatea eta tormenturik ez jasatea- atzera egiten dute garrantzi politiko gehiago hartu zuten kolektibitate osoaren aldeko ondorioen aurrean, esate baterako tributuak ordaintzeko modu arinagoa, borrokatzeko modu abantailatsuagoa, merkataritzarako askatasuna eta kargu publikoetan aritzeko erreserba. Batzuk zein besteak, pertsonalak eta kolektiboak, nobleziari tradizioz zegozkion eskubide eta betebeharretan txertatzen dira. Eskubide eta betebehar horiek, geruza hierarkikoz osatutako gizartean "hoberenentzat" gordetako funtzio gorenei atxikita daude: gizartea borroka bidez defendatzea, buruzagi politikoari aholkuak ematea eta sor daitezkeen barne-gatazka oro judizio bidez ebaztea. Hau da, basailu feudalari zegozkion auxilium et consilium delako eskumena osatzen duten funtzioak dira haiek. Funtzio horiek nobleen azpiko kondizioa duten subjektuek betetzeak ez du eraginik funtzioaren eta estatutuaren arteko erlazioan, izan ere funtzioa betetzeak noble-izaera eskuratzea bideratzen du eta, beraz, nobleen estatutuaz gozatzea ere. Doktrinaren arabera, eskuratze hori, berez, ez da ex novo gertatzen, zerbait errekuperatzea dela ulertzen baita, hau da, subjektuak portaera bertutetsua izateagatik eta berriz noble bihurtzeko pribilegio zehatz eta nabariaren bidez, aurreko arbasoek noizbait galdu zuten noblezia berreskuratzen da.

Baina, bada funtsezko desberdintasun bat eskuratutako edo pribilegiozko nobleziaren eta jatorrizko edo funtsezkoaren artean: lehena subiranoaren graziaz lortzen da, emateko eta kentzeko pribilegio baitu hark, eta bigarrena, aldiz, ezeztaezina da. Horregatik, noble izateak aldeko dituen eraginei eusteko egiten den defentsan, pentsamendu politikoak eta euskal erakundeek hausnartzen dituzten arrazoien artean, bada argudio erabakitzaile bat, hain zuzen ere hau: jatorrizko kaparetasuna odoletik dator. Hasiera batean, "hoberena" izatea merezimendu bat denez, norbaitek bere bertutez lortzen duena, noble-kondizio hori gero familiari transmititzeak egoera hari balioa gutxitzen dio; merezimendua eta oinordetza bidezko sistema bat etor zitezen, bertute hura, pertsonen beste ezaugarri atabikoak bezala, odolez transmititu eta perfekzionatzen dela ulertuko da.

Odolezko nobleziaren argudioa da foru berezitasunek, hau da, erlazio juridiko desberdinduen ordenamendu gisa foruek duten lehen euskarria. Baina argudio horrek, pribilegioaren eragozpena luzarorako saihesteko, ezinbesteko du frogatzea, teoria historiko egokien bidez (tubalismoa, kantabrismoa, eta abar), jatorrizko askatasunari mendeetan zehar eutsi zaiola, ezein kanpoko botere politikoak inoiz gutxitu izan gabe; horrela bada, noblezia inoiz galdu ez denez eta plebeio edo morrontza egoerara etorri izan arren, ez dago garbitu beharreko orbanarik subiranoak noblezia itzultzen duenean. Etenik gabeko askatasun eta nobleziaren ideiak -juridikoki kaparetasun unibertsal moduan eraikiak-, doktrina politikoan, giltzarria ematen dio Koroarekin egindako itunaren teoriari, izan ere euskaldunak askeak eta nobleak zirelako zuten ahalmena aitzinean erregearenganako leialtasunaren baldintzak ituntzeko. Horrek, pertsonei buruzko estatutu juridikotik haratago, foru-berezitasunen bigarren euskarrira eramaten gaitu: kolektibitatearen eta monarkiaren arteko lotura sendotzeko izaeraz ordain bidezkoa den pribilegiora.

Monarkiara lotzea

Pribilegioek, benetan gozatzen diren bitartean, eskuratutakotzat jotzen diren eskubideak sortzen dituzte eta, beraz, horiek ordenamendu juridiko positiboan sartzen dira. Baina, kontratuzko itun edo pribilegio bidez, hau da, zerbitzuen truke emanak eta ezarriak izan badira, doktrinak ulertzen duenez, zuzenbide naturaleko egoera juridikoak dira. Kasu honetan, zuzenbide natural hori eta ordenamendu juridiko positiboa bat datozenez, egoera juridiko horien bidez eskuratutako eskubideek, subiranoak bere aldetik urratzen dituen kasuen aurrean, bi aldetatik lortzen dute babesa: potestas arrunta baliatzearen bidetik, zuzenbide positiboan txertatuta daudelako eta, batik bat, apartekoa edo absolutua baliatzearen bidetik, ordenamendu naturalekoak direlako. Bigarren bide horretan, monarkak contra ius joateko aukerarik badu, baina lantegia zaildu egiten zaio erabakia arrazoitu behar duen heinean: eskuratutako eskubidea urratzen duen agintza legitimoa izango da baldin eta bidezko kausarik, onura publikoko arrazoirik edo desleialtasunik balego. Finean, hainbat arazo ituna hitzartuz bideratzeko agertzen dira pribilegioa emanez lege orokorrak saihesteko monarkak duen gaitasuna eta itundutakoa errespetatu beharra; subiranoak arbitrarioki pribilegioak ezin atzera bota, doakoak ez baina izaeraz ordain bidezkoak izatetik dator.

