Literatoak

Charritton, Pierre

Pierre Charritton (edo Xarriton) Zabaltzagari Hazparneko (Lapurdi) Eulateia baserrian jaio zen, 1921eko urriaren 12an. Gurasoak, Pierre Charritton eta Gaxuxa Zabaltzagarai, nekazariak ziren, eta sei seme-alaba eduki zituzten. Pierre Charritton izan zen seietan zaharrena. Gaur egun Baionan bizi da.

Ume-sasoiko ikasketak Hazparnen bertan egin zituen, baina ez omen dauka ez garaiari, ez irakasleei buruzko oroimen onik, salbuespenen bat kenduta. Gazterik erabaki zuen elizgizon izan behar zuela, eta hala jakinarazi zion Iñazio Lazkanotegi urruñar irakasle eta apaizari. Elizan ere gazterik hasi zen beretter-lanak egiten igandeetan.

1935ean Uztaritzeko seminariora joan zen, eta bertan Hazparneko kolegiokoa ez bezalako giroa aurkitu zuen, askoz ere gogokoago zuena. Besteak beste, urte askoan Charrittonen aholkulari eta bidelagun izaniko Piarres Lafitte abade eta kultur gizona ezagutu zuen bertan. Bost urte igaro zituen hazpandarrak Uztaritzen, eta handik Baionako seminariora aldatu zen ikasle, eta Euskal Herriaren inguruko kezkari eta jakin-minari jarraikiz, sasoi hartan hasi zen irakurtzen Oihenart-en Notitia Utriusque Vasconicae, Jaurgain-en La Vasconie edo Campion-en Euskariana bezalako lanak.

Ikasle izateaz gain, gaztetan hasi zen Piarre Charritton irakaskuntzan: 1942an Miarritzen aritu zen, hogeita bat urte besterik ez zituela, eta handik urtebetera sorterrira itzuli zen irakasle. 1944ko udan, azkenik, Baionako seminariora itzuli zen teologia ikasteko asmoz.

30eko hamarkadako azken urteak eta 40ko hamarkadako lehenengoak latzak izan ziren Hego nahiz Ipar Euskal Herrian, eta errealitate ilun hori zuzenean ezagutu zuen Charrittonek. Iheslariak, esate baterako, hainbat lekutakoak ezagutu zituen, gehienak ere Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz ihes egindakoak eta naziengandik ihesi zebiltzan frantziarrak. 1943an Hazparneko sortetxean bertan Russell Kirby izeneko ingeles gizona eduki zuten gordeta hilabetez. Giro gorabeheratsu horren aurrean, Charrittonen inguruko askok beste herrialde batzuetara (Afrikara soldadu, Alemaniara langile, etab.) joatea erabaki zuen, baina hazpandarrak nahiago izan zuen sorterritik gehiegi ez aldentzea.

Behin Bigarren Mundu Gerra amaituta, 1946an, Erromara joan zen Teologia ikasteko. Bi ikasturte egin zituen han, baina bertan ez omen zuen aurkitu bere jakin-mina asetzeko moduko ikasketa-plangintzarik. Teologiarekin harremana zeukaten hainbat gai hartu zituzten aztergai, baina ez omen zegoen aukerarik gairik gaiko azterketa sakonik egiteko. Dena dela, urte onuragarriak izan ziren, Vatikanoa bertan edukita, elizaren egitura, funtzionamendua eta jarduerak hurbiletik ezagutzeko ere baliatu baitzituen.

Pierre Charritton 1947an apaiztu zen sorterrian, eta haren ondoren, bost urte lasai igaro zituen Hazparnen eta Maulen irakasle-lanak egiten zituen artean. 1948an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 1950eko hamarkadaren hasieran Euskaldun Gazteria erakundeko buru hautatu zuten. 1953an, berriz, Parisa joan zen Filosofia ikasten, eta handik itzultzean Filosofiaren Historia irakasgaia irakatsi zuen Baionako Lavingerie ikastegian. Itzuli aurretik, baina, Parisko Euskal Etxea sortzeko lanetan ere ibili zen hazpandarra.

1960an, irakaskuntzan eta antolakuntzan hainbat urteko esperientzia zeukala ikusita, Hazparneko ikastetxea bere esku utzi zuten elizako agintariek, eta Langintza Eskola antolatzeko agindua eman zioten. Zinez gogorrak izan ziren 1960 eta 1965 arteko urteak, lan handia egin behar izan baitzuen Charrittonek Langintza Eskola eratzeko. Hainbat laguntzaile izan zituen, baina horietako batzuek, Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"-k eta Kristiana Etxalu-k, esate baterako, polizia atzetik zeukaten euren jarduera politikoak zirela eta. 1965ean, azkenik, bi urteko atsedenaldia hartzea erabaki zuen, eta Parisa itzuli zen, frantziar hiriburuko Notre Dame des Champs-eko ikastegira.

