Arkitektoak

Achucarro, Severino

Bizkaiko arkitekto ezaguna. Bilbon jaio zen 1841ean eta Parisen hil zen 1910eko azaroan.

Frantzian erdi mailako ikasketak egin zituen eta Madrilen arkitektura ikasi zuen. Ikasketak amaitutakoan, 1866an, jaioterrian jarri zen bizitzen.

Arkitekto honen obra gehiena Bilbon dago. Bereak dira Santiago katedral-elizako dorrea eta fatxada, estilo neogotikokoa, baita El Sitio Sozietatearen egoitza ere (gaur egun Bidebarrieta liburutegia) eta hainbat etxebizitza kolektibo (horietako asko ez dira mantendu edo asko eraldatu dituzte). Aipagarria da Alfredo Echevarriarentzat egindako etxe bikoitza (gaur egun Mutua General de Seguros), Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu baitu.

1876an "Bilboko Zabalgunearen" proiektua onartu zuten, eta bertan, Pablo Alzolak, Ernesto Hoffmeyerrek eta Achucarrok berak parte hartu zuten. Hiriaren zabaltze-lanen barruan, Severino Achucarrok ziurrenik bere lan garrantzitsuena izango dena proiektatuta zuen: Bilbo-Santander tren-geltokia ("La Concordia" izenez ezagutzen dena), Valentin Gorbeña ingeniariarekin batera. Estilo modernistako eraikin hori 1902an eraiki zuten, eta barrualdea 2001ean, 2007an eta 2011n birgaitu zuten (zirkulazio modernora egokitzea, sarbide eta mugikortasuneko erraztasunak), eta fatxada, estalkiak, forjatuak eta estruktura modernistako euskarriak berritu zituzten.

Gainera, hainbat erakusketatako epaimahaikidea, San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako akademikoa, Bizkaiko Monumentuen Batzordeko kidea eta Arkitektoen Zentroko presidentea ere izan zen.

  • GARCÍA DE LA TORRE, Fracisco Javier; GARCÍA DE LA TORRE, Bernardo I. Bilbao Arquitectura. Bilbo: Autoargitalpena, 2009.