Foru-berezitasunak pribilegioaren kontzeptu horren babesean daude, emandako edo emango diren zerbitzuen fruitu baitira. Jatorrian, jaun berri bati -Gaztelakoari eta bere leinuari- leialtasuna eskaintzetik sortutako zerbitzuak dira. Ordainean, indarrean den zuzenbidea errespetatuko da, garaiko printzipio orokorraren arabera, leialtasuna jasotzen zuen monarka orori hau eskatzen baitzitzaion: indarrean zen ordenamendu juridikoa errespetatzea eta errespetaraztea, hura gizakien eta monarka beraren borondatearen gainetik dagoelako eta zuzenbidearen aurrean desberdinak izatean oinarritzen delako. Gaztelako jaun berria oinordetzaz izateak -Bizkaiko Jaunaren kasuan-, aurreko jaun nafarrarekin lotura apurtzeaz izateak -Araba eta Gipuzkoaren kasuan-, edo konkista militarra legitimatzeko Aita Santuak feudoa ematearen ondorioz izateak -Nafarroaren kasuan- ez du zertan aldatzen eskubideak sorrarazten dituen egintza, hau da, leialtasun kontratua; berau, lurraldeak gehitzeko bide posibleetako bat zela jotzen zen garaiko nazioarteko zuzenbidean, horren arabera zuzena.

Jatorrizko lotura-hitzarmena ezarri ostean, foru-berezitasunak bizirik iraungo dute, indarrean den ordena errespetatu beharrari buruzko printzipio orokorraren arabera eta, gainera, beste aparteko obligazioen arabera, zeinak bereziki sortu diren zerbitzuak betetzeagatik; guztiak, lehenago edo beranduago, lurraldeen arabera, arau-testuetan gorpuztuko dira eta, azkenean, Foruak izenez ezagutuak izango dira. Ermandadea arautzeko Erdi Aroko testuetan zehaztuko dira, lehenik, izaera penaleko arauekin eta, gero, egituraketa politikoa ere jasotzeko arauekin. Araban, 1761ean "Cuaderno de Ordenanzas" delakoan bilduko dira; Gipuzkoan, berriz, 1696ko "Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, buenos usos y costumbres, Leyes y Ordenanzas de Guipúzcoa" delakoan; eta Bizkaian 1630eko "Concordia entre Villas y Tierra Llana" delakoak osatuko du bilduma. Garrantzi handiagoa dute, eduki juridiko anitza izan eta erlazio pertsonal pribatuak ere arautzen dituztelako, beste foru-testu batzuk: Bizkaian emandako bi Foru, Lur Lauaren Foru Zaharra, 1452koa, eta Foru Berria, 1526koa, izenez "El Fuero, Privilegios, Franquezas y Libertades del Señorío de Vizcaya" delakoa; eta Nafarroako Foru Orokorra, izan dituen hainbat bertsiotan, 1528ko "fuero reducido" gisa ezagutzen denetik, 1686an argitaratutakoraino.

Noble-estatutuak emandako pribilegioetan sustraitu eta ondoren hartutako hitzarmen bidez behin eta berriz zehaztuta -bi alderdientzat, funtsean, jatorriko itun feudalaren berrespenak izanik-, foru-berezitasunek arazo larririk gabe iraungo dute, beti ere oinarrian dagoen zuzenbidearen aurrean desberdinak izateko printzipioa, orokorrean eta baliatzeko moduan, aldatzen ez den bitartean. Areago, ondoren, horiek justifikatzeko oinarriak beste batzuk direnean ere: konstituzio barruan foruak errekonozitzea. Har ditzagun funtsezkoenak: jurisdikzio-jardunari buruzkoak, merkataritzarako askatasuna, zamak, eta jabetza jaraunsletza bidez eskualdatzea.

Jurisdikzio-eskumena

Forudunek jurisdikzioa baliatzeko duten gaitasuna "errepublika" izatetik hartzen dute, hau da, beren burua orden juridiko propioaren arabera gobernatzen duten gorputz politiko izatetik. Erdi Aroan ohikoa zen udal-jatorria baliatuz osatu zuten gorputz hori euskal udalek eta horiek eratutako elkarteek, denboran iraunaraziz. Aldiz, beste lekuetan, erregearen botereak lehenik eta liberalismoak gero, piramide hierarkiko baten oinarri bihurtu zituzten erakunde haiek, buru baten menpe jarriz.

