Pintoreak

Arrue Valle, Ramiro

Pintorea. Abanto, 1892ko maiatzak 20; Donibane Lohizune 1971ko apirilak 3.

Autodidakta. Alberto, Jose eta Ricardoren anaia. Oso gazte zela Parisera jo zuen eta handik gutxira bere izeba baten etxera joan zen Donibane Lohizunera. Hamabi urte zituen. Marrazketa eta pintura ikasi zituen Montparnasseko akademia libreetan. Parisen Mogrobejo eskultorea ezagutu zuen. Hark asko lagundu zuen eta bere adiskide bihurtu zen. Haren eskutik joan zen lehen aldiz Gran Chaumiére delakora. Ignacio Zuloagak interesa azaldu zuen Arrueren pinturaren gainean eta haren margolan asko eskuratu zituen. Hori 1910. urtearen bueltan gertatu zen, hots, Ramiro Arruek hemezortzi urte bete berriak zituenean.

Arruek artearen alorreko ezagutzan sakontzeko irrika zuen. Hori dela eta, artearen esparruko prestigio handiko pertsonen aholkua eskatu zuen museoetako aretoetan eta pintura- eta eskultura-erakusketa anitzetan. Noizbait Zuloaga euskaldunaren estudioa bisitatu zuen eta baita Francisco Durrio eskultorearen lantegia ere, Parisen Arriagaren omenezko monumentuan lan egiten ari zelarik. Durriok behin eta berriz adierazi zion Gauguin pintore ospetsuaren pintura ongi eta sakonki ezagut zezala eta, azkenean, konbentzitu egin zuen. Emilio Antonio Bourdelle eskultorearen lantegia ere bisitatu zuen eta haren obrak miretsi.

LDM

1930az geroztik eta Espainiako Gerrako urteak iritsi artean, pintura-jardunean, esmaltean, antzokietarako dekorazioan eta ilustrazio tipografikoan lan egiten jarraitu zuen. Bide horretatik, maiz antolatzen zituen erakusketak Ipar Euskal Herriko hirietan, Bilbon eta Bartzelonan. Hainbat urtez Espainiako muga itxi egin zen. Horregatik maizago antolatzen zituen erakusketak Frantziako hirietan (Donibane Lohizune, Baiona eta Paue) eta Frantziako paisaiak eta gaiak lantzen zituen gehienbat. 1949an bere obra erakutsi zuen Baionako Page galerian. Aurretik ere antolatua zuen erakusketaren bat bertan. 1950ean Paueko Cazalis Galerian jarri zuen bere obra ikusgai. Han ere maiztasunez antolatzen zituen erakusketak.

Diziplina anitz landu zituen, horien artean aipagarri dira, Miarritzeko Oldarra dantza-taldearen Lurargi (Terre de Lumiére) obrarentzat garatutako eszenografia (1951), edo Etorki dantza- eta koru-taldearentzat osatu zuena Pariseko Eliseo Zelaietako antzokian.

Antzokirako dekorazioaz landa, Ramiro Arruek arrakasta ukan zuen iragarki-kartelen diseinuan eta liburuetako ilustrazioan. Hala, besteak beste, Jean Poueighek egindako Le Folklore de Pays d'Oc lanarentzako marrazkiak (1952) nahiz Joseph Peyrék egindako Jean le Basque obraren marrazkiak (1953) egin zituen eta, baita Adolfo Larrañagak idatzitako Unai ona (1954) edo Arraunlari (1960) poemetako marrazkiak ere.

1952an panel eta kartel ugari egin zituen "Ekimenetako Sindikatuek" eskatuta eta Donibane Lohizuneko Boutique de Paris delakoan jarri zituen bere obrak ikusgai. Bi urte geroago Baionan ospatutako "Eusko Ikaskuntzen VIII. Kongresuan" arte sekzioko zuzendaritzaz arduratu zen; presidente zela L'Artisanat Basque erakusketa antolatu zuen Bidarteko Udal Eskolako (Lapurdi) areto ugaritan 1955ean Café des Voyageurs zaharreko aretoan antolatu zuen erakusketa, Orthezen. 1956an, berriz, Page galeria izan zen bere erakusketaren lekukoa hartu zuena. 1957an "Marinelaren Egoitza" berria inauguratu zuen Donibane Lohizunen. Hiru urte beranduago Beaux Arts egoitzako Luzienne Galerian bere obra paratu zuen eta 1961ean Expressions erakusketa garrantzitsuan parte hartu zuen. Azken horretan artista garaikideek parte hartu zuten eta Baionako Udaleko aretoetan antolatu zen.

