Monarkia eta noblezia

Joanes II.a Aragoikoa

Nafarroako errege ezkontidea (1425-1479) eta Aragoiko, Sardiniako eta Siziliako errege (1458-1479). Nafarroako Joanes II.a izenez ere ezaguna da.

Guraso izan zituen Gaztelako Leonor Urraca, Alburquerqueko kondesa, eta Aragoiko Fernando I.a, Peñafielgo dukea. Azken hori Larako jauna ere bazen eta Antequerako Fernando esaten zioten. 1398an jaio zen Medina del Campon eta Aragoiko koroan bere anaia Alfonso V.aren oinordekotza hartu zuen, Fernandoren eta Leonorren lehen semea zena.

1420an, Iruñeako Katedralean Blancarekin ezkondu zen. Karlos III.a "Noblea" Nafarroako erregearen alaba zen eta horren oinordeko alegia. Aurretik, Blanca Siziliako Martinekin ezkonduta zegoen, eta, beraz, Siziliako erregina-ezkontidea zen; baina senarra 1409an hil zitzaion. Seme-alabarik ez zuten izan, eta Blancari erresumaren gobernua utzi zion, Aragoiko erregearen izenean. Geroago, haren ahizpa Joana 1413an hil zenean, Blanca Nafarroako erresumaren oinordeko bihurtu zen.

Aragoiko Joanes II.aren eta Blancaren arteko ezkontza-hitzarmena Oliten sinatu zen 1419an. Bertan, zera itundu zuten: bikotearen lehen semeak Nafarroan bizi behar zuela, bertako usadioetan hezi zedin. Lehen semea, Karlos printzea, 1421ean jaio zen, eta handik urtebetera, erregina Nafarroara bidaiatu zuen semearekin. 1422ko ekainaren 11n, Gorteek zin egin zuten Karlos Printzea errege izendatuko zutela Karlos III.a "Noblea" eta haren ama Blanca hiltzen zirenean. Ekitaldi hartan, ez zuten Karlosen aita (Aragoiko Joanes) aipatu ere egin. Hurrengo urteetan, errege-erreginek beste bi alaba izan zituzten: Blanca, 1424an, eta Leonor, 1426an. Alaba txikiena jaio eta urtebetera, 1427an, Oliteko Gorteek zin egin zuten bi printzesak oinordekotzat aitortuko zituztela, neba nagusia hiltzen bazen.

Karlos III.a 1425ean hil zen, eta Blanca erregina izendatu zuten Oliten. Hortaz, Aragoiko Joanes errege ezkontide bilakatu zen, eta Karlos Vianako Printzea, Blancaren legezko oinordeko. Errege-erreginak gobernuan izan bitartean, Joanesek denbora gutxi eman zuen Nafarroako lurretan; erregina, aldiz, Oliten bizi zen semearekin. Joanes errege ezkontidea Aragoiko monarkiari lotuta egoteaz gain, familiaren interesak artatu behar zituen Gaztelan. Beraz, erresuma horretan egonaldi luzeak egiten zituen. Lacarraren arabera, erregeak Gaztelaren barne politikan egindako esku-hartzeek nafar erresumarekin zerikusirik ez zuten liskarretara eraman zuten Nafarroa. Yanguasen hitzetan, "erregealdiaren hasieratik, Joanesek Nafarroaren interesak Gaztelako liskarren mende jarri zituen, Joanesek berak, beraren anaia Aragoiko Alfonso V.ak eta Lunako Albaroren etsai ziren gaztelau jauntxoek sortutakoak" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Gaztelaren eta Nafarroaren arteko harremana okertzen hasi zen 1428an, eta hurrengo urtean, Aragoiko eta Gaztelako erregeek elkarren kontra hasitako gudaren erdian nahastu zuten erresuma. Gaztelako armada Nafarroako lurretan sartu ere egin zen: Ebroko bailaratik, Arabatik eta Gipuzkoatik. Erresumaren egoera ekonomikoa oso ahula zen, eta erreginak ahaleginak egin zituen, Aragoitik aldendu, eta Gaztelarekin bakea aparte negoziatzeko. Aitzitik, gudak aurrera egiten zuen, Blancak Aragoiko eta Gaztelako erresumetara mandatariak bidaltzen bazituen ere, gatazka baretzeko asmoz. 1430ean, Majanon tregoa sinatu zuten, bost urteko epeaz.

Nafarroako Joanes II.a ordura arte Aragoiko Alfonso V.a anaiaren laguntza zuen; baina, une hartan, aragoitar erregea Italian zegoen, eta bazirudien ez zuela Gaztelaren aurkako gerra gatazketan sartzeko intentziorik. Joanesek bidaia egin zuen Italiara, anaia konbentzitzeko eta Gaztelako kontuetan haren laguntza lortzeko. Urte batzuk lehenago, Alfonso V.ak anaiari Ribagorzako konderria emana zion, eta oraingo honetan, Aragoiko eta Valentziako ordezkari militar izendatu zuen, eta Gaztelan beraren leinuari zegozkion guztiak haren esku utzi zituen (1435). Alfonso Italian geratu zen, eta Joanes Zaragozara etorri zen bizitzera. Ordutik aurrera, Gaztelarekin harreman ona izaten saiatu zen.