"Errepublika" horiek, beren autonomia baliatzeko, hau da, gizartea gobernatzen duen orden naturalari eusteko zeregina duten korporazio gisa beren funtzioa betetzeko, jurisdikzioa bere lurraldean baliatzeko eskumena zeukaten, kontuan hartu gabe eskumen hori ote zen jatorriz eskuratua, Antzinako Erregimenaren amaiera arte defendatzen zenez, edo delegazio bidez eskuratua, hau da, emana eta errebokatua izan daitekeena; botere publikoari buruzko ideia monistak zabaldu heinean, azken kontzepzio hori gailenduko da.

Jurisdikzio-eskumena, garai horretan, hiru ahalmenek osatzen dute: arauak eta estatutuak egitea, magistraturak osatzea eta epaitzea. Lehenaren arabera, denboraz sendotutako orden juridiko tradizionala sortuko da, goiko aginte politikoarengandik jasotako ordenarekin batera biziko dena. Orden tradizional hori osatuko dute: lekuan sustraitutako ohiturek, gobernu onaren arauek, erregeak edo jaunak emandako pribilegioek, eta tokiko auzitegien usadio eta praktikatik eskuratutako eskubideek. Adierazitako ezein forma erabiliz komunitateak berak -auzoko biltzarrean eta ermandadeko edo probintziako batzarrean- beretzat ezarritakoak izanik, komunitateko sentipenaren arabera, orden juridikoa jasoko duen giza taldearentzat zuzena eta egokiena zer den zehazteko adierazpidea dela ulertu daiteke. Magistraturak eratzeko ahalmenaren arabera, auzokideek edo probintziako batzarreko ordezkariek hautatuko dituzte kargu publikoak, nola hautatzen diren kontuan hartu gabe, izan ere hautatzeko moduak aldatzen joango baitira denboraren poderioz besterik gabe, eta komunitate politikoaren osaeraren eta bere baitan suertatzen diren botere-jokoen ondorioz emango diren hainbat inguruabarren eraginez.

Jurisdikzioa egikaritzeko ezinbesteko giltzarri izango da epailetza bat izatea hainbat menderen zehar, batetik, herri-epaile bat izendatuz -ohiko alkatea- eta, bestetik, ermandadeko jurisdikzioa -finean aldundian geratuko dena- antolatuz, horiek gabe arauak emateko eta epaitzeko gaitasuna duten ofizialak izendatzeko ahalmenek zentzua galdu eta goitik behera etorriko bailirateke. Euskal eremuan, gainerako erreinuarentzat historiografiak emandako bertsio orokorra ezin da onartu, hain zuzen korrejidoreak, erregearen delegatu gisa, toki-entitateen jurisdikzioa berriz hartu zuela bere gain. Zalantzarik ez da serio eta sistematikoki mehatxatu zuela eta, egiaz, murriztu ere egin zuela, baina horrek ez du esan nahi behin betiko haien lekua hartu zuenik, ez praktikan ez letran, besteak beste foru-erakundeak beraiek egindako defentsa irmoaren ondorioz. Defentsa iraunkor horren arabera, jurisdikzioari eutsi ahal izan zaio administrazio-gaietan eta ordena publikoa ezartzeari buruzkoetan ere, foru-erregimen betea kendu eta kontzertu ekonomikoen erregimen mugatuaz geroztik ere.

Merkataritzarako askatasuna

Merkataritzan aritzeko askatasunari buruz inolako defentsa beharrik ez zen azaleratu XVIII. mende hasiera arte, orduan hasi baitzen gobernua euskal aduana-sistema erreformatzeko prozesua zehazten, aduanako eskubideak ordaintzeko irekitasuna baliatuz, tradiziozkoa zena, hainbat abusu burutu zirela argudio gisa funtsean jarriz. Arazoaren abiapuntua 1717ko dekretuan eta bere ondorioz adostutako 1727 eta 1748ko hitzarmen edo kapitulazioetan kokatzen da, gobernuak horien arabera aduanak kostan eta lurrez Frantziako mugan izatea errenuntziatzen baitu, aurretik 1717an barrutik kostara eta Frantziaren mugara aldatuak izan ostean. Hitzarmen horiek Foruetan jasotako merkataritza-askatasun zaharra berresten dute, eta sendotzen, batetik, praktikan ia erabateko exentzioa aduana-eskubideei buruz eta, bestetik, foru-agintarien eskumena gai hartan jurisdikzioa egikaritzeko lehen instantzian, horren ordez aritu behar badu ere polizia-lanetan eta kontrabandoaren aurkako zereginetan, bereziki tabakoaren kontrabandoaren atzetik, euskal lurretatik barrena Espainiako gainerako lurraldeetara irits ez dadin. Azken betebehar hori ustez ez bete izana leporatuz hitz egiten da abusuaz: "errenta eta eskubide errealetan abusuak edo maulak" eta "hura babesteko eta defendatzeko agintaritza eta jurisdikzio bidezko abusuak".

