Konposatzaileak

Guridi Bidaola, Jesús

Konpositorea, organista, zuzendaria eta irakaslea. Gasteizen jaio zen, 1886ko abuztuaren 25ean; Madrilen hil zen, 1961eko apirilaren 7an.

Familian musikari ugari izan zituen inguruan, bai Guriditarren partetik, bai eta Bidaolatarren artean ere; honako hauek bereziki azpimarratzekoak dira: bere birraitona Nicolas Ledesma organista eta konpositorea, Luis Bidaola eta Francisco Javier Guridi aitonak, hauek ere organistak, eta Celestina Ledesma konpositorea eta irakaslea. Bere aitak, Lorenzo, biolina jotzen zuen eta bere amak, Trinidad, pianoko irakaslea izan zen.



Bilbon ikasi zuen Sainz Basabe musikari sasi gasteiztarrarekin. Handik lasterrera familiak Zaragoza eta Madrilera alde egin zuen. Madrilen, hamaika urte zituela, hainbat musika lan xume idatziak zeuzkan eta Garcia Soler baritonoak horien berri izan zuen. Horrek Valentin Arin gipuzkoarrarekin armonia ikastera animatu zuen. Sainz Basabe eta Lope de Alaña biolin jotzailearen bitartez, "El Cuartito" izeneko Bilboko filarmonikoen talde berezian ezagutzera eman zuen bere burua. Talde horretan berak landutako hainbat konposizio jo zituzten eta gerora konposizio horiek Leipzig-eko Quatorce morceaux bilduman sartu zituzten, Breitkopf and Hartel-ek argitaratua alegia. Bizkaiko hiriburuan XX. mendearen hasieran ospatu ziren Lore Jokoetan, musikari honek Placido Allende saria erdietsi zuen Txalupan konposizioagatik, kantu eta pianorako doinua. 1904an, Zubiriako kondearen babesa izanik, Parisera jo zuen ikastera, bertako Schola Cantorum zentroan. Honako maisu hauekin ikasi zuen: Grovlez (pianoa), Decaux (organoa), Sérieyx (konposizioa) eta D'Indy (kontrapuntua eta fuga). Parisen Resurreccion Maria de Azkue eta Jose Maria Usandizaga ezagutu zituen eta handik aurrera lagun minak izan ziren, hirurek ideal bera baitzeukaten, antzerki liriko handia lantzea alegia. Parisetik Belgika aldera jo zuen Jongen organistarekin ikasteko eta gero Koloniara, Otto Neitzel maisuarekin instrumentazioa lantzeko asmoz.

Bilbora itzuli zenean berak jada ospe handia zeukan eta aldi berean kultura mundua eraberritze prozesuan murgilduta zegoen, neurri handi batez "El Cuartito" taldeak berak sustatutako prozesua izanik. Konposizioa lantzeaz gain, irakasle gisa aritu zen eta organoa ere jo zuen Juan Santuen elizan lehendabizi eta Santiago Deunaren basilikan jarraian, azken horretan bere aurretik Nicolas Ledesma eta Luis Bidaola ere aritu zirelarik. 1909an Asi cantan los chicos lana ezagutzera eman zuen, haurrentzako hiru pieza pianoa eta haurren korurako idatzia. Gero orkestrarako ere moldatu zuen eta horrela bere katalogoko lanik garrantzitsuenetakoak bilakatu ziren. "El Cuartito" taldearen esfortzuari esker honako hauek sortu ziren: Elkarte Filarmonikoa, Bizkaiko Musika Akademia eta Kontserbatorioa eta, horren sustapenari esker ere, euskal operaren sorrera ikusi genuen.