Hala ere, errege ezkontidea Gaztelako erresumaren barne politikan esku hartu zuen berriz ere, eta Lunako Albarako kondestableari kontra egin zion. Kondestableak nobleziaren parte handi bat aurka zuen, bere jarreraren ondorioz, eta herrialdean gerra zibila pizteko zorian ere egon zen, haren erruz. Aragoiko infanteek gatazkari probetxu atera zioten: Henrike infanteak nobleen alde egin zuen, eta Joanesek Lunako Albarori eta Gaztelako Joanes II.ari gerturatzeko estrategia hartu zuen. Azkenean, kondestablea erresumatik botatzera behartu zuten erregea (1441), eta Aragoiko infanteek beren lekua berreskuratu zuten gaztelau monarkiaren artean. Nobleek erregea Medina del Campon preso ere hartu zuten, eta Joanes, haien ordezkari zen heinean, Gaztelaren gobernua hartu zuen.

Blanca erregina 1441ean hil zen, Santa Maria de Nievan. Karlos printzeak orduan 20 edo 21 urte zituen. Berez, errege izendatu behar zuten, eta erresuma gobernatzea zegokion, eskubidez. Aitzitik, erreginak, bere testamentuan, semea bere ondasunen oinordeko bakar izendatzeaz gain, eskatu egin zion ez zezan gobernatu aitaren oniritzia izan gabe. Joanes II.ak ez zuen gobernua laga, eta Gaztelan zegoenez, semea erresumaren ordezko militar izendatu zuen, beraren izenean jardun zedin. Handik urte gutxira aita-semeen artean hasitako liskarrek gerra zibila ekarri zioten Nafarroari 1451n. Nobleen familiak aurrez aurre zeuden, eta baten edo bestearen alde egin zuten. Horrela, bi bando eratu ziren: beaumondarrak Karlosen alde, eta agramondarrak Joanesen alde.

Bestalde, Lunako Albaro Gaztelako eszena politikora itzuli zen, eta, oraingo honetan, haren amarruek Gaztelako tronuaren oinordeko zen Henrike printzea eta Nafarroako Joanes aurrez aurre jartzea zuten helburu. Azpijokoei erantzunez, Joanesek Lunako Albaroren aldeko batzuk atxilotu zituen Errege Kontseiluan, eta beste batzuk erbesteratu. Episodio horri Ramagako estatu kolpea deitu ohi zaio. Kondestableak nobleziaren parte bat bereganatu nahi izan zuen, Nafarroako Joanes erresumaren areriotzat aurkeztu. Azkenean, gaztelau nobleek elkarren artean borrokatu zuten, Olmedoko gudan (1445). Bataila hartan, erregezaleen bandoak noblezia erreboltaria eta Aragoiko infanteak garaitu zituen. Jasotako zauriek heriotza eragin zioten Aragoiko Henrikeri, eta Joanes II.ak Gaztelan zituen asmoak ahaztu behar izan zituen.

Urte hartan, Gaztelak Nafarroaren eta Aragoiren kontrako gerrari ekin zion berriz. Gatazka hura kondestablearen aldekoen eta Henrike printze oinordekoaren aldekoen arteko lehietan jarraitu zuen. Gaztelako Joanes erregeak eta Lunako Albarok muga arteko guda hartaz baliatu ziren, Nafarroako erresumaren barne hausturak areagotzeko. Lunako Albaro eta Gaztelako Henrike Vianako Karlosen kontra batu ziren, eta Nafarroako gerra zibila biziagotu zuten (1451). Joanes II.a, bere aldetik, gudarosteak banatu behar izan zituen. Batzuk Nafarroara bidali zituen, eta beste batzuk, Aragoiren eta Gaztelaren arteko mugara. 1954an, Agredako eta Almazango bake ituna sinatu zuen, eta horren bidez, Gaztelako ondare-ondasunei eta bertako politikan parte hartzeari uko egiten zien. Nafarroan, ordea, gatazkak jarraitzen zuen. Erresumaren gobernua Joana Enrikez emaztearen esku utzi zuen (ezkontza 1444 eta 1445 urteen bitartean ospatu zen). Semea preso hartu egin zuen 1451n, Oibarren izandako porrotaren ostean, eta 1453an askatu zuen, negoziazio zail batzuen ondoren. Aita-semeak akordioa adostu zuten, eta, horren arabera, Karlosek 11 bahitu ematen zizkion bere ordez, baita bere alde zeuden gotorlekuak ere. Joanesek, bere aldetik, Vianako printzerria itzuli behar zion, eta erreboltariei, euren ondasunak.

