Kontzeptua

Kixmi

Ustez jentilek Jesukristori ematen zioten izena. Jentilen hizkuntzan tximino esan nahi omen zuen. Izen hau, jentilen akaberaren mitoan baino ez da ageri, eta honen baitan ere, mitoaren Ataungo bertsioetan baino ez.

Jose Miguel Barandiaran bera da, haurtzaroan entzundako bere etxeko bertsioa laburbiltzen diguna bere Mitologia Hiztegian:

"KIXMI: Euskal Jentilen hizkuntzan tximino esan nahi omen duen izen horrekin zeritzoten haiek Jesukristori. Kristautasunaren etorrera eta honen ondoriozko jentil-aroko mitoen aienatzea, Euskal Herrian oso zabaldutako legenda baten gaia da. Haurtzaroan sarritan entzun nuen Ataungo bertsioetako baten arabera, jentilak Aralarko Argaintxabaletako lepoan dibertitzen zeudela, ekialdetik haiengana laino distiratsu bat zetorkiela ikusi omen zuten. Harekin izututa, zahar jakintsu bati deitu eta bertara ekarri zuten, hark laino harrigarri hura ikusi eta zer zen jakingo zuelakoan. Zaharrak esan omen zien: "Kixmi jaio duk eta galdu duk gure arraza; bota nazazue amildegian behera". Eta lagunek amildegian behera bota zuten, eta laino distiratsua atzetik zutela,- hari ihesi-, mendebalderantz lasterrean Arraztaranera iritsi eta bertan sartu ziren geroztik Jentilarri (jentilen harria edo jentilen hilobia) deritzon harri handi baten azpira. Izen bereko trikuharria da, ganbara bikoitzeko hilobia, zenbait urte geroago Aranzadi eta Eguren doktoreekin batera indusi nuena. Honela amaitu zen jentil-aroa legendak dioskunez" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Sorginekin gertatzen denaren antzera, gaur egun Kixmik zabaltzen duen itzala eta lilura, bere benetako balio etnografikoa baino askoz handiagoak dira. Esate baterako Google-n bilaketa bat eginez gero, Kixmi sarrerak "jentilen akabera" sarrerak halako ehun emaitza itzultzen ditu gutxi gorabehera. Honen "errua" Barandiarani bota beharko diogu, jentilen akaberaren legenda Kixmiren izenpean agertzeagatik bere Mitologia Hiztegi ospetsuan, bertan aitortzen duen arren izen hori Ataungo bertsioetan baino ez dela ageri. Aipatu hiztegia izaki euskal mitologia ezagutzeko oinarrizko lana gaurko egunean oraindik, ez da harritzekoa Kixmiren izena hain zabalduta aurkitzea.

Halere, Kixmirena sorginena baino okerragoa da. Sorginen legendek jatorri exotikoa dute, erdi aroko apaizen sermoien eraginez sorturikoak dira eta beraz ez dute euskal mitologiaren ikerketarako balio handirik, baina sikiera ez diote kalte handirik egiten, bertan sortzen duten izen nahasmendutik haratago. Kixmi ordea, balio etnografiko hutsalekoa izateaz gain, euskal mitologiaren harri bitxia den jentilen akaberaren erabateko deformazioa eta esanahi aldaketaren protagonista nagusia da. Jentilen akaberak ez du berez Jesukristoren jaiotzarekin edo kristautasunaren etorrerarekin zer ikusirik. Baina kristau testuinguruan, eta jatorrizko jentilaroko argibideak galdu ondoren, legenda aldatuz doa apurka-apurka, kristautasuna eta jentil-aroaren arteko borroka itxura hartuz. Bilakabide honetan Kixmi da, zalantzarik gabe protagonista nagusia. Jentilen kristautasunarekiko mespretxua agertzeko balio du, kixmi horrek tximinoa adierazi nahi duela esaten baitzaigu, eta beraz, jentilek tximino deitzen ziotela kristaugoaren ordezkari nagusia den Jesukristori. Hein berekoak dira halaber, jentilen akaberaren legendaren beste hainbat bertsiotan ageri diren kristauen aurkako irain itxurako izendapenak: Pilistriak edo pilistindarrak esaten zaie kristauei hauetako batzuetan, zalantzarik gabe Bibliak aipatzen dituen filisteoetatik datozen izenak. Filisteoak Israelen etsai nagusienetakoak dira Biblian, eta beraz gaizto moduan aurkeztu ohi dira. Jentilak kristauei irizteko izen horiek erabiltzea, gaitzespen ideiaren erakusgarria da. Honen alboan gainera, jentilen akaberaren beste bertsio batean jende perrua esaten omen diete jentilek kristauei, eta jende humanua euren buruari. Honelako elementuen sarkeriak legenda modu berri batean ulertarazteko oinarriak ipintzen ditu. Kristautasunaren etorrera izango da aurrerantzean ardatz semantiko berria, gero hau Kristoren jaiotzarekin lotuko da, bien artean hainbat mendeko tartea dagoen arren, eta azkenean jentilak beldurtzen dituen agerkari harrigarria Belengo izarra bihurturik ikusiko dugu. Bertsio askotan gainera, jentilen akabera ez da bat batekoa izango eta ez zaio Jentilarri bezalako hilobi megalitiko bati lotuko. Aitzitik, denboran zehar atalkatua bailitzan adieraziko zaigu, pixkanaka agitu zen akabera gisa.