Bi sari eskuratu zituen Bordeleko Udal Ateneoaren eskutik, hain zuzen, 1960. eta 1961. urteetan. Urte horretako irailean "Concurso de Vitrinas sobre la Hechicería" sariketan lehen saria jaso zuen eta, era berean, "III Salón d'Automne de l'Union Bayonnaise des Arts" erakusketan parte hartu zuen, berriro ere Baionako Udaleko aretoetan. 1962an "II Salón de Ibaya" ospatu zen eta urte berean "X Salón de Pau" hiriko Arteen pabiloian. Bertan Behe Pirinioetako Kontseilu Nagusiaren Kopa jaso zuen.

Azken urteetan, besteak beste, erakusketa hauetan parte hartu zuen: "Cambo et ses alentours" Baionako Euskal Museoan (1965); "Expressions 65"; "XIV Salon d'Aquitaine et Mauleón" (1966); edo "Expressions 70".

1971ko apirilaren 3an hil zen Donibane Lohizuneko ospitalean. Herri horretan, gerora, Semetzako izendatu zuten eta Ramiro Arrue Museoa sortu zen, artistak horretara bideratutako obrekin.

Olivier Ribeton Baionako Euskaldunen eta Historiaren Museoaren zaindaria izan zen eta hitz hauek esan zituen haren obra aipatzean:

"...berariazko aukera balitz bezala, Ramiro Arruek bere artea Euskal Herriko giro tradizionala eta bertako herritarrak deskribatzeko aplikatuko du etengabe, landa-giroa edo itsasaldeko giroa azpimarratuz eta, itsasontzietako zenbait tximinia salbuetsita, XX. mendeko makina eta motorrak alde batera utzita. Euskal Herriko joko eta festak deskribatzen ditu, esate baterako, dantza edo euskal pilota. Gai horiek nabarmendu egiten dira forma solido eta masiboak, koloreen sinplifikazio trebea eta bere obra berariazko arkaismoz hornitzen duten zenbait prozedura berrerabiltzearen bidez"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

