Historialariak

Garibay y Zamalloa, Esteban de

Erregeari buruzko historialari eta kronikaria izan zen. Arrasaten jaio zen (Gipuzkoa) 1533an eta Madrilen hil zen, antza denez, 1599ko udazkenean.

Garibaytarren leinua "ahaide nagusikoa" zen, Oñatikoa jatorriz, kronikari eta historialariak berak, nolabaiteko harrokeriaz aipatzen duenez; baina bere aitak Zamalloa deitura erabiltzea hautatu zuen lehen deitura moduan, historialariaren birramona bati zegokiona. Hori dela eta -J. Caro Barojak iradokitzen duenez (Los vascos y la historia a través de Garibay. Ensayo de biografía antropológica, Donostia, 1972, 74-75. or. oharrean) maila apalagoko ahaidetza zuela pentsa daiteke, mandazain edo zamaltzainena, agian. Argi geratu bedi, edozein kasutan, kronikariaren familia ez zela Garibay dorretxearen jabe zen familiaren adar. Dorretxe hori Oñatin kokatzen da eta eraldaketa sakona jasan badu ere, zutik dirau oraindik.

Badakigu historialariaren aitak Carlos V enperadorearekin borrokatu zuela Italiako gerretan, Hondarribiko setio ospetsuan izan zela eta, gainerakoan, badakigu Elizarekin zerikusia zuen jendearekiko eta gauzekiko estimua zuela; hala, garai batean Iñigo de Loyola eta Francisco de Borjarekin nolabaiteko harremana izan zuen. Garibayk bere amari buruz (D.ª Catalina de Sagurdia), beste gauza batzuen artean, zera adierazi zuen: "deuda de sus deudos y de gran memoria en la cosa de sus pasados y de las de su marido [...], algunas dellas de haber visto y otras por tradición de sus mayores". Baieztapen horrekin, gerora herrialdeko kontuen historialari izango zenak, apika, bando-gerrei buruzko informazio-iturriei dagozkion nondik norakoak argitu zituen; atalez atal, ziur aski amaren ahotik ikasita, elegiak, eresiak eta gerra-kantuak jaso zituenean. Dirudienez, elegia, eresia eta gerra-kantu horiek, neurri handi batean, emakume euskaldunek konposatu edo inprobisatzen zituzten eta haiei esker gorde ziren herritarren oroimenean.

Garibay Bidazabal eskribauaren eskoletara joan zen eta, geroago, Albistur eta Arriolaren eskoletara; hala, Nebrijaren eskolari jarraiki ikasi zuen latina. 1544an Kalagorriko gotzainak prima ordena eman zion, eta urte horretan Oñatira jo zuen Zuzenbide Zibil eta Kanonikoa ikasteko. Beranduago, Gasteizen ikasi zuen Ibarra batxiller delakoarekin, eta Santo Domingo de la Calzadan ere ikasi zuen Lastra maisuarekin.

Amaren aldeko senitarteko batek haren gurasoei arima salbatzeko Zuzenbide ikasketak egitea ez zela komenigarria sinestarazi zien eta, horren ondorioz, Garibay gazteak Gaztelara jo zuen halabehar hobe baten bila. 1552an Toledon oso gaixorik zegoela, Historia ikasteko nahimena berretsi zuen, gaixotasunaren ondorioz derrigorrezko atsedena hartzen ari zen bitartean.

1554an Arrasatera itzuli zen eta 1556an bere gurasoek D.ª Catalina de Asurduyrekin ezkontarazi zuten eta harekin seme bat izan zuen. Garai hortakoak dira Espainiaren "historia orokor eta unibertsal baten gabezia" hornitzeko Garibayren lehen asmo eta lanak. Dena den, lan horiek alboratu egin behar izan zituen, izan ere, Felipe II.aren eta Frantziako Enrique II.aren arteko gerra lehertu zenean, Garibay kapareen alferez izendatu zuten. 1559an Ofizio Santuarekin nolabaiteko harremanak izan zituen eta, garai hartan Espainian ohitura zen moduan, katoliko saiatu gisa azaldu zuen bere burua hainbat jardueratan. Jarraian, Infanterriko Dukearen kontulariak, Pedro de Alcocerrek azaldutako tesiari aurka egiteko bere ardurapean utzitako batzordea bertan behera utzi zuen. Tesi horren arabera, Gaztelako Alfontso VIIIak Gipuzkoako konkistan Nafarroako Antsoren Gotorlekua hartu zuen.

Hurrengo urteetan kronikaria jarduera betean izan zen, bere lan handia gauzatzeko dokumentazioa jaso asmoz. Xede horrekin bidaia luzeak egin zituen Gaztela eta Extremaduran zehar (1561), eta Portugalera ere iritsi zen. Azken herrialde horretan material andana pilatu zuen. 1563tik aurrera hasi zen paper guztiak antolatzen eta garai hartan sekulako garrantzia eman zion Nafarroako historia argitzeari. Garibay berak aitortu zuenez, historia argitzeko ahalegin hori lehen lan osoan egindakoa baino handiagoa izan zen; gainera, erreinu zaharrean bi egonaldi luze egin zituen (bigarrena 1566an) eta Errioxan ere izan zen. Lana 1566an amaitu bazuen ere, urte batzuk beranguagora arte ez zen argitaratu. Tarte horretan arrasatearrak hainbat saiakera egin zituen lana argitaratu ahal izateko behar adina funts batzeko (Felipe IIari eskatuta, Gipuzkoako Batzordeari, etab.), baina eginahal guztiak alferrikakoak izan ziren 1568 eta 1569 bitartean Arrasateko alkate izan zen. Garai horretan, gainera, mugan produktuen esportazioa kontrolatzeko ardura ere beregain zegoen.