Indarrean zen esparru juridikoa 1727ko hitzarmenak zirenez, aduana gaietan ezein aldaketa esparru horren barruan egin behar zen, eta aldaketak hura urratzen bazuen, nahitaez derogatu eta bere ordez berri bat jarri beharra zegoen. Baina, indarrean zen araudia ez zen administrazio-erregelamendu huts bat, benetako hitzarmen batetik sortutakoa baitzen, hau da, alderdien artean askatasunez egindako akordio bat, berau errespetatzeko obligazioarekin bientzat eta, bere kasuan, bien adostasunez desegin beharrekoa. Beraz, monarkiak bere aldetik bakarrik emandakoa ez zenez, hark, zuzenbidez jokatzeko, ezin zuen derogatu bere erabakiz bakarrik, bestearekin ere kontatuz baino. Beste alderdiak derogazio hori onartuko ez balu edo, beste modu batera esanda eta egun esango litzatekeenez, indarrean den esparrua aldatzeko prest ez balego, alternatiba juridiko bakarra bere garaian egindako akordioa baliorik gabe uztea da. Eta, zuzenbidez erabat deuseza dela deklaratu ahal izateko, beste alderdiak akordioa sinatzeko gaitasunik ez zuela frogatzea zen bide bakarra. Hau da, beste alderdiak -euskal hiru lurralde edo probintziek- berez ez zutela inoiz izan halako hitzarmenak hartzeko gaitasunik, beren gainetik, hau edo bestea izan, zeukatenaren -bere kasuan Espainiako erregearen- baimenik gabe. Hitzarmena goian zeukatenarekin berarekin sinatu beharrak sortzen duen kontraesana gainditzeko, jatorrizko independentzia zutela esaten zutenen fede onari buruz goikoak izandako errorea, hots, borondate ona alegatzen da, Koroarekin tradizioz egindako itunak berezko zuzenbidea errespetatzea fideltasunaren benetako kontraprestazioa zela erakusten badute ere.

Argudio juridikoak behar zuen, beraz, oinarri historiko baten laguntza: jatorrizko independentziarik ez zela eta, ondorioz, itunak, zaharrak nahiz berriak, egiteko gaitasunik ere ez dela inoiz izan. Hori defendatzera zuzenduko da interpretazio historikoaren ildoa, dokumentuak egotea segurtatuz. Dokumentazio hori kontuz landuko du bereziki LLORENTE Y TOMÁS GONZÁLEZek XIX. mendeko lehen bi hamarkadetan zehar, zertarako eta, lehenik, berebiziko arazo juridiko baten oinarriak jarri eta, gero, euskal aduanen sistema zuzenbidearen arabera aldatu ahal izateko.

Hitzartutakoa ez betetzeak ere, frogatzeko zaila bestalde, hitzarmena aldatzea legitimatzeko balioko luke, noski. Dena den, 1727an sinatutako hitzarmenaren urrapenik edo abusurik egin izan balute euskal hiru probintziek, sistema aldatzeko legitimazioa funtsatua izango litzateke, baina administrazio ekonomikoari buruzko arazo hutsak besterik ez direnez, ez-betetze horiek sortutako talkaren eragina oso ahula litzateke eta nekez justifika lezake gobernuak arinki jokatzea, arazo juridiko ez baina politiko gisa hartuko bailitzateke.

Foruen defentsak arreta jarriko du, batetik, itunak egiteko gaitasun tradizionala frogatzeko argudioetan, Gaztelara erantsiz geroztik erakunde bereziak modu baketsuan eta jarraian izateak ematen duen bermearekin, eta, bestetik, garaian ohikoa zenez, merkataritza askearen onurak azaltzeko ideietan, azpimarratuz orokorrean dituen abantailak eta bereziki euskal probintziei ekarri dizkien mesedeak; horren ondoan, aduana-sistemak nazioko ekonomiaren gain sortu dituen eragin negatiboak gogorarazten dira, alderaketa moduan. Zehazki, NOVIA DE SALCEDOren meritu propioa izan da argudio horiek garatzea, foru-agintariek polizia-zereginetan eta kontrabandoaren pertsekuzioan ustez egindako abusuen kausa zehatzak aztertzeari ekin baitzion eta, horrela, saihestu ahal izan baitzuen foru-egitura organikoen eta administrazio ekonomikoari buruzko arazo hutsen -beraz konpongarrien- arteko loturak ekar zezakeen arriskua, foraltasuna zalantzan jartzeko argudioak indargabetuz.