SRP

  • 1910: Paris, lehen akuarela erakutsi zuen 5e. Exposition d'Art Moderne delakoan.
  • 1911: Paris, lehen aldiz Salon des Artistes Français aretoan jarri zuen bere obra ikusgai.
  • 1913, 1914, 1920 eta 1937: Paris, Salon d'Automne.
  • 1914: Paris, bakarkako lehen erakusketa Fiquet Galerian.
  • 1920: urria, Baionan. Baiona eta Miarritzeko Société des Amis des Arts erakusketa. Tonbolan Arrueren akuaforte bat oparitu zen.
  • 1922: Paue, Grand Hotel, urtarrilaren 10etik otsailaren 10era. Société des Amis des Arts aretoko erakusketan Euskal Herriko eszenak erakusten zituzten hogeita hamar margolan aurkeztu zituen, horien artean, L'Église de Bidarray.
  • 1923: Londres. Abuztuan Donibane Lohizunen antolatu zuen erakusketa Groupe des Neuf (bederatzien taldea) izeneko taldearekin. Choquet, Colin, Domergue, Godbarge, Labrouche, Masson, Ribera eta Virac.
  • 1925: Paris, Danse au Pays Basque aretoan egin zuen aurkezpena. 1927: Baiona. Musée Basque izenekoan antolatutako erakusketa Groupe des Neuf taldearekin. Han hauek aurkeztu zituen: Pêcheurs, Paysans eta Musiciens de village (gouache), azken hori artista museoari dohaintzan emana.
  • 1928: martxoan Buenos Airesen antolatu zuen erakusketa bere anaiekin batera, beranduago Cordoba, Rosario eta Montevideon (Moretti-Catelli Galeria). Ramirok obra asko aurkeztu zituen, horien artean Le Pont de Bidarray en automne nabarmendu behar da.
  • 1932: Baiona. Madim Galeria, abendua, formatu txikiko erakusketa batean parte hartu zuen Colin, Elizaga, Labrouche, Masson, Ribera eta Veyrinekin batera.
  • 1935: apirilaren 1etik maiatzaren 30era Paueko 62e. Exposition de la Société des Amis des Arts erakusketan parte hartu zuen. Han Paysage Basque y Enfant portant un poisson obra aurkeztu zuen. Paris: Arts Graphiques aretoan antolatu zuen erakusketa Elizaga eta Veyrinekin batera. Donostia: Euskal Pinturaren Berrogeita Hamar urte izeneko erakusketan parte hartu zuen Paysage de Tolède eta Joueur de cartes obrak erakusgai jarrita.
  • 1936: Ramiro Arrue erakusketa Donibane Lohizunen.
  • 1937: apirilaren 22tik maiatzaren 22ra Tournant de rivière eta Danseurs Basques obrak aurkeztu zituen Paueko Exposition des Amis des Arts erakusketan.
  • 1938: maiatzaren 12tik ekainaren 12ra Famille de pêcheurs eta Village Basque obrekin Paueko Exposition des Amis des Arts erakusketan berriro ere. Ramiro Arrue erakusketa Donibane Lohizunen.
  • 1950: Donibane Lohizuneko Salon des Artistes Pyréneens delakoan jarri zuen bere obra ikusgai.
  • 1952: urte horretako abenduaren 20tik 1953ko urtarrilaren 11ra Paueko kasinoan egin zuen aurkezpena, Exposition des Artistes des Pays de l'Adour izenekoaren barnean: Village Basque; Vallée d'Ossau eta Vallée de Campan.
  • 1953: Paris, otsailaren 17tik 28ra Village Basque obra jarri zuen erakusgai La Spirale Galerian.
  • 1956: Paris, abendua, Duncan Galerietan izan zen erakusgai Mayi Darizcurren, Lansalot eta beste batzuekin batera.
  • 1962: Paueko Xe. Salon erakusketan izan zen ikusgai.
  • 1965: Donostia. 1970: Expression 70. Artista garaikideen topaketa. Han Le Voeuf remarié eta Sur la place obrak aurkeztu zituen.
  • 1991: Frantziako funts publikoetan gordetako Ramiro Arrueren obraren erakusketa Baionako Musée Basque et de l'Histoire delakoan.
  • 1993: Donibane Lohizune, Ducontenia aretoa, maiatzaren 8tik abuztuaren 30era, Ramiro Arrueren obraz osatutako erakusketa.
  • 1996: urte horretako azaroaren 9tik 1997ko otsailaren 15era, Ramiro Arrueren obraz osatutako erakusketa Paueko Musée National du Chateau izenekoan.

Artistaren ekoizpena osoa handia izan zenez, oso zaila da titulu batzuk hautatzea. Dena den, hemen horietako zenbait emango ditugu:

  • La Femme basque (gouache),
  • Le printemps à Itxassou,
  • L'Automne,
  • Paysage basque avec maisons,
  • L'Église d'Ascain,
  • Maisons du quai de Ciboure,
  • Bouquet de pois de senteur,
  • Danseuse à la ferreta,
  • Danseuse aux pommes,
  • Danseur biscayen,
  • Le Travail (gouache),
  • Le Défi au fronton (gouache),
  • Scéne de carnaval à Bidarray,
  • Le pont de Bidarray en automne,
  • Fandango,
  • La Famille basque,
  • Paysage de Tolède,
  • Joueurs de cartes,
  • Paysage au ruisseau,
  • La maison des pêcheurs (gouache),
  • La porteuse d'eau,
  • Pêcheur sur le quai,
  • Paysage du Pays Basque,
  • Rue Espagnole (ikatz-marrazkia eta gouache),
  • Femme portant une pegarra (gouache),
  • Le Trinquet,
  • Voilier à Saint-Jean-de Luz,
  • Le Pelotari (grabatua),
  • Marins pêcheurs sur le quai de Saint-Jean-de-Luz (gouache),
  • Rue de Ciboure,
  • Le marché au bétail (gouache),
  • Scène de labour,
  • Bouquet de Glaïeuls
  • Marine à la rame.

GDE

  • LARRINAGA, José Antonio: Los Cuatro Arrue. Artistas Vascos. Bilbo 1990.
  • PLAZAOLA ARTOLA, Juan: Euskal Margolariak Aurrezki Kutxen Bildumetan. 3. zenb. Bilbao Bizkaia Kutxa/ Gipuzkoa Donostia Kutxa/ Vital Kutxa, 1994, 109-112. or.
  • Ramiro Arrue. Donibane Lohizuneko. Colección de la villa de San Juan de Luz. Arabako Arte eder Museoa.

SRP