Konposatzaileak

Iradier y Salaberri, Sebastián de

Musikagilea. Lanciego (Araba) 1809-01-20; Gasteiz, 1865-12-06.

1821 eta 1824 bitartean sopranoa izan zen Gasteizko parrokien Unibertsitateko kaperan. 16 urte besterik ez zituela Gasteizko San Migel parrokiako organo-jotzaile izan zen, 1825eko apiriletik 1827ko ekainera arte. Egun hartan, 18 urte zituela, Aguraingo San Joan parrokiako organo-jotzaile plaza eskuratu zuen oposizio bidez. Bere ideia liberalak eta ohitura libertinoak zirela-eta nabarmendu zen Iradier. 1833an hiruzpalau hilabetez Madrilera joateko baimena eskatu zuen, bertan konposizio ikasketak sakontzeko. Dena den, hilabeteak urte bihurtu ziren, ondorioz, hainbat kargu hartze egin zitzaizkion eta Kalagorriko gotzainak berak ere esku hartu behar izan zuen. Gerra karlista amaitu zenean Agurainera itzuli zen 1840an, agintariekin bakeak egin zituen eta bere ordezkoaren aztertzaile lanetan aritu zen.

1839tik 1850era kanturako solfeoko lehen maisu izan zen Madrileko Erret Musika Eskolan; horrez gain, Madrileko Akademia Filarmonikoko Errektoreorde, maisu musikagile eskolako Meritu Bazkide, Madrileko Arte eta Literatura Lizeoko kontsolidario, Espainiako Institutuko Harmonia eta Konposizio Katedradun, Madrileko Unibertsitate-eskolako maisu eta Baionako Akademia Filarmonikoko ohorezko bazkide ere izan zen.

Madrileko artearen giroan kantuko irakasle moduan barneratu zen eta Madrilen modan jarri ziren maskara-dantzaldietarako musika idatzi zuen; era berean, berezkotasunez betetako abesti andana idatzi zuen, garai hartan aretoetan modan zegoenari jarraiki. Horien artean, La Paloma habanera ospetsua edo El Arreglito nabarmendu behar dira. Azken hori Bizetek erabili zuen Carmen operan.

1850ean Parisera jo zuen eta hainbat pertsonaia ospetsu ezagutu zituen: Rossini, Monroy, Paulina Garcia edo Luis Viardot, besteak beste. 1857an Amerikara bidaiatu zuen Adelina Patti abeslari gaztea aurkezteko espedizio baten barruan. Bertan, zuzendari, piano-jotzailea eta gitarra-jotzaile gisa jardun zuen eta Estatu Batuak, Mexiko edo Kuba ezagutu zituen. Parisera itzuli zenean, aurretik bere ikasle izandako Eugenia de Montijo enperatrizaren kantu irakasle izendatu zuten. Badirudi, urte gutxiren buruan ahaztu antzean geratu zela Iradier eta 1865ean Espainiara itzuli zen. Azkenik, dagoeneko gaixo zegoela, Gasteizera itzuli zen eta bertan hil zen.

  • BAROJA, Pío: "La Sonrisa de Iradier", in Ahora, Madril, maiatza 1936.
  • PRECIADO, Dionisio: "Sebastián de Iradier (189-1865), organista y sacristán mayor en Salvatierra de Álava". In Revista de Musicología, Vol. VII, 1 zbk.; Madril, 1984.
  • SALABERRI; Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (dir.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.