Konposatzaileak

Gaztambide Garbayo, Joaquin Romualdo

Konpositore nafarra. 1822ko otsailaren 7an jaio zen Tuteran. 1870eko martxoaren 18an hil zen Madrilen.

Zortzi urte zituela musikarekiko zaletasuna erakutsi zuen eta Pablo Rublarekin, orduan Tuterako katedraleko kaperako maisua, hasi zituen solfeoko ikasketak. Iruñera bidali zuten eta Jose Guelbenzuk pianoa eta harmonia irakatsi zizkion. Hogei urterarte egon zen Nafarroako hiriburuan, Mariano Garciarekin kontrapuntua eta fuga ikasten. Bizibidea solfeo eta pianoko klaseak emanez ateratzen zuen eta kontrabaxua ikasi zuenez, antzokiko orkestran jotzen zuen.

Gero Madrilera jo zuen. Kontserbatoriora sarritan joaten zen, Pedro Albenizekin pianoa eta Ramon Carnicerrekin konposizioa ikasteko. Bertan, Francisco Asenjo Barbieri ezagutu zuen, bizi guztirako adiskide izan zuena eta zarzuelarako oso aberasgarria.

Iruñean bezalaxe, kontrabaxuari esker bizi zen eta Principe, Cruz eta Circoko antzokietako orkestren kide zen, opera eta tonadillak ezagutzeko balio izango ziona. Lehen orriak, parte hartzen zuen instrumentu taldeentzat idatzi zituen. Opera konpainietako koruen maisu bezala eta Soler eta Pedro Sarmientoren, flauta eta oboe jotzaileen, piano-jole laguntzaile bezala Espainia guztitik bidaiatu zuen. 1846an Cruz Antzokiko koruen zuzendari izendatu zuten. Honi esker, bere soldata hobetu eta kontrabaxua jotzeari utzi zion. Kargu honen bidez Parisera joan zen, non Frantziako teatro lirikoa ezagutzeko aukera izan zuen.

Itzuli zenean kontzertu batzuk zuzendu zituen: Antonio Bazzini biolinista ezagunak jotzen zuen bat (Gaztanbide zuzendari sinfoniko bezala nabarmendu zen) eta La mensajera bere lehen lana estreinatu ahal izan zuen. 1850ean Tuterako maisuak, Rafael Hernando eta Barbierirekin batera Basilios antzokiaren zuzendaritza partekatu zuen; A última hora eta Las señas del archiduque zarzuelak ezagunarazi zituen. Variedades lanean, Hernando, Oudrid eta Barbierirekin elkarlanean, Chamberiko Eszenak estreinatu zituen. Aipatutako ekoizpenak, Oudrid, Hernando eta Barbieriren lan batzuekin batera, zarzuelaren oinarriak izan ziren. 1854ko urriaren 23an lortu zuen Gaztambidek bere lehen arrakasta nagusia hiru ekintzetako Catalina lanarekin. Gero beste lan batzuk balio handiko antzerkiko konpositorearen ospea eman zioten: El valle de Andorra, Los Magyares, El juramento, Una vieja, eta abar. Berrogeita lau zarzuela idatzi zituen, mota guztitako orriekin: Italiako melodiadunak nahiz Espainiar folklorean oinarritutakoak.

Hain lan zabalak, zuzendaritzan lortutako arrakastekin batera -Penintsulan Tannhäuser eta Ruy Blas, Wagner eta Mendelssohnen oberturak zuzendu zituen eta Meyerbeeren El profeta opera estreinatu zuen- ospea eman zion baina ez zizkion diru-sarrerak hobetu -enpresaria ere izan zen-. Ekonomikoki hobekuntza bat eduki nahiean, konpainia bat eratu eta Habanara joan zen berarekin. Tacon antzokian egin zuen debuta La conquista de Madrid zarzuelarekin. Honek arrakasta handia eduki zuen eta diru-sarrera garrantzitsuak eman zizkion. Orduan Yararen altxamendua etorri zen eta ikuskizunen debekua ekarri zuen. Guda, Kuba guztira zabaldu zen eta maisuak Mexikora joan behar izan zuen bere konpainiarekin. Bertan ere harrera ezin hobea izan zuten.

Harrera honen ordainean Mexikori Ereserki eder eta sutsu bat konposatu zion, baina jazotako neke eta nahigabeek, bertako klima osasungaitzarekin batera, konpositorea gibeletik gaixoarazi zuen. Birari amaiera eman behar izan zioen baina lehenik Veracruzen bere bizitzako azken kontzertua eskeini zuen.

1870 aldera itzulerako itsasontzia hartu zuen eta Cadizera iritsi zen. Han, emaztea eta semeek eman zioten ongietorria, eta oso larri gaixo zegoela konturatu ziren. Medikuek aztertu ondoren Madrilera joan zen. Gortean, goren mailako medikuek ebakuntza egin behar zitzaiola erabaki zuten baina ez zuten nahi zuten emaitza lortu eta Gaztambide berrogeita zortzi urte zituela hil zen. Bere heriotza zarzuela genero gaztearentzat egun tristea izan zen. Joaquin Gaztambide hil zenean, Carlos III.aren Ordenako Zalduna, Isabel Katolikoaren komendadorea eta Kontserbatorioko ohorezko irakaslea zen. Zarzuelaren historia eta mugimendu sinfoniko nazionalean aipatu behar den beharrezko izena da.

AS

Gaztambideren estiloa berezkoa dela kontsideratzen da, batez ere eszena irekietan egin dituen saio musikalek bere lanei ematen dien bizitasun eta koherentzia dramatikoarengatik. Aurrerapen hauek bateratu eta kalitatezko obrak egiteko gai izan zen, beti ere ikusleen nahiak ulertzearekin batera. Berrogeita hamar zarzuelez gain, orkestra, ahots eta piano, ganbera-musika, piano eta erlijiozko musikarako konposatu zuen.

KSE