1967an Saint-Amand-eko erretoretza eskaini zioten, eta baiezkoa eman zuen. 1973ra arte egon zen bertan erretore, eta bertatik jarraitu zituen Euskal Herriko nahiz Europako gorabeherak eta istiluak: 68ko maiatza, Burgosko epaiketa, Baionako katedraleko lehenbiziko gose-greba, eta abar. Horretaz gain, Hego Euskal Herritik Franco diktadorearen sistemak ezarritako errepresiotik alde egindako iheslariei aterpe emateaz ere arduratu zen.

70eko hamarkadaren hasieran zenbait apaiz euskaltzale bildu ziren, eta Fededunak izeneko taldea sortzekotan egon ziren, baina ikusirik beste elizgizon asko ez zegoela horrekin ados, asmoa bertan behera utzi zuten. Horrek ez zuen ekidin, dena dela, sasoi hartan bestelako ekitaldiak abiaraztea: 1970ean eta 1971n, esate baterako, Baionako Euskal Astearen sustatzaile eta antolatzaileak Pierre Charritton, Jean Haritschelhar eta Manex Goyhenetche izan ziren. Beste alde batetik, 1972an eta 1973an Udako Euskal Unibertsitateko lehenengo jardunaldiak antolatu zituzten Donibane Lohitzuneko Ravel lizeoan, eta jardunaldi horiekin jarri zen martxan, hain zuzen ere, Udako Euskal Unibertsitatea.

Teologiaren baitan, Teologia Politikoa izeneko ikerketa-esparrua interesatu zitzaion, batik bat, Charrittoni, eta bide horretatik aurkeztu zuen Teologia karrerako doktorego-tesia Frantziako Tolosako Teologia Fakultatean: Le Fondament moral des droits culturels [=Kultur eskubideen oinarri etikoa]. Tesia aurkeztu ondoren Parisen aldi laburra egin zuen, eta handik Montreal-era (Kanada) joan zen, non familia euskaldun batek hartu baitzuen etxean apopilo. Montrealeko Fides argitaletxeak kaleratu zuen hazpandarraren doktorego-tesiaren moldapena, Héritage et Project [=Ondarea eta asmoa] sailean, Le droit des peuples à leur identité [=Identitatea izateko herrien eskubidea] izenburuarekin.

70eko hamarkadaren erdialdean erabaki sakona hartu zuen Charritonek, bestalde: ordura arteko ibiltoki izaniko eliza utzi, eta Aña Durruty aihertar erizainarekin ezkondu zen 1976an. Franco diktadorea hilik zen ordurako, eta Euskal Herriko giroa zenbait urte aurretik utzitakoa baino hobea izango zelakoan, Baionara itzuli ziren 1977an.

Jada 80ko hamarkadan, 1985ean euskaltzain oso izendatu zuten, eta urte hartan bertan doktoretza eskuratu zuen Euskal Ikasketetan Pierres Broussain-i (Hazparneko auzapez eta kontseilari orokor izaniko euskaltzalea) buruz egindako doktorego-tesiarekin: Piarres Broussain, sa contribution aux études basques [=Piarres Broussain-en ekarpena euskal ikasketetara]. Tesi-zuzendaria Jean Haritschelhar izan zen, Bordeleko Unibertsitatean defendatu zuen lana Charrittonek eta CNRS argitaletxeak jarraian egin zion lana kaleratzeko eskaintza.

Kezka politikoei heldurik, 1988ko ekainaren 5eko eta 12ko hauteskundeetara abertzaleekin aurkeztu zen hazpandarra Pirinio Atlantikoen 5. barrutian. Izan ere, Pierre Charritton izan zen Ipar Euskal Herriko Eusko Alkartasuna alderdiaren sortzailea. 1993ko abenduaren 16an Claude Harlouchet hautetsia hil zenean, haren lekua hartu zuen Charrittonek 1995eko hauteskundeetara arte.

Azken urteotan, aurreko hamarkadetan eginiko lana dela eta, hainbat sari jaso ditu Charrittonek. 1996an, esate baterako, EIZIEko ohorezko kide izendatu zuten, 1999an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak, eta 2006an euskaltzain emeritu izendatu zuten.