Alkate lanak amaitu ostean, 1570ean Bilbora jo zuen handik Flandesera abiatu eta bere lana inprimatzeko asmoz. 1570eko udaberrian iritsi zen Anberesera, Nantesen barrena hainbat lurralde zeharkatu ostean (Frantzia iparraldean zehar). Benito Arias Montanori esker Plantin inprimatzaile ezaguna ezagutu zuen eta, denbora batera, 1571ko uztailean (Anberesen izurrite urtea) XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España lana argitaratu ahal izan zuen, folioan emandako lau liburukitan. Itzulerako bidaian Parisen bi eguneko egonaldia egin eta Maldonado teologo jesuita ezaguna ezagutu ahal izan zuen; gainera, Aita Mariana ospetsua ere ezagutu zuen. Azkenik, gorabehera askoko egun batzuen buruan, Bidasoa zeharkatu ahal izan zuen, eta -berak idatzi zuenez- Jaungoikoari honako eskaera egin zion: "que nunca su divina Magestad permitiese que yo tornase a atravesar tierra de tantas herejías y maldades sin justicia" (J. Caro Baroja: aipatutako lanean, 99. or.).

Dagoeneko etxean zela, Garibayk lan hura inprimatzearen, koadernatzearen eta itsaso bidez urruneko lurretara bidaltzearen ondorioz utzitako zor handiak ordaindu behar izan zituen, hala, apurka eginbehar hori betetzeari ekin zion eta 1572ko martxoan gorterako bidea hartu zuen. Andaluziara bidaiatu zuen berriz ere, beste helburu batzuen artean, bere lanaren aldeak Espainia Berrira bidaltzeko kudeaketa egiteko. Bidaia horretan, inguru haietan salerosketan zebiltzan herrikideekin harreman sakona egin zuen. Madrilera itzuli zenean, Toledoko emakume gazte batekin ezkondu zen (1572ko amaieraz geroztik alargun zegoen). Modu horretan, hurrengo urteetan inperioko hiriburuan finkatu zen eta, beste gauza batzuen artean, bere lan genealogiko itzela taxutzeari, zenbait batzordetan Gipuzkoako probintziaren aholkulari izateari eta, hainbat jakintsu eta jaunekin gutunak (genealogia eta historia orokorreko gaiak jorratuz) trukatzeari ekin zion. Garai hartan Garibay bete-betean murgilduta zegoen Euskal Herriko idazkari, eskribau eta herri-administrarien artean. Horiek guztiek, eragin handia izan zuten Carlos Varen eta Felipe IIaren garaian eta hurrengo erregealditan, Erregimen Zaharraren azken unetaraino.

Dena den, batez ere genealogia-lanei esker ezagutu zituen son handiko pertsonak, hala, "que lo que no obtuvo por haber publicado el "Compendio historial", llegó a obtenerlo, al fin, como genealogista cerca del mismo Felipe II" (aipatutako lanean, 112. or.). Felipe IIak emandako laguntzaren ondoren egoera ekonomiko hobean zegoen Garibay eta, hurrengo urteetan Arrasateko historialaria "Erregearen zerbitzuarekin zerikusia zuten zereginetan jardun zuen hainbat arlotan" (dirudienez, Espainiako erregeak Frantziako Enrique IIIaren ondorengo izateko argudia zitzakeen tituluei buruzko ikerketetan murgildu zen), hainbat erruki lan, etab. Hainbat aldiz elkartu zen monarkarekin genealogia gaiei buruz hitz egiteko, eta denbora batera, 1592ko apirilean, hainbestetan eskatu zuen erregearen kronikari izatea lortu zuen. Kargu hori, bereziki, Idiaquez sendiari eta Frantziako koroa eskuratzeko Felipe IIaren aipatu tituluei buruz egindako lanei esker lortu zuen.

Dagoeneko gorteko kronikari zela, Gipuzkoako gaiekin arduratu zen Garibay bere bizitzako azken urteetan. Horrela, 1593 inguruan, Idiaquez sendiak akuilatu edo bultzatuta, probintziari erreinu titulua berrezartzeko kudeaketak egin zituen. Titulu hori, Gaztelako Enrique IVaren garaiko dokumentutan agertzen zen, eta baita beranduago ere. Ahalegin hori, ordea, gipuzkoarrek ez zuten ontzat eman, izan ere, ohore eta titulu horren ostean, bestelako konpromisoak eskatzen zituzten. 1596an, azkenean, Ilustraciones Genealógicas de los Catholicos Reyes de las Españas, y de los Christianissimos de Francia, y de los Emperadores de Constantinopla, hasta el Catholico Rey nuestro señor don Philipe el 11, y sus serenissimos hijos lana amaitu eta Luis Sanchezek inprimatu zuen Madrilen.

Hala ere, Garibayk lanean jarraitu zuen azken eguera arte eta idatzizko lan asko utzi zituen, horien artean Grandezas delakoaren liburuki ugariak eta Memorias azpimarratuko ditugu. 1599ko udazkenean hil zen Garibay, Felipe IIa hil eta hilabete gutxira, arrasatearrak bizitza osoan zehar dedikazio osoarekin jorratu zuen monarkia idealaren ikur zena.