Eskultoreak

Herrán Matorras, Agustín de la

1932ko apirilaren 7an Bilbon jaiotako eskultore bizkaitarra.

1942-1950 bitartean Aita Jesuiten Begoñako Andre Mariaren Ikastetxean (Bilbo) batxilergoko ikasketan egin zituen eta, aldi berean, marrazketa modelatuko lehen eskolak jaso zituen ("Hamsi" pintore jesuitaren eta Mariano Castañeda eskultorearen eskutik). Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan matrikulatu ondoren, estatua-marrazketako gau-eskolak jaso zituen; eta denboraldi laburretan, besteak beste, zura zizelkatzeko hainbat lantegitan jardun zuen. 1950-1954 bitartean Zuzenbideko lizentziatura eskuratu zuen Salamancako Unibertsitatean, bere jarduera artistikoak alde batera utzi gabe. Data horretatik aurrera eta 1958. urtera arte, Bartzelonako Arte Ederren Goi-eskolan jarraitu zuen ikasketekin eta Federico Mares eskultorearen gidaritzapean naturalaren modelatua ikasi zuen; aldi berean, Filosofia Klasikoko hirurteko oso bat burutu zuen, Santiago de Compostelan amaitu zuena. Une horretatik aurrera eskultura lantzera bideratu zuen bere bizitza osorik; Madrilen finkatu eta San Fernando de Henaresen, hiriburutik 10 kilometrora, modelatu, fundizio, tailu eta forjaketako lantegiak muntatu zituen. 1953. urtean titularraren irudia egin zuen Gasteizko Jesus Obreroko tenpluan.

Hauek dira bere lan nagusiak: monumentua Albiako Ama Birjinari (Bilbo, 1955); Caretian House of Studies egoitzako gurutze-bidea (Washington, 1958); Carga del Regimiento Borbón, (Madrileko Mendebaldeko Parkea, 1961); Gorpuztiaren aldare nagusia, alboak eta erliebeak (Bilbo, 1962); Arabako Aurrezki Kutxako frisoa (Gasteiz, 1963-1966); On Tello Kondeari Monumentua, Foru Plazan (Gernikan); Monumentua Azorini, Cuesta de la Vega zonaldean (Madril, 1967); Monumentua Achucarro doktoreari (Zamudio, 1968); Monumentua Jesusen Bihotzari, Begoñan (Bilbo, 1968); Biluziak Plaza Arkupetuan (Santander, 1969); Milagro en Altamira izeneko monumentua Puente San Miguelen (Santander, 1970); Monumento a la Hispanidad (Madrid, 1970); Monumento a la Fraternidad (Madrid, 1972); Consulado del Mar monumentua (Bilbo, 1974); Monumentua Quitoko Ama Birjinari (Quito, Ecuador, 1976); Palencian, Gregoria Matorras andrearen omenezko monumentuak (Paredes de Nava, 1978) eta haren senarraren, Juan San Martin kapitainaren, omenez (Cervatos de la Cueza, 1982) eta Homenaje Iberoamericano a la Guitarra (Casasimarro, Cuenca, 1985).

Sariak: Arte Sakratuko Lehen Sari Nazionala (Bilbo, 1958); Udazkeneko Aretoko Bigarren Domina (Madril, 1966); Udazkeneko Aretoko Lehen Domina (Madril, 1968); Alacanteko Aurrezki Kutxa Saria (Madril, 1967); "Alillo de Oro" Saria Cano Aretoan (Madril, 1967); Udazkeneko Aretoko Mateo Inurria Domina (Madril, 1969); Madrileko Udal Txit Gorenaren Saria, 1968. 1961. urtean Argentinako Errepublikako Gobernuak San Martin Jeneralaren Ordenaren Gurutze Handia eman zion beste kondekorazio batzuekin batera, Argentina, Peru, Txile, Estatu Batuak eta Espainian arte eta kultura diziplinetan garatutako jardunagatik.

  • MARTÍN RETANA, J. M. Pintores y Escultores Vascos. Bilbao: Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1980.