Historialariak

Goihenetxe Etxamendi, Manex

Manex Goihenetxe historialaria Nafarroa Behereko Ezterenzubi herrian jaio zen, Intzagaraia baserrian, 1942ko irailaren 22an, eta 2004ko maiatzaren 2an hil zen, Biarnoko Pirinioetan, mendi istripuz.

Ipar Euskal Herriko figura garrantzitsuenetako bat da XX. bigarren erdian, bai idatzi zituen historiako liburu eta artikuluei esker, bai abertzaletasunarekin eta euskaltzaletasunarekin lotutako mugimenduen sorrera eta garapenean izan zuen parte hartze erabakigarriagatik, bereziki Seaska ikastolen elkartean.

Nekazari-familia euskaldun batean jaio eta hezia, eskolan ikasi zuen frantsesa eta Eliza Katolikoa izan zen haren bizitzaren lehen lehen partea markatu zuen erakundea. Lehen ikasketak herriko eskolan egin bazituen ere, hortik aurrerakoak kanpoan egin behar izan zituen, beti ere ikastetxe eta lizeo katolikoetan, fraide ordenatu zen arte (1967) Ploermeleko kongregazioan. Handik bi urtera atera zuen Historiako lizentzia Tolosako unibertsitatean (1969) eta irakasle gisa hasi zen lanean ordenaren ikastetxeetan.

Horraino haren bizitza jatorriz zegokion ingurune soziologikoarekin guztiz bat etorri bazen ere, hortik aurrera beste ildo batzuk jorratu zituen engaiamendu sozial, politiko eta kultural berriak bereganatuz joan zen neurrian: kulturan euskaltzale eta politikan ezkertiar eta abertzale gisa konpromisoak hartu ahala, Eliza Katolikotik urrundu zen, 1972an ordena uztea erabaki zuelarik. Era berean, Enbatan sartu zen buru-belarri eta hura debekatua izan zelarik, EHASen sortzailetarikoa izan zen, aldi berean Euskaldunak aldizkarian zuzendaritza postuetan ibilki. Baina haren bizitzan luzera garrantzi handiena izan zuen urratsa Ikas pedagogia zerbitzuko idazkaria bilakatzea izan zen (1972), postu horretatik UEUren eta Seaskaren sorrera eta bilakaeratan parte erabakigarria izateko aukera izan baitzuen; azken erakunde horretan, hots, Iparraldeko ikastoletan, garatu zuen nagusiki bere bizitza profesional eta intelektuala hil zen arte.

Baina Iparraldeko mugimendu politiko eta kulturaletan izan zuen parte hartzeaz landara, Manex Goihenetxek berebiziko grina erakutsi zuen historialari gisa formazio sendo bat bereganatzeko eta Euskal Herriko Historia sakonki ikerketzeko: 1984an doktoratzen da Iparraldeko foruei buruzko tesi batekin (gero liburu gisa honela argitaratua: For et coutumes de Basse Navarre: Édition critique du For moderne du Royaume de Navarre (basse Navarre) 1511-1645, Elkar (1985)) eta urte berean eskolak ematen hasten da Paueko unibertsitateak Baionan duen egituretan; handik zortzi urtera, Frantziako sistemari segituz, bigarren tesia egiten du, Analyse critique de l'historiographie basque du XVIe au XIXe siécle (1992), liburu gisa hurrengo urtean argitaratu zen izenburu honekin: Les basques et leur histoire: mythes et réalités, Elkar, (1993). Bi ikerketa horietan interes berezia erakusten du Euskal Herriko historiografia kritikoki ikertzeko eta euskaldunei buruz idatzi diren topikoak haztatzeko eta epaitzeko.

Kezka hori lehenagotik zetorkion eta zerikusi estua du bere abertzaletasunarekin. Honela, bere lehen lan historikoak gehiago dira militante politiko baten lanak historialari akademiko batenak baino: hiru liburu argitaratu zituen ildo horretan.

1974 eta 1979 bitartean, agian aski litzateke azkena aipatzea, Pays Basque Nord: un peuple colonisé, 2e ed. corr. et augm., Elkar, 1979, izenburutik beretik tesi politiko argi bat paratzen duena. Baina hurrengo urteetan, Historiako ikasketa eta ikerketetan sakondu ahala, urrundu egingo da mota horretako planteamenduetatik, historialaritza akademikoan sakonduz. Bere azken urteotan behin baino gehiago aipatu zuen bere liburu goiztar haiekiko sentitzen zuen urruntasuna, baina, haatik, inoiz ez zion utzi bere burua abertzale gisa aurkezteari.

Ildo horretan berebiziko garrantzia du bere azken lan handia aztertzea, Histoire générale du Pays Basque, Elkarlanean, 1998-2005, bost tomoz osatutako Euskal Herriko historia orokorra. Publiko zabal bati begira modu dibulgatiboan idatzia bada ere, ahalegin berezia egiten du datu historiko zehatz eta ugariak aurkezten, baieztapen bakoitza datu argietan bermatuz eta historia modu kritikoan landuz, mota orotako apologia zein gaitzezpenetatik hastantzen delarik. Lan honen helburua zen Euskal Herri osoaren historia nazional bat idaztea, haren lurralde guztiak hari bakar batean integratuz baina, era berean, mito nazionalista orotatik ihes eginez. Liburu honetan ikus daiteke inon baino argiago Goihenetxeren heldutasuneko ideia nagusiak Euskal Herriaz, Historiaz eta abertzaletasunaz. Azken tomoa bukatu aitzin hil zenez gero, haren lagun talde batek hartu zuen bere gain tomoa argitaratzea, falta ziren kapituluak landuz.

Aipatu diren liburuez gain, beste hainbat ikerketa historiko argitaratu zituen, liburu gisa batzuk, artikulu akademiko gisa beste asko. Bereziki bigarren multzotik ugariak dira euskaraz idatzitakoak; izan ere, beti erakutsi zuen kezka berezia euskararekiko, maila guztietako erabiliz, bai ahoz, bai idatziz, lan xumeenetatik hasita ikerketa akademiko konplexuenetaraino, baina liburu nagusiak frantsesez idatzi zituen, Ipar Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ondorioz. Haren bibliografia akademiko osoa P. Gartziaren artikuluan aurki daiteke, eranskin gisa.

Laburbilduz, esan daiteke Manex Goihenetxeren bizitza eta traiektoria intelektuala luzea, aberatsa eta konplexua izan zela, eta horretan aurki daitezkeela laburbildurik belaunaldi oso baten kezkak eta lorpenak gizartearen esparru ugariei buruz, bereziki hezkuntza sistemari dagokionez, lehen eskolatik unibertsitateraino.