Pintoreak

Álvarez de Eulate, Javier

1919ko apirilaren 26an Donostian jaio eta 2012ko martxoaren 16an Bermeon hildako artista eta erlijioso gipuzkoarra.

Bi urtez aritu zen ikasketak egiten Madrileko San Fernando Arte Ederretako Akademian. Pinturari dagokionez, Vazquez Diaz eta Jorge Oteizarekin sakondu zuen bere prestakuntza. 1949an Artista Hasiberrien Erakusketan parte hartu eta frantziskotar sartu zen.

1936-1939 bitarteko gerra zibilean Iruñean bizi izan zen. Hiri hartan ezagutu eta estimatu zuen Jesus Basiano pintorea.

1950ean Oñatin (Gipuzkoa) Arantzazuko Basilikako beiratea egiteko eskaera jaso zuen. Proiektu hartan, era berean, Laorga eta Sáenz de Oiza arkitektoek ere esku hartu zuten, eta baita Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea, Lucio Muñoz eta beste zenbait artistak ere. Haatik, basilika, 1953. urtean proiektatu bazen ere, 1969. urtera arte ez zen eraiki, agintari frantziskotarrek ez zutelako begi onez ikusten. Egoera horretan, era berean, Oteizarekin konplizitate artistiko ageriko bat gaineratzen da, bere obran erabakigarria izango zena.

Bere arte-erakusketa zinez dotoreetan erraz egiten da figuratiboaren eta abstraktuaren arteko bidea, artifizialtasunik gabe, koordenatu mistiko eta poetiko batzuen barnean, non trazua, argia eta kolorea eskutik doazen.

Bere ekoizpena Metz, Frantzia, Habanako San Antonio basilikan eta Baskonian dago sakabanaturik: Arantzazuko basilikako beirateak (1954-1985), Donostiako Loiola auzoko San Ignazio elizako erretaula, Oñatiko beneditarren erretaula, Bergarako Magdalenaren ermita edota Cintruenigoko Santa Isabel eliza. 1978an 4 pintores franciscanos izeneko erakusketan parte hartu zuen Donostiako San Telmo Museoan.

2005ean Erriberriko San Francisco elizako klaustroan bere pintura-lanak jasotzen zituen erakusketa bat egon zen ikusgai.

2011ko maiatzean ospatutako II. Arantzazu Eguna artista honen omenezkoa izan zen. Jardunaldia bere lanari buruzko hitzaldi batek, atzera begirako erakusketa batek eta beirateetarako bisita batek osatu zuten. Azaroan erakusketa Donostiako Kutxa Boulevard Aretoetara eraman zen, "Santas Faces", "Zarza ardiendo", "Espacios para una aparición" eta "Horizontes" serieekin, bere izaera erabat erlijiozkoa agerian utziz. Arantzazu aldizkariak ere bat egin zuen omenaldiarekin, monografiko bat argitaratuta.

  • MATINI, Raymond. "Fray Javier de Eulate", Aránzazu, XXXIV, 1954, fascíulo 9.
  • MONFORTE GARCÍA, Isabel. Arantzazu. Arquitectura para una vanguardia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 1994.