Erdi Aroz geroztik sermoilarien jardunak eragin ukaezina izan zuen herri gogoan, gaia Euskal Herrian ikertzeke dirauen arren. Duela urte batzuk, jatorria Amezketan duen albiste etnografiko bat jaso ahal izan nuen: emakumezkoek ilea orrazten dutenean, orrazian erantsita geratzen den ilea, bolatxo bat egin eta surtara bota behar omen da. Inoiz ez lurrera, zeren gero euria eginez gero, hura bustiko balitz, suge-burua sortzen omen baita. Inoiz ez dut honelakorik edo antzekorik topatu euskal etnografoen lanen lerroetan, eta albistearen iturria erabat fidagarria izaki, irudi gorgoniko hori Amezketako lokalismotzat hartu ohi dut, Kixmi Ataungo lokalismoa den hein berean, eta biak, bertako garai bateko apaiz-sermolariren batek euren sermoietan erabilitako irudietatik sorturikotzat jo. Apaizek Erdi Aroaz geroztik mezaren erdian egin ohi zituzten sermoiak zeharo entzunak eta estimatuak izan ohi ziren, besteak beste, bertako hizkuntzetan emanak izaki, herriak ulertzen zuen mezaren zati bakarra zelako. Literatur generoa izan zirela esan liteke handizkatu gabe. Eta sermoi hauek taxutzeko apaizek erabili ohi zituzten iturri nagusietako bat, Erdi Aroko piztia bildumak (bestiarium vocabulum) ziren. Bertan, piztia ezagunak eta mitologikoak deskribatzen ziren, marrazkiaz ilustratuta, eta kristau sinesteen araberako bertute edo akatsak lotu ohi zitzaien, haietako bakoitzari. Piztia bilduma hauek eragin nabarmena izan zuten elizen atari eta gargolatako dekorazioan, bai eta erdi aro eta aro modernoan zehar apaizek idatzi eta esaten zituzten sermoietan. Bada, zuzenean tximinoez diharduen garaiko euskal sermoirik ezagutzen ez dugun arren, Europan zehar tximinoa aipatzen duen sermoiren bat edo beste gorde da, eta piztia bilduma ugarietan ageri da gainera tximinoa, eta guztien arteko adostasunak ez du zalantzarako zirrikiturik uzten: tximinoen bi ezaugarri nagusiak zera dira, itsusi izatea eta barregarri izatea. Nahi eta ezinaren irudia da. Isipu laburra du, barregarria. Azeriari eskatu zion harena bezain dotorea nahi zuela, baina honek ukatu egin zion. Horregatik, mundu honetako zenbait handikiren antzera, tximinoak arin egin dezake gora, baina ipurdia erakusten du hori egiterakoan. Bestalde, barregarria da halaber gizakia adina izan nahi duelako. Gizakiaren plantak egitea atsegin du, orrazi bat hartu eta ispilu aurrean orraztu esate baterako, eta barregarri gertatzen da haren baldarkeria horrelako saioetan. Hauxe da kristau sermoien bidez inoiz tximinorik ikusi gabeko garai bateko Ataungo euskaldunek tximinoaz bide zuten irudia. Ez da harritzekoa, bada, Kixmi-tximino hitz horiek, jentilen ahotan ipintzeko hautatu izana, pilistindar eta arraza perrua horiekin batera, jentilen Jesukristorenganako eta kristauenganako balizko mespretxuaren adierazgarri.