Zamak

Foru-berezitasun garrantzitsuenen artean, hirugarrena kargak dira; horiei buruz, exentzioz baino, egokiagoa da pribilegiozko trataeraz mintzatzea. Tributuei dagokienez, bi arrazoi nagusirengatik: lehenik, Estatuaren gastuetara ekarpenak egitea obligazioa delako, instituzionalizatutako ordainketa kolektibo moduan gutxi gorabeherako kopuru finko bat ordaintzen baita, garaien arabera dohaintza edo kontzertu deritzona; bigarrenik, udalerri bakoitzean beti auzokide gisa pertsonalki tributatzen delako, bakoitzari dagokion estatutua kontuan hartu gabe, eta halakorik ez zen gertatzen Gaztelako erreinuko gainerako lekuetan, nobleek udal-tributurik ez baitzuten ordaintzen.

Are adierazgarriagoa da, gaiari dagokionez, zama militarren kasua, izen egokiena hau izanik: foru-armamentua. Bi obligazio betetzeko antolatzen da: euskal lurraldearen defentsa armatua egitekoa eta lur komun, monarkiko edo naziokoarenaren defentsan laguntzekoa. Obligazio bikoitz hori funtsezko hiru kontzeptuen gain eraikitzen da: lurraldetasuna, komunitate politikoa eta borondatezkotasuna. Lurraldetasunaren arabera, defentsa armatu propioa lurraldeari dagokio, beti ere lurraldearen mugek zehazten duten guneak botere autonomoko gunea osatzen badu, hau da, izaeraz salbuetsitako jurisdikzio-eremua izaten jarraitzen badu. Komunitate politikoa dela joko da bere burua berezko orden juridikoaren arabera gobernatzen duen hura. Euskal probintziei ahalmen hori dagokie erlazionatzeko behar sozialetik berez sortutako korporazioa izateagatik, armak izan eta gerra beren buruzagiekin -beraien artean aukeratutakoekin- egiteko eskubide kolektiboa ere izanik. Eta, borondatezkotasuna, komunitate politiko kontzeptutik dator, beste hainbat korporazioekin batera, sistema natural bakarraren parte delako, erregea buru dela, zeinak bere funtzioen barruan eska diezazkieke zerbitzu militarrak korporazio horiei, berauei dagokien jurisdikzio-eremutik kanpo aritzeko. Baina, kapare diren pertsonez osatutako komunitate politikoa delako, erregearen errekerimenduak haien izaerari egokitua izan behar du, haren funtsezko funtzio militarragatik eskumen funtsatuak izanik ere, zerbitzua prestatzeko behar jakin eta denboraz zehaztutako bat egon behar baitu, eta gainera aurrez ordaindua izan behar da; azken batean, ezin da esan nahitaezko zerbitzu bat denik, borondatez bete daitekeena baino.

Foru-armamentuari buruzko kontzepzio horrek, korporaziozko lotura politikoarekin bat dator, hau da, naturalki eratu diren talde bateko kide gisa hartzen da subjektua eta gorputz edo sistema osoa eratzeko talde haiek beraien artean elkartzen dira, eta hartara sistema ez da subjektuen batuketa soila, batasun bizi bat baizik; horregatik, defentsa armatuari dagokionez, gorputz politiko hori "errepublika militartzat" hartzen da. Adierazgarriena da foru-korporaziozko eredu hori XIX. mende bukaera arte bizirik egotea, Espainiako gainerako lekuetan subjektuaren eta orden politikoaren arteko erlazio-eredua jadanik beste modu batekoa denean, non komunitate politikoa ez den osotasun gisa hartzen baizik eta gizabanakoen batuketa moduan, monarkia absolutuari dagokion lotura-ereduan desberdinak direnak eta eredu nazional iraultzailean berdinak direnak, baina batan zein bestean nahitaezko errekrutatze militarrari lotuak, urteroko deialdian, gudaroste iraunkorreko parte izateko.

Defentsa antolatzeko foru-sistemaren oinarrizko hiru kontzeptu horiek baliozko argudioak izan eta eraginkorrak ere badira sortu diren berezko eremutik kanpo beste orden juridikoetan, hain zuzen ere, batetik, tradizioaren eta berrikuntzaren artean dagoen komunikagarritasunagatik, erlazio politikorako eredu jakin baten ezaugarri nagusienak beste berriak jasotzen dituen heinean, eta, bestetik, denboraz harat erakutsitako sendotasunagatik, gizartea lotu eta egonkortzen baitu. Beraz, lurraldetasunaren kontzeptua indarrean da ezeinen mutur sartzeari aurre egiteko, jadanik onartu ezin den jatorrizko jurisdikziopean ez baina delegaziozko eskumen gisa. Argiagoa da komunitate politikoaren kontzeptuaren kasua, berau osatzen duten subjektuak, juridikoki, hala foruz nola aspaldiko ohituraz, "berdinak" baitira. Berez hierarkikoa den korporaziozko orden juridiko batean ezaugarririk nabarmenena den hori, orden burges iraultzailearen normaltasunean arazorik gabe txerta daitekeen ezaugarri bihurtzen da, hau da, bizirik irauteko ez du egokitzapen beharrik. Antzeko egoeran da hirugarren kontzeptua, erregeari zerbitzatzeko borondatezkotasuna, petxeroen nahitaezkotasunaren aurrean; egokitzapena ez da alderatu behar herrialde gehienetan nazioko zerbitzu militarrak guztientzat izan duen nahitaezkotasunarekin, baizik eta parekatu behar da hiritarrez osatutako komunitatean borondatez zerbitzatzearekin, hala irudikatu baitzuen pentsaera iraultzaileak udal errepublika txikietako hiri-soldadutzaren ideia nazio handian ezarri nahi duenean.

