Arkitektoak

Galindez y Zabala, Manuel Ignacio

Arkitektoa. Bilbo, 1892ko ekainaren 8a; Bilbo, 1980ko maiatzean.

Manuel Ignacio Galindez arkitekto bizkaitarrak gure ingurunean XX. mendeko arkitekto interesgarrienetakoa izatea lortu zuen, printzipioz ez ohiko tipologietan lan eginez eta arrazionalismoaren irakurketa berezia eta pertsonala eskainiz.

Manuel Ignacio Galindez Bilbon jaio zen 1892an, baina 1908an Madrilera bizitzera joan zen bertako Arkitektura Eskolan sartzearren gainditu beharreko frogak prestatu ahal izateko. Hamar urte igaro ostean, 1918an, titulua jaso zuen Euskal Herriko beste arkitekto garrantzitsu eta esanguratsuekin batera -Tomas Bilbao, Pablo Zabalo eta Luis Vallet, adibidez- eta urte berean Bilbora itzuli zen. Ricardo Bastidaren estudioan lana egin zuen hurrengo hiru urtetan. Lehen garai horretan Galindezek zeukan arkitekturaren alderdi teknikoarekiko zaletasuna eta trebetasuna ageri geratu zen. Horren eraginez, bere burua Nerbioi ibaiaren gainean zubia gauzatzearren antolatzen den lehiaketara aurkeztu zuen. Eta ez bazuen irabazi ere, funtzioaren aldeko joera hori, hau da, arkitekturaren alderdi praktikoaren aldeko jarrera bere ibilbidean zehar beti nabarmenduko da. Estiloaren aldetik, eklektizismoa nahiz arrazionalismoa lantzen baditu ere, beti bi hizkuntzak oso modu pertsonalean eta berekoian ulertzeko eta interpretatzeko joera izango du, maitasun osoz konposizioa azpimarratuz, bai oinplanoan bai fatxadan. Horren ondorioz, nolabaiteko klasizismoa sortzen du bere eraikinetan, xumetasunaren aldeko joera beti oso nabarmena izango baita. Berez, nahiz eta eraikin asko modernismoa eta arrazionalismotik oso gertu egon, ikerlariek gutxitan sartzen dituzte eraikin arrazionalisten artean. Gehien landu zituen tipologietan -hau da, bulego eraikinak, banketxeak, enpresen egoitzak-, estetika hori gaizki ikusita zegoen, batez ere Gerra Zibila ondorengo urteetan. Hala ere, Galindezen arkitektura, Bilboko dirudunen artean, gune askoren irudi sinbolikoa bilakatu zen. Horrez gain, eta ez zen batere erraza, irudi hori oparotasunez gabe eskaintzea lortu zuen.

Lau urtez Ricardo Bastidarekin lan egin ondoren, 1922an estudioz aldatu zen eta Luis Basterra arkitektoaren estudioan -bere osaba zen- lanean hasiko da. Oraingo honetan benetan hasiko da lanean, adibidez, 1924ean Bilboko Santiago katedraleko klaustroa zaharberritzen. Baina hurrengo urtean erabaki garrantzitsu bat hartuko du etorkizunera begira, hau da, Europan zehar bidaia egin zuen, bereziki Alemania eta Austrian barrena, bertako arkitektura aztertuz. Bidai horrek bere garapena guztiz baldintzatuko du, hainbat ideia ekartzeaz gain, hainbat aldizkarietako harpidedun egin zen. Horrela, arkitektura garaikidearen esparruan Europan barrena aurrera ematen ziren ekimenen berri zuzena izango du. Euskal Herrian bertan beste arkitekto euskaldun askok gauza bera egingo dute. Galindez ez da GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteko kide izango, baina elkarte horretako aldizkari ofiziala AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) jasoko du. Horrela, Espainian arkitektura garaikidearekin zerikusia zeukaten berrien inguruko informazioa jasotzen zuen.

Bidai horretatik itzultzen denean, bere kabuz estudio berria irekiko du eta bere lehen lanak egiten hasiko da. Lan horien artean, bi nabarmentzen dira: Bilbon Arriquibar plazan dagoen etxadia (1927), eta Leioan Menchaca etxea (1928). Bi kasu horietan Galindezek jasotako enkargua guztiz errespetatzen du eta horren ondorioz bertan aplikatzen duen arkitektura eklektikoa da. Dena den, neoeuskalduna izena hartzen duen estiloaren elementuak txertatu zituen, hots, euskal baserria gogora ekartzen duten forma sinbolikoak. Hala ere, bi proiektu horiek hasiera besterik ez ziren izan, bi urteren buruan, 1930ean alegia, bere ibilbideko proiekturik garrantzitsuenak jasoko baititu, bere etorkizuna eta garapena baldintzatuz: Bizkaiko banketxearen Madrilgo eta Bartzelonako egoitza nagusiak. Bi proiektu horietan, arkitektura eklektikoaren elementu guztiak maisuki menperatzeaz gain, Galindezek zera erakutsiko digu, ezaugarri guzti horiek sinplifikatzeko ere gai zela, apainketei muzin egin gabe -apainketa horietan modernismoa eta art dèco estiloaren eragina sumatzen da- eta monumentaltasuna eskainiz -tipologia mota honek beharrezkoa zuena-.