1455ean, agramondarren eta beaumondarren arteko gatazkak hasi ziren berriro, eta Joanes II.ak semea oinorderik gabe utzi zuen. Alaba txikia, Leonor, izendatu zuen erresumaren gobernatzaile, bera kanpoan egon bitartean, eta urte hartako abenduan, Leonorrekin eta haren senar Foixeko Gastonekin erresumako eskubideak emango zizkiela adostu zuen. Joanes II.aren aldekoek Nafarroan boterea irabaziz zihoazen, eta 1456an, Karlos printzeak Frantziara ihes egin zuen, eta, handik, Napolira. Bi lurraldeetan bere helburuak defendatzeko laguntza lortzen ahalegindu zen, eta Napolin, zehazki, laguntza eskatu zion Alfonso osabari.

Gaztelarekin sinatutako bakeak eta Karlos semearen ihesaldiak ez zuten Joanes II.aren inguruko gatazkekin amaitu. Kataluniako ordezkari militar nagusia zen heinean, Bartzelonako Gorteen buru izan zen, 1454 eta 1458 urteen artean. Gorte haietan, Buscako eta Bigako bandoak aurrez aurre jarriko zituen gatazka taxutuz zihoan pixkanaka. 1458an, Alfonso V.a hil zen, eta Nafarroako Joanesek egoera estuan zegoen Aragoiko koroa oinordekotzan hartu zuen. Lau urte geroago, gerra zibila piztu zen Katalunian. Gaztelarekin zituen gatazkek ere jarraitu zuten. Izan ere, errege berriak, Henrike IV.ak, ez zion Joanesi Agredako eta Almanzango bake-itunean hitzartutako dirua eman nahi. Bestalde, Napoliko baroiak Napoliko Ferrante I.aren (Alfonso V.aren semea eta oinordekoa) kontra matxinatuta zeudenez, Joanes II.ak aragoitarrak, katalanak eta valentziarrak Gorteetara deitu zituen (1460-1461), matxinatuei aurre egiteko laguntza eskatzeko.

Egoera haren ondorioz, Joanes II.ak semearekin bildu behar izan zuen. Alfonso V.a hil zenean, Vianako Karlos Napolin bizi zen. Siziliar nobleetako batzuk independentziaren aldekoak ziren, eta printzearengan asmo horiek aldarrikatzeko aukera ikusi zuten. 1458 urte amaieraren eta 1459 urte hasieraren artean, Siziliako Parlamentua Castrogiovannin bildu zen, eta adostu zuen Joanes II.ari eskatzea Karlos betiereko erregeorde izenda zezan, Aragoiko Koroaren oinordeko zen heinean. Joanes II.ak Karlos Siziliatik urrundu behar zuela erabaki zuen, eta harekin negoziatzen hasi zen, Nafarroara itzul zedin. Negoziazio haietan, Joanesek lehen semetzat eta oinordekotzat tratatu zuen Karlos, eta hark, fidakor, Bartzelonako adiskidetzea sinatu zuen aitarekin, 1460ko urtarrilaren 2an. Itun horren bidez, Karlosek oraindik ere bere alde zeuden Nafarroako lurraldeak ematen zizkion aitari, eta Vianako printzerria berreskuratzen zuen. Joanes II.ak barkamena ematen zion, baita mantenurako errentak ere; baina printzeak ez zuen Nafarroan ez Sizilian bizitzeko baimenik. Horrez gain, ez zuen Nafarroako oinordekotzat aitortzen, ezta Aragoirako lehen semetzat ere.

Vianako Karlos printzea hurrengo urtean hil zen, eta Nafarroako legezko oinordeko zen heinean, testamentuan erresuma bere arreba Blancari utzi zion. Aitzitik, testamentua ez zen errespetatu. Joanes II.a Bartzelonan hil zen 1479an, 82 urte inguru zituela. Haren alaba Leonorrek hartu zuen oinordekotza tronuan.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. argit.
  • ESPALADER, Anton M. eta SALRACH, Josep M. La Corona de Aragón: plenitud y crisis. De Pedro el Grande a Juan II (1276-1479). Madril: Historia 16, 1995.
  • FRANCISCO OLMOS, Jose Maria de. "Juan II de Aragón y el nacimiento del príncipe Juan. Consejos políticos a Fernando el Católico ". En la España Medieval, 18. zbk. (1995), 241-256 or. [Kontsulta data: 2011ko ekainak 15].
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Pamplona, 1972.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2000. 2. argit.
  • ORELLA UNZUE, Jose Luis. Historia de Euskal Herria. Tomo I. Los vascos de ayer. Tafalla: Txalaparta, 1999.
  • RAMIREZ VAQUERO, Eloisa. Blanca y Juan II. Iruña: Mintzoa, 2003.
  • RAMIREZ VAQUERO, Eloisa. "La reina Blanca y Navarra". Príncipe de Viana, LX. urtea, 217. zbk. (1999), 323-340. or.
  • SALRACH, Josep M. "Juan II y las guerras civiles (España)". Artehistoria [Kontsulta data: 2011ko ekainak 15].
  • YANGUAS Y MIRANDA, Jose. Diccionario de Antigüedades del Reino del Navarra (1840). Iruña: Nafarroako Foru Aldundia - Vianako Printzea Erakundea, 1964. III. alea.