Kontzeptua

Herensuge

Suge forma hartuta agertzen den deabruzko jeinua. Halaxe adierazten du izenaren bigarren zatiak ere: suge.

Hainbat kontakizunetan, zazpi buru ditu; gehienetan, bakarra. Hona hemen Herensugeren bizileku ezagunenak: Ertzagania haitzuloa (Ahuski mendilerroa), Aralarko leizea (San Migel santutegia), Arrasateko Murugain, Urduñako haitza, eta abar.

Jeinu honen euskal izen ezagunenak hauexek dira: Erensuge (Sara eta Zugarramurdi), Herensuge eta Lerensuge (Ezpeleta, Ainhoa eta Tardets), Errensuge (Gamere), Hensuge (Liginaga), Herainsuge (Ezpeleta), Edensuge (Sara), Edeinsuge (Doneztebiri), Edaansuge (Uhartehiri), Egansuge (Errenteria), Iguensuge (Zaldibia), Iraunsuge (Ataun), Ersuge (Otxandio, Azkueren hiztegiaren arabera), Sierpe (Zubiri eta Lekeitio), Dragoi (Arrasate), eta abar.

Ahuskiko mendilerroan bizi zenean, inguruetako ganadua hatsaren bidez erakartzen zuen. Aralarren, Muragainen eta Urduñako haitzean bizi zenean, giza haragia jaten zuen. Ezpeletan diotenez, zazpigarren burua sortutakoan, su hartzen du eta Itxasgorrietara, "itsaso gorriztak dauden mendebaldeko eremura" joaten da hegan, ziztu bizian, eta hantxe hondoratzen da. Zarata beldurgarria egiten du hegan igotzen denean.

Altzain diote orain eraitsita dagoen Zaroren gazteluko seme batek pozoitu egin zuela Herensuge. Orduan sugeak su hartu eta sugarrez inguratuta, ozeanora itzuli zen, bidean, Arbailako Itze basoko haritzen puntak isatsarekin ebakiz. Arrasaten errementari batek akabatu zuen sutegian gori-gori jarritako burdinazko barra batekin. Urduñako kondairaren arabera, berriz, aingeru batek moztu zion lepoa. Teodosio de Goñiren kondaira argiagoa da azalpenetan, xehetasun guztiekin azaltzen baitu nola San Migelek akabatu zuen Aralarko sugea.

Herensugeri buruzko kontuak zirela-eta, hainbat herri-kontakizun sortu zen eta horietako batzuen berri eman zuten zenbait idazlek; besteak beste, Chaok, Le serpent du Valdextre (Biarritz entre les Pyrénées et l'océan, 176. or., Baiona) deskribapenean eta Juan Delmasek Guía Histórico-descriptiva del viajero en el Señorío de Vizcaya (Bilbo, 1864) lanean.

Jeinu honen inguruko hainbat kontu Sugaar edo Sugoi izeneko beste suge-itxurako jeinu bati buruzkoekin nahastu dira. Kasu batzuetan, badirudi lehenengoek tradizio zaharragoko kontuak dakartzaten besteen lekua hartu dutela. Sugaar-en eremua, hain zuzen ere, zatitua eta Herensugeren tokiekin alderatuta, urruneko tokietara mugatuta daude, eta baliteke hori Herensuge antzinakoagoa izatearen adierazle izatea.

Erref. Jose Miguel de Barandiaran: Ikuska, t. IV, 259-278 or.; Mitología vasca, 77-78 or., Madril, 1960; Webster, Wentworth: Basque Legends, 20-41 or., Londres, 1879.