Baina nahiz eta ospea eta arrakasta lortu, Galindezek hurrengo hamarkadan Gerra Zibilaren hasiera arte, neurri handi batean estiloaz aldatuko du eta Bizkaiko banketxetan sumatzen zen soiltasunaren aldeko apustua urrutirago eramango du. Hurrengo proiektuan, Bilbon Urquijo zumardian Domingo Hormachearentzat burututako etxadian (1931) guztiz ezberdina gertatzen da, Arriquibar plazan urte batzuk lehenago egindako lanarekin konparatzen badugu behintzat. Eraikin horretan Galindezek ez badu guztiz bat egiten arrazionalismoarekin, argi ikusten da sinpletasunaren aldeko apustua egiten duela, baina adierazkortasunik galdu gabe. Berez, modernitatearen aldeko apustu hori lehenik eta behin txikia eta bitxia izanik oso interesgarria zen proiektu batean gauzatuko da, hau da, Moreno familiaren etxea (1932an Sitgesen). Horrekin batera, ziurrenik Bilbon eraiki zituen eraikinen artean ospetsuena bilakatu den ekimenean, Equitativa eraikina (1934). Eraikin horretan, hasierako zatia bulegoz osatuta dago eta beste guztia etxebizitzek hartzen dute. Galindezek erakutsi zuen eraikin bera modernoa eta arrazionala izan zitekeela baina baita adierazkorra eta sortzailea ere. Galindezek gauzatu zuen eraikin honen bitartez, bere lan interesgarrienetakoa lortzen du eta horrekin batera Bilboko paisaia arkitektonikoaren sinboloa eratu zuen.

Baina nabarmendu behar ditugun hurrengo bi eraikinetan estilo eta fase berean kokatuta aurkitzen bagara ere, zenbait aldaketak sumatzen dira. Horrela, bai La Aurora aseguruen eraikinean bai Iberdueroren bulego eraikinean -biak 1935en diseinatuta, bigarrena Jose Maria Smith eta Juan de Madariagarekin batera- Galindezek arrazionalismo garbia baztertzen du eta beste material ez ohikoak modernotasunean txertatuz -La Auroran marmola, Iberdueron adreilua- arkitektura garaikidearen beste irakurketa aberatsago bat lortzen du, berezia, desberdina.

Beste arkitekto askorekin gertatu zen bezala, bigarren fase hori Gerra Zibilaren hasierarekin amaitu zen. Hala ere, gerra amaitu bezain laster, zehazki 1940ean, Galindez berriro lanean aurkitzen dugu Bilbon eta ez nola nahiko enkarguarekin: aurrena Bailen dorrea, eta hiru urte beranduago, 1943an, Naviera Aznar eraikina. Bi eraikin horietan Galindezek berriro ere orduko ikusleak harrituta uzten ditu. Garai berrietako arkitektura Frankistak defendatzen zuena eklektizismora itzultzea bazen ere, bereziki inperioa izeneko estiloaren aldeko apustua eginez -non inspirazio iturri nagusia El Escorial eraikina izan behar zuen-, Galindezek bi eraikin horietan eskatzen zitzaion monumentuen heineko handitasuna ez du lortzen errenazimenduko historiara itzuliz, baizik eta klasizismoa ahal zuen modu sinplean eta xumean erabiliz, neurri batean Europa iparraldeko arkitektura eskola edo estiloa gogora ekarriz.

Hirugarren fase hori berrogeita hamargarren hamarkadaren hasierarekin amaituko da, berriro banketxeetako enkarguak jasotzen hasten denean. Oraingo honetan, laugarren eta azken fasean, Hispano Americano banketxea -egun Santander- izango da bere zerbitzuak kontratatzen dituena. Galindezen eta honen ilobaren zerbitzua kontratatzen dituzte, 1945ean bere iloba Jose Maria Chapa Galindez sozio gisa onartu baitzuen estudioan, eta ondorioz hortik aurrera biak elkarrekin sinatuko dituzte proiektu guztiak. Espainia osoan zehar egoitza nagusiak eta bulegoak eraikiko dituzte. Eraikitakoen artean guk bi nabarmenduko ditugu: Bilboko egoitza (1950) eta Bartzelonakoa (1955). Bi egoitza horietan Galindezek ez du besterik gabe eklektizismoa berreskuratzen, aitzitik irakurketa berria egiten du, monumentuen handitasuna ez galtzearren. Era berean, konposizioa aldetik eraikina geometrikoagoa egiten du, apaindurarako elementuak gutxituz. Apainketa ez dadila adierazkorra izan, baizik eta eraikuntza bera, formen arteko konbinazioaren bitartez, argitasuna eta iluntasunarekin jolasean.

Hirurogeigarren hamarkadan jubilatu zenean, Bilboko Arte Ederretako Museoko patronatuko kidea zen. 1980an Bilbon hil zen 87 urte zituela.

  • CENICACELAYA, J.; ROMAN, A.; SALOÑA, I. Bilbao. Guía de Arquitectura Metropolitana. Bilbao: Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Bizkaiko Ordezkaritza, 2002.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MAS SERRA, E. 50 años de arquitectura en Euskadi. Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 1990.
  • MENDIETA, J.M.; OLAZABAL, M.; SANZ ESQUIDE, J.A. Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbao: Gobierno Vasco-Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, Delegación de Bizkaia, 1990.
  • MOYA, A; SAENZ DE GORBEA, X; SANZ ESQUIDE, J.A. Arte y Artistas vascos en los años 30. San Sebastián: Diputación Foral de Gipuzkoa, 1986.
  • SUSPERREGUI, J.M. Manuel Ignacio Galíndez 1892-1980. Bilbao: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 2000.
  • URRUTIA, A. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.