Olerkariak

Iparragirre, Jose Maria (1820-1881)

Hainbat eta hainbat abesti sortu eta abestu zituen -gaur egun tradizionak-. Hona hemen ezagunenak: Ume eder bat; Zibillak esan naute; Agur Euskalerri-ari; Gitarra zartxo bat da; Nere etorrera lur maitera ("Can. Vasc. " Mant. 1877, I, 51-60. or.); Biba Euskera ("Can. Vasc." Mant., 1878, II, 1. or.); Nere Maitearentzat ("Can. Vasc." Mant., 1877, I. 1-12. or.); Gernikako Arbola ("Can. Manterola, 1878, III. 73. or.); Nere andrea; Ara, nun diran; Okendo. Abesti horietako asko Philips diskan (33 1/3) topa ditzakegu, Patxi Andionek egokitu eta abestuta eta Rafael Ferroren musika-egokitzapenekin. Abesti hauek topa daitezke: Nere amak ba leki; Gora Rioja; Nere etorrera; Gitarra zartxo bat; Trapu zaarrak; Ezkongaietan; Ume eder bat; Agur Euskal Erriari; Errukarria; Zu, maitea; Nere izarra; Oi nere zoragarria; Zugana Manuela; Gernikako arbola. Alfredo Garrido arduratu zen alderdi artistikoa zuzentzeaz eta Luis Iriondo euskara gainbegiratzeaz. 1984an Jose Antonio Urdiain tenoreak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (J. Bello Portuk harmonizazio-lanak egin zituen) LP bat grabatu zuten Iparraguirreren abesti herrikoiekin.

Gernikako Arbola izan zen, zalantzarik gabe, Iparraguirreren abesti ospetsuena. Abesti hori berehala hedatu zen Euskal Herriko txoko guztietara eta foruzale guztiak batu ziren haren inguruan, bai liberal eta karlistak eta baita nazionalistak ere.

Espainiako senatuan 1864an gure foruak eztabaidagai zirela, Sanchez Silvak foruen aurkako diskurtsoa eman ostean, Arabako senatariak, Pedro de Egañak Iparraguirrek, foruen "izen santu" modura, pizten zuen grina aipatu eta bere herrian nosotros te adoramos oh arbol santo de Guernica estrofa abestean, koplari ibiltariaren kantu magikoak harrapatuta, 6.000 pertsonak txapelak nola kentzen zuten ikusi zuela adierazi zion.

1893-1894ko "gamazada" delakoan zehar milaka manifestarik abestu zuten Euskal Herriko bazter guztietan eta gaztelaniazko errepika bat ere konposatu zen (ikus GAMAZADA).

Ondoren, foruen aldeko aldarrikapen guztietan agertu zen, 1917an esate baterako. 1931n Marsellesa eta Internacional abestiekin batera, errepublikazaleen kantu bilakatu zen, hala, errepublikano guztientzat hauxe zen benetako euskal ereserkia.

Hala ere, frankismoan zehar sendo zegoen karlismoak bere egin zuen abestia; horren ondorioz, erregimenaren aurka zeuden herritarren artean estimua galdu zuen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak (Gasteiz) beste ereserki bat hartu zuen, oraingoan ofiziala.

Iparraldean oso ezaguna zen abestia eta Lehen Mundu Gerraren amaiera oroitzeko urtero egiten ziren ospakizunetan Gernikako arbola Marsellesarekin batera intonatzen zen. Enbata sortu zenean haren doinuak entzun ziren, izan ere, Iparraldeko euskaldunek edozein ospakizun handi baliatzen zuten abesti hura abesteko.