Biografiak

Garai, Juan (1528?-1583)

Buenos Airesen sorrera. "Ez dakigu ezer Osorioren garaiari buruz. Honen ostean, Río de la Platako probintzietako teniente orokor gisa, Juan de Garay kapitaina izan zen. Bere tituluen artean, agintea Juan Ortiz de Zarate Aurreratuaren xedapen baten arabera hatu zuen. Mendieta gobernadorearen zorigaitza gertatu zenetik , Asuncionetik kanpo egon zela argi dago, ez baitzen karguaz jabetu 1578ra arte”. (Juan Francisco Aguirre, "Discurso histórico"). Oso ideia zabaldua izan zen Domingo Martínez de Irala bergararraren ondoren, Río de la Platako probintzietan  ez zela egon bera baino esker ona eta merezimendu handiagoa merezi izan zuen gobernadorerik. Zaldien hazkuntzari buruzko Araudi bat promulgatu zuen, eta, urte bereko, 1578an, urrian beste bat behien hazkuntzaren inguruan. Bere senidearen, Aurreratuaren, bidetik jarraituz, indiarrak babestu zituen hauen inguruan indarrean zeuden legeak betearaziz. 1579an, Villa Rica del Espíritu Santo eta Santiago de Jerez hiriak sortu zituen.  Urte honetan, 1579an, probintzia-aman, Paraguain, lasaitasuna berrezarri zuen, ezinbestekoa famatua egin zuen ekintza burutzeko, Buenos Aires hiriaren behin betiko sorrera. Berez, 1536an, Río de la Platako lehen Aurreratuak, Pedro de Mendozak, sortu zuen. Baina defendaezina izanik eta etengabe kuerandiek inguraturik, sortu eta bost urtera utzi behar izan zuten. Zortzi urte beranduago, 1544an Alvar Núñez de Vaca birpopulatzen saiatu zen. Felipe de Cáceres, behin behineko gobernadorea eta Juan Ortiz de Zaratek Asuncionera bidalia, Espainian Aurreratu kargua baieztatzen saiatzen zen bitartean, 1570ean eta 1572an saiatu zen. Balentria handia eta ikaragarria Juan de Garay bizkaitarrarentzat zegoen erreserbaturik. Sorrera berriak baliabideak eta biztanleak behar zituen. Garayk mesedeak eta lurrak aginduz eta lurraldearen bikaintasunak goraipatuz, Asuncionen bando bat joarazi zuen. Bere deiari 200 familia guaranik eta 66 kolonok erantzun zioten. 1580ko martxoaren 9an, kapitain batek eta 39 soldaduko babestutako ilara luze bat  atera zen. Espedizioa populatzaileek eta animalia askok,  mila zaldik, berrehun behik eta ardien, zerrien, ahuntzen eta beste animalia askoren kopuru handi batek, osatzen zuten. Talde hau lurretik abiatu zen. Hilabete beranduago, Paraná ibaian behera, bi brigantinez, sei gabarraz, hiru baltsaz eta San Cristobal karabelaz osatutako  ontzi talde batek jarraitu zion. Juan de Garay beraren menpe zihoan eta berarekin 40 soldadu, armaz ondo hornituak; mantenua, haziak eta ezinbestekotzat jo zuen guztiarekin.  Hala ere, eta hilabeteko tartea gorabehera, lurreko espedizioa ekaineko lehen eguenetara arte ez zen heldu, ontzi taldea Río de la Platara maiatzaren 11an heldu zen bitartean. 1580ko ekainaren 11n, Santísima Trinidad y puerto de Santa María de Buenos Aires hiriaren sorrera gogoangarria gertatu zen. Buenos Aires izena lekuaren izaera pribilegiatuarengatik jarri zitzaion.  Hotsandiko ospakizuna izan zen. Garayk justiziaren zuhaitza landatu zuen: “Ohi eta beharrezkoa zen bezala justiziaren zuhaitza edo hiriaren ikurra landatu zen”. (J. R. de Madaria, "Fundación de Buenos Aires", BIAEV, n.° 63, Buenos Aires, 1963). Lau haizetara ezpatari eragin zion, eta jabetza gisa, belarra moztu zuen. Lan itzel bati ekin zion, orubeen eta lurren banaketa kolonoen artean, baita indiar laguntzaileena ere; baita hutsetik hasitako nekazaritza, abeltzaintza ezarpenari dagokion guztia, antolaketa militarrarekin batera, udal- eta erlijio-antolaketa ahaztu gabe. Justiziaren zuhaitzean agiri bat ezarri zen kentzea, botatzea edota moztea debekatuz,  heriotza-zigorraren mehatxupean. Pedro de Xerez eskribauak idatzitako eta onartutako agiria egin zen.  Testuaren buruan Santísima Trinidad jarri zen jai horren astea baitzen. Honela, Buenos Aires hiri handia izango zena sortu zen, Mendozak aukeratutako lurraldea baino hegoalderago. Fundatzaileen artean, Antonio Picón eta Juan de Rivadeneira aita frantziskotarrak zeuden. Azken honek, Garayren ordez, sorreraren agiria Filipe II.ari eraman zion. Indietako Legeen arabera, hiri bat sortzeko, gutxienez, hogeita hamar auzokide behar ziren. Juan de Garayk Buenos Aires sortzeko hirurogeita sei eraman zituen.  Populazioen Araudien arabera populatzaile bakoitzak berarekin eraman behar zituen: “hamar behi ernatzeko gai, bi edo lau idi eta bi txekor, behor bat ernatzeko gai, txerri-eme bat ernatzeko gai, Gaztelako hogei ardi, sei oilo eta oilar bat”. Garayk 1580ko urriaren 17ko dokumentu batean azpimarratu zuen berarekin joandako jendea “euren armekin, zaldiekin eta abereekin, eta arrisku handiekin” joanak zirela. Lehen alkateak Rodrigo Ortiz de Zarate, B. M.-aren guardadamas-a (“emakumeen babeslea”) eta izen bereko Aurreratuaren gobernatzailea, eta Gonzalo Martel de Guzman, sevillarra. Sorreraren ekitaldia Plaza Nagusian egin zen. Garayk etxe-sail bakoitzari berrogeita hamar kana kuadro eman zizkion. Orubeak sortzaileen artean banatu zituen eta katedrala, Kabildoa -Udaletxea-, ospitale bat eta dominikar eta frantziskotar komentuak sortzeko orubeak ere zehaztu zituen. Gainera, populatzaileei Panpako zaldi basatiak eman zizkien.