Bilboko Koru Elkarteak, Aureliano Valle zuzendari zuelarik, euskal opera lanak sustatzea erabaki zuen. Ordura arte arrakasta handirik gabeko saiakera batzuk eman ziren. Jose Power-en aginduz, Koru elkarteko presidentea alegia, oso hiru lan garrantzitsu burutu ziren, horietako biren kasuan egileei ospea ekarri zielarik: Usandizagaren Mendi-Mendiyan eta Guridiren Mirentxu. Arrakasta eta gizartean erdietsitako bereizkuntzari esker konpositorea Bilboko kultura munduan funtsezko pertsonaia bilakatu zen; horrela, sortu berria zen Euskal Artisten Elkarteko batzorde eragileko kide ere izan zen eta 1911n Bilboko Koru Elkarteko zuzendari izendatu zuten. Postu horretan zegoela, Guridik euskal abesbatzetarako musika ezagutzera emateko lan eskerga burutu zuen. Hainbat herri kanten armonizazioa bideratu zuen eta horien artean bereziki azpimarratu behar dira Cantos populares vascos bilduman ageri diren hiru serieak. Aldi berean, beste euskal opera lan handia idazteari ekin zion, eta azkenean Amaya sortu zen, 1920an arrakasta handiz estreinatu zelarik.

Federico Romero eta Guillermo Fernandez Shaw-rekin batera, 1926an El Caserio estreinatu zuen eta zarzuelak konposatzeari ekin zion, esaterako, La Meiga, La Cautiva, Mandolinata, La Bengala edo Peñamariana. Bestelako lan sinfonikoak ere konposatu zituen. Gero Una aventura de Don Quijote olerkia idatzi zuen, 1915ean Madrileko Arte Ederretako Zirkuluak antolatutako lehiaketan bigarren saria eskuratuz (lehen saria hutsik geratu zen). Jarraian beste pieza hauek konposatu zituen: Leyenda Vasca, En un barco fenicio, Sinfonía pirenaica, Homenaje a Walt Disney eta orkestrarako idatzi zuen lanik ezagunena, Diez Melodía vascas alegia.

Konpositore honen lanen artean ahotserako musika piezak ere baditugu, Seis canciones castellanas azpimarratu behar delarik. Era berean aretoko musika jorratu zuen, harirako bi laukote idatziz, eta organoarekin lotutako lanak aztertuz gero, honelakoak utzi zizkigun: Tríptico del Buen Pastor, Variaciones sobre un tema vasco eta hainbat obra. Izaera pedagogiko aparta duelako bereziki aipa dezakegu Escuela española de órgano lana. Zinerako prestatutako lanak eta piano bakarlarirako egindako piezak ere esanguratsuak dira (Danzas viejas, Ocho apuntes, Diez melodías vascas, Lamento e imprecación de Agar, eta abar).

Madrilen El Caserío estreinatu eta gero, Guridi han bertan bizitzen geratzen da, Errege Kontserbatorioan organorako irakasle postua eskuratuz. 1956ean Kontserbatorioko zuzendari bilakatu zen eta San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako kide izendatu zuten.

