Argazkilariak

Goicoechea de Jorge, Miguel

Argazkilaria. Altsasun jaio zen 1894an, eta Iruñean hil zen 1983an.

Miguel Goicoechea argazkilari nafarra izan zen argazkigintzan piktorialismo deitu zitzaionaren ordezkari nagusietakoa. Teknika hori, funtsean, argazki-irudi batean esku hartzea zen, eta pinturaren berezko itxura ematen zitzaion.

Baina Carlos Canovas argazkilari eta historialariak, Goicoechearen obraren ikerlari nagusietako batek, onartzen duenez, ez dakite zehatz altsasuarra noiz hasi zen arte horretan. Datatutako lehen argazki-irudiak 1917koak dira, Bordelen egon ondoren Espainiara itzuli zenean, hain zuzen ere. Hasierako irudi horietako gehienak estereoskopikoak dira, baina berehala hasi zen teknika piktorialistak erabiltzen, pigmentu-prozesuekin esperimentatzen. Iruñean bizitzen jarritakoan, argazkiak egiten jarraitu zuen, eta laster jaso zituen sariak nazio mailan eta baita nazioartean ere.

1920tik Gerra hasi arte izan zuen jarduera handieneko etapa, eta garai horretan hedatu zuen bere argazkigintzako obra. Modu erregularrean parte hartu zuen Madrilgo, Zaragozako eta Bartzelonako aretoetan eta Parisen, Milanen eta Londresen ere ikusi ahal izan zen bere obra; horietan, garaiko piktorialista garrantzitsuenekin harremanetan jarri zen.

Gerra Zibilaren ostean, eta batez ere ama hil ostean, Miguel Goicoecheak bizitza soziala mugatzea eta bere baitan biltzea erabaki zuen, eta horren eraginez gaien, paisaien, eszenen eta tipoen gaia aldatu zuen. Izan ere, estudio-lanetan oinarritu zen, esaterako, pertsona ezagunen edo lagunen erretratuak egin zituen. Jarduera hori Iruñeko Bergamin kaleko etxeko dorreetako batean zuen estudioan egiten zuen.

1994an, jaiotzaren ehungarren urteurrenarekin bat etorrita, Nafarroako Argazkigintzako eta Zinematografiako Taldeak Iruñean Argazkigintzako San Fermin erakusketa eskaini zion, Miguel Goicoechea un pictorialista marginal izenburupean. Urte horretan Carlos Canovasek ere erakusketa horretako izenburu berarekin bere obraren ikerketa argitaratu zuen.

Carlos Canovasek azaltzen duenez, tematikoki Goicoechearen irudiek

"dokumentu-substratu handia dute. Pertsonaiak kaleko pertsonak dira, landa-eremuetakoak, eskaleak, oinezkoak, hurbileko eremuetan hartutako izaera kostunbristagoko eszenetan ere sinpletasuna ageri da, baina Afrika Iparraldean eta beste eremu batzuetan egindako egonaldietan ere hala agertu zuen."

(itzulpen moldatua gazteleratik).

Teknikari dagokionez, esan daiteke argazkigintza piktorialistaren berezko teknika guztiak erabili zituela. Genero hori Bigarren Mundu Gerratik aurrera gainbehera hasi zen.

"Gometan eta batez ere garraioan nabarmendu zen bere domeinua. Hala ere, akaberetan sotiltasun handirik ez zuen erakutsi, eta beraz, pintzelkada zakarrak eta agerikoak nabari dira batzuetan, ondorioz, azken irudiko xehetasunak galtzen ziren."

(itzulpen moldatua gazteleratik)

Bere makina gustukoena plaka bidezko 9 x 12 zen, baina 6 x 9 eta beste txikiago batzuk ere erabili zituen. Irudiek emozioa eta sentimendua lortu nahi dute, eta ez zehaztasun teknikoa. Hauek dira argazki ezagunenetako batzuk: Baturro, Un rincón de Biescas, La casetera de Ochovi, La ciega y su nieto, El mendigo de Gallipiezo, Tres beatas del Valle de Esteribar, Amaiketako eta abar. Askotan irudi bera behin eta berriz erabiltzen zuen.

  • CÁNOVAS, Carlos. Apuntes para una Historia de la fotografía en Navarra. Panorama bilduma. Vianako Printzearen Erakundea (ed.), 1989, 56-70 orr.
  • CÁNOVAS, Carlos. Miguel Goicoechea: un pictorialista marginal. 1994.
  • LÓPEZ MONDEJAR, Publio. 150 años de la fotografía en España. [Barcelona]: Lunwerg.
  • LÓPEZ MONDEJAR, Publio. Las Fuentes de la Memoria, Fotografía y Sociedad en España. [Barcelona]: Lunwerg.