Jabetza-eskubidea jaraunsletza bidez eskualdatzea

Foru-berezitasunik nabarmenena, Zuzenbide pribatuari dagokionez, jaraunsletza bidez jabetza eskualdatzeari buruzko erregimen juridikoak mende askoren zehar iraun izana da. Zenbaitetan idatziz jarrita eta, bestetan, usadio bidez ahoz aho iraunarazi eta onartutako ohitura moduan, berezitasun horrek badu ezaugarri nagusi bat: ondasunak jatorria zein familiatan (oinetxea edo erroa), horri lotuak geratzen dira. Loturaren arabera, aurre-ahaideak ondorengoen oinorde badira, atzera itzultzeko obligazioa dago. Sustrai germaniarrekoa, ondareko eta abolengoko ondasunei buruzko foru-loturaren erregimena ohikoa da XII eta XIII. mendeetako Nafarroako eta Gaztelako udal-foruetan. Toroko Legeek (1505) jaso eta agintzen dutenez, ondorengorik ezean aurre-ahaideak dira jaraunsleak; baina, Gaztelako arau orokor horretatik kanpo geratzen dira hiribildu eta leku haiek non, bertako foruaren arabera, ohituraz ondasunak oinetxera edo errora bueltatu behar diren.

Berebiziko interesa du Bizkaiko kasuak, ondasunak eskualdatzeko eraentza oinetxekotasunera zabal eta oso loturik agertzen baita. Gogor estutze hori denboraren poderioz gertatzen da, bi garai desberdin bereizi baitaitezke: 1452ko Foru Zaharraren aurrekoa eta horrekin sortzen dena. Zuzenbide germaniarraren arabera, ondasun higiezinak, beren jabetza edonondik zetorrela ere, oinordetzaz eskuratutzat eta gero jatorriko familiara lotutzat jotzen ziren, eta ondasun higigarriak, aldiz, eskuratutzat hartzen ziren, hau da, horien titularrak berauek xedatzeko askatasuna zuen; bada, ideia hori saihesteko, 1452ko Forua eman aurretik, ondasun higigarritzat hartzen ziren norbaitek bizi bitartean eskuratutakoak, higigarriak edo onibarrak izan eta, beraz, askatasunez eskualda daitezkeenak. Familiatik datozen higiezinak bakarrik oinetxekoak direla jo eta nahitaez ahaide oinetxetarrei utzi beharrekoak dira. Gero, 1452ko Foruak, umeak eta ondorengoak oinetxetar bihurtu, eta ezartzen du oinetxekoak direla, bai oinordetzaz jasotako ondasunak, bai eta kausatzaileak erosketaz edo beste ezein tituluz hil artean eskuratutakoak.

Oinetxeko ondasunen artean ezkontzak iraun bitartean eskuratutakoak sartzeko modalitate bizkaitar horren parekoa da Gipuzkoako ohitura ere. Gaiari buruzko dokumentaziorik egon ez arren, pentsa liteke Bizkaiko foru haren eraginez zabaldu zela Gipuzkoako lurraldean ere lotura-mota hura, hain zuzen ere Bizkaiko Jaurerriarekin muga egiten duten eskualdetan bereziki. Modu berean, Nafarroako eraentzaren eraginez, erreinu horrekin muga egiten duten tokietan zabaldu zela pentsa liteke ere, batik bat Bidasoako bailaran eta nagusiki Donostia inguruko esparruan, non idatziz jasoko den, modu mugatuan bada ere, Donostiako 1180eko udal-foruan.

Herriak betidanik zuzenbide propioarekin duen identifikazioa kontuan hartu gabe, nolabait izateko moduaren fruitu eta parte izanik ere, eta horrek bakarrik defendatu beharreko ideien artean sartzea justifikatuko luke, "foruak" idiosinkrasia kultural hori agerian jartzen duen irudi gisa erabiltzea ez da taxutzen hasiko, maila politikoan, haiek mehatxatuak ikusten ez diren bitartean, eta orduan sortuko da "foraltasuna".

Kontzeptu zehatz eta jakina den "forutik" abstraktua den "foralera" pasatzea gertatuko da Europako estatu ezberdinetan orden juridikoa aldatzen den une berean, korporaziozko eredutik indibidualistara igarotzean. Lehen, komunitate politikoak osotasun autonomo gisa ulertzen dira eta beraien zuzenbidea orden orokor batean txertatzen da, denentzat berdina izan gabe bateratzailea badena behintzat; gero, komunitate politiko hura, orden juridiko bakar eta komunean parte hartzen duten gizabanakoen batura huts moduan ulertuko da. Orduan, beharrezkoa suertatzen da bertako zuzenbidea idealki antolatu eta osotasun-itxuraz janztea, berau galtzea ezin justifikatuzkoa dela eta horren iraupena, sistema orokorraren barruan, fusioz baino ahokatze bidez egin daitekeela adierazteko.