MSA



  • Así cantan los chicos, koru eta orkestrarako lana, Juan Carlos Gortazar-en testua. Musika Elkarte Nazionalean estreinatua, Madrilen, 1915eko apirilaren 10ean.
  • Mirentxu, bi ekitaldiko euskal idilioa, Alfredo Echave-ren liburua, Madrilen Zarzuela Antzokian estreinatua 1915ko apirilaren 30ean.
  • Una aventura de D. Quijote, poema sinfonikoa, lehen emanaldia Madrileko Orkestra Filarmonikoaren eskutik, 1916ko azaroaren 17an.
  • Amaya, hiru ekitaldiko drama lirikoa, Jose Maria Arroitia-Jauregi-ren liburua (izenburu bera duen Francisco Navarro Villoslada-ren eleberrian oinarritua), Bilbon estreinatu zen Albia Coliseum-ean 1920ko maiatzaren 22an; Madrilen Errege Antzokian, 1923ko maiatzaren 16an; Buenos Aireseko colon Antzokian 1930ean, eta Pragan 1940an.
  • Amaya, izenburu bereko opera lanetik erdietsitako suite sinfonikoa, lau ealdiko lana, lehen emanaldia Madrileko Orkestra Filarmonikoaren eskutik 1923ko martxoaren 9an.
  • Leyenda vasca, poema sinfonikoa, lehen emanaldia Madrileko Orkestra Filarmonikoaren eskutik 1925eko urtarrilaren 9an.
  • El Caserío, hiru ekitaldiko zarzuela, Federico Romero eta Guillermo Fernández Shaw-en liburua, Madrileko Zarzuela Antzokian estreinatua 1926ko azaroaren 11n.
  • En un barco fenicio, poema sinfonikoa, lehen emanaldia Madrileko Orkestra Filarmonikoaren eskutik, 1927ko abenduaren 30ean.
  • La Meiga, hiru ekitaldiko zarzuela, Federico Romero eta Guillermo Fernández Shaw-en liburua, Madrileko Zarzuela Antzokian estreinatua, 1928ko abenduaren 20an.
  • La cautiva, bi ekitaldiko zarzuela, Sevilla eta Carreño-ren letra, lehen emanaldia Madrileko Calderon antzokian, 1931ko otsailaren 19an.
  • Mandolinata, hiru ekitaldiko komedia musikala, Arturo Cuyas de la Vega-ren liburua, Calderon antzokian estreinatua, 1934ko azaroaren 17an.
  • Mari-Eli, hiru ekitaldiko zarzuela, libreto de Carlos Arniches eta Eloy Garay-ren libretoa, lehen emanaldia Madrileko Fontalba antzokian, 1936ko apirilaren 11n.
  • Cuarteto en "Sol", harizko musika tresnetarako, lehen emanaldia Madrileko Elkarte Filarmonikoan, 1936ko maiatzaren 29an.
  • La bengala, hiru ekitaldiko sainete lirikoa, libro de Luis Tejedor eta Jose Huecas-en liburua, Zaragozako Argensola antzokian estreinatua, 1939ko urtarrilaren 12an.
  • Diez melodías vascas, orkestrarako, lehen emanaldia Madrileko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, 1941eko abenduaren 21ean.
  • Seis canciones castellanas, ahots eta pianorako, lehen emanaldia Madrileko Ateneo antzokian, 1943ko urtarrilaren 4an.
  • Peñamariana, hiru ekitaldiko herri erretaula, Federico Romero eta Guillermo Fernández Shaw-en liburua, Madrid antzokian estreinatua, 1944ko azaroaren 16an.
  • Sinfonía pirenaica, lehen emanaldia Orkestra Nazionalaren eskutik, 1946ko otsailaren 22an.
  • Acuarelas vascas, bi ekitaldiko irudi lirikoak, Julian Echevarria eta Jose Luis Albeniz-en liburua, Bilboko Ayala antzokian estreinatuak, 1948ko abenduaren 22an.
  • La condesa de la aguja y el dedal, bi ekitaldiko komedia lirikoa, Adolfo Tonado eta Jesus Arozamena-ren liburua, lehen emanaldia Madrid antzokian 1950eko apirilaren 8an.
  • Segundo cuarteto, en "La" menor, lehen emanaldia Madrileko Ateneo antzokian, 1950eko maiatzaren 14an.
  • Homenaje a Walt Disney, piano eta orkestrarako fantasia, lehen emanaldia Alacanten, 1956eko urriaren 3an.
  • Lamento e imprecación de Agar, pianorako, lehen emanaldia Bilbon eta Madrilen 1959an.

AS

  • AROZAMENA, Jesus Maria: Jesus Guridi. Inventario de su vida y de su música. Editora Nacional, Madril, 1967.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.
  • FERNANDEZ CID, Antonio: Músicos que fueron nuestros amigos, "Guridi", 105. orrialdetik 121. orrialdera. Editora Nacional, Madril, 1967.
  • SAGARDIA, Angel: Jesus Guridi. Ediciones de Conferencias y Ensayos, Bilbo, 1950.
  • VILLAR, Rogelio: Músicos Españoles (Compositores y directores de orquesta), "Jesús Guridi", 200. orrialdetik 203. orrialdera. Ediciones Mateu, Madril (argitaratze datarik gabe).

AS

MSA

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Jesus Guridiri buruz.