Ezin esan daiteke Pierre Charrittonek obra luzea sortu duenik; izan ere, bizi izandako garaiak aintzat harturik, sarri defendatu izan du ezer sortu aurretik, kultura bera finkatu behar zela. Ideia horri jarraikiz, asko dira hazpandarrak egindako literatur ikerketak, edizioak, itzulpenak, etab. Gaztea zelarik hasi zen aldizkarietan eta egunkarietan idazkiak argitaratzen, eta bere izena Aitzina, Herria, Gazte, Etchea edo Euskaldunon Egunkaria bezalako argitalpenetan aurki daiteke.

1943an Bernardo Estornés Lasa-ren Euskal Edestia lapurteraz eman zuen Euskaldunak izenburuarekin. Testua "Chavier de Gazteiz" izenarekin sinatu zuen. Handik hiru urtera, bestalde, Petit histoire Religieuse du Pays Basque [=Euskal Herriko erlijioaren historia txikia] 71 orrialdeko lana egin zuen.

Itzulpenez denaz bezainbatean, Pentsamenduaren Klasikoak bildumarako eginiko lana da aipagarri. Tomás Moro-ren Utopia (1991) euskaratu zuen, bai eta Frantzisko Vitoria-ren De Indis (1991) obra Spinoza-ren Ethica (1997) liburuak ere.

Arestian esan den bezala, hainbat euskal idazleren lanak aztertu eta prestatu zituen Charrittonek, batik bat 80ko eta 90eko hamarkadetan. Jada 1963an Jean Etchepare Landerretche-ren Mendekoste gereziak lanaren argitalpena prestatu zuen. Handik hogei bat urtera, 1986an, Resurrección Maria Azkue eta Piarres Broussain elkarri-izketa lana kaleratu zuen, baina garai hartan eginiko lan handiena Jean Etchepare "Mirikua"-ren lan osoen edizioa da. Jean Etchepare Mirikuaren idazlanak izenburupean zenbait liburukitan argitaratzeko atondu zituen Charrittonek Etchepareren testuak, eta 1984tik aurrera kaleratu zituen Elkar argitaletxeak. 1990ean J.M. Moulier "Oxobi"-ren lanak argitaratu zituen, eta 1991n Piarres Larzabalen idazlanen edizioa atondu zuen. Handik gutxira, Jose Mendigane. Haren bizia eta kantuak (1992) kaleratu zuen, eta 1994an hazpandarraren bi lanek ikusi zuten argia: Euskal literaturaren oinarrizko gidaliburua eta Xabier Diharce Iratzeder biografia.

Azken urteotan, Ipar Euskal Herriko idazle eta kultur gizon batzuen gutunak eta literatur testuak argitaratu ditu beste ikertzaile batzuen laguntzaz. 2003an Piarres Broussain-en gutunak kaleratu zituen J.P. Ouret-ekin elkarlanean. 2004an, berriz, Piarres Lafitte-ren gutunak argitaratu zituen P. Andizabal-en, J.A. Irigaray-ren eta X. Kintanarekin batera. 2007an eta 2008an, beste alde batetik, Gratien Adema "Zalduby"-ren Predikuak saindu batzuen biziaz eta Artzain beltxaren neurtitzak lanak argitaratu zituen, hurrenez hurren. Charrittonek ikertutako beste egile batzuk dira Arnaud Abbadie, Andre Hiriart-Urruty, Pierre Narbaitz, Georges Lacombe edo Hiriart-Urruty, esate baterako.

2003an aurrekoak ez bezalako liburua kaleratu zuen Charrittonek: De re publica edo politikaz (Zizeronek jada bere obretako batean baliaturiko izenburua da). Liburua saiakera-lana da, eta, bertan, estatuaren, nazioaren eta herriaren arteko harremanak ditu aztergai eta hizpide. Bereziki estatuaren eta nazioaren arteko bereizketa egiten du hazpandarrak lan horretan, eta estatuek zer nolako bilakabide historikoa izan duten azaltzen du. Egilearen arreta, ordea, "nazio" kontzeptuaren inguruan dago batik bat, horri ematen baitio garrantzi gehien, eta nazioa izateko beharrezko baldintza bakarra herri batek nazioa izan nahi izatea dela defendatzen du.

  • CHARRITON, P. De re publica edo politikaz. Donostia: Elkar, 2003.
  • ETXEBARRIA, I. "Piarres Charritton-i omenaldia, hizlari baten dohainak". Idatz eta Mintz, 26 (1998), 45-48 orr.
  • EUSKO IKASKUNTZA. Piarres Charritton. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999.