Garay,  bere hiru alabez gain, sasiko seme bat zan zuen, “El Mozo” izenekoa Buenos Airesen sorreran agertu zena. Gero, Santa Feko Jeneral eta Teniente Jeneral izan zen eta bertan hil zen. Hiri berrian, etxe-sail oso baten jabe zen eta, gainera, bere aitarenaren erdia. Mende erdi bat lehenago kuerandiek txikituta, oraindik ere mehatxu beraren menpean zegoen. Tububá buruzagi indiarrak sortu berriko hiriaren aurkako erasoa prestatu zuen, baina bere preso batek, Cristobal de Altamiranok, ondo atera zen trikimailu baten bidez Garay jakinean jarri zuen. Ikatz zati batez, mezu bat idatzi zuen, kuia baten barruan sartu eta ibaira bota zuen. Ertzean zeuden arrantzale batzuek ikusi, jaso eta berehala eman zioten Garayri albistea. Tububáren erasoa berehalakoa izan zen, bere gudariekin harresiraino heldu zen gezi su-emaileak jaurtiz. Sutea sortu zen, baina Garayk zalditeriarekin irtenaldi beldurgarri bat egin zuen. Hala ere, inork ez daki egoera nola amaituko zen, Juan Fernández de Encisok Tububá buruzagia bera ezpata kolpe batez hil egin ez balu.