Foraltasunaren irudi kulturalak, euskal lurraldeetan bizirik zirauten erakunde historiko bereziak egotearen gainean eta arrazoigatik eraikia izan denak, espektro politiko zabal baten barruan hura defendatzera zuzendutako gogoak batu izan ditu: berezko jarrera kontserbadorea zutenenak, deiturape desberdinarekin -foruzaleak, karlistak, integristak edo nazionalistak-, eta berez liberalak direnenak ere -sinkretistak, ilustratuak edo ez-progresistak-.

Foruak, izaera juridikoz, jatorrizko independentziaz baimendutako hitzarmenak direla oinarrian jarriz doktrinan eratutako jarrerak alde batera utzita, kontserbadoreen jarrerak, modu pragmatikoan, errealitate berezi hori modu baketsuan eta jarraian izana hartzen du oinarri; argudio hori, hain zuzen ere, foru-erakundeek beraiek behin eta berriz, eta arrakastarekin gainera, erabili izan zuten erdi arotik. Dituen bertuteen artean, agerikotasuna agertzen da, hau da, frogatu beharrik ez dagoenez, frogaren zama ia erabat errealitate hari kontra egin nahi duenaren lepora geratzen da. Azken finean, kontua ez da aurrez aurre kontra egitea foruak ezabatzeko asmoari, baizik eta haiek zentzu jakin honetan edo hartan aldatzeko adostasuna gordetzea edo erreserbatzea.

Are interesgarriagoa da liberalek foraltasunari buruz eskaintzen duten irudia, iragana eta egungo berrikuntza-gogoak batu eta lotzeko zailtasunari aurre egin beharra topatzen baitute. Horretarako dagoen bide bakarra, esate baterako GOROSABELek segitzen duen ildotik, konstituzioaren eta foruen artean kontraesanik ez dagoela adieraztea da, hau da, eman berriak diren ideia liberalen eta liberalismo avant la lettre delakoaren, hau da, tradizionalaren eta praktikoaren artean, azken horretakoa izanik forala. Konstituzioaren aldekoak liberala eta herrikoia delako onartzen badute berau, euskal probintzietan indarrean den erregimen herrikoi eta liberalagorik ez dago. Bat egiten dute, hala legearen aurrean berdinak izateak eta kaparetasun unibertsalak, nola askatasun zibilak eta merkataritzakoak; parekotasuna bat dator Napoleonen Kodearekin (1804), iraultzak 1789 eta 1799 bitartean diseinatu zituen Frantziako kode zibilaren proiektu zapuztuetan jasotako askatasun zibil zaharrak merkataritzan aritzeko askatasun bakarrean biltzen baititu.

Beraz, mendetan zehar berdintasuna eta askatasuna bermatu dituzten foru-erakundeak baztertzeak ez du inolako zentzurik. Espainiako lurralde guztien batasunak ez du zertan berdintasun instituzionala, politikoa, administratiboa eta judiziala ekarri beharrik, konstituzioko printzipioak gordetzeko erakunde egokiak ez egoteak beharrezkoa egiten duten kasuetan izan ezik. Gainera, funtsezko aldaketa egitea ez da komeni, foru-subjektuek dioten estimazioagatik eta errore politikoa litzatekeelako herritarren artean partidu karlistaren eragina indartzea, izan ere horren asmoa baita nahastea berez duen kausa ilegitimoa eta herriko foruei buruzko kausa legala.

Liberalismo kontserbadorearen jarrera hori izango da foruei aplikatuko diena egunerokotasunean 1931 aurretik izan ziren Espainiako konstituzio-erregimenek, nekez zenbatu daitezkeen dosietan etsipenez eta inolako ganorarik gabe aritu eta, haiek konstituzioan aipatze hutsarekin, estatu bakar baten itxurari eustera mugatu baitziren. Formulazio horren ondoan, halere, bazen beste berezitasun hau: 1837az geroztik euskal berezitasunak jasan izan zuten arau-garapenak ekarri zien, aldi berean, berezitasun horien legitimaziorik gertukoena, foraltasunari berari erantsia eta atxikia.

Foruen arauketa horren momentu garrantzitsuenak bakarrik hartzen badira, ikus liteke nola, hurrenez hurren, ohiko autogobernua galdu eta kasik berehala berreskuratzea gertatzen dela, autogobernuaren ideia garaiko janzkera juridikoekin apaindu eta, ondorioz, hark zerbait atzera egiten badu ere. Hiru aldi bereiz daitezke, mota desberdineko erreakzio liberalak gertatzearekin bat etorriz, berdintasun instituzionala nahi izan eta karlisten altxaketek eta porrotek lagundutako koiuntura aprobetxatuz: 1837-1839, 1841-1848 y 1878-1921.

