Monarkia eta noblezia

Felipe V

Felipe V.aren erregealdian euskal lurraldeetan aduanen arazoa sortu zen; afera horrek bere eragina izan zuen 1718. urteko matxinadan. Euskal probintziek barne-aduanak zeuzkaten, Gaztela eta Aragoirekiko mugetan kokatuak. Aduana horiek penintsulako gainerako lurraldeekiko merkataritzari zergak ezartzen zizkioten, baina ez zuen aduanarik kostaldean; hortaz, itsasoz batere zergarik gabe salerosi zezaketen.

Aduanengatiko gatazkak leher egin baino lehenago, errege Borboiak euskal probintzietan zuzendutako politikak bere erakundeen interesekin talka egin zuen. 1714. urtean gertatu zen talka horietan lehenetariko bat. Urte hartan Errege Ogasunak tabako-faktore bat bidali zuen, eta eskuduntza handiak eman zizkioten. Koroaren delegatu eta ordezkari honek barnealdean tabakoaren kontsumo askea bermatzea zuen helburu, baita lurraldean hura saltzeko monopolioa lortzea ere; Bizkaiko Jaurerriko Batzar Orokorrek eta Diputazioak aurka egin zioten, baina.

1717ko abuztuaren 31an barnealdean ziren aduanak kantauriar itsasoko portuetara eta kanpoaldearekiko lurreko mugetara mugituko zirela ezartzen zuen agindua aldarrikatu zen. Neurri honen bitartez Felipe V.ak barne-merkataritza galarazten zuten oztopoak kendu nahi zituen; gainera, Ogasunerako diru-sarrera fiskalak ere handiagotu nahi zituen, baina herritarren arteko zenbait sektoretan haserrea piztu zuen; aduanak kostaldera eramateak euskal probintziek itsasoz salerosten zituzten produktuentzako zerga bat suposatzen zuen, baita kanpoaldetik inportatzen zituztenentzako ere, horien artean kontsumorako hainbat artikulu, zereala esate baterako. Bestalde, neurri hori hartu zenean euskal probintzien egoera ekonomikoa ez zen sobera pozgarria; gerrek eragindako higaduraz eta zerga-eskaerez gainera, uzta eskaseko hainbat urte etorri ziren bata bestearen segidan.

Protestak gorabehera, aduanak 1718ko martxoan tokiz aldatu zituzten eta gatazka handik gutxira lehertu egin zen. Lehendabiziko liskarrak urte hartako bertako abuztuan gertatu ziren eta irailean 1718ko matxinada gisa ezagunak diren istiluak hasi ziren. Gertakari honetan hainbat interes-gatazka ezberdin azaleratu ziren, eta hori agerian geratzen da matxinatuen kexetan; erregeak emandako dekretuaren aurka egoteaz gain, bere protestak kargu politikoak zeuzkaten merkatari, handiki, klero eta oligarken aurka ere zuzentzen zituzten. Erreboltarik bortitzena Bilbon gertatu zen, eta Bizkaiko beste hainbat eskualdetan ere eragina izan zuen. Halaber, probintzia horrekin muga egiten duten Gipuzkoako zenbait herritara ere zabaldu zen, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Mutriku, Deba edo Elgoibarrera, esate baterako. Matxinatuak kostaldeko probintzietan altxatu ziren gehien bat eta, berez, horiek ziren kanpo-horniketarekiko mendekotasunik handiena zutenak.

Erreboltak tropa militarren bitartez amatatu zituzten. Bizkaian sartu ziren tropek Blas de Loya zuten buruzagi eta ez zuten denbora askorik behar izan lurralde osoa hartzeko. Ondoren, mariskal honek bando bat argitaratu zuen Bizkaian, aduanak kostaldean berrezarriz; neurri hori 1722ko abenduaren 16an berretsi zuen Felipe V.ak.

Matxinatuen errepresioak 31 bizkaitar eta gipuzkoar bat heriotzara kondenatzea ekarri zuen eta, bestalde, zigor judizial asko eta asko eman ziren, espetxe-zigorrak, ondasun-konfiskatzeak eta isunak, batez ere. Zenbait urte geroago, 1726ko abenduaren 22an, Koroak indultu orokorra eman zien matxinadaren buruzagiei eta matxinatuei.