Biografiak

Garai, Juan (1528?-1583)

Urduñan (Bizkaia) jaiotako esploratzaile eta kolonizatzaile bizkaitarra.

Hamabost urte zituela, Pedro Ortiz de Zarate bere osabarekin Perura joan zen, Blasco Nuñez Vela erregeorde berriaren Armadan. Garay, berrogeita bost urte zituela, Charcas eta Potosiko borroketan lehen aldiz agertu zen. Kapitain izendatu zuten, eta Santo Domingo de Nueva Rioja fundazioan parte hartu zuen. 1561ean Santa Cruz de la Sierra -gaur egun Bolivia- sortzen lagundu zuen. Zazpi urte eman zituen alkate gisa birpopulatze-lanetan, berezko lanekin, soldaduen mantenuarekin eta kolonia berria sendotzearekin. Han Isabel Becerra Mendozarekin ezkondu zen, 1564ko exodoan Asuncionetik heldua.

Gehien erakartzen zuena Rio de la Plata zen; oinarri irmoen gainean Peruk Atlantikoarekin zituen komunikazioak ezartzea. Pizgarri boteretsua  haren ahaide Juan Ortiz de Zarate Rio de la Platako probintzietako Aurreratu, Gobernadore eta Kapitain Jeneralaren izendapena izan zen. Peruko erregeordeak izendatua, handik Espainiara igaroa zen kargua  Erregeak berresteko. 1568an Garayk Rio de la Platako probintzietako hiriburua den Asuncionerantz -Paraguai- abiatu zen. Ehun soldadutik gorako gudaroste baten agindupean, emigrante atsekabetuen itzuleraren buru zen. Han lortu zuen agintari nagusiaren kargua.

1572an, Garay jo ta ke ari zen lanean. Martin Suarez de Toledo usurpatzaileak, Asuncioneko gotzainarekin bat eginez, Juan Ortiz de Zarate aurreratua iritsi aurretik Felipe de Cáceres gobernadorea kargutik kendu eta "populatze akordio"  bat idatzi zuen. Han honako hau adierazi zuen: "San Salvador, San Juan eta San Gabriel, gehienez 80 pertsonarekin, espainiarrak zein bertokoak, populatu beharra dagoenez, Juan de Garay kapitainaren ardurapean, konfiantzazko pertsona eta lurraldean eskarmentu handikoa, berarekin joan nahi dutenentzat 40 eguneko epean dago izena emateko". Aurrerago ikusiko ditugun gertaerengatik, San Gabriel-en sorrera funtsezko puntua izan zen aurreratuaren agerpenean.