Lehenengo aldia 1837ko irailaren 19ko Legeak irekitzen du; horren arabera, foru-aldundien ordez erregimen komuneko diputazio probintzialak jartzen dira (hala gertatu zen 1813-1814an eta 1820-1823an labur iraun zuten konstituzio aldietan ere). Itxi berriz, 1839ko urriaren 25eko Legearekin ixten da; horren arabera, foru-fenomenoa, parlamentuak onartzen duen aldetik, konstituzioan txertatzen da, euskal hiru probintzietako eta Nafarroako foruak berresten baitira, baina, legeak dioenez, "sin perjuicio de la unidad constitucional", eta, gainera, 2. artikuluak xedatuta, foruei buruzko lege bat egiteko aginduarekin, bitartean sor daitezkeen zalantzak "behin-behinean oraingoz ebatziz". Foruei buruzko legea, konstituzio-batasunera egokitzeko foruak aldatu behar zituena 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretua eman arte egin ez zenez (Nafarroari zegokiona, parte batean behintzat, 1841ean emana zen), bitartean euskal foraltasunak indarrean jarraitu zuen eta botere zentralarekin zituen harremanak bide administratibotik garatu ziren egunerokoan.

Ostera, 1841eko abuztuaren 16 eta urriaren 29ko Errege Dekretuen bidez foru-erakundeak ezabatu eta erregimen komunean sartuta geratzen badira ere, 1844ko uztailean berrezartzen dira berriro eta, aldi hau, 1848ko abuztuaren 22ko Errege Dekretuarekin osatzen da; horren arabera, Kontseilu Probintzialak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko lege orokorrak eratutako auzitegi gisa, foru-probintzietan aritzeko beharrezko egokitzapenak egiten dira. Egokitzapen horri esker, besteak beste ahaldun nagusia auzitegiaren presidenteorde izatera pasatzen delako, foru-aldundiek, toki-erakunde soil izanagatik ere, administraziotik autonomoa den jurisdikzio-gaitasuna eskuratzen dute eta, azken batean, Kontseilu Probintzialak ezabatzea baino zerbait onuragarriagoa lortzen dute: hura kolonizatzea.

Azken aldia (1878-1921), 1878ko otsailaren 28ko Errege Dekretuarekin irekitzen da, kontzertu ekonomikoa ezartzearekin; horren arabera, foru-aldundiak, beren eskumenei dagokienez, ez dira erregimen komunera bilduko erabat, beretzat gordetzen baitituzte tributu-bilketak eta finantza-kudeaketa, eta, ohiko praktikaren arabera, tributagarri zer izango den zehazteko eskumena ere gordeko dute. Euskal erakundeek ordura arte bete izan dituzten zereginak administrazio zentralak bere gain zuzenean hartzeko gaitasunik ez zuenez, ondoren emandako araudiak balioztatzera datoz aldundiek gorde ahal izan dituzten eskuduntzak, horiek behar zenean beretzat hartutakoak izan edo erregimen fiskala baliarazteko egikaritzaren ondoriozkoak izan; ezein kasutan, erregimen fiskala negoziaketa eta akordioan oinarritua dagoela onartzen da.

Ondorengo garapen historikoan lehentasunezko trataera hori, orokorraren ondoan dagoena, ez da aldatuko. Oraindik, 1921eko uztailaren 14ko Errege Aginduaren arabera, udal-idazkariei buruzko erregimen komuna ez da aplikatuko, hain justu, "gai horretan aspalditik baliarazten dituzten ahalmenen arabera", foru-aldundienak direlako, bakoitzak bere probintziaren barruan, gai ekonomiko-administratiboarekin eta udalei buruzko eraentzarekin zerikusik duten gai guztietan aritzeko ahalmenak.

  • CARO BAROJA, J.: El laberinto vasco (1977-1988), Caro Raggio argitaletxea, Madril, 2003
  • MONREAL, G.: The Old Law of Bizkaia (1452): introductory study and critical edition, Reno, Center for Basque Studies, 2005.
  • SORIA SESÉ, L.: "Hidalgos y patriotas: problemas de configuración política en Euskal-Herria", in La violencia y los enfrentamientos de las culturas, Iustel, Madril, 2004, 275-302 or.
  • SORIA SESÉ, L.: "El orden jurídico de la incorporación de Navarra a la monarquía hispánica", in Revista de la Facultad de Derecho de la Universidad Complutense 98, (2003), 267-309.
  • SORIA SESÉ, L.: "La defensa militar en el ordenamiento jurídico foral: preceptos constitutivos y actividad reglamentaria durante los siglos XVIII y XIX", in Iura Vasconiae. Revista de Derecho Histórico y Autonómico de Vasconia, 4